Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura

Literatura : ofizioa eta sorkuntza

Inspirazioa : Fra Angelicoren «Iragarkundea».<br><br>

Antzinako aro helenikotik gaur egun arte, poetaren, idazlearen sorkuntza, sormen ekintza bera alegia, gogoetagai izan da filosofo, psikologo eta kritikarientzat, baita poetentzat berentzat ere. Soka bereko bi mutur bailiran, izan da, alde batetik, sorkuntza arrazoiaren argiaz aztertu eta ulertzen ahal den fenomenoa dela uste duenik, baita, bestetik, gizakiaren arimaren baitan ezkutatzen den zer misteriotsu bat dela uste duenik ere. Historian zehar, bere gisako sokatira honetan zer muturretik indar gehiago egin, harantza lerratu dira sorkuntzari buruzko iritziak. Alabaina, komeni da aldez aurretik esatea soka bat eta bakarra dela, ez dela sekula eten eta tiraldia ez dela bukatu ; eta ez dirudiela puska batean etengo denik, ezta tiraldia bukatuko denik ere.

Ontzat eman ditzagun, beraz, bi muturreko jarrerak ordezkatuko lituzketen bi izen -poeta goiargitua eta poeta langilea-, eta azter ditzagun bi jarreron gorabeherak, sorkuntzari buruzko argi izpi bat eman asmoz.

 

Tesia : poeta goiargitua

Poeta goiargituaren ideiaren azpi-azpian Platonen teoria dago. Platonek Ion eta Fedro izeneko obretan, poeta izaki goiargitua dela esaten du : hau da, jainko batek -edo musek, nahiago bada- beretu duen izakia da, bere buruaren jabe ez dena, kanpotik, berak kontrolatu ezin dezakeen moduan, etortzen zaion indar edo goiargi horri esker poesiak -obra literarioak- idazten ahal dituena. Platonentzat poeta transzendentearekin harremanetan dago, baina poetaren baitatik kanpoko zerbaiten bidez.

Platonen ideiei, geroxeago ikusiko dugun bezala, Aristotelesen ideiak kontrajartzen zaizkie. Edonola ere, merezi du azpimarratzea ezen Platonentzat, poeta izaki goiargituaizanik ere, poesia bera bigarren mailako jarduna dela: hau da, egia baldin bada bilatu beharrekoa, bilaketa horretan ideia lortuko dugu, eta poesia, bere aldetik, ideiaren ordezkapena baizik ez litzateke izango.

Ideia, berez, egiaren itzala baizik ez bada, itzalaren itzala baizik ez da poesia.

Erdi Aroan gehiago jotzen da poeta eskulangiletzat artistatzat baino. Goiargiaren ideia honek jarraipena izan zuen XV. mendeko Florentziako neoplatonikoekin (Marsilio Ficino...), baina kristauen jainkoak ordezkatzen ditu Platonen musak. XVIII.. endeko bigarren zatian, batez ere Dideroten eraginez, lehenik, eta Kanten eraginez gero, jenioa definitzen da. Dideroten arabera, izadiak emandako dohain baten jabea da jenioa, zeinaren bidez edertasuna adierazten ahal baitu, arte-obraren bidez.

Ikusten den bezala, orain artekoan eskema nahiko erraza da : poetak -jenioa, kasurik hoberenen edo gorenean-, dohain bat jasotzen du, eta dohain horri esker obrak sortzen ditu. Dohaina nondik jasotzen den -musengandik, Kristorengandik edo izaditik-, horra diferentzia.

Erromantizismoak aldaketak ekarri zituen ; ez eskema aldatu zelako, baizik eta heste instantzia bat proposatzen duelako goiargiaren iturri ; erromantikoentzat, iturria ez da izadia, ez jainkoa, ezta musak ere, poeta bera baizik. Honek aldaketa estetiko garrantzizkoak ekarri zituen, Mendebaldeko balio estetikoen historian ordu arte sekula ez bezala. Erromantizismotik aurrera, poeta ez da gehiago imitatzailea, ez halabeharrezko indarren arabera mugitzen den izaki goiargitu baina aldi berean ezdeusa, sortzailea baizik, munduak eta errealitate herriak sortzen dituen izakia. Askotan lotzen zaio aldaketa honi Prometeoren mitoaren ideia : Prometeok Jainkoei sua nola, hala lapurtu die poetak goiargia, Prometeok herak bezala, gizonei emateko. Alabaina, sortzaile izate honek heste behar bat dakarkio poesiagintzari -artegintzari- : sortzailea bada, gauzak sortu beharko ditu, eta sortzen dituen gauza horiek berriak izan behar dute. Hala, ordu arte oso garrantzi gutxi izan zuen kontzeptu bat, originaltasuna, funtsezko baldintza bihurtzen da. Hiru ardatz horien inguruan -goiargia, jenioa eta orijinaltasuna- mugitzen dira XIX. eta XX.. endeko sorkuntzari buruzko ideiak.

Erromantikoen ikuspegiari laster lotzen zaizkio beste hainbat elementu, irudimena eta inkontzientea, batez ere. Loaldiko ametsak dira, poetarentzat, unibertsoko errealitate sakonarekin harremanetan sartzeko bideak. Hori dela-eta, erromantikoek ez dute zalantzarik izaten egoera onirikoak sorrarazteko, drogen bidez, era horretan sortzen den asalduraren bitartez sorkuntzaren sekretua atzemateko.

XX. mendearen hasieran, Freuden psikoanalisiak, inkontzientearen fenomenoei azalpen zientifikoa eman nahiz, poeta goiargituaren irudia berregiten du. Izan ere, Freudek ez zuen sorkuntza azaldu nahi, aitzitik, sortzaileei gertatzen zaizkien fenomenoak baliatu nahi zituen inkontzienteari buruzko teoria orokorra osatu ahal izateko. Erromantizismoak, poetaren jenio sortzaileari gehiegizko balioa eman ez ezik, mito trajiko bat ehuntzen du poetaren inguruan (atzerriratua, bakartia, ez ulertua, madarikatua, eroa...). Freudek, psikoanalisiaren bidez, neurosiaren kide egiten du. Freuden arabera, sorkuntza jardun sinbolikoa da, gabezien falta betetzeko balio duena.

Erromantikoen eta psikoanalisiaren eragina oso urruti iritsi da XX. mendeko estetikan, sinbolismoa edo surrealismoa bezalako higikundeetaraino, eta, oro har, abangoardietaraino . Baina une batetik aurrera, aditu guztiak bat datoz Freuden teoriek sorkuntza ezin azaldu dezaketeelakoan, funtsean ondoren datorren galdera erraz honi ezin diolako erantzunik eman: neurosia eta sorkuntza loturik badaude, zerkeramaten du Shakespeare Hamlet idaztera eta beste pertsona bat, esaterako, sexu delituak egitera? Freuden ondorengoek haren teoriak jaso eta nolabaiteko psikoanalisi berritu baten bidez adierazi nahi dute sorkuntza.

Freuden ondorengoen artean Carl Jung da aipagarriena. Jungek taldeko inkontzientea proposatzen du, sorkuntza bezalako fenomenoak, besteak beste, adieraziko lituzkeen ideia bezala. Edonola delarik ere, Freuden jarraitzaileek ezin izan diote sorkuntzaren arazoari erabateko irtenbidea bilatu.

Bestalde, pentsalari marxisten arabera -Lukacs, Hauser-, sorkuntza beti egon da lotua produkzio harremanekin, eta klaseen arteko borrokaren adierazpena ere den aldetik aztertu behar da.

Puntu honetara iritsirik, komeni da, labur bada ere, bi hitz esatea poeta-idazleartista-sortzailearen bizimoduari buruz, azterketa historiko txiki bat eginez. Erdi Arora itzuliz (dudarik gabe magiarekiko eta erlijioarekiko harremanak, besteak heste, mahai gainean jarriko lituzketen beste aro antzinakoagoetara ez itzultzeagatik), ikus dezakegu badirela idazle aristokratikoak, hau da, luma eskutan hartzen dutenak izpirituaren behar noble bat -eta ekonomikoki inplikaziorik ez duena- asetzeko, eta badirela idazle langileak (herrikoiak, nahiago bada), eguneroko ogia irabazteko idazten dutenak, eta badirela idazle erlijiosoak, Jainkoaren loriaren alde idazten dutenak.

XVII. mendearen inguruan goi mailako erakundeek eta elizak mantetzen dituzte idazleak, nahiz eta, antzerkigileen kasuan, batez ere, beren idazlanen truke diruren bat irabazteko aukera dutenak izan. XVIII. eta XIX. mendeetako idazleek, gehienetan, pobreziatik gertu dagoen egoeran bizi dira, edo bigarren mailako jarduntzat dute idaztea . Alabaina, idazle profesionalak sortzen joateko baldintzak mamitzen ari dira, poliki-poliki . Baldintza hauek edotarikoak dira :alfabetatzea gero eta handiagoa izatea, liburua berregiteko teknikak gero eta eraginkorragoak eta merkeagoak izatea, jendea hirietan biltzea, aisialdia hala edo nola betetzeko ordaintzeko prest dagoen jende multzo bat (burgesia, hasieran) izatea, jabetza intelektualari buruzko legeak egitea, irakurleak sortzea... Honek guztiak eragiten du idazlea idazle profesional bihurtzea, eta ospe soziala irabaztea. Horixe da XX.. endean zehar gero eta idazle gehiagok, bere gizartearekiko harreman moldea finkatzeko garaian, hobesten duen eredua. Edonola ere, esan behar da ezen, idazlearen sorkuntza lana, herez, iritzi sortzailea eta kontzientzia eragilea ere badenez, sortzailea ez dela inoiz botere zirkuluetatik eta hala-nolako babes moduetatik (sariak, bekak, irakaskuntzan aritzeko erraztasunak...) oso urruti ibili.

 

Antitesia : poeta langilea

Poeta goiargituaren irudiari kontrajartzen zaion irudia poeta langilearena da, ulerturik poeta langilea esaten dugunean lana arrazoiaren, pazientziaren eta lanaren bidez egiten duena dela. Poeta langilearen ideiaren jatorrian Aristotelesen ideiak daude.

Aristotelesek, Platonek ez bezala, poesia egia unibertsalki baliagarria aurkitzeko bidea izan daitekeela uste du, eta teknika eta mimesia hobesten ditu obra poetikoa osatzeko bidetzat. Hortaz, poetaren sormenerako indarra gutxietsi gahe, poesia arauen bidez gauza daitekeen jarduna dela uste du, eta ez du goiargiaren beharrik ikusten.

Horazio erromatarra da Aristotelesen lehen jarraitzailea, eta beren burua goiargitutzat duten poetez trufatzen da. Horazioren ideia poetikoen oihartzuna Berpikunderaino iristen da, non humanistek harrera ona egiten baitiote. XVII. mendeko Frantziako klasizismoa pentsamolde horren oinordeko zuzena da. Ideologia honen arabera, berezko jeniorik handiena ez da deus jakintza handirik eta arauen ezagutza zorrotzik gabe.

Esana dago Erromantizismoak estetikari buruzko ideien panorama zeharo hankazgoratu zuela, eta hala da. Haatik, Aristotelesekin hasi zen bide honek izan zituen bere ordezkariak, eta oso garrantzizkoak gainera, baita erromantikoengan ere. Idazle horiek ez zuten sorkuntza zenbait ikara arrazoi gaberen mende utzi nahi, eta bide intelektualago bat proposatzen zuten. Horien buru, Edgar Allan Poe, eta bere Konposizioaren filosofia .• bertan, goiargia ukatuz, The Raven poema famatuaren sorkuntza nolakoa izan zen erakusten du, adieraziz, zehatz-mehatz, poema aldez aurretik ezarritako plan zorrotzbaten -luzera, efektua, tonua... eta abar aintzat hartuz- emaitza dela.

Poek, beraz, adimenaren ahalmenen mende zegoela sorkuntza uste zuen, eta ideia honek aski eragin garbia izan du XX.. endea arte ; Baudelairek -Poeren miresle handia- Poeren ideia jaso eta Mallarmerenganaino eraman zuen ; Mallarmerengandik bere mireslea zen Valeryrenganaino iritsi zen. Valeryrentzat, sorkuntza adimenaren eta borondatearen jarduna da, estu-estuan, eta ez asaldatze, aluzinazio edo nor bere baitatik ateratzearen ondorioa.

Esan dezagun, bukatzeko, ezen, beren sorkuntza lanak une magiko baten ondorio gisa aurkezten dituzten poeten zerrenda zinez luzea baliteke ere, ez litzatekeela laburragoa izango beren sorkuntzaren atzean ezkutatzen den ordu luzeetako eta eraman handiko lana kontatzen dituztenena.

 

Sintesia

Sorkuntza nola gauzatzen den arazo korapilotsua da zinez, eta korapilotsua eta nahasia denez, ezin daiteke formula erraz batean bildu. Desberdintasunak badira idazletik idazlera eta estetikatik estetikara, gizabanakoari bezala gizarteari eta beste hainbat alderdiri doazkien elementuen arabera.

Hala ere, ildo batzuk iradoki daitezke ; lehenik eta behin, edozein sorkuntza poetiko sinbolikoa eta irudimenezkoa dela esan dezakegu. Bigarrenik, onartu behar da sorkuntza ez dagoela lotuta, bakarrik, gizakiaren kontzientziarekin, aldiz, inkontzientearekin ere badu loturarik, lotura horiek nolakoak diren agertzea zinez zaila den arren.

Goiargiaren eta lanaren arteko harremanei dagokienez, ezinezkoa da irtenbide bakarra ematea. Edonola ere, gogoratu behar da muturreko erantzunak sorkuntzak bere baitan dituen bi osagaien erabateko garapena baizik ez direla, eta osagai horiek ez direla elkarren ukatzaileak, elkarrekin nahasirik agertzen zaizkigulako maiz. Aurreko ideia beste modu batez adieraziz, sorkuntzak duen originaltasun eskaera ezin daiteke absolutua izan, edozein idazlek, edozein unetan, tradizioa den katean leku bat betetzen duelako, eta tradizio horretatik zein tradizio horretan bizi behar duelako -eta alde horretatik, idazlearena ofizioa da, ofiziokide izandako guztien lana ezagutu behar duena, hitza landu ahal izateko- ; baina, aldi berean, sorkuntza ezin daiteke tradizioaren errepikatze mekaniko huts bezala ikusi, idazle bakoitzak, katean betetzen duen tokia edozein izanik ere, arnas pertsonala gaineratu beharko diolako tradizioari, tradizioa berregin beharko duelako -eta alde horretatik, hala nahi bada goiargia dei daitekeen indar ezezagunaren mende dago-, balio duen obra egin nahi badu.