Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Inmunologia

1.Irudia: Mikrobioren baten argazkia.<br>

LABURPENA: Inmunologia zientzia biologiko aski modernoa da; organismoen defentsa prozesuak aztertzea du helburua, hau da, organismo barneko nahiz kanpoko inguruko zelula eta gai arrotzen kontrako prozesuak aztertzea. Organismoaren inmunologia sistemak, lehen-lehenik, zer duen berea eta zer arrotza bereizteko gauza behar du izan, ondoren, erasoetatik babestuko duen erantzun egokia eman dezan. Inmunologiaren garapena Jenner zientzialariaren aurkikuntzetatik (lehen txertoa), eta Koch-enetatik (mikrobioen eta eritasunen arteko harremanaren lehen froga) abiatu zen, eta Pasteurrenekin hasi zen gauzatzen. Pasteur, karbunko eritasunari buruzko lanak egin eta hainbat txerto prestatu zituena, har daiteke zientzia honen sortzailetzat. Mende honetan (bigarren erdian batez ere), aurrera pauso ikusgarriak egin ditu inmunologiak, beste zientzien garapenetik jasotako laguntzari esker: zitologia, biokimika, genetika molekularra, etab.

 

Inmunologia kontzeptuak

Bilakaeran zehar, izaki biziek beste organismoen erasoetatik (baita beren zelula eraldatuetatik ere) babestu ahal izateko mekanismoak sortu dituzte, barneko nahiz kanpoko ingurugirokoak izan organismo horiek. Animalia ornogabeetan, zelula bakartu eta espezializatuak besterik ez dira babes mekanismoak, baina ornodunetan, eta, ugaztunetan batez ere, badira oso mekanismo konplexuak, norberaren zelulak eta molekulak, eta zelula eta molekula arrotzak, bereizten dituztenak, eta zelula horien kontrako erantzun guztiz berezia ematen dutenak.
Bakterioek, birusek, onddoek eta beste bizkarroiek gure gorputzean sartu eta kalte handiak, baita heriotza bera ere, eragin ditzakete, ez bazaie defentsazko erantzunik ematen. Hasi organismo guztien kontrako erantzun berezitu gabeko batetik, eta jarduteko moduaren berezitasunak eta konplexutasunak ezaugarritzen duen erantzun inmunitarioraino, era askotako defentsa tresna egokiak ditu giza organismoak.
Kanpoko organismoen kontrako babes ideia honi, erantsi behar zaio norbere zelula eraldatuen zaintzea (zelula minbizidunak, infekziodunak…), edo norberaren organismoan barneraturiko kanpokoena (transplanteetan adibidez). Sistema inmunologikoa gauza da bere zelulak ezagutu eta kanpokoetatik bereizteko, eta orobat, aldiko dagokion erantzuna emanez, organismoaren nolakotasuna defenditu ahal izateko.
Horrekin guztiaren inmunologiaren definizioa egin daiteke: organismoen osotasun biologikoaren defentsan inplikaturiko molekula eta zelula prozesuak aztertzen dituen zientzia da inmunologia, norberarena dena ezagutuz eta gero suntsitzeko gai arrotzak (antigenoak), antzemanez.
Hala bada, mekanismo inmunologikoen ezaugarri nagusietako bat zer den norberarenaeta zer den arrotza bereizteko ahalmena da. Norberarena definitzeko, esan daiteke halakoa dela “organismoaren sistema genetikoaren jardunak sorrarazitako, eta, oro har, erantzun inmunologikorik sorrarazten ez duen gai oro”. Gai horiek zelula barneko molekulak, kanpokoak edo mintzezkoak izan daitezke; azken horiek dira batez ere garrantzitsuak (histobateragarritasunezko egitura nagusia osatzen dutenak).Ulertzekoa denez, arrotza da organismoaren geneen jardunaren bidez osa ezin daitekeena.
Arrotz direlakoan hartzen diren gaiak, eta erantzun inmunologikoak eragiten dituztenak, antigenotzat har daitezke.
Alabaina, horietako batzuk organismoak 407arroztzat hartzen ditu, eta, hortaz, ikuspuntu inmunologikotik ez lirateke arrotz izango.
Inmunitatea, edo giza organismoaren molekula eta zelula arrotzen kontrako defentsa ahalmena, maila desberdinetan gauzatzen da, eta gure gorputzeko egitura, organo eta sistemak inplikatzen ditu. Konplexutasun txikienetik handienera, ondorengo inmunitate mekanismoak bereiz daitezke: a) Ez bereziak. Erantzun inmune ez berezituaren eragile dira, eta horien baitakoak dira: - Hesi anatomiko eta fisiologikoak - Hanturazko erantzuna b) Bereziak, erantzun inmune berezitua edo moldaerazkoa eragiten dutenak.
Mekanismo horiek denak, beharrezko izanez gero, gure organismoaren defentsan parte hartzen dute, mailaka jardunez, eta ekintza koordinatu eta hierarkizatua bultzatuz.

 

Historia

Eritasun infekzio-eragile batzuek, izurri beltzak, tifusak Lurreko eremu heze batzuetan, baztangak, kolerak, malariak eta bestek, izugarrizko sarraskiak eragin dituzte gizadiaren historian zehar.
Antzinatean, eritasunaren jatorria arrazoi mitiko eta erlijiosoei lotzen zitzaien; ideia horrek duela gutxi arte iraun du: antzina jainkoak lasaitu behar ziren, Erdi Aroan bekatua aurkitu eta garbitu behar zen. Bestalde, antzina-antzinatik gauza jakina zen eritasun infekziodun zenbait gainditzen zituzten pertsonak inmune bihurtzen zirela eritasun horiekiko. Jakina zen orobat izurri batzuk besteak baino gogorragoak izaten zirela, baztangarena, adibidez. Horren ondorioz, baztangaren inokulazioa hasi ziren egiten, inokulazio gaia baztanga arina izan zuten gaixoetatik hartuta; bariolizazio deitzen zitzaion horri.
Saio enpiriko horiek guztiak kontuan hartuta, XVII. mendean hasi zen gauzatzen eritasun infekziodunen ezagutza zientifikoa; Jenner, Koch eta Pasteur izan ziren inmunologiaren aitzindariak. Jennerrek (1749- 1823) medikuntzaren mugarri bat ipini zuen, XVIII. mende bukaera aldean lehen txertoa ipini zuenean. Garai hartan oso zabaldua zegoen behi baztanga izandako pertsonak (behiak jezten zituztenen artean asko izaten ziren), libre geratzen zirela giza baztanga beldurgarritik. Jenner ausartu zen bariolizazioa egiten aldez aurretik behi baztanga ipini zion haur bati, eta ez gaixotzea lortu zuen. Inmunizazio mota hori azkar zabaldu zen XIX. mendean zehar, eta beste eritasun infekziodunen kontrako txertoen bilaketa bultzatu zuen. Ez zen ordea aurrerakuntza zientifikorik lortu ia, saio haiek ez baitzuten behar bezalako oinarri teorikorik.
Izan ere, ez zen ezagutzen ez eritasunaren zergatia, ez nola lortzen zuen txertoak inmunizatzea.
Gogora dezagun garai hartan ez zela oraindik gaixotasunaren mikrobio teoria garatu, eta oraindik ere bizi-bizirik zegoela berezko sorreraren teoria.
XIX. mende osoan zehar landu zen eritasun kutsagarrien jatorriaren arazoa. Oraindik ere indar handia zuen eritasun horien jatorria faktore abiotikoei egozten zien joerak: izurri aldietan eguratsak edo lurrak izaten omen zuen aldaketari, zelulen aldaketa fisiokimikoari, etab. Nolanahi ere, gero eta gehiago ziren jatorria mikrobioetan zegoela adierazten zuten aurkikuntzak: Henlek, 1840an, kutsaduraren eragilea izaki bizi bat zelako ideia proposatu zuen; 1845an Davainek bakterioak aurkitu zituen karbunkoaz gaixo zeuden behien odolean; Snowek pentsatu zuen 1854ko kolera izurriak hirietako ur zikinetan ugari zebilen eragile organikoren batean zuela sorburua.
Kochen lanek (1843-1895), sekulako garrantzia izan zuten mikrobioaren ideiaren garapenean. 1872tik aurrera karbunkoaren eragilearen ikerketan jardun zuen; eritasun hori eragiten duen baziloa zein zen aurkitu zuen, baziloaren formak aurkitu zituen (baita esporak ere), eta karbunkoarekin duten erlazioa frogatu zuen. Metodologiaren aldetik ere ekarri handiak egin zizkion zientziari, hala bakterio haztegiak, bakterio mota desberdinak bakartu eta hazi ahal izateko.
Pasteurrek (1822-1895) egin zituen aurkikuntza erabakigarriek behin betiko zabaldu zuten eritasun infekziodunak mikrobioek eraginak zirelako teoria. Lehen lanekin, hartziduren eta mikrobioen arteko erlazioa frogatuz, izaki bizien berezko sorrera ukatu ahal izan zuen. 1880tik aurrera egin zituen karbunkoaren gaineko aurkikuntzak, mikrobioen teoria finkatu zutenak. Oiloen koleraren kontrako txertoa ere prestatu zuen (Jennerren aurreko aurkikuntzaren ohorez txerto izena, “vaccin” frantsesez, proposatuz), karbunkoaren eta errabiaren kontrakoa.
Pasteurrek ipini zituen, beraz, inmunologiaren oinarri zientifikoak. Kontuan izan behar da garai hartan inmunitate kontzeptua oso lotua zegoela mikrobioarenari, hori baitzen “organismoek duten ahalmena gorputzean barneratu den edozein gorputz arrotzi (mikrobioei) uko egiteko”.
Koch eta Pasteurren lanen ondorengo bi hamarraldietan bakterio eritasun gehienen eragileak aurkitu ziren, batez ere alemaniar eskolan, eskola frantsesak gehienbat inmunizazio arazoak lantzen baitzituen. Joan den mendearen bukaeran baziren bi teoria elkarren kontrakoak defentsa inmunologikoko mekanismoen inguruan: Metchnikoffen fagozitoena, garrantzi handiena gure gorputzekozelula defentsako mekanismoei ematen ziena, eta Behringen teoria serologikoa, odol serumean diren gai kimikoetan oinarrituriko defentsa baten alde egiten zuena; “antitoxinak” ziren gai horiek, geroago antigorputz izendatuko zirenak. Geroxeago frogatu zen bata zein bestea, bi mekanismoak, jokatzen dutela.
Mende honetan, inmunologia, batez ere gaixotasun infekziodunen kontrako inmunitatea lortzeko mekanismoak aztertzen zituenmikrobiologiaren alor gisa jaio ondoren, zientzia erabat independente bihurtzeko bidean dago. Defentsa mekanismoei loturik dauden molekulen eta zelulen ezagutzak aurrera egin ahala, mikrobioekin batere zerikusirik ez duten fenomeno inmunologikoak aurkitu dira. Izan ere, alergiak, anafilaxiak, inmunourritasunak eragindako eritasunak, odol transfusioen teknikak, organoen transplanteak, etab. direla-eta, berritu behar izan da inmunologiaren kontzeptu klasikoa.