Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Defentsa mekanismoak I.
Hantura

1. Irudia: Organismoak infekzioari jartzen dizkion oztopoak.<br>

LABURPENA: Erantzun ez espezifikoa da organismoan sartzen diren gorputz arrotzei eta organismoko zelula bestelakatuei aurre egiten lehena. Bi mekanismo klase ditu erantzun mota horrek: batetik, oztopo anatomikoak eta fisiologikoak jartzea, eta, bestetik, handitzea edo hantura.
Oztopoak era askotakoak dira: hasi larruaren oztopo mekaniko hutsetatik, eta organismoko mikrobioen arteko lehiaraino. Hantura, berriz, gorputz arrotz bat ehunetan sartzen den uneaz gero gertatzen diren prozesuen multzoa da, eta delako eragile hori suntsitzea du helburua.
Prozesu konplexua da, non defentsako zenbait zelula motaz gainera (mastozitoak, neutrofiloak eta makrofagoak) beste gai askok —hots, hanturaren hasleak edo eragileak, eta bitartekoak— hartzen baitu parte. Proteina multzo bat nabarmentzen da zeregin horietan (orobat parte hartzen du isurkari bidezko erantzun espefizifikoan), osagarriaren sistema delakoa eratzen duena.

 

Sarrera

Erantzun ez espezifikoa edo berezkoa deritzana da infekzio-eragileei eta organismoko bertako zelula bestelakatuei (minbizia eragiten duten zelulei, esate baterako) aurre egiten dien lehenengo defentsa edo eragozpidea.
Defentsa modu hori abian jartzeko ez da zertan gorputza inbaditzen duten egituretako bakoitzaren identifikazio partikularra egin behar, aski da organismoak egitura hori arroztzat hartzea. Erantzuna orokorra da, eta ez ditu infekzio-eragilearen ezaugarriak kontuan hartzen. Organismoak bi defentsa mota ditu infekzioari erantzuteko edo aurre egiteko: oztopoak jarri (anatomikoak, fisiologikoak, eta abar) eta hantura. Bigarren erantzun modu hori da, dudarik gabe, defentsa sistemarik primitiboena.

 

Organismoak infekzioari jartzen dizkion oztopoak

Giza organismoa mikroorganismoz inguratua dago; 10 14 bat daude gure gorputzean (azalean eta txegoste aparatuan gehienbat).
Gorputzak baina, organismo horien sarrera eragozten duen oztopo batzuk ditu: oztopo anatomikoak, kimikoak, biokimikoak eta ekologikoak.Oztopo anatomikoak. Larrua eta muki mintzak dira organismoak babesteko erabiltzen dituen lehenengo oztopoak. Larruazala, bere epitelio keratinazkoarekin, oztopo gaindiezina da zauririk ezean. Muki mintzak hauskorragoak dira; epitelio dardarkariez eta jariatzeen bidez eragozten dute mikroorganismoen sarrera. Urdaileko mukiaren kasuan, adibidez, mucus geruzamehe bat dago zenbait guruinek jariatua, zeina oztopo gaindiezina baita urdail barrunbean sartzen diren gai eta mikrobioetako askorentzat.
Oztopo kimikoak. Hauek dira nagusiak: izerdia, bakterioen ugalketa eragozten duen jariakari azidoa (pH = 3,5); urdail urina (pH = 1-2), janariarekin batera sartzen diren bakterioak suntsitzen dituena, CLH-z osatua gehienbat. Duodenoaren jariatze alkalinoek ere (pH = 8), aldaketa handia eragiten baitute horiek urdailean, eritasun eragileen ugalketa eragozten dute.
415Oztopo biokimikoak. Malkoak, mukiak eta listuak lisozima dute. Lisozima oso entzima eraginkorra da, eta bakterio hesi bat hausteko gauza ere bada. Emakumezkoetan baginaren jariatzeak eta gizonezkoetan espermaren esperminak ere mikrobioen aurkako tasunak dituzte.
Oztopo ekologikoak. Organismo ostalariaren giro baldintzek mikroorganismo inbasoreen ugalketa eragotz dezakete. Oztopo ekologiko asko dago: gorputzaren tenperatura tarte jakin batean mantentzeak, adibidez, zenbait mikroorganismoren ugalketa eragozten du (gizakian 37 °C-tan bizi diren bizkarroiek ez dute eraginik igeletan, 26 °Ctakoa baita igelen gorputz tenperatura); badira gizakiaren larruazalean eta hesteetan bizi diren bakterio populazio ez kaltegarriak ere, eta beste mikroorganismo batzuen ugalketa eragozten duten giro baldintzak sortzen dituztenak.
Bizitza normalean, aski izaten ditu organismoak oztopo horiek bere inguruko mikrobioak menderatzeko. Hala ere, askotan, gauza batengatik edo besterengatik, oztopoak gainditzen dituzte, eta, halakoetan, beste prozesu batzuk abiatzen dira.
Hantura da horietako lehenengo erantzuna.

 

Hantura

Mikroorganismoak, larruazalean zehar –edo beste ezein oztopo hondatu gainditurik–, ehunetan sartzen direnean, hantura eragiten duen prozesu sail bat abiatzen da, inmunitate sistemaren defentsaren lehenengo erantzun gisa. Hantura gure gorputzarentzat gertaera onuragarria dela definitzea aspaldiko gauza da, egiptoarren kulturan aurkituriko aipuek erakusten duten bezala.
Geroago, ordea, Grezia klasikoan, hanturaren ondorio kaltegarriak nabarmendu ziren, eragiten zuen ondoeza-eta (sukarra, gorritasuna, oinazea). Ikusmolde horrek XVIII.
mendearen bukaea arte iraun zuen, ondorio onuragarriak ezagutu ziren arte. Nolanahi ere, egia da ondorio kaltegarriak izan ditzakeela zenbait kasutan, hipersentiberatasuna dagoenean, esate baterako.
Organismoaren edozein lekutan gerta daiteke hantura, baina larruazalean agertzen da inon baino nabariago. Prozesu konplexua da, eta eragile asko ditu: zelula mailakoak, hala nola neutrofiloak eta makrofagoak, zeinek mikoorganismoen fagozitosia egiten duten haien ugalketa eteteko eta suntsitzeko, eta molekula mailakoak, hala nola zitozinak eta proteasak, esate baterako.
Prozesu hauek bereiz daitezke hantura erreakzio tipiko batean: • Kapilarren dilatazioa, alegia, odol zirkulazioa handitzea hantura dagoen ehunen artean, eta, beraz, gorritasuna sortzea.• Kapilarren iragazkortasuna handitzea, alegia, plasmaren osagaiak kanporatzea, eta, beraz, edema sortzea.
• Defentsan parte hartu behar duten zelulek hanturako ehuna inbaditzea.
• Handitua dagoen aldean gai batzuk (prozesuaren eragileak edo hasleak, bitartekoak, eta abar) askatzea.

 

Hanturaren eragileak eta bitartekoak

Gorputz arrotzek oztopoa (larruazala, muki mintza, etab.) hautsi, eta gai kimikoak askatzen direnean hasten dira hanturaren berezko erreakzioak organismoan. Gai horietako bat zauria ixten duten faktoretako bat da, XII faktorea alegia, zeinek zenbait gai eragiten baititu (kininak, adibidez), eta hanturaren prozesua (odol hodiak zabaltzea, hodien iragazkortasun handitzea, etab.) hasarazten duten molekulak kitzikatzen.
Aldi horretan ere, osagarriaren sistemak hartzen du parte eragile gisa.
Hantura erreakzioa hasi ahala, beste molekula batzuek parte hartzen dute prozesuan: histaminek, adibidez, odol hodiak zabalarazten dituzte, eta fagozitoei laguntzen diete hantura dagoen ehunetara lotzen; prostaglandinek sukarra eta mina eragiten dute; leukotrienoek, berriz, fagozitoak erakartzen dituzte, kimikoki; interleuzinek hanturaren aldi gorena eragiten dute, etab.

 

Garapena

Larruko eta muki mintzetako mastozitoak dira hanturan parte hartzen duten lehenengo zelulak. Zelula horiek Paul Ehrilch (1854-1915) mediku alemaniarrak aurkitu zituen 1879an; era askotako gaiak dituzte zitoplasmako pikorretan, eta horietako batzuk (histamina, prostaglandinen aitzindariak, etab.) askatzen direnean, bitarteko gisa hartzen dute parte prozesuan. Bizkor eta gogor erantzuten dute gorputz arrotzen bat iristean sortzen den edozein alarma seinaleren aurrean. Orobat askatzen dituzte beren pikorrak osagarria osatzen duten zenbait gaik kitzikaturik.
Odolean askatzen diren bitartekoek fagozito sail handiak —neutrofiloak eta makrofagoak gehienbat— erakartzen dituzte hantura sortu den aldera, egitura inbasoreen fagozitosia egin dezaten. Arestian aipatu diren prozesu batzuek —alegia, hasierako unean odol gehiago iristeak, eta hodien iragazkortasuna handitzeak—, erraztu egiten dute fagozitoen iristea.
Neutrofiloak dira lehenengo parte hartzen duten leukozitoak; zauria sortu eta minutu gutxitara agertzen dira. Gero, makrofagoak iristen dira. Ameba gisa mugitzen baitira, eta hodietako iragazkortasun handiari esker, igarotzen dituzte odol hodietako paretak, zatiki arrotzen bila. Makrofagoak dira fagozitosi ahalmen handiena duten zelulak; mikrobio eta gorputz hondakin pila irents dezakete.
Mikrobien mintza opsonina proteinez estalia egotea, bestalde, lagungarri da fagozitosiarentzat.
Opsonina proteina mota asko dago: IgG antigorputzak eta osagarriaren osagaietako batzuk dira zeregin horretan aipagarrienak.
Osagarriaren sistemako molekulek, beraz, zeregin bikoitza dute defentsa ez-espezifikoan: hantura erreakzioen eragile edo hasle dira, eta mikrobioak suntsitzen laguntzen dute.
Prozesu horiek gertatu bitartean nabarmenduz doa hantura: gorriunea, berotasuna, handitsua, mina, zornea (zelula hilez, bakterioez eta neutrofilo hilez osatua). Egun gutxitan kanporatzen dira mikrobio inbasore eta ehun hil eta endekatu guztiak. Gero, zelula berriak iritsirik, lehengoratzen hasiko da gaizkoaturiko aldea, zelulak ehuna fabrikatzen hasten baitira hanturan hondatukoa ordezkatzeko.

 

Berezko erantzunaren eta erantzun espezifikoaren arteko erlazioa

Bi defentsa mota hauek erlazionatuak daude, organismoaren defentsarako prozesu orokor bat osatzen duen lotura sail baten 416bidez. Hantura sortzean askatzen diren bitarteko kimikoek (zitozinak, esate baterako) berdin kitzika ditzakete T eta B linfozitoak, zeinak baitira erantzun espefizikoaren protagonistak. Zelula horiek kalteturiko aldera joaten dira, ezagutzen dituzte han bilduriko antigenoak, eta isurkari edo zelula bidezko erantzuna abiatzen dute; horrek mikrobioak suntsitzen laguntzen du, hanturari aurre egitea lortu den kasuetan batez ere.

 

Osagarriaren sistema

1895ez gero dakigunez, odoleko serumean dauden proteina batzuek laguntasuna ematen diete antigorputzei bakterioen eta beste zelula batzuen aurka. Gero, seruma 20 bat proteinez osatua zegoela jakin zen, eta proteina horietako batzuk entzimen aitzidariak direla, eta aldez aurretik kitzikatu ezean ez direla funtzionalak. 1954an, sistema horrek hanturan parte hartzen duela aurkitu zuen Pillemerrek; aurkikuntzak eztabaida handia sortu zuen zientzialari “ortodoxoen” arbuioarengatik, eta, hori zela-eta, Pillemerrek bere buruaz beste egin zuen.
Konplexu entzimatiko hori abian jartzen da, hala erantzun espezifikoan, antigenoantigorputz konplexua eratzen denean, nola erantzun ez espefizikoan, bakterioen paretako proteina batzuek ere berez abiaraz baitezakete.
Era batera edo bestera abiarazi, azkeneko prozesua berdina da bientzat.
Osagarria abiatzeak erreakzio sail bat eragiten du, zeinean entzima-aitzindari bakoitza aurrekoak abiarazten baitu.
Perforina proteinen bidez, mintz plasmatikoa hautsirik, zelulen lisia eraginez jokatzen du osagarriak; orobat errazten du fagozitosia, bat egiten du zelula arrotzekin eta aztertze seinale gisa (opsonizazioa) jarduten du fagozitoen hartzaileentzat, fagozitoei laguntzen diela suntsitzeko diren zeluletara biltzen.