Literatura Unibertsala»Literatura aroak
Literaturaren historia.
Definizioa eta
sailkapen irizpideak
Literaturaren historiaz
Literaturaren historia da literaturaren
jakintzaren lau esparru nagusietako bat ; literaturaren
teoria, literaturaren kritika eta
literatura konparatua dira beste hirurak. Literaturaren
historia eta kritika alderatzea argigarria
izaten da historia zer den hobeto
ulertzeko : kritikak testuen osagai formalen
eta gaien analisi sinkronikoa egiten du, eta
historiaren helburua berriz testu horien azterketa
diakronikoa egitea da, hau da, une
jakin batek iraganarekin (iturrien azterketa)
eta haren bilakaera eta etorkizunarekin
dituen harremanak zertzea : une horren eraginak
eta ondorengoak. Alegia, literatura
obrak tradizio literarioan eta genero jakinetan,
higikunde edo eskoletan, beren garaiko
testuinguru historiko eta sozialean
txertaturik, aztertzea da literaturaren historiaren
eginkizuna.
Literaturaren historialaria, literaturaren
teoriak eta kritikak osatu duten metahizkuntza
eta ikerketa metodologia erabiliz, testuen
nolakotasuna aztertzen saiatzen da,
egile, jatorri eta bilakaeraren kontzeptuetatik
abiatuta (datazio arazoak, testuaren konposizio
data, testuak jasotako eraginak, iturrien
erabilera, etab.), testuaren sailkapena
egin (zein generotan, eskolatan, estilotan
sartzen den), eta, azkenik, hartzailearen edo
harreraren arazoa lantzen du.
Literaturaren historia garrantzi handiko
azterketa izan zen XIX. mendean, jakintzako
diziplina baten ezagutza eskuratu baitzuen,
ikerlari tradizio bikain bati esker : M. Menendez
Pelayo Espainian, A. Villemain etaeta J.J. Ampere Frantzian, Schlegel anaiak
Alemanian, F.P. Veselovsky Errusian, G.
Ticknor Estatu Batuetan, etab. Baina XX.. endearen lehen erdialdean interesa eta
ospea galtzen hasi zen literaturaren kritika
eskola berrien hegietan (New Criticism, Estilistika,
Nouvelle Critique). Rene Wellek-ek,
"Literaturaren historiaren gainbehera" titulu
esanguratsua duen artikulu batean (1983),
beheraldi hori agertzeko, puntu hauek seinalatzen
ditu : XIX. mendeko historiaren literatura
gertaeren zientifizismo akritikoa eta
ikuspegi egokiaren falta, eta horren ondoriozko
"biografia, bibliografia, antologia, gai
eta forma metrikoei buruzko informazioaren,
iturri, neurketa eta balioztatze saioen
nahasketa, «historia literario» deitu zen historia
politiko eta sozialean txertaturik...",
literaturari berari dagokiona ahaztuta. Alahaina,
1970etik aurrera piztu egin da berriz
literaturaren historiari buruzko interesa,
bereziki H.R. Jauss eta Konstantzako eskolaren
azterlanen ondoren.
H. R. Jaussek, literatura historiografiaren
ikerketa metodologia berriztatzeko ahaleginean,
objektibotasun historikoaren aurreiritzia
baztertzea eskatzen die literaturaren
azterlariei, eta testuen harreran oinarrituriko
literatura historia bat osatzea. Haren iritziz,
harreraren teoriaren bitartez uler daitezke
literatura lanen esangura eta forma, historian
zehar hartaz egin diren interpretazio
desberdinetatik abiatuta. Jaussen iritziz, harreraren
estetikaren teoriaren bidez, literatura
lanaren esangura eta forma ulertzeazgainera, bere "jarraitasun literarioan" txertatu
behar da, literaturaren esperientziaren
kokagunearen eta esanahi historikoaren
berri izateko. Bestalde, literaturaren historiaren
helburua, alde batetik, literaturazko
emaitza "bere sistemen jarraitasunean
sinkronikoki eta diakronikoki" aurkeztea da,
eta, hestetik, historia berezia den neurrian,
"historia orokorra"rekin harremanetan jarri
behar du. Historia orokor horri dagokionez,
eginkizun sozial agerikoa du literaturaren
historiak, ez bakarrik funtzio erakusgarria
duelako (garai guztietako literaturetan aurki
daiteke "existentzia sozialaren irudi ereduzkoa,
idealizatua, satirikoa edo utopikoa")
; horrez gainera, "munduaren ulerpen"
modu bat adierazten du, eta orobat
"gizartearen eginkizun hezitzailea, zeren literaturak,
gainerako arteekiko eta gizarte
aginpideekiko konkurrentzian, gizakia bere
lotura natural, erlijioso eta sozialetatik askatzen
baitu".
Literaturaren historiarekin harreman zuzena
du literaturaren historiaren zatiketa kronologikoak
(aldi edo garaien araberako banaketa,
belaunaldi edo higikunde estetikoen
araberakoa, etab.), genero, eskola, estiloen
araberako ordenamenduak eta sailkapenak
; era berean, literaturaren historiaren
baitakoak dira hizkuntzaren historiaren eta
literaturaren historiaren arteko harremana,
literaturaren historiaren eta haren irakaskuntzaren
artekoa kultura eta hezkuntzarekin loturik,
etab. Lehenengo biak dira garrantzitsuenak,
eta horiexek aztertuko dira ondoren.
Literaturaren zatiketa edo sailkapen historiko edo kronologikoa
Literaturaren historia kronologikoki ordenatzen
denean, aroa da erabiltzen den
irizpide edo ideia nagusietako bat: denbora
tarte jakin bat da aroa, literatura lan
batzuk eta haien egileak biltzen dituena,
nahiz eta horiek berak bestelako ordenamenduetan
(edo sailkapenetan) txerta daitezkeen,
hala adibidez belaunaldi, eskola,
higikunde, joera eta abarretan. Literaturaren
garapen kronologikoa hazkunde konplexu
batez gertatzen da, zeinaren arabera,
C. Guillenen hitzetan, "literatura sistemak
modu berezian bilakatzen dira ; osagai batzuen
jarraipena, beste batzuen desagertzea,
aukera ahantzien ernatzea, berrikuntzen bat
bateko agerpena, aukera batzuen beranduko
eragina dira modu horren ezaugarriak"
. Bilakaera hori kritikoki antolatzeko,
eskema kontzeptuala eta metodo egokiak
izan behar ditu eskura literaturaren historialariak,
haien bitartez literatura sistema
desberdinek beren kodeekin duten harremana
zehaztasunez eta koherentziaz finkatzeko,
eta aipatu diren gertaerak esplikatzeko,
alegia, jarraitasuna, desagertzea,
berrikuntza, etab.
Eskema teoriko eta metodologia horien
bila, historia politiko eta kulturaletik harturiko
unitate kronologikoetan zatikatu izan
zen hasieran literaturaren historia. Halaxe
gertatzen zen Berpizkundeko humanistek
zabalduriko historia sailkapenarekin ; adinen
araberakoa zen, eta Petrarcarengandik
zetorren. Petrarcarentzat hiru adin
handietan banatzen zen mundua : Antzinaroa
-kulturaren eta letraren Urrezko Aroa
(Greziako eta Erromako historiarena)-,
Ilunbeen edo mende ilunen Aroa (gero Erdi
Aroa deituko zena), eta Aro Berria, argien
bersortzea eta modernotasunaren kulturaren
zabalkundea ezaugarri zuena, Berpizkundea
deituko zena.
Sailkapen hori bakunegia zelarik, eta
funtzionaltasun eskasekoa, banaketa xeheago
bat etorri zen gero. Horrela agertu ziren
mende eta garai kontzeptuak, ardatz
gisa pertsona politiko garrantzitsuak hartzen
zituztenak : "Periklesen Mendea" (K.a. V.. endea), "Errege-erregina Katolikoen garaia"
(XV. mendearen bukaera eta XVI.aren
hasiera), etab. Literaturaren historiako eskuliburuetan
erabiltzen da gaur mende kontzeptua,
eta, mendeen baitan, garaia aipatu
ohi da.
Filosofiaren eta kulturaren historiaren
alorrean, bada beste kontzeptu funtsezko
bat, belaunaldia, literaturaren historianmaiz erabiltzen dena, batez ere Alemanian
eta Espainian. Kontzeptu honek, aldiak
bereizteko irizpidetzat erabili delarik, oso
harrera ona izan du azterlarien artean, batez
ere XIX. mendetik XX. mendera doazen
higikundeak kronologikoki mugatu
nahi izan direnean. Horren arabera, guztiz
finkatuak daude espainiar literaturan "98ko
belaunaldia" eta "1927ko belaunaldia",
nahiz eta aurrenekoari dagokionez, eztabaida
handiak izan diren, zeren, kritikari batzuen
iritziz, sailkapen horrek analisi egokia
eragozten baitu. Baina horixe da, izan
ere, sailkapen ororen arriskua : gauzak errazteko
asmoz -bestela ezin baitira ulertu, eta
banakako kasuetan geratuko ginateke beti- ;
"gehiegi" erraztea, eta, zenbaitetan, egia
ezkutatzea.
Gaurko historiografiak literatura aroa
kontzeptua baliatu du, kezka estetikoak,
gaienak edota arau jakinei buruzkoek lotzen
dituzten egileak edo lanak kronologikoki
ordenatzeko. Honela definitzen du
aroa R. Wellek-ek: "(Literatura) arau sistema
batek menderatzen duen denboraldi bat,
sistema horren sorrera, zabalkundea, ugaltzea,
txertatzea eta desagertzea bereiz daitezkeena"
. Kontzeptu hau, muga kronologikoak
ipintzeko irizpide den neurrian,
belaunaldiarekin batera erabil daiteke ; hau
da, aro batean zenbait belaunaldi izan daitezke
. Literatura aro baten ezaugarri nagusia
da nola, mugaturiko denboraldian, gainerakoak
"menderatzen" dituen literatura
arau eta sistema bat gertatzen den, nahiz
eta horrek ez dakarren berdintasun estetikorik
garai horretako literatura obra guztietan
. Hala, XIX. mendean, bi literatura aroguztiz bereziak izan ziren arren (erromantizismoa
eta errealismoa), aurrenekoaren
estetika ez zen desagertu bigarrenak erabateko
nagusitasuna izan zuenean.
Badira historiografian sarritan erabili ohi
diren beste kontzeptu edo irizpide batzuk
ere : eskola, higikundea, joera, sistema, etab.
Eskola arte edo literatura elkarte edo taldea
da ; kulturaren igorle diren maisuak izaten
ditu, ideal estetiko jakinak, eta dizipuluak.
Eskolak eratu zituzten adibidez Proventzako
trobadoreek, petrarkistak, La Pleyade-ko kideek,
XVIII. mendeko neoklasizismoak ;
Euskal Herrian ere izan da eskola inportante
bat, Sarakoa (XVII. mendea), Axular
buru zuela prosa bikaina sortu zuena. Erromantizismotik
aurrera, eskolaren kontzeptuak
atzera egin zuen, eta, haren ordez, higikunde
eta joerarenak zabaldu ziren.
Higikundea ideal estetiko komunak dituzten
idazle edo artista talde batek osatua
da, eta, taldekideek, nolabait ere, ideal
horiek zabaldu eta bultzatzeko asmoa izaten
dute. Wellekek dionez, "borrokan diharduen
kolektiboa da, bere buruaren kontzientzia
argia izanik, ekintza eta agerraldi
jakinak egiten dituena". Higikundeak -eman
dezagun, XX. mende hasierako higikunde
dadaistak edota surrealistak-, eginkizun
kritikoa izan ohi du, aurretik ezarria dagoena
hausteko asmoa. Joera kontzeptua,
aditu zenbaiten iritziz, aroa-ri dago lotua,
lehenagotik datorren pentsamendu hari baten
modukoa baita, eta, aroari buruz bigarren
mailakoa izanik, hurrengora ere luzatu
ohi da. Horren adibide dira, beste askoren
artean, Berpizkundean bizirik zirauten
Erdi Aroko joerak.