Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Latin literatura.

Errepublika garaia I

Tadmoz-eko (Siria) erromatar antzokiko agertokia.<br><br>

 

Antzerkia

Ezagunak diren antzinako latin idazleek trajediak eta komediak idatzi zituzten ; lan horietatik izenburuak eta atal gutxi batzuk besterik ez dira iritsi gaur egun arte, baina nahikoa dira greziar lanen itzulpenak edo egokitzapenak direla ikusteko. Baina Italian bazen, eragin helenistikoa hedatu aurretik, herri antzerki berezi bat ; antzerki mota horren aztarnarik, ordea, ez da gorde, ez baitzen idazten. Herri antzerki horren barruan sartzen dira atelanca izeneko antzezpenak . Lan horiek bat-batekoak izaten ziren; antzezleek nahaste-borraste moduko bat asmatzen zuten bat-batean, eta agertokira eramaten zuten ondoren, inon ezer idatzi gabe. Greziar jatorriko antzerkia nagusitu zenean, ikuskizunen bukaeran antzezten ziren atelanca-ak.

Italiaren iparraldean, Etrurian hain zuzen ere, beste herri antzezpen mota bat sortu zen : feszeniar jokoak. Elkarrizketa moduan antolatutako eztabaidak ziren, saturnio bertsotan esanak (zazpi oin eta erdiko bertsoak). Feszeniar jokoak nekazariek antzezten zituzten aurpegian mozorroa jantzita zutela. Ospakizunetan antzeztu ohi ziren, ezkontzetan batez ere.

Latin idazle jantziek latin bertsotan eman zituzten greziarren trajedia eta Komedia Berria ; greziar egile ospetsuen egiturak, pertsonaiak eta ekintzak hartzen eta beretzen zituzten, esate baterako, Euripidesen lanetatik hartzen zuten trajediaren eredua, eta Menandrorenetatik, berriz, komediarena . Baina lan haiek ez ziren itzulpen hutsak, askatasun osoz txeratzen zituzten beste lan batzuetako pertsonaiak edo atalak, lanaren argumentua indartu nahian. Greziar gaiazuen latin antzerkiari fabula cothurnata esaten zitzaion, greziar antzezleek erabiltzen zituzten coturno oinetakoengatik ; erromatar gaia zuten lanei, aldiz, fabula prcPtexta esaten zitzaien, erromatar magistratuek erabiltzen zuten toga prcstextaren izenetik.

Komedien barruan ere bi mota bereizten ziren : greziar gaia zuten latinezko komediak fahula palliata ziren, antzezleek pallium jantzia erabiltzen zutelako ; erromatar gaia zuten komedia latinoei, aldiz, fabula togata esaten zitzaien. Palliata komediak dira, hain zuzen, gaur egun ondoen ezagutzen direnak, genero horretakoak baitira Plautoren eta Terentzioren lanak. Latin antzezpenak, greziarrak bezalaxe, ospakizun jakinetan jokatzen ziren, eta ikusleek ez zuten ikusteko sarrerarik ordaindu behar, herri ondasunekin ordaintzen baitziren.

 

Plauto (K.a. 254-184)

Tito Mazzio Plauto, Unbriako Sarsinan jaioa, gazterik Erromara joan zen, antzerkia lantzeko asmoz, eta aberastu egin zen.

Plautok ehun eta hogeita hamar komedia inguru idatzi zituen ; horietatik hogeita bat baizik ez dira iritsi gaur egun arte. Plautok komediak idatzi zituen, palliata erakoak, greziar jatorrikoak alegia. Greziako komediatik Menandro eta egile herrikoienak hartu zituen, pertsonaiak zein egoerak egokituz.

Hala ere, badago latin antzerki tradiziozkoaren zantzurik, atelance deiturikoena adibidez. Ekintza Grezian edo lurralde helenikoetan gertatzen da beti, baina jainkoak latinoak dira, ohiturak eta esaerak ere bai...

Plautoren antzerkigintzan sarri trama eteten da, entzule baten galdera sartzeko, edo antzerkiaren zuzendaria ala bertako jabea agertzeko, pertsonaiei buruzko gorabeherak adieraziz. Bestalde, giroa erdi mailako gizartearena da, barregarria, dekadentea, grinaz betea. Hizkera oso kalekoa da, errefrauez, esaldi barregarriez, hitz jokoz eta horrelakoez hornitua.

Plautoren komedien artean ezagunena Anfitrioia da, gai eta pertsonaia mitologikoak agerrarazten dituen lan bakarra.

Dena dela, mitologia seriotasunik gabe eta sakratutzat har daitezkeen ezaugarririk gabe erakusten du eta komikotasunez beterik dagoen iruzurra bihurtzen da. Gainerakoan, nahaste-borraste eta bihurrikeriaz beteriko komediak idatzi zituen : Milesgloriosus, Asinaria (amodio nahasmenduak), etabar. Horietan jende bihurria, soldadu harroputzak, emakume eta esklabo bizkorrak... ageri dira, pikardiaz beteriko gizarte baten adierazle . Plautok baditu antzerki eztiagoak ere, moralizatze aldera idatziak : Captivi, Autularia (zekentasunari buruz)...

 

Terentzio (K.a.184-159)

Publio Terentzio Afer, Afrikatik gazterik Erromara eramandako esklaboa zen.

Jabeak libre utzi zuen, eta garaiko idazle garrantzitsu bihurtu zen. Sei urte eman zituen antzerkia idazten eta sei komedia idatzi zituen ; lan horiek oso-osorik iritsi dira gaur egun arte. Ospetsu zela Greziara joan zen, bere komedietarako gaien bila ; bertan, Menandroren hainbat lan itzuli zituen. Horrez gainera, Menandro izan zen Plautoren eredu lan gehienetan. Terentziok oso testu landuak idatzi zituen.

Plautok erabili ohi zuen latin tradiziorik (atelance) ez da ageri Terentziorengan ; honek komedia hiritarrak eta sentipenez beteak egin nahi zituen. Terentzioren lanak jende ikasiari zuzenduak dira, eta giro horietako hizkerara egokitzen da Terentzioren hizkuntza ; orobat saiatzen da elkarrizketen bizkortasuna adierazten, eta garai hartako etikara egokitzen du trama. Arazo sakonak aztertzen zituen Terentziok bere antzerkietan, gazteen heziketa zorrotza (Adelphce), edo zaharren soiltasuna eta gazteen askatasun berria (Heautontimorumenos) . Hecyra izeneko lanean, adibidez, egoera komikoak baino gehiago azterketa psikologikoak ageri dira. Arrakastarik handiena Eunuchus lanarekin lortu zuen.

Terentzioren antzerkiak, Komedia Berriko gai nagusiak errepikatzen dituenez, Plautoren lanen oso antzekoak dira eta askotan haren lanekin bat datoz, egoera elkarren oso desberdinetan : maiteminduen arteko gaizki ulertuak, semeen ezkontzaren edo maitasunen kontra agertzen diren gurasoak, gauza guztiak konpontzen edo nahasten dituzten esklabo azkarrak, etab.

Terentziok, ordea, ez du Plautok bezain beste ekintza apaintzen, eta ez ditu pertsonaiak hain era barregarrian erakusten.

 

Poesia

 

Lukrezio (K.a. 94?-50?)

Tito Lukrezio Karori buruz datu gutxi ezagutzen dira eta daudenak zalantzazkoak dira gehienak. Ez da ezagutzen non jaio zen ; zenbaitzuren ustez, Kanpanian jaio zen, baina ikasketa urteak Erroman egin zituen, ziur asko. Elezaharraren arabera, amodio edabe baten eraginez erotu egin zen, eta zentzuna etortzen zitzaion uneetan idazten zuen ; bestalde, Zizeronek zuzendu omen zituen Lukrezioren lanak.

De rerum natura da Lukrezioren lan bakarra . Sei liburukitan banatuta dago, eta poema zientifikotzat hartzen da. Sei liburukiak binaka bilduta daude : lehenengo biak fisika atomistari buruzkoak dira ; hirugarrena eta laugarrena psikologiari buruzkoak dira ; eta azkeneko bietan kosmosaren historia eta gizatasuna lantzen ditu. Liburu guztien hasieran, omenaldi moduko bat egiten dio Lukreziok Epikurori, haren adore intelektuala eta historian izan zuen garrantzia goraipatuaz. Lukreziok grinei eta edozein sineskeria motari aurre egiteko proposatzen die bere garaikideei. Lukrezioren arabera, garai hartako erlijio ofiziala da norbere burua salbatzeko oztopo nagusia.

Hori guztia adierazteko errealismo kementsueta trinkoz betetako hizkuntza erabiltzen du, eta indar handiko deskripzio luzeak osatzen ditu, hitzaren zentzu zehatz eta kezkatsua erabiliaz.

Augusturen garaian, izugarria izan zen Lukrezioren eragina poesian, batez ere Virgiliorengan . K.o. I. mendean asko irakurtzen zen Lukrezio, baina klasizismoaren nagusitasunak bazterturik utzi zuen, beste asko bezala. Baina 11. mendeko arkaismoaren bidez, gora egin zuen, berriz ere, haren ospeak. Erdi Aroan desagertzeko arriskuan egon zen Lukrezioren lana, eta eskuizkribu bakar batzuei esker salbatu zen.

Lukrezio, bestalde, arrazoi askatasunaren aldeko eta erlijio fanatismoaren kontrako idazletzat hartu izan da.

 

Katulo (K.a. 84-54)

Kaio Valerio Katulo, Veronako aberaskumea, hogei urte zituela joan zen Erromara . Erroman giro jantzietan sartu zen eta garai hartako intelektual ospetsuenen adiskide egin zen, hala nola, Kalvo, Zizeron, Hortensio Hortalo, eta poeta novi taldearen inguruko giroetan aritu zen. 57. urte inguruan Lesbia ezagutu zuen, eta harekin izan zuen harremana izan zen Katuloren bizitzako gertaera nagusia, eta aldi berean, bere poesiaren iturri nagusia. Lesbia Klodiaren ezizena zen; zenbait ikerlarien arabera, Klodio tribunoaren bigarren arreba eta Quinto Metelo Celer-en emaztea zen Lesbia. Zizeronek bere Pro Ccelio diskurtsuan emakume horren korrupzioaz hitzegiten du ; emakume jantzi eta ederra zen oso, eta bere senarra pozoindu zuela esaten zen.

Liber da Katuloren poema bilduma. 116 carmen-ek (bertsoak, batez ere, latin bertsoak) osatzen dute eta irizpide metrikoen arabera hiru ataletan sailkatzen da : batetik, karmen labur polimetrikoak ; bestetik, carmina docta deituak, estilo landuan idatziak, arte alejandrinoaren ereduen arabera ; eta azkenik beste karmen labur batzuk, distiko elegiakoetan idatziak. Lehenengo eta hirugarren taldeak nugca-ak osatzen dituzte, zeinetan Katulok bere amodiozko historia kontatzen duen. Bigarren taldea zortzi konposiziotan banatuta dago ; hainbat gairi buruzkoak eta hainbat bertso motetan idatziak dira, Zibelesen gurtzari buruzkoak, besteak beste.

Katuloren poemak sentipenez eta egiatasunez beterik daude ; sentipenak oso errealak dira, eta lizunkeriarik handienak ere bere horretan botatzen ditu, nahiz eta fintasun handiko moldeak erabili. Katuloren poemetan, bestalde, bere garaiko gizartea ageri da : joerak, grinak, akatsak, pertsonaiak.

Horretaz gain, Katulok pertsonaia mitologikoak ere erabili zituen, eta baditu pasarte mitologikoak harrigarriro berreginak.