Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak
Francesco Petrarca (1304-1373)
Latinezko lanak
Petrarcak askoz ere lan gehiago idatzi
zituen latinez, herri hizkuntzaz baino. Latineraz
bai prosa bai poesia idatzi zituen ;
herri hizkuntzaz, aldiz, poesia baizik ez.
Gutun ugari idatzi zituen eta berehala hasi
zen haiek biltzen, Zizeron eta Senekaren
ereduari jarraituz. Petrarcak berak prestatu
zuen Rerum familiarum gutun bildumaren
argitalpena ; hogeita lau liburutan 350
gutun bildu zituen (batzuk bertsotan).
Gutun horiek 1325-1366 bitartean idatzi
zituen ; gehienak adiskideei bidaliak dira,
baina idazle klasikoei ere idatzi zizkien
batzuk, Zizeroni eta Virgiliori adibidez. Oso
ospetsua da, besteak beste, Mont Ventouxerako
igoera deskribatzen duen gutuna.
Ondoren Rerum senilium lana osatzen duten
hamazazpi liburuak antolatu zituen,
1361-1374 bitartean idatzitako 120 gutun
biltzen dituztenak. Epistolae metricae lana
osatzen duten hiru liburutan, berriz, 57 gutun
bildu zituen, hexametroetan idatziak.
Bucolicum carmen lanean, azkenik, hamabi
egloga biltzen ditu, 1346-1348 bitartean
idatziak.
Petrarca denbora luzean aritu zen bere
Africa poema osatzen (1338-1342). Hexametroetan
idatzi zuen, eta Tito Livioren
ereduari jarraituz, bigarren gerra punikoa
kontatzen zuen. Antzinako Erromaren handitasuna
ospatzeko eta goresteko jenerorik
egokiena epika klasikoa zela erakutsi nahi
zuen Petrarcak poema horren bidez. Baina,
balio poetikoaren ikuspegitik, lan hark
ez zuen nahi bezainbesteko maila izan.
Poema horren iruzkin historiko gisa idatzi
zuen De viris illustribus (1338an hasia) ;
Erromako historiako hogeita hiru pertsonaiari
buruz, eta historia sakratuko eta mitologiako
hamabiri buruz hitzegiten zuen.
Rerum memorandarum libri (1343-1345,
Gogoratzeko gauzen liburuak) lanean bertute
kardinalak azaltzen ditu eta Greziako,
Erromako eta bere garaiko adibideak hartzen
ditu horiek azaltzeko. Petrarcak, bestalde,
hainbat liburu idatzi zituen bakardadeko
bizitzari buruz. Gai horren ingurukoa
da De vita solitaria (1346an hasia eta bi liburutan
banatua) lana ; bertan, idazlearen
bakardadea, liburuekin erretiraturik eta izadiarekin
elkartasunean, eta aszetaren bakardade
erlijiosoa goresten ditu Petrarcak.
Lan horretan azaltzen dituen arrazoibideen
oso antzekoak erakutsi zituen De otio religioso
(1348) lanean, Gherardo bere anaiari
eta Montrieuxeko kartujoei eskainia.
Secretum edo De secreto conflictu curarum
mearum, azkenik, Petrarcaren testamentu
espirituala da. 1342-1343 urteen
bitartean idatzi zuen, eta 1353-1358 bitartean
hainbat zuzenketa egin zizkion Milanen
zela ; hiru liburuk osatzen dute, etahorietako bakoitzean Petrarcak san Agustinekin
irudimenean sortutako eztabaidaegun
bat kontatu zuen. Eztabaida horiek
emakume baten aurrean egin bide zituzten,
Egiaren aurrean hain zuzen ere. Petrarcak
elkarrizketaren bidez bere dotrinan oinarrizkoak
ziren gaiak lantzen ditu : heriotzaren
inguruko gogoeta, denboraren joana, pasioak,
etab.
Canzoniere eta Triumphi
Canzoniere izan zen Petrarcaren bizitza
poetikoko maisu lana eta lan hori osatzen
eman zuen, hain zuzen ere, bere bizitza
guztia, 1335. urtean hasi eta hil zen arte.
Azken Canzoniere-a 317 soneto, 29 abesti,
9 sextina, 7 balada eta 4 madrigalek osatzen
dute. Edizio horretan argitaratu gabe
utzi zituen poesia epikoak Rime disperse o
extravaganti lanean bildu zituen gero. I -vo
pensando, et nel penser m assale abestiak
bitan banatzen du bilduma : Lauraren bizitza
batetik, eta bestetik, Lauraren heriotza.
Dena dela, Canzoniere-an ez da pasio baten
sorrera eta bilakaera abesten, pertsonaia
nagusia emakumea bada ere, aldiz,
arima kezkatu baten istorioa abesten du,
idealarekin eta errealitatearekin gatazka
etengabean dagoen arimaren istorioa hainzuzen. Hortaz, abesti bilduma hori Petrarcak
bere buruarekin egiten duen elkarrizketa
bat da, oso era miresgarrian neurtua eta
lotua. Petrarcak oreka handiko batasun estilistikoa
lortu zuen lan horretan.
Triumphi lana aurrekoa baino handizaleagoa
bazen ere, emaitza ez zen nahi bestekoa
izan. Herri hizkuntzan eta terzetto moduan
idatzi zuen, sei kapitulutan banaturik :
Maitasuna, Lotsa, Heriotza, Ospea, Denbora
eta Betikotasunaren Garaipena. Ikuspegi mitiko
eta sinboliko sail batek osatzen du lana,
eta ikuspegi horiek erakusten dituzte, alegoriaren
bidez, moraltasun unibertsalaren mailara
jasotako gizakiaren sentimenduak eta
gertaerak. Baina norberaren sentimenduak
adierazpen mitiko eta objektibo batera eraman
nahi horrek huts egiten du arkitekturaren
ahultasunaren eta desegokitasunaren
ondorioz. Lirismo dotoreko atal batzuk besterik
ezin nabarmen daitezke, horietan islatzen
baita, edozein egituraren gainetik, Petrarcaren
mundu poetikoa.
Petrarcaren eragina ez zen bakarrik Italian
zabaldu, Europa osora hedatu zen, eta
petrarquismo esaten zaion higikundean
gauzatu zen. Bestalde, Petrarcak klasikoetarako
erakutsi zuen zaletasunak humanismoaren
sorrera iragarri zuen. Petrarcaren
humanismoa ez zen kultura antolatzaile gisa
zuen ahalmenean edo erromatar zibilizazioaren
zaletasunean oinarritzen, aldiz, esperientzia
intelektual horiek berpizten zituen
modua zen humanismo haren funtsa.