Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Hitako artziprestea (1283?-1350?)

Hieronimus Bosch-en «Gozamenen lorategia» koadroaren zati bat.<br><br>

 

Egilearen nortasunaren auzia

Ez dakigu gauza handirik Juan Ruiz-i buruz : "Duan Ruiz, Hitako artziprestea", lau hitz horiek dira, bere Libro del buen amor (Maitasun onaren liburua) poemako hemeretzigarren ahapalditik hartuak, XIV. mendeko gaztelar poeta handienari buruz zehatz dakigun guztia. Egileari buruzko datu faltaz gainera, liburuaren data ere ez da zehatz ezagutzen, bi urtekoak baitira eskuizkribu nagusiak: 1330 eta 1343 (aurrekoa baino luzeagoa da bigarrena). Baina liburuak garai hartako Gaztelako gizarteari buruzko oso informazio aberatsa ematen du, gizona baita poetaren asmoen helburu nagusia.

Juan Ruiz, dirudienez, Alcala de Henares-en jaio zen, Cervantesen jaioterrian, eta Hitako artziprestea izan zen. Bere obraren eskuizkribuetako baten kopiatzaileak, Alfonso de Paradinas delako batek, hau eransten du bukaeran : "Hau da Hitako artziprestearen liburua, artzipresteak Toledoko artzapezpiku Don Gil kardinalaren aginduz preso zegoelarik ondu zuena", eta Gil de Albornoz kardinala 1337-1350 bitarteko urteetan izan zen Toledoko artzapezpiku.

Eta pertsona bera aipatzen da gainera Maitasun onaren liburua-ren bukaeran datorren "Talaverako apaizen kantika" batean : Han Talaveran, apirileko kalendetan, / dira helduak Don Gil artzapezpikuaren gutunak...' Baina aldi berean bada pentsatzen duenik, eta ez du arrazoirik falta, bertso horiexetatik abiatuta aipatu zuela kopiatzaileak gero Don Gil poemaren bukaeran ; eta poemaren hasierako bertso batzuk hitzez hitz hartu zituelako pentsatu zuela kopiatzaileak espetxean idatzi zuela bere Juan Ruizek liburua : Jauna, judutarrak, herri galdua, Faraonen gabibutasunetik atera zenuen hori, Daniel atera zenuen Babiloniako putzutik : atera nazazu, koittadu hau, espetxe gaizto honetatik.... tera nazazu lazeria honetatik, presondegi zital honetatik.... ibra nazazu, ene jainkoa, natzan presondegi honetatik...

Jauna, atera ezazu atsekabe honetatik zeure artziprestea... zGauza da ordea hasierako otoitz hau osatzen duten bertso horiek topiko bat direla, guztiz ohikoak baitziren halakoak garai hartan : frantses egitandiko kantiketan eta gaztelar testu batzuetan ere horrelakoxeak ageri dira, hala nola Fernan Gonzklezenpoema-n ; eta oso normala litzateke "espetxe" hori munduko espetxea izatea, zeruko loriari kontrajarria. Aldi berean ordea lasai asko har daiteke hitzez hitz esandakoa -eta horixe gertatzen zaio irakurleari-, alegia, Juan Ruiz-ek, Hitako artzipresteak, espetxe batean preso egonik idatzi zuela liburua.

Laburbilduz, batzuen ustez Gil de Albornoz artzapezpikuaren aginduz atxilotuta zegoela idatzi zuen Juan Ruizek liburua, eta besteentzat berriz zenbait bertsoren gehiegizko interpretazioa baino ez da hori. Ez da aurkitu Hitan Juan Ruiz izeneko artzipreste bat izan zelako lekukotasunik, eta bestalde, izena eta abizena guztiz arruntak baitira Espainian, Burgosko Las Huelgas monasterioan dokumentatua dagoen Juan Ruiz bati egotzi izan zaio liburua, eta baita Andaluzia musulmanean hezi zen Juan Rodriguez de Cisneros delako beste bati ere ; horiek ordea hipotesi hutsak dira.

Eta, hasieran aipatu den bezala, beste arazo bat ere bada -eta honek ere interpretazio desberdinak sortzen ditu, logikoak baina elkarren kontrakoak-, liburuaren idazkeraren urteari dagokiona : eskuizkribu baten arabera, 1330ean idatzi zen, eta 1343an beste baten arabera. Kritikak beraz bi ikusmolde ditu honetaz. Batzuen ustez, data horiek liburuaren bi argitalpeni dagozkie : 1330koa izango litzateke lehenengo idazketa, eta hamairu urteren buruan, liburua osatu eta berridatzi ondoren, berriz argitaratu bide zuen egileak, literaturan aspalditik -baita Erdi Aroan ere- sarritan egin izan den bezala. Beste batzuen aburuz ordea, eta berriz ere sendoak dira argudioak, eskuizkribu baten data okerra da, eta, hortaz, liburua, idazketa bakar eta betirakoan, 1330ean edota 1343an amaitu zen.

Baina horrek guztiak baino garrantzi handiagoa du, liburu honen egileari buruz, eta orobat liburuaren esanahiari buruz, sortzen diren zalantzak direla-eta, amodiozko gertaerak eta pasarteak lehen pertsonan kontatuak izatea, ez baitu horrek gauza onik adierazten hizketan ari zaigun artzipresteari buruz ; areago, liburua zentzugabea gertatzen da lehenengo pertsonan mintzatzen den hori dontzeila batekin ezkontzen denean . Irtenbide bakarra dago beraz, alegia, autobiografia hori asmatua dela uste izatea, fikziozkoa ; horixe berresten du gainera amodioaren maisu izan zen Ovidiorengandik datozen Erdi Aroko elezaharrek obra honetan duten eragin erabakigarriak, De vetula poema famatuak bereziki, latindar poeta handiak bere biografia bertsoetan kontatzen duen Erdi Aroko elezahar faltsuan.

Gauzak areago nahasteko -Liburua gustura irakurtzen ari den irakurlearen kaltetan batez ere- obraren protagonista, bere abenturak eta bizikizunak lehen pertsonan kontatzen ari den hori, batzuetan Don Melun de la Huerta edo Melun Ortiz (hitz jokoa eginez hor ere) izeneko galai bat da, eta besteetan berriz artziprestea bera, eta titulu horrekin deitzen diote berarekin hizketan ari direnak. Eta hala ere gauza argia dirudi autobiografia bakarra dela, hau da, ez direla bi pertsona beren bizitzak kontatzen dizkigutenak, bakarra baizik, batzuetan gazte baten moduan agertzen dena -ezkondu ere egiten den gaztea-, eta besteetan emakumeak konkistatzen dituen artzipreste moduan. Nolanahi dela ere, ez dago oraino bikoiztasun horren funtsezko esplikaziorik. Azkenean, liburua bera da inportantea, egilearen eta egileari buruzko arazoen gainetik.

 

Maitasun onaren liburua

Liburu honek egitura jakin bat du, eta helburu jakin bat halaber : "ars amandi" bat da, maitatzeko antze bat, gaztelar burgesiarentzat egina, gorte eta gazteluetako gizarte aristokratikoarentzat ondu ziren amodioari buruzko teoriazko lan ugarien antzekoa.

Juan Ruizek gaztelar hiri oparoetako burges aberatsei goi mailako giroetako kortesiazko amodioaren ezagutza eman nahi die, eta, horretarako, teoriazko lan bat idatzi beharrean adibideren batez hornitua, gizon maitemindu baten biografiaren inguruan agertzen ditu bere dotrinak eta hastapenak, zeinak pixkana-pixkana gora egiten baitu gorte gizonek ohi zuten bezala amodioaren bidean.

Liburuaren funtsera jotzen badugu, bi protagonisten auzia alde batera utzirik, hiru partetan bana daiteke istorioa. Lehenengoan, protagonistak huts egiten dituen maitasunezko abenturak kontatzen dira, esperientzia faltagatik eta kortesiazko maitasunaren arauak ezagutzen ez dituelako : dama batek uko egiten dio aurrena ; gero Doña Cruzen maitasuna lortu nahi du, baina harengana bidaltzen dion mezulariak kentzen dio ; azkenik, beste dama batengana jotzen du, eta hark ere, ez baitu kondenatu nahi, ezezkoa ematen dio. Hutsegite horien guztien ondoren, bigarren partean, ametsetan, Amodio agertzen zaio, eta eskola luzeluze bat ematen dio, maitasunaren teknikaren legeak agertuz, gizalegearen eta jendetasunaren arauak erakutsiz, eta, ororen gainetik, bitartekari leial eta trebe baten beharra azpimarratuz. Prestaturik beraz, Doña Endrina izeneko dontzeila baten konkistari heltzen dio protagonistak ; bitartekari lanak egiten dituen "Trotaconventos" atsoari esker, zorionez bukatzen da konkista, eta ezkontzarekin amaitzen da abentura hau.

Liburuaren hirugarren partean ezkontzaz kanpoko abenturak kontatzen dira (sakrilegoak, protagonista artzipreste gisa ageri denetan), eta nolabait ere, anekdotikoak, dagoeneko ondo menderatzen baitu protagonistak maitasunaren teknika.

Hemen konkista daitezkeen emakume moten panorama zabal bat eskaintzen du liburuaren egileak ; eta, hala ikusten dugu galaiak nola gorteatzen dituen andre dotore bat, alargun bat, moja bat eta emakume mairu bat ; mendiko emakumeek, bestalde, sekulako erasoak egiten dizkiote. "Trotaconventos" hiltzen denean amaitzen da irakaspen hau, irakurlea maitale eta gorte gizon bihurtua dagoenean.

Juan Ruizek dioenez -Aristoteles aipatuz- bi helburu bakarrik omen ditu gizonak mundu honetan. Ez da batere ideia berria, ezta batere fina ere, baina berak grazia handiaz adierazten du :Aristotelesek dioen bezala, zinez da egia, bi gauzarengatik lan egiten du munduak : aurrena, mantenua izateagatik; bestea zen emazteki atseginez juntamendua izatea. 3 Orri batzuk pasa, eta baiespen hori ukatu egiten du, Salomonen aginpidearekin oraingoan : Salomonek dioen bezala, eta guztiz da egia, hutsalak dira mundu honetako gauzak, denak dira pasakorrak, eta adinarekin desagertzen dira; Jainkoaren maitasuna salbu, hutsal dira denak. 4 Eleberri forma duen maitatzeko arte honen dotrina teorikoa -XIV. mendean bakarrik ager zitekeena, eta garai horretako irakurle burgesentzat guztiz egokia dirudiena-, Ovidioren testuetan oinarritzen da, eta pasarte nagusia zuzenean nahiz zeharka, Don Melon eta Doña Endrinaren amodioak, Pamphilus elegiazko komediaren moldapena da, Ovidioren eragin nabarmena duen XII. mendeko obra anonimoa, seguraski frantsesa.

 

Bazterreko pasarteak

Maitasun onaren liburua itzulinguruz eta bazterreko pasartez betea dago, eta pasarte horiek istorio nagusiak bezainbesteko garrantzia dute zenbaitetan ; bestalde, harekin egoki loturik ageri dira. Estiloz eta jatorriz oso desberdinak dira, eta beti dute parodia kutsu bat, oso agerikoa. Bada egitandiko edo gesta-kantiken parodia fin bat, Don Carnal eta Doña Cuaresmaren arteko gudu xelebrea ; Proventzako pastorelaren parodia egiten du artzipresteak bere lau serrana poemetan, literaturak artifiziala bihurtua zeukan tonu eta giro baten kontrako erreakzio errealista moduan. Horrez gainera,Esoporengandik zetorren Erdi Aroko tradizio aberatsaren baitan, alegia moralez betea dago Maitasun onaren liburua. Liburu honetan ordea alegia hauek bekatura bultzatzeko erabiltzen dira, hau da, justu-justu berez zuten heziketazko eta moralezko helburuaren kontra.

Goliardoen antzeak oso eragin handia izan zuen Juan Ruizengan. XII-XIII. mendeetako apaiz ohi alderraiak, ikasle pobreak, etab. ziren goliardoak, araudiz kanpoko bizimodua egiten zutenak ; haien kantak (Carmina Burana famatua adibidez), latin arrunteko bertsoetan eginak, maitasunari, ardoari eta bizitza ibiltariari eskainiak izaten ziren, eta sarritan eraso zorrotzak egiten zizkioten Elizaren moral gabeziari. Maitasun onaren liburua-k zenbaitetan argi eta garbi imitatzen du haien poesia, baina artzipresteak, goliardoek ez bezala, herriko hizkeran idatzi zuen bere liburua, gaztelania oparo, adierazkor eta herri esapideez bete-betean, baina beti ere halako dotoretasun batez eta zenbaitetan baita modu jantzian ere. Bizi poza eta umore ona dira azken finean liburu honen ezaugarri nagusiak, eta horiek, bete-betean, ozen errezitatua entzutera biltzen zirenek bakarrik gozatzen bide zituzten.