Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Greziako literatura klasikoa : komedia

Atenasko antzokiko hondakinak.<br><br>

 

Aristofanes

Sofoklesen eta Euripidesen trajedien garai berean, Aristofanesen (K.a. 445. urtean jaioa) komediak sortu ziren Greziako antzerkian. Atenastar burutsu horrek berrogeita lau lan inguru osatu zituen, eta horietatik hamaika iritsi dira gaur egun arte. Lan horiek osatzen dute, hain zuzen, Antzinako Komedia esaten denetik gorde den lan hilduma guztia. Hala ere, komedia idazle askoren izenak ezagutzen dira, eta horien lanen atalak ere iritsi dira gaur egun arte.

Trajediaren seriotasun eta traszendentzia moralaren aurrez aurre komediaren izpiritu isekari eta satirikoa dago. Dena dela, izpiritu hori ez zen berria Greziako poesian, yambo-aren mamia horixe bera baitzen, eta ez zen berria, orobat, Atenasko antzerkian, idazle trajikoek drama satirikoekin amaitzen baitzituzten beren trilogiak. Hala ere, drama horiek, gai mitologikoak ozarkeriaz eta umore handiz lantzen dituztenak, komediaren oso bestelako lanak dira.

Trajediak mitoetatik eta tradiziotik hartzen zituen gaiak, eta ikusleak oso ondo zekien, antzezpena hasten zenetik bertatik, arazoaren sorrera eta zein izango zen arazoaren bilakaera eta amaiera. Komedian, aldiz, ikusleak ez zuen argumentua ezagutzen, aurretik ezin antzeman zitezkeen gertaerak eta gorabeherak aurkituko zituen, eta pertsonaiak ere berriak ziren beretzat.

Komedia idazleak gai bat eta bilbe bat asmatzen zituen eta pertsonaia batzuk sortzen, eta ondoren, gertaera baten aurrean jartzen zituen osagai horiek guztiak. Horregatik ikus daiteke Aristofanesen komedietan nolabaiteko orijinaltasuna, sorkuntza lana, ez bakarrik gaiei dagokienez, baita pertsonaiei dagokienez ere. Hala ere, horiek ez dira erabat asmatuak, gehienetan inguruko errealitatetik hartuak baitira.

Trajediak jainkoen eta heroien mundua aurkezten du, eta ekintzak antzinakoak izatendira ; Aristofanesek, aldiz, ikusleen beren Atenasko kaleetan kokatzen du lana, eta pertsonaia handinahi, erne, irrigarri, zorigaitz eta abarrez betetzen ditu kale horiek. Eguneroko bizitza barrea eragiten duen ikuskizun bihurtzen du. Atenastarrek gerra edo bakea nahi duten, biltzarretan haserretzen diren, lapurretan aritzen diren, elkarren artean eztabaidatzen duten edo gogoeta filosofikoetan aritzen diren. Aristofanesek egoera horiek guztiak bildu, areagotu eta, azkenik, satirizatu egiten ditu era zuzen, gordin eta atseginean. Horren guztiaren azken helburua barrea eragitea da, eta ez pertsonaia edo egoera horien bitxikeriak zuzentzea.

Hala eta guztiz ere, ez da pentsatu behar antzerki genero hori errealista denik.

Pertsonaiak eta arazoak errealistak dira, haina arazoei ematen dien konponbidea, behin baino gehiagotan, sinesgaitza da, zentzugabea eta absurduaren antzerkiaren oso hurbilekoa. Pertsonaia erreal eta hurbileko horiek ametsezko eta fantasiazko gauzak egiteko gauza dira. Aristofanesen lana fantasiaz beterik dago, eta lirikotasun maila handikoa da zenbaitetan. Aristofanesek, bestalde, jendearen ahotan zebiltzan kritikak jasotzen ditu, hasi jeneralen eta politikarien jarrerei bunuzko kritiketatik eta herriaren ahulezietaraino. Bere pertsonaia guztiek pentsatzen dutena esaten dute, eta gobernariak, demokrazia herriko nagusiak eta demokraziaren oinarriak kritikatzen ditu. Aristofanes ideia kontserbadoreak zituen gizona zen, antzinako garai handi eta heroikoetara iristeko gogo bizia zuen, eta hezkuntzan eta arrazoitzeko artean egin ziren berrikuntzen kontrakoa zen guztiz.

Baina Aristofanesek ez zuen politika erabiltzen barrea eragiteko gai gisa bakarrik.

Garai hartan Atenasen nagusitzen ariziren berrikuntzak ere barregarri jartzen zituen Aristofanesek. Berrikuntza horien artean aipatzekoak dira hezkuntza sistema herria eta sofistika, eta berritzaileen eredu gisa Sokrates azaltzen zuen. Sokrates barregarri uzten zuen lan bat, adoratzen zuten ikasleek inguratuta, beti izaten zen arrakastatsu . Euripides izan zen Aristofanesen satira literarioaren heste helburuetako har Euripidesen hizkuntza harro eta erretorikoa elkarrizketa arrunt eta irrigarrietan erabiltzen zuen Aristofanesek, kutsu komikoa emanez. Eta ikusleak, bestalde, berehala ohartzen ziren hitz-joko haietaz, izan ere, egun batzuk lehenago bertso haiek herak zegokien testuinguru trajikoan entzunak baitzituzten. Aristofanesen lanen helburu nagusia barrea zen, eta barrea eragin zezakeen edozer gauza sartzen zuen bere antzerki lanetan : ugariak dira txisteak, hitz jokoak eta ateraldi barregarriak.

Hogei urte bete gabe zituen Aristofanesek bere lehenengo arrakasta lortu zuenean (K.a. 425). Urte horretan Atenasko lehiaketan lehenengo saria eman zioten Akarnestarrak lanari esker. Garai hartan, une latzak bizi ziren Atenasek Espartarekin zuen gerraren ondorioz, eta izurrite batek are larriago bihurtu zuen egoera. Akarnestarrak laneko protagonista nekazari bat da : nekazaria eta bere familia babesean bizi ahal izateko, hitzarmen bat izenpetzen du Espartarekin, gerrarekin erabat gogaiturik.

Hitzarmena upel bat da, eta upel horri esker aberastasunean eta bizitzaren plazerrekin gozatuz biziko dira nekazaria eta bere familia. Eszena barregarrienetako batean Euripides agertzen da nekazariari arropa piltzarrak eskatzen, bere trajedietako pertsonaiak jantzi behar dituela-eta. Akarnestarrak lanaren ondoren, lan ugari idatzi zituen eta hainbat sari irabazi : Zaldunak, Hodeiak, Bakea, Lisistrata, Igelak.

 

Menandro

Aristofanesen ondoren, aldaketa sakonak izan zituen komediak. Literaturaren teorizatzaile batzuek hiru alditan banatzen dute komediaren bilakaera : Antzinako Komedia, Erdiko Komedia eta Komedia Berria . Baina gaur egun zaila da aldiak bereiztea, ez baitago bigarren aldiari buruzko daturik ; Aristofanesen azkeneko lanak, ziur asko, bigarren aldi horretakoak izango dira.

Hala eta guztiz ere, interesgarria da Aristofanesen eta Menandroren lanen arteko bereizketa egitea, Menandro Komedia Berriaren ordezkaritzat hartzen baita.

Mende baten tartean asmo politikoa eta zatarkeria erabat desagertu ziren komediatik, eta ohituren antzerkiak hartu zuen haren lekua. Komedia mota berriaren muina gai nagusi bat korapilatzea zen. Komediak izan zuen bilakaera hori hainbat arrazoirengatik gertatu zen : alde batetik, Espartaren gerraren eta politika gorabeheren ondorioz, atenastarren iritziak baretu egin ziren eta arazo publikoen eta gobernarien satira ez ziren jadanik barregarri hiritarrentzat. Beste alde batetik, hiriko bizimodua lasaitu egin zen, filosofoen heziketa lanak asko findu zituen ohiturak, eta arrunkeria eta lizunkeria ez ziren ondo hartzen.

Menandrok arreta handiz eraikitzen zuen antzerki lana, eta Aristofanesen komedia ordenagabetik urruntzen saiatzen zen. Aristofanesek modu ausartaz eraman zituen pertsonaia zehatzak eta definituak agertokira, hala nola, politikariak, gobernariak, filosofoak eta idazleak, beren benetako izenarekin batzuetan, eta beste batzuetan, herriz, ezagutzen errazak ziren ezizen garbiekien ; Menandroren antzerkian, aldiz, errealitate orokorretik hartutako pertsonaiak pertsonaia abstraktu eta estereotipatu bihurtzen dira, agure zekena, maitakeriatan dabilen gaztea, soldadu harroputza eta esklabo maltzurra, esate baterako. Komedia Berriaren argumentuak ez die lekurik uzten jainkoei, ezta Aristofanesen erara karikaturizatuta ere ; gertaerak leku jakinetan eta guztientzat ezagunak direnetan gertatzen dira. Gaiak itxiak izaten dira eta gai nagusi baten inguruan antolatzen dira gertaerak: bere maitalearekin ezkondu nahi duen eta aitak horretarako baimena ematen ez dion mutikoaren zorigaitza ; txikitan abandonatu zituzten neskak alabatzat hartu nahia, eta abar.

Menandro Atenasen jaio zen K.a. 342.. rte inguruan, familia dirudun batean. Teofrastoren ikasle eta Epikuroren adiskide izan zen. Hala ere, bere osaba Alexis komediografoarengandik hartu zituen antzerkiaren inguruko ezagutzak. Ehun lanetik gora idatzi zituen Menandrok. XIX. mendea arte lan horien atal batzuk hesterik ez ziren ezagutzen,baina mende horretan, Egiptoko papiroak aztertzen hasi zirenean, Menandroren hainbat komedia aurkitu ziren. Komedia horietako bat, Misantropoa, osorik bildu ahal izan da. Bestalde, Plautok eta Terentziok Menandroren lanen hainbat kopia egin zituzten, eta kopia horiei esker haren lanaren datu ugari jaso dira. Hogeita sei urte zituen Menandrok Misantropoa lana aurkeztu zuenean (316. urtea).

Antzerkigile trebea izan zen Menandro ; gaitasun berezia zuen, eleberri helenistikoen modura, bere komedien bost ekitaldietan argumentu nahasiak trebetasunez lantzeko.

Lan horietan pertsonaiak tipikoak eta orokorrak badira ere, zeinek bere kezkak, grinak, akatsak eta bertuteak erakusten ditu.

Pertsonaia horiek ondorengo mendeetan egingo zen komedien oinarrizko paradigma bihurtu ziren, bai latindar antzerkian, bai Europako komedia modernoan. Eta Menandroren lanetan aurki daitezke, bestalde, "ohituren antzerkia" esaten denaren lehen urratsak. Egia da Menandroren lanak Aristofanesen lanekin alderatuz gero, Menandrorenak antzerki lan txikiak ematen dutela ; konparazio hori ordea ez da egokia, bizitza oso modu desberdinean taularatzen baitute batak eta besteak, eta ikusleari atsegin emateko bi modu elkarren oso desberdinak baitira batarena eta bestearena . Komedia Berriak, eta Menandrorenak batez ere, eragin handia izan du Europako literaturaren historian ; Aristofanesen antzerkiarekin, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen,ez baitzuen ez imitatzailerik ez jarraitzailerik izan aldi modernoa arte. Antzerki latindar klasikoak, esate baterako, greziar antzerkian du sorburua, baina hartan eragina izan zuten, batez ere, Euripidesen trajediak eta Atenasko Komedia Berriak, Menandorenak gehienbat. Haren komediaren ezaugarriak, bestalde, XII. eta XIII. mendeko elegiazko komedia latindarrean betikotu dira, Erdi Aroko fabliau generoaren alderdi batzuetan, eta gero, komedia humanistikoan eta La Celestinak hasiko zuen espainiar prosan.