Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Harreman sistemak animalietan

1. Irudia: Zenbait animaliaren begiak. A) Platelminto baten begi orbanak. Kokalekua (animaliaren aurreko aldean) eta epaia. B) Zenbait soinberaren begien epaiak (geroz eta konplexuagoak): lapa, abuloia, marraskiloa eta olagarroa.<br>C) Intsektuen begia, omatidioen kokalekua eta bat xeheki ikusita. D) Sakonera handiko arrain baten (Stomias boa) begi oso garatua.<br>401

LABURPENA: Oso espezializazio desberdinak daude animalien artean inguruneko estimuluak jasotzerakoan. Ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena, gizakiaren berezko zentzumenak izan arren, ez dira animalia guztietan aurkitzen, ezta gizakian duten indar berarekin ere. Bestalde, animalia mota batzuk gauza dira guretzat entzun ezinezkoak diren hotsak entzuteko, edota zenbait estimulu elektriko, magnetiko, izpi infragorri (beroa), edo uraren edo airearen mugimenduak jasotzeko. Nabarmentzekoa da, horien artean, zenbait animaliak oihartzunaren bidez orientatzeko eta harrapakinak aurkitzeko duten ahalmena.

 

Sarrera

Animaliek informazio kopuru handiak jasotzen dituzte, etengabe, bizi diren ingurunetik.
Organo espezializatuen bidez jasotzen da informazioa, nerbio zentroetan prozesatzen da gero, eta erantzun bat edo bestea ematen zaie. Estimulu horiek jasotzeko gaitasunak ematen die animaliei era komenigarrienean erreakzionatzeko ahalmena. Adibidez, ihes egin, babestu, bikotekidea bilatu edo janaria aurkitu; hau da, jakia aurkitu, besterentzat jaki ez izan eta ugaldu.
Gure bizitzeko erak ematen digun ikuspegitik ordea, iruditzen zaigu gizakiaren zentzumenak diren ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena animalia guztiek dituztela, eta ez da egia. Animalia asko daude, hala nola, saguzarrak, arrainak edo sugeak, guretzat ezezagunak diren estimuluak jasotzeko gai direnak; “seigarren zentzumen” horiek elektrizitatearekin, magnetismoarekin, airearen edo uraren mugimenduarekin eta beroarekin (irrada infragorriak) dute zerikusia.
Gauza jakinak dira hegazti harraparien ikusmen zorrotza edota zakurren usaimen aparta. Horrek erakusten digu animalia jakin batzuek askoz garatuagoak dituztela zentzumen batzuk guk baino; balea, esate baterako, gauza da 80 km baino gehiagora beste balea baten marruak entzuteko. Pentsa, Donostian entzun ahal izango bagenu Iruńean esaten dutena! Zentzumen organo horietako batzuek ez dute batere antzik –edo oso antz txikia dute– gureekin. Animalia gehienek, argi estimuluei erantzun eta “ikusteko” ahalmena dute, nahiz eta askotan, guregandik oso bestela ikusten dituzten gauzak, “begiak” guk ez bezala eratuak baitituzte. Adibidez, zakurrek eta katuek, gauez guk baino askoz hobeto ikusten badute ere, zuri-beltzean ikusten dute dena. Erleak, aldiz, gai dira koloreak bereizteko. Beste animalia batzuek berriz, ezin dute hiru dimentsioko irudi gardenikikusi, eta mugimendu aldaketak, argiak eta itzalak, besterik ez dute bereizten.

 

Ikusteko beste era batzuk

Izaki bizi gehienek dute –ez bakarrik animaliek, baita landareek eta protisto askok ere– argi estimuluei erantzuteko gaitasuna.
Zenbait animaliatan, zelula fotosentikorik ez duten arren, argiaren azaleko pertzepzioa deitzen zaion erantzun orokor bat gertatzen da.
Animalia gehienetan, argiarekiko sentikor diren zelulak elkarrengana bilduta, eta organo fotohartzaileak edo begiak osatuz egoten dira. Mota eta era oso desberdinekoak izaten dira organo horiek, baina, laburbildurik, lenteak eta islatzaileak izaten dituzte jasotako argi kopurua ahalik eta gehien handitzeko; argiarekiko sentikortasuna pigmentubatzuen esku dago, izan ere, argi energia zatikien (fotoien) aurrean erreakzionatu eta energia elektriko (nerbio bulkada) bihurtzen baitituzte aipatu pigmentuek. Begietako ikusmena, beti ere, argiarekiko sentikor den pigmentu bat aldatzearen baitan dago, “aldatze” hori funtsezkoa baita nerbio bulkadak gertatuko badira zentzumen zeluletan.
Beste animalia batzuenaren aldean, oso desberdina da gizakiaren ikusmen mota.
Ornogabeek, animalia xumeenetatik hasita –medusak edo platelmintoak, adibidez–, ozeloak edo begi orbanak dituzte (1A irudia), argiarekiko sentikor diren zelula metaketaz osatuak, eta askotan azalean kopa tankerako sakonuneak eratuz egoten direnak; zelula horien mintz pigmentuduna bildu egiten da sarritan hatz formako proiekzioak osatuz.
Animalia hauek ez dute “ikusten”: estimulua jaso eta argiari erantzun baizik ez dute egiten.
Soinberak dira begiak dituzten animalia xumeenak (1B irudia). Soinbera mota batzuen begiak isurkariz betetako puxika itxiak izaten dira. Lente garden bat, kornea bat (estalki gardena) eta begi sarea edo erretina (fotohartzaileak dituen ehuna) dira begi mota honen osagaiak. Lentearen agerpenak garrantzi handia du, argi izpien sorta kontzentratu egiten baitu ehun sentikorra dagoen tokian eta, hala, handitu egiten da energia kopurua ere. Horrek interes handia du, zeren, argia kontzentratzearen ondorioz, lenterik egon ezean beharko liratekeen baino intentsitate txikiagoarekin funtzionatu baitezake begiak horrela.
Zefalopodoen (olagarroa, txipiroia) begia da ornogabeen artean perfektuena, gai baita irudi zehatzak eratzeko (1B irudia). Animalia ehiztariak eta, kasu askotan, igerilari azkarrak izanik (txipiroiak), nahitaezkoa dute ikusmen sistema eraginkorra izatea.
Intsektuek eta oskoldun askok begi konposatuak dituzte. Hauetako begi bakar bat, omatidio izeneko milaka atal fotosentikorrez dago osatua (1C irudia). Eulien eta beste zenbait intsekturen begiak hurbiletik ikusi besterik ez dago, atal anitzez osatutako organoak direla konturatzeko. Bereziki bitxiak dira mariburduntzien begiak. Omatidio bakoitza burujabea da: bere kornea, kristalinoa eta errabdoma fotosentikorra ditu.
Errabdoma da omatidioaren erdiko gunea, eta zentzumen bulkadak trasmititzen dituzten zelula erretinularrez dago inguratua.
Orobat, omatidio bakoitza zelula pigmentudunezko zorro batean dago bilduta. Ez da ezagutzen zehazki zein den animalia hauei ikusteko aukera ematen dien prozesua, baina mosaikoaren teoriari kasu egitera, omatidio bakoitzak zatitxo bati dagokion informazioa jasoko luke, argi intentsitate desberdinen arabera. Hala, argi intentsitate desberdinei dagozkien seinaleei erantzunezosatuko litzateke irudia, eta atal bakoitzak mosaiko irudi horretan dagokion zatitxoa beteko luke. Aintzat hartzekoa da, bestalde, erleak –eta gizakiak– koloreak bereizteko duen gaitasun handia.
Hala ere, ornodunen begiak dira guztietan perfektuenak, eta hauen artean, ugaztunenak kapitulu berezian ikusiko dira. Ia ornodun guztiek dituzte irudi zehatzak osatzeko gauza diren begiak. Horrek ez du kentzen zenbait ingurune berezitara egokitutako animaliek atrofia txikiagoak edo handiagoak izatea. Alfer samarrik lituzke begi sofistikatuak lurpean bizi den satorrak, edota ur lohietako zenbait animaliak. Badira beste zentzumen batzuk ikaragarri aurreratu eta ikusmenaren zeregina ordeztu dutenak, hala nola oihartzun bidezko zentzumena.
Azpimarratzekoak dira, orobat, itsasoko ur sakonetan –ia argirik ez den lekuetan– bizi diren arrainen begi hipertrofiatuak (1D irudia).
Begi horiek geruza islatzaile edo tapetea izan ohi dute erretinaren atzean. Tapeteaz gainera, bastoi asko –argi ahularekiko sentikortasun berezia duten zelulak– izaten dituzte, eta kono gutxi.

 

Entzuteko beste era batzuk

Kapitulu berezi batean aztertzen da gizakiaren eta ugaztunen entzumena. Maiztasunjakineko uhinak dira hotsa. Gure belarrira iritsi, tinpanoari dar-dar eragin eta Cortiren organoko zelula sentikorretara igarotzen dira, eta horiek burmuinera bidaltzen dituzte bulkada bihurturik. Baina animaliek badituzte hots uhinak jaso eta interpretatzeko beste sistema batzuk ere.
Ornogabeen artean oso era bereziak daude hotsa jasotzeko, baina, artropodoak salbuetsita, entzumenak ez du garrantzi handirik gainerakoetan. Intsektu bat baino gehiago dira gai hots sarkor askoak igortzeko, adibidez, kilkerraren kantua, txitxarraren karranka edo eltxoen burrunba. Zenbait kasutan, mota bereko kideek “entzuteko” igortzen dira zarata horiek. Itsasbehera dagoenean harkaitzetan ibili zale denak entzungo zituen behin baino gehiagotan harripean bizi diren izkiratxo batzuek ateratzen dituzten zaratatxoak. Beste oskoldun batzuek ere igortzen dituzte antzeko hotsak.
Kelizerodunen artean, zenbait armiarmak ileak dituzte hanketan, eta, horiei loturik, burmuineraino heltzen zaizkien zentzumen nerbioak. Direlako ileak higitu egiten dira hots uhinen eraginez, eta maiztasun bateko edo besteko hotsak jasotzen dituzte, tamainaren arabera (2A irudia). Armiarmek badute guk hots gisa ezagutzen ditugun maiztasuneko dardarei erantzuteko gaitasuna.
Lira formako organoak dituzte hanketan: mintz finez estalitako zirrikitu multzoakdira, zentzumen nerbioei lotuak. Organo horiek, eskuarki, amaraunetan erortzen diren harrapakinek sortutako dardaren aurrean erreakzionatzen dute (2B irudia).
Armiarma amaraunean dagoela ikusten badugu, ohartuko gara hankak harien gainean jarriak dituela. Intsekturen bat erori eta mugitzen hasten bada, armiarmak hariei tira egiten die, poliki-poliki, harrapakina non dagoen asmatu arte. Gero, harrapakinak igortzen dituen dardaren maiztasunagatik, jateko ona iruditzen bazaio, eraso egiten dio.
Dardaretatik antzematen du, beraz, sarean harrapakina dagoen, ala beste zerbaitek eragindako mugimendua den. Gure armiarmara itzulirik, ikusiko dugu, zotz batekin, hosto batekin edo hatzarekin amarauna ukitzen badugu, astinduta ere, armiarmak ez duela erantzuten.
Intsektu askok lurzoruaren bidez trukatzen dute informazioa. Ipurtsardeek, esate baterako, ipurdiko “sardearen” bidez entzuten dute, organo horrek hots uhinek eragindako aire dardarak “entzuten” baititu. Intsektuetatik atera gabe, tinpano izeneko mintz tenkatu bat izan ohi dute matxinsaltoek, sabelaldean eskuarki. Mintz horiek hots dardarei erantzun eta nerbio bulkadak igortzen dituzte burmuinera. Antzeko beste intsektu mota batzuek, kilkerrek adibidez, aurreko hanketan dituzte mintz horiek (2C irudia).
Ugaztunen entzumenaren ohiko egitura ondorengo elementuek osatzen dute: kanpoko belarria (belarri hegala eta belarri zuloa), erdiko belarria edo tinpano barrunbea, eta belarri barnea edo mintzezko labirintua.
Hortxe daude entzumenaren eta orekaren ardura duten zentzumen mekanismoak. Baina ornodun guztiek ez dute horrelako egitura. Arrainek, adibidez, ez dute ez kanpoko belarririk, ez erdikorik, eta, beraz, ezta hezurtxo katerik ere. Barakuilurik ere ez dute belarri barnean. Hodi biribilen kopurua batetik hirura bitartekoa izaten da, eta lagena izeneko ganbara batean daude zelula ziliodunak. Zentzumen honen osagarri, alboko sistema edo lerroa izaten dute arrainek, urruneko “ukimen” gisa funtzionatzen duen sistema bat.
Anfibioek bi hezurtxo dituzte tinpanoekin lotuak, eta, arrainen antzera, belarri barnean lagena txiki bat dute barakuiluaren ordez. Horrek esan nahi du ez direla gauza zenbait maiztasun jasotzeko. Narrastiek, ordea, badituzte bai erdiko belarria, bai barakuilua ere belarri barnean. Tinpanoa, zeina azalean dagoen arrain eta anfibioetan, entzumen hodi batean egoten da zenbait narrasti, hegazti, eta ugaztunetan. Azkenik, ugaztunek bestek ez dute kanpoko belarririk.
Orekaren zentzumena belarrian izaten dute ornodunek; beharrezkoa da animaliak uneoro jakin dezan zein den espazioan duenkokapena, eta kokapen hori ona den ala ez.
Ia animalia guztiek jakin behar dute zein den euren egoera “naturala”, zilipurdi, erori, etab. egin ezkero, egoera horretara itzultzeko gai izan daitezen; hau da, orekan egon behar dute. Horrela, gorputza ongi kokatua eduki behar dute, grabitatea, lastertasuna, azelerazioa, edo animaliaren egoeran eta mugimenduan eragina duen beste edozein indarri buruz.
Orekako organoek mekanohartzaileak dituzte, hau da, epitelioan kokatutako zelula iledunak (ile bat edo gehiago izan ditzakete).
Ile horiek okertzen direnean, egoera aldaketaren berri ematen duten seinaleak igortzen dituzte nerbio zentrora.
Animalia askok dituzte horrelako grabitate hartzaileak, nahiz eta intsektuek eta oskoldun askok ez dituzten. Azken animalia horiek argi estimuluetatik ateratzen dute egoerari buruzko informazioa. Hala, jasotzen duten argiari bizkarra emanez erantzun ohi dute. Baina ez dute estatozistorik, oskoldunek, dekapodoek, zefalopodoek eta ornodunek bezala. Aurrez aipatu dugun orekaren organoari dagokion ele- 403mentua da estatozistoa. Isurkariz betetako barrunbe bat da, barrunbearen paretan zentzumen zelulak dituena. Zelula horien gainean estatolitoa dago, eskuarki CO Ca-z 3 osatua eta animaliaren postura aldatzean mugitzen dena. Era horretan, zentzumen zelulak kitzikatzen dira, nerbio zentrora informazioa igortzen dute eta, behar izanez gero, egoera zuzentzeko erantzunak ematen dira. Oskoldun gehienek lehen antena parearen oinarrian izan ohi dute estatozistoa.
Medusek (knidarioak dira) horrelatsuko organoak dituzte igeri egitean nora doazen jakiteko. Adibidez, beroriei esker jakiten dute azal aldera ala hondora doazen. “Kanpaiaren” ertzean izaten dute kokalekua, eta egitura oso tipikoa dute. Zelula sentikor “iledun” multzo batek eta estatolitoak (hondar aleak) osatzen dute organoa. Medusa mugitzen denean estatolitoak zentzumen zelulen ileak okertzen ditu, eta nerbio bulkada gertatzen da. Ktenoforoek ere –begiratu batera, zenbait knidarioren antzeko animaliak– mota horretako organoak dituzte (3. Irudia).

 

Sentikortasun kimikoa

Zerbaiten usaina aditzen dugunean (usaimena), edo jaki gozoren bat ahogozatzen dugunean (dastamena), hartzaile kimikoen kitzikadurari zor zaizkio guk jasotzen ditugun sentipenak. Animaliek era desberdinean erantzuten diete ehundaka usain eta zaporeri.
Gizakiok erdipurdiko usaimena badugu ere, zentzumen horri esker egiten ditu aingira europarrak milaka kilometro Ozeano Atlantikoan zehar, arrautzak Sargazoen itsasoan erruteko.
Ornodun eta intsektuetatik at, oso esperimentu gutxi egin dira zentzumen hauekin.
Usaimenaren eta dastamenaren arteko bereizketa, animalia askotan, ez da oso garbia izaten. Usaimena, airean gai kimikoak antzemateko ahalmena izango litzateke (hau da, urrunetik), eta dastamena berriz, uretan dauden gai kimikoak ezagutzeko ahalmena. Hala ere, aireko gai kimikoak, usaimen organo barruko isurkari mintz fin batean urtu ondoren antzematen dira. Era berean, dastamen zentzua usaimenaren osagarri da. Arrazoi horregatik, “sudurrak itxita” ditugunean, ez dugu janarien gustua behar bezala hartzen.
Animalia batzuek zentzumen bat gehiago erabiltzen dute gainerakoek baino, edota zentzumen baten zorroztasunagatik nabarmentzen dira. Guztiz ezaguna da zakurraren usaimen aparta, alde batetik, eta hegazti eta anfibioen artean zentzumen horrek izan duen garapen eskasa, bestetik. Gizakiok, esate baterako, 10 bat milioi hartzaile baldin baditugu usaimenerako, 220 bat milioi ditu artzain zakur aleman batek. Usaimenari esker ezagutu ditzakete mota bereko kideen usainak, aurkari izan ditzaketenenak, edo janari izan daitezkeenen usainak.
Sentikortasun kimikoa funtsezkoa da jakia lortzeko orduan, jateko modukoak direnak eta ez direnak bereizteko aukera ematen baitio animaliari. Guri, dastamena ahoan dugulako, zaila gertatzen zaigu jakien gustua antenaz, hankaz (intsektu askok), garroz (olagarroak) edo hegatsez (zenbait arrainek) har daitekeela pentsatzea, baina horrelaxe da.
Animaliak ez diren arren, protozooek (protista phyluma) erantzun argiak ematen dizkiete estimulu kimikoei. Animalia mota gehienek dute sentikortasun kimikoa, nahiz eta guztiek ez duten erantzuten gai berberen aurrean. Erantzun positiboak edo negatiboak gerta daitezke gai toxiko edo funtsezkoen aurrean, baina ez da zehatz ezagutzen zer mekanismok eragiten dituen erreakzioak.
Platelmintoetan, aurreko organoetan aurkitzen da sentikortasun kimikoa. Organo horiek ildo ziliodunak dira, eta ura pasarazten dute zelula kimiohartzaileen gainetik.
Errotiferoek ere badituzte, erpin aldean, sakonune txiki batzuk, barruan zelula ziliodunak dituztenak. Gasteropodo askok, zakatzetatik hurbil, osfradio izenekoak dituzte, mantu barrunbeko ur korronteen pasabidean kokatutako usaimen organo kimiosentikorrak. Edozeinetara ere, soinberekazal guztian barreiatuak dituzte kimiohartzaileak, baina batez ere garroetan daude kontzentratuak.
Animaliaren gorputza exoeskeletoak estaltzen duenean (oskoldunetan, esate baterako), zentzumen organoek nolabait atera beharra daukate oskoletik “kanpora”.
Hori, eskuarki, estimulu kimikoei erantzuteko gaitasuna duten zentzumen ileen bidez egiten da. Ibai karramarroak hagin eta hanketan ditu horrelako ileak. Karramarro askotan, arrainen giharretako zenbait gairenaurrean erreakzionatzen dute ile horiek, arrain horiek jatetik bizi baitira.
Intsektuek usainei erantzuten diete: usaimena da animalia hauen zentzumen nagusia.
Erleak edo inurriak bezalako intsektu sozialek biziki erabilgarria dute usaimena.
Intsektuek ere zentzumen ileen bidez jasotzen dituzte estimuluak, nahiz eta ahoan ere baduten dastamena. Tximeleta askok kimiohartzaileak dituzte antenetan; kasuren batean, 150.000 zelula hartzaile ere zenbatu dira antena bakar batean (4A irudia). Sentikortasun kimikoa funtsezkoa da intsektuen artean feromona direlakoak ezagutzeko.
Intsektuak isurtzen dituen gai kimikoak dira feromonak, eta eragin zuzena dute gainerako kideen jokabidean. Adibidez, ernaldu gabeko eme batek mota jakin bateko feromonak jariatzen ditu arrak erakartzeko.
Egiaztatuta dago tximeleta batzuk gai direla, 10 15 aire molekulen artean, gai kimiko jakin bateko molekula bat ezagutzeko.
Ornodunak beste atal batean aztertuko dira xeheago. Hala eta guztiz ere, orain azalduko dugu zergatik narrasti asko (muskerrak eta sugeak) etengabe miztoa atera eta sartu aritzen diren. Miztoarekin elkar hartuta funtzionatzen duen Jacobsonen organoa izeneko zentzumen egitura bat (anfibioek ere badutena) dutelako da (4B irudia).
Hartzaileez hornitutako barrunbeak dira, eta ahosabaiaren gaineko aldean dituzte.
Miztoak, ateratzen denean, aire molekulak “harrapatzen” ditu eta, ahora sartzean, Jacobsonen organoaren sarbidetik bidaltzen ditu, non hartzaileak dituzten zilioen artetik pasarazten baitira.

 

Animalien “seigarren zentzuak”

Saguzarra gauza da ilunberik beltzenean “ikusteko”, hartaraino ezen, hegan dabilela oztopoak saihesteaz gainera, gau tximeleta txikiak ehizatzeko gai baita. Izurdeak ere arrainak harrapa ditzake deus ikusten ez den ur uherretan. Badira hegaztiak kilometro bat luzeko leizeetan bizi direnak, eta kanpora ateratzeko gauza dira barruko horma edo gainerako oztopoekin behaztopatu gabe. Nola liteke hau guztia? Saguzarrak, izurdeak, baleak eta zenbait hegazti gauza dira, oihartzun bidezko edo sonar sistema bati esker, inguruneari buruzko “hots irudiak ikusteko”. Gizakiak urpeko itsasketarako –eta beste aplikazio askotarako– erabiltzen duen sistema bera da oinarri-oinarrian: hots uhin batzuk igortzen dira, airea edo ura zeharka dezaten, eta inguruan diren elementuetara iristen direnean, haiek jo eta atzera itzultzen dira –oihartzuna eragiten dute– igorri diren puntura; hor, organo bereziei esker, oihartzunak interpretatzen dira, eta elementuaren “irudia” osatzen da (5. irudia).
Eraginkortasun handiko sistema da hau, zenbait alditan ikusmena bera baino osoagoa.
Izan ere, uhinak gauza dira gorputzean sartu eta ikusmenak ezin eman dezakeen informazioa emateko. Adibidez, izurde batek jakin dezake –oso garatua dute izurdeek zentzumen hau– beste izurde batek sabela beteta duen edo gaixo dagoen. Murgilari batzuek esana da dardaraldiak sentitu izan dituztela gorputzean izurdeen inguruanigeri ibili direnean: energia handiko uhinez “bonbardatu” bide zituzten murgilariaren irudia osatu ahal izateko (5B irudia). Sistema horri esker, arrain sardak aurkitzeaz gainera, gauza dira taldean gutxi gorabehera zenbat arrain dagoen kalkulatzeko ere. Sistema horixe bera erabiltzen dute kaxaloteek mila metro edo gehiagoko sakoneran, iluntasuna erabatekoa den tokietan, jakia bilatzeko.
Doitasun handiko sistema da, edozein moduz ere, eta hala, Hego Ameriketako ibai uherretan bizi diren zenbait izurde ia itsuak dira, entzumen irudietan oinarritzen baitute beren “ikusmena”.
Izurdeek igortzen dituzten uhinak maiztasun handikoak dira, zentimetro bat inguru luzekoak, entzun ezinezkoak gizakiaren belarriarentzat. Mota horretako uhinak dira oihartzun doiena eragiten dutenak, eta, beraz, horiek erabiltzen dituzte harrapakinak aurkitzeko, baina ahalegina ere handiagoa eskatzen dute, eta hainbesteko doitasun premiarik gabeko zereginetan –norabidea kontrolatu edo itsas hondoaren irudia lortzeko, adibidez–, maiztasun txikiagoko uhinak igortzen dituzte, 7 bat metro luzekoak.
Kirrika eta txistu ezagunak, arnas zuloaren azpian kokatutako sudur zakuko balbula batzuetatik airea pasaraziz ateratzen dituzte izurdeek (5A irudia). Hots horiek zuzentzeko, bekokian kokatutako organo handi bat –meloia– erabiltzen dutela uste da. Hotsen oihartzuna beheko masailezurrean jasotzen dute, eta erdiko belarrira igortzen.Saguzar gehienak gaueko animaliak dira, eta oso garatua izan ohi dute sonar zentzumena.
Aurpegikera oso desberdina izaten dute mota batetik bestera, eta horrek zuzeneko zerikusia du saguzar mota bakoitzak ultrahotsak sortzeko duen moduarekin (5D irudia). Batzuek sudurretik igortzen dituzte hotsak, eta, beraz, guztiz mutur konplexuak izaten dituzte. Beste batzuek ahotik igortzen dituzte garraxiak, eta mutur xumeagoak dituzte horiek. Igortzen dituzten hots seinaleak oso desberdinak izaten dira harrapakinaren eta habitataren arabera. Adibidez, oso desberdina da basoan edo aire zabalean hegan egitea. Harritzekoa ez denez, basoan mugitu behar duenak mekanismo sofistikatuagoaren premia du, zuhaitz adarrak, hostoak eta harrapakinak bereizi behar baititu.
Saguzarrak igorritako hotsak harrapakina jotzen du –gaueko tximeleta bat, esate baterako–, belarrietara heltzen zaio oihartzuna, eta saguzarrak badaki harrapakina non dagoen eta hurbiltzen edo urruntzen ari den (5C irudia). Igorri duten hots seinalea baino 1/2.000 aldiz txikiagoko oihartzuna interpretatzeko gai dira.
405Ur uherretako oihartzun bidezko “ikusmena” elektrizitate bidez ere gauza daiteke.
Horixe izan da, hain zuzen, zenbait arrainek garatu duten sistema: eremu elektrikoak sortzeko gaitasuna lortu dute. Gihar espezializatuen bidez, elektrizitatea igortzen dute, eremu elektriko bat eratu eta eremu hori “irakurtzen” dute buruan dituzten zulotxo batzuen bidez. Zulotxo horien bitartez, harkaitzek, harrapakinek edo beste elementuren batek elektrizitate eremu horretan sortzen dituen aldaketak interpretatzen ditu arrainak. Arrain hauetako batzuek, elektrizitatea “ikusteko” erabiltzeaz gainera, deskarga baten bidez harrapakinak sorgortzeko ere erabiltzen dute. Harrapakinaren gihar mugimenduak sortutako eremu elektrikoak detektatzeko ere gai dira zenbait marrazo.
Gizakiok (batzuk behintzat) lurreko magnetismoari antzemateko gai bagara ere, ez dago alderatzerik animalia askok arlo honetan garatu duten gaitasunarekin. Hegazti askok, esate baterako, Lurreko eremu magnetikoak ezagutu eta kokatzeko gaitasunari esker egiten dituzte hainbeste mila kilometro luzeko migrazio bidaldiak. Behin baino gehiagotan ikusi dira galdutako hegaztiak, eremu magnetikoak aldarazten dituzten burdin meatzeen gainean pasatzean nahastu direlako. Erleek ere badute eremu magnetikoak ezagutzeko gaitasuna.Zenbait sugek, berriz, beste sofistikazio bat garatu dute. Gauez, ilunbetan, ugaztun txikiak harrapatzen dituzte, odol berokoak, eta ez dira gai, adibidez, anfibioak “ikusteko”, horiek odol hotzeko animaliak baitira.
Argi dago tenperaturak bihurtzen duela harrapakina “ikusgai”. Beroak irrada infragorriak igortzen ditu eta sugeak sakonune batzuk ditu goiko barailan, bero energia hori detektatzeko gai direnak. Gaitasun hori erabiliz aurkitu eta erasotzen ditu gauez harrapakinak, orduantxe egoten baita, hain zuzen ere, gorputzeko beroaren eta inguruneko tenperaturaren artean alderik handiena.
Hartzaile horietan sortutako bulkadak burmuineko gune jakin batera heltzen dira –ikusmen estimuluak jasotzen diren toki berera–, eta hantxe interpretatzen. Horrek esan nahi du sugeak animaliaren irudi termikoa ikusten duela, eta eguneko zenbait unetan –hala nola egunsentian edo ilunabarrean–, bi irudiak ikus ditzakeela elkarren gainean. Hala ere, sugeak, harrapakinari erasotzeko unean, ahoa irekitzen du eta hartzaile termikoak ez dira harrapakinari “begira” geratzen. Azken unean kale ez egiteko, aho barruko mota bereko beste hartzaile multzo bati esker lortzen duen informazioaz baliatzen da sugea.