Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Greziako literatura klasikoa: antzerkia

Epidauroko antzokiko hondakinak.<br><br>

 

Trajedia Eskilorengandik Euripidesenganaino

Aristotelesen iritziz, Atenasen egin ziren, zenbait hamarralditan zehar -Tespisetik hasi eta Friniko eta Eskilo arte-, trajediaren lehenengo urratsak. Trajediaren bilakaera, V. mendearen azken hiru laurdenetan, hiru pertsonaia kementsuk gidatu zuten : Eskilo, Sofokles eta Euripides. Hiru pertsonaia horiek honela lotzen dira denboran : 840. urte inguruan, Salaminako guduaren biharamunean, zeinean Eskilo bera egona baitzen borrokan, Sofoklesek, artean nerabe aroan, guda osteko festako abestaldea zuzendu zuen ; eta une horretan bertan, Euripides jaio zen Salaminan.

Gaur egungo antzerkia Erdi Aroko zenbait errito kristauetatik datorren bezalaxe, antzinako antzerkiak greziarren zenbait adierazpen erlijiosoetan du jatorria. Ikertzaileen arabera, ditiranbotik -alegia, Dionisosen edo Bakoren omenezko ereserkietatik-, sortu zen trajedia. Jainko horren ohorezko jaietan satiroz mozorrotutako nekazari talde batek kantatzen zuen, eta zuzendariak edo korifeoak horien kantuak eteten zituen bere deiadarrekin eta komentarioekin. Dionisosen abenturak, haren ibilerak munduan zehar, zoritxarrak eta aldi berean haren pozak azaltzea zen ereserki horien helburua . Ereserki horietan nabarmenak ziren mugimendua eta bizitasuna.

K.a. VII. mendean, Mitileneko Arionek ditiranbo tradizionalari estilo jantzia eta pertsonala eman zion Korinton. Baina horrek ez zuen lirika koralaren izaera galdu, nahiz eta ekintza dramatikorik gabea izan. Handik mende batera, Tespisek berrikuntza bat erantsi zion ditiranboari: beste aktore bat gehitu zuen korifeoarekin aritzen zena, koroaren aurrean. Horrela sortu zen drama. Bidea zabalik zegoen, eta urrats horretatik Eskiloren trajediara maila bat besterik ez zegoen.

534. urtean Pisistrato tiranoak Atenasko Dionisoren omenezko jaietan antzezpen dramatikoak egitea agindu zuen. Hiru trajediek eta pieza satiriko batek osatu behar zituzten antzezpen horiek. Ikusleak harmaila zirkulu-erdietan esertzen ziren (theatron), Dionisoren tenpluaren parean ; orkhestra izeneko zirkulu batean koroa jartzen zen, eta atzean oihalezko denda moduko bat egoten zen (eskene), eta handik sartzen eta irteten zen aktorea. Aktoreak pertsonaia bat baino gehiago antzezten zituenez gero, behin baino gehiagotan aldatu behar izaten zituen jantziak eta mozorroa. Abestaldea, hasieran, hamabi aktorek osatzen zuten, gero, berriz, hamabostek. Aktore haiek hiritar aberats batek ordaintzen zituen.

Trajedia greziarren sormenezko lan berezi eta trinkoenetako bat izan zen. Gaur egun, balio literario handia ezagutzen zaio Homeroren epopeiari, baina lan horietan sortzen ziren arazoak urruti gelditu zaizkigu, eta guretzat zaila da heroi haiek bizi zituzten gorabeherak igartzea. Trajediak, aldiz, gizakien grinetatik abiatzen diren gatazkak azaltzen ditu, alegia, mendeetan iraun duten eta gaur egun ere sor daitezkeen gatazkak. Literaturaren historian zehar, eta baita gaur egun ere, Greziako trajediako gai nagusien bertsio berriak landu dira, oinarrizko tramari eta gatazka moralari leial. Aldiz, inori ez zaio bururatzen Iliada-ren antzeko obrarik idaztea.

Greziako trajedia egileek irtenbiderik ez zuten arazo moral edo jokabidezkoak aurkezten zituzten. Gizakiaren eta arazo konponezinaren arteko gatazka hori da, hain zuzen, trajedia greziarraren oinarria, eta Eskiloren eta Sofoklesen lanetan iristen du goreneko maila. Euripidesek, aldiz, ez du soluziorik gabeko arazo batean aurrera egin nahi, eta jainko batengana jotzen du arazoa konpon dezan ; hala, trajediaren oinarria desagertu egiten da.

Eskiloren Pertsiarrak lana alde batera utzita -garai hartako historiaren gai bat lantzen baitu-, trajediak mitoetatik eta elezaharretatik hartzen ditu gaiak, oro har. Egile trajikoak ez ziren ahalegintzen elezahar osoa atal bakar batean, ezta trilogia batean ere, azaltzen ; egileak elezaharraren pasarte batean edo bat baino gehiagotan oinarritzen zuen bere lana, eta tradizioak ematen zizkion datuei buruz leiala izaten zen. Atenasko ikusleak oso ondo ezagutzen zituenez elezaharraren istorioa eta gorabeherak, berehala ezagutzen eta kokatzen zuen begien aurrean azaltzen zioten istorioa.

 

Eskilo

Eskilo K.a. 525. urtean jaio zen Eleusisen (Atenas-tik hurbil). Laurogei lanetik gora idatzi omen zituen, baina zazpi besterik ez dira gaur egun arte iritsi. Maratoneko (490) eta Salaminako (480) guduetan borrokatu zen. Gazte-gaztetatik poeta trajikoen lehiaketetan parte hartu zuen, eta 484an eskuratu zuen lehenengo garaipena. Handik aurrera beste hamabitan irten zen garaile . Ospetsu zelarik, Hieron tiranoak Sirakusako gortera deitu zuen, eta han Pindarorekin egin zuen topo. Etnako hiriaren sorreran ere biak batera aritu ziren : Eskilok galdua den trajedia bat aurkeztu zuen hartara eta Pindarok, berriz, lehenengo Pitika. Eskilok lehiaketak eta ospea irabazten jarraitu zuen, baina 468. urtean, hasi berria zen Sofokles gazteak hartu zion aurrea. Hala ere, urte hartaz geroztik Eskilok trajedia berdingabeak osatu zituen, besteak beste Orestia. 455. urtean hil zen Sizilian, eta haren hilobia erromes gune bihurtu zen garai hartako poetentzat.

Gaur egun arte iritsi den Eskiloren lan antzinakoena Pertsiarrak trajedia da. Lan horretan ez dago osagai mitologikorik eta ez du loturarik elezaharrarekin, baina Atenasko biztanleei aintzaz betetako gertaera bat,Eskilok berak ere parte hartu zuena, erakusten die : Salaminako gudua (480. urtea).

Gainerako antzerki lanetan, Eskilok elezaharretatik hartzen zituen gaiak eta elkarrekin bikain lotutako hiru lanetan antolatzen zuen gaia ; horien ondoren drama satiriko bat idatzi ohi zuen. Mitoaren bidez, gai erlijiosoak, moralak eta baita juridikoak ere lantzen zituen Eskilok ; bestalde, ikusleek oso ondo ezagutzen zituzten gertaerak, poeta epikoek landua baitzuten behin baino gehiagotan gai hori. Trilogia ezinbestekoa zuen Eskilok, beretzat ez baitzen baliabide tekniko bat bakarrik ; ekintza leinu baten bizitzan zehar luzatzen da, eta horretarako ezin hobeto datorkio obra hiru lanetan banatzea . Aipatutako trilogiaz gainera, Eskilok idatzi zituen, besteak beste, Zazpiak Tebasen kontra eta Prometeo kateaturik.

Poema epikoetako eta elezaharretako heroiak garrantzi handia dute Eskilorengan, eta zentzu berri bat ematen die, izan ere, Eskilok kontzientzia arazo bat edo zuzenbidezkoa bihurtzen baitu fabula. Eskiloren pertsonaiak gizakiak baino maila goragokoak dira, baina gizakiaren irizpideen arabera osatuak beti. Arte dramatikoan ohikoa zen elkarrizketaren teknika hobetu egin zuen Eskilok : bi pertsonaia gehiago jarri zituen abestaldearen aurrean, eta ondoren, Sofoklesek behartutako hirugarren pertsonaia ere onartu zuen. Eskiloren trajediak, bestalde, argumentu soila dute, haietan garrantzitsuena ez baita gaia, ikasbide morala baizik, eta gauza guztien gainetik, beharbada, poesia.

 

Sofokles

Sofokles arrakasta handiko trajikoa izan zen, eta bata bestearen atzetik izan zituen arrakastak. Plutarko idazleak dioenez, Sofoklesek hogeita zortzi urte zituela (K.a. 468) trajikoen leihaketara aurkeztu zuen bere lehenengo lana ; ikusleen artean eztabaida gogorra izan ondoren, Eskilori irabazi omen zion azkenean. Garaipen horren ondoren, eta garai hartako idazle trajiko ospetsuena gainditu ondoren, trajediak idatzi eta idatzi aritu zen, eta sariak irabazi eta irabazi : hogei aldiz izan zen garaile Atenasen, oso gutxitan izan zen bigarren eta inoiz ez hirugarren . Azkeneko lana, Edipo Kolonon, laurogeita hamar urte zituela idatzi zuen.

Literatura karrera ospetsua izateaz gainera, oso bizitza distiratsua izan zuen Sofoklesek : goi mailako kargu publikoak izan zituen eta estratega lanak ere egin zituen.

Ehun eta hogeita hamar trajedia inguru idatzi zituen, eta gaur egun arte zazpi besterik ez dira gorde ; horiez gainera, drama satiriko bat eta hainbat lanen atalak gorde dira.

Sofoklesek Eskilok oinarri hartzen zituen mito eta elezahar berdinak hartzen bazituenere, Sofoklesen trajedien bilbea trinkoagoa eta aberatsagoa da. Hala, Sofoklesek baztertu egin zuen trilogia, izan ere, nahiz eta lehiaketetara hiru trajedia eta drama satiriko bat aurkeztu behar izaten zen, erabateko autonomia ematen zien obra horiei.

Sofokles saiatzen zen pertsonaiak pertsona bezala eta ez jainko bezala aurkezten agertokian . Bestalde, Sofoklesen estiloa Eskilorena baino soilagoa eta argiagoa da, baina beti mintzarazten die bere pertsonaiei dotoretasunez, seriotasunez eta neurriz.

Sofoklesen lehenengo lana Ayante izan zen, eta lan horretan nabarmena da, oraindik, Eskiloren eragina. Beste lan aipagarriak dira : Antigona, Trakiniarrak, Edipo errege, Elektra, Edipo Kolonon.

 

Euripides

Euripides Salamina uhartean jaio zen K.a. 484-480 urteen bitartean. Euripides ez zen, Sofokles bezala, estatu kontuetan aritu, eta bete-betean jardun zuen idazten.

Bere lehenengo lana, Peliadeak hain zuzen ere, 455. urtean aurkeztu zuen antzerki leihaketa batera. Euripidesen hirurogeita bost lanen izenburuak eta atalak ezagutzen dira, baina ez da gauza segurua horiek guztiak berak idatzi zituenik, eta hemezortzi besterik ez dira inolako zalantzarik gabe Euripidesek idatziak. Euripides Eskilo hil eta gutxira hasi zen idazten, Sofokles azken lanak idazten ari zen garaian. Aristotelesek honela dio : Sofoklesek gizakiak izan beharko luketen bezala aurkezten zituela esaten zuen, eta Euripidesek, berriz, diren bezala» . Eskilok, Sofoklesek eta Euripidesek gizon eta emakume berberak deskribatu zituzten -Agamenon, Klitemnestra, Orestes,Ifigenia, Antigona-, eta egoera berdinen aurrean jarri zituzten pertsonaia horiek, elezahar eta mitoak errespetatu behar baitzituzten . Eskilorengan gizaki horiek guztiak mitikoak ziren eta errealitatetik urrun zeuden . Sofloklesek, aldiz, gertaerak hurbildu egiten zituen, eta haren obretako gertaerak edozein gizakik egiteko moduko ekintzak izan zitezkeen. Euripidesen antzerkian, berriz, pertsonaiak gure oso antzekoak ikusten dira, eta iraganetik ateratako pertsonaiak baino gehiago garai hartan Atenasen bizi ziren gizon-emakumeak erakusten ditu.

Euripidesek leial jarraitzen die elezaharrei, baina bere lagunek baino era iraultzaile eta pertsonalagoan lantzen ditu. Euripidesen lanetan jainkoek eta heroiek gizakien akats eta bertute berdinak dituzte, eta, aurkezpenaren gehiegikeriaz, karikaturaren mailara iristen dira zenbaitetan. Bestalde, haria ez da jadanik soila eta zuzena, mugimendu oldartsuz eta suspentsez betea baizik.

Zenbaitetan, irteerarik gabeko egoeretara iristen da Euripides, eta orduan Olinpotik jaisten den jainko batengana jotzen du, eta hark konpontzen du korapiloa. Irtenbide hori oso gustukoa izaten zuten atenastarrek.

Euripidesek trajediaren multzoan sartu zituen pertsonaiek eta osagaiek komediara hurbiltzen dute jenero hori.

Oso estilo zorrotza da Euripidesena ; esakuneak bata bestearen atzetik pilatzen ditu zenbait pertsonaiaren ahotan, eta irudiak eta metaforak puztu egiten ditu, baita hain estilo erretorikoa behar ez den uneetan ere.

Sofisten mundua, indar handikoa garai hartan Atenasen, antzerkira hurbildu zuen eta gai erlijioso edo teologikoek eguneroko filosofiari uzten diote lekua. Trajedia ugari idatzi zituen Euripidesek, besteak beste, Alzestis, Medea (Euripidesen maisulana), Hipolito, Hekuba, Troiarrak, Elektra, Orestes.