Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Animalien nerbio sistema
LABURPENA: Animalien nerbio sistema gero eta konplexuagoa bihurtu da filogenesian
zehar. Animalia mota oso primitiboek, belakiek adibidez, ez dute nerbio sistemarik, nahiz eta
gertatzen zaizkien uzkurdura fenomenoak. Knidarioek, berriz, nerbio sare bat dute, norabide
askoko sinapsiz osatua, bulkada gorputz osora hedatzeko; eta simetria erradiala duten beste animalia
batzuek ere, ekinodermoek, nerbio sistema erradiala dute.
Alde biko simetriadun animaliak agertu zirenean, zefalizazioa gero eta nabarmenagoa egin
zen, gorputzaren aurrealdean nerbio zelulez osaturiko masak zituztela. Anelidoek eta oskoldunek
metamerizazioa dute ezaugarri nagusia; gurintxoak dituzte gorputzeko segmentu guztietan,
luzetarako nerbio kordez elkarri lotuak. Soinberetan, aipagarria da zefalopodoen nerbio sistema,
bere konplexutasunagatik. Ornodunetan, berriz, nerbio kordaren aldaketaren eta luzapenen
ondorioz garuna eta bizkarrezur muina sortu ziren. Nerbio sistema zentrala, garunak eta
bizkarrezur muinak osatua, eta nerbio sistema periferikoa, gurintxoez eta nerbioez osatua, dira
ornodunen nerbio sistemaren atalak.
Sarrera
Gaur egun denok dakigu zein garrantzitsua den informazioa jasotzea, informazioa eskuartean izateak gauzak ezagutzeko aukera ematen baitu, eta ezagutzeak jakitea eta iritzia eman ahal izatea esan nahi baitu.
Informazio bakarra ez da irrati, telebista edo prentsaren bidez jasotzen duguna, ordea.
Izan ere, kanpotik ere iristen zaizkigu kitzikadurak, gure ingurunean eta gure gorputzean zer gertatzen den esaten digutenak: inguruan arriskua dagoen, elikagairik baden edo bikote kidea dabilen jakin dezakegu kitzikadura horiei esker. Film bat ikustea, hotza sentitzea, beldurra izatea edo kolonia bat usaintzea nerbio sistemari esker gertatzen diren gauzak dira. Nerbio sistema sistema organiko bat da, informazioa transmititzen berezituriko ehun bat osagai duen sistema bat. Sistema hori osatzen duten zelulei bi ezaugarri nagusik ematen diete informazioa transmititzeko ahalmena: kitzikagarritasunak edo kitzikaduren aurrean erreakzionatzeko ahalmenak, eta eroamenak edo kitzikadura horiek gorputzaren gune batetik bestera eramateko ahalmenak. Nerbio sistemako zelulek neurona dute izena –nerbio sistemaren banako funtzional eta anatomikoak dira neuronak–, eta nerbio bulkada deritzo transmititzen duten informazioari; nerbio bulkada neuronaren gune jakin batean sortu eta zelula guztira hedatzen den mezu elektrokimiko bat da. Animalien nerbio sistema ordenagailu baten antzekoa da, eta, ordenagailuak bezala, elektronikaren bidez transmititzen du informazioa.Animalien bilakaeran nerbio sistema gero
eta konplexu eta aurreratuagoak agertu dira.
Badira animalia oso sinpleak, belakiak esaterako,
nerbio sistemarik edo zentzumen
organorik ere ez dutenak; bizitza sinplea
dute, substratura itsatsita bizi dira eta inguruko
ura irazten dute, baina ez dute behar
ingurunearekin harremanak bideratzeko sistema
konplexurik. Hala ere, badute uzkurtzeko
ahalmena, eta ahalmen horri esker ura
edo larbak egotz ditzateke, era koordinatuan,
ustez. Zenbait belaki motarekin egindako
saioetan ikusi denez, belakia igarotzen
duten bulkada elektrikoak eratzen dituzte
kitzikadurek. Gainerako animalia guztiek
hiru antolaketa sistema posible dituzte: nerbio
sareak, nerbio sistema erradialak eta alde
biko nerbio sistemak.
Nerbio sarea edo nerbio plexua
Knidarioen eta ktenoforoen phylumetako animaliek dute, batez ere, era honetako nerbio sistema. Bi poloko edo polo anitzeko neurona sare batez osatua da, eta hauxe da nerbio sistema motarik soilena (1A irudia). Filogenian, aipatutako phylum horietan agertu ziren lehen aldiz sinapsi loturak. Lotura horien ezaugarri nagusia da sinapsiak ez direla norabide bakarrekoak; hau da, gorputzeko edozein ataletan jasotako kitzikadurak gorputz osora zabaltzen dira, eta atal horretatik aldendu ahala ahuldu egiten dira.Ez dago kontrolerako organo zentralik, ez neurona bide definiturik; nerbio zeluak gor- 350putz guztian zehar barreiatuta daude. Badira, ordea, kitzikadurak jasotzen dituzten zelula berezituak; mota batzuek sare bat baino gehiago dute, sare batzuk erantzun bizkorrak sortzen dituzte, eta erantzun geldoak ematen dituzte beste batzuk.
Nerbio sistema erradiala
Ekinodermoek (izarrak, itsas trikuak, etab.), knidarioek bezala, simetria erradiala dute; nerbio sistema erradiala da beraz. Sistema erradialean nerbio eraztun bat dago txegoste hodiaren inguruan, eta, handik, nerbio periferiko erradialak ateratzen dira besoetarantz; nerbio horiek koordinatzen dute animaliaren mugimendua.
Alde biko simetria duten animalien nerbio sistema
Alde biko simetria duten animalien nerbio
sistema lehen aipatuak baino sistema
konplexuagoa da. Izan ere, alde biko simetria
duten animalien bizitza bera da aurreratuagoa,
eta inguruneko eragileei erantzuna
emateko behar handiagoa eta jarduera biziagoa
dute. Alde biko simetriaren ezaugarriak
dira, alde batetik, nerbio zelula gehiago izatea
eta zelula horiek elkarretatik hurbilago
egotea; era honetako nerbio sistemetan nerbio
ehunak pilatzen dira eta horrela nerbioak,
gurinak eta entzefaloa eratzen dira. Nerbio
ehunak berezitu egiten dira eta, horrela,
ehunaren funtzioaren eta egituraren arabera,
zenbait atal bereizten dira; adibidez, badira
nerbio aferenteak, bulkada nerbio sistema
zentralera bideratzen dutenak, eta nerbio
eferenteak, bulkada nerbio sistema zentraletik
gainerako ataletara transmititzen dutenak.
Neuronen arteko sinapsi loturak konplexuagoak
dira; haietara iristen den
informazioa integratzen dute, eta informazio
horri eman diezaioketen erantzunen
kopurua igotzen eta zehaztasuna areagotzen
da. Azkenik, zefalizazio gero eta nabarmenagoa
dute; hau da, burua eratzen da, gorputzaren
aurrealdean oro har. Hori dela-eta,
alde biko animalien mugimendua aurrerakoa
izan ohi denez, zentzumen organoak ere
(ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena,
ukimena) gorputzaren aurrealdean
daude; eta, burutik hurbil daudenez, bulkadak
berehala iristen dira bertara eta berehala
jasotzen dute erantzuna. Zentzumen organoa
eta garuna lotzen dituzten nerbioen
luzera, begia edo belarria eta garuna lotzen
dituzten nerbioena adibidez, laburra da;
aldiz, 30 m luze den balea baten isatseko
bulkadak jasotzen dituzten nerbioak, adibidez, oso luzeak dira. Zefalizazioaren ondorioz
entzefalo ongi definitu bat eratuko da.
Platelminto edo har zapaletan nabarmena
da nerbio sistemaren zentralizazio eta zefalizazioa
(1 B irudia). Zefalizazioa agerikoa da:
garun gurintxo bana dute gorputzaren
aurrealdean. Gurintxo horietatik gorputz
guztia igarotzen duten bi nerbio korda ateratzen
dira –zentralizazioa–, zeharretarako
lotuneen bidez elkar komunikatuak.
Gurintxoek “garun” primitibo baten moduko
egitura bat eratzen dute; egitura horrek
zentzumen organo pareek bidaltzen dituzten
seinaleak jasotzen ditu, adibidez bi ikusmen
orbanek jasotzen dituztenak (argia
hartzen dute). Eskailera deitzen zaio era
honetako nerbio sistemari, eta sistema
horretan sinapsiak norabide askokoak dira,
nerbio sarean ez bezala.
Anelidoak (adibidez lurreko zizarea) animalia
metamerikoak dira, hau da, gorputza
segmentuetan edo metameroetan zatiturik
dute; metameroak funtzio eta egitura bertsuko
banakoak dira (1 C, D irudiak).
Gurintxoez osatua dute nerbio sistema. Segmentu
bakoitzean nerbio eta gurintxo pare
bana dute, segmentu horretako giharrak, eta
agian baita ingurukoak ere, kontrolatzeko.
Gorputzeko laugarren segmentuan faringe
azpiko gurintxo bat dute, garuneko gurintxoei
nerbio eraztun periesofagiko baten bidez
lotua.
Artropodoek anelidoen antolamendu
metameriko bera dute, baina gurintxoek
masa handiagoak eratzen dituzte; hankak,
hegoak, antenak etab. dituzte, eta nerbio sistemaren
antolamendu konplexuagoa eskatzen
du horrek (1 E, F irudiak).
Gurintxo zefalikoetan da batez ere nabarmena
desberdintzea; multzo supraesofagikoan
eta subesofagikoan daude pilaturik,
ahoko irekiunearen atzealdean eta aurrealdean,
hurrenez hurren. Bi gurintxo multzo
horiek elkarri lotuta daude eraztun periesofagiko
baten bidez. Gurintxo multzo subesofagikoak
ahoko piezen mugimendua eta
gorputzeko segmentuena kontrolatzen du;
multzo supraesofagikoan nerbio aferenteak
biltzen dira batez ere; gurintxoek luzakin
artikulatuen mugimenduak kontrolatzen
dituzte.
Soinberek (2 A irudia) eraztun periesofagiko
bat dute (konektibo zerebropedala,
konektibo pleuropedala eta konektibo zerebro
pleurala), bi nerbio korda pareri lotua;
korda horietako bat oinera iristen da (oin
nerbioa) eta besteak erraietara eta mantura
(errai nerbioa). Hiru gurintxo pare dituzte,gutxienez: garunekoa, erraietakoa eta oinekoa.
Gurintxo zefalikoak esofagoaren alde
banatan daude kokaturik eta erreflexu konplexuen
koordinatzaile gisa jarduten dute,
nahiz eta mugimenduarekin zerikusia duten
zereginak ere betetzen dituzten. Erraietako
nerbioek kuskua noiz ireki eta itxi kontrolatzen
dute, besteak beste, kusku biko soinberetan.
Azkenik, oinean daude oin nerbioak,
eta haren mugimendua kontrolatzen
dute.
Zefalopodoak bereziki aipagarriak dira
beren nerbio sistemaren konplexutasunagatik;
hori dela eta, ikerketa asko egin da, esaterako,
olagarroekin (2 B irudia). Olagarroak
ikasteko ahalmen handia du, eta zeregin
konplexuak bete ditzake; ornogabe “argiena”
da, zalantzarik gabe. Zelulak “garun”
batean pilatuta egoten dira; nerbio sistema
esofagoaren inguruan kokatuta dauden
garun, oin eta erraietako gurintxoez osatua
dute. Garuneko gurintxoekin lotuta ahoko
eta zakatzetako (besoetako nerbioak) gurintxoak
daude. Errai gurintxoetatik erraietako
nerbioak ateratzen dira, eta zakatz gurintxoak
(zakatzetako nerbioak), eta palealak edo
mantukoak (mantuaren barrunbekoak)
eratzen dituzte. Ahoko gurintxoetatik nerbio
sinpatikoak ateratzen dira; nerbio horiek
urdaileko gurintxoak osatzen dituzte.
Aipagarria da “garuna” inguratzen duen
kartilagozko burezur kapsula.
Kordadunen nerbio sistema
Definizioz, notokordioa duten animaliak
dira kordadunak; hau da, bizkarraldean
ardatz hezurdura primitiboa osaten duen
zelulazko korda dortsal luze bat dutenak.
Ornodunen enbiori guztiek dute notokordioa,
baina izaki helduetan txikiagoa da, ala
ez dago, bizkarrezurra baitute kordaren
ordez.
Garrantzi handiko aldaketa izan zen
ornodunen bilakaeran notokordioaren gainetik
bizkarreko nerbio korda bat agertu
izana (2 C irudia); korda horretan aldaketak
eta luzamenduak gertatu ziren gero, eta
horrela eratu ziren bizkarrezur muina eta
entzefaloaren atalak, hartzaile gero eta konplexuagoak
(begiak, oreka, belarria, barne
hartzaileak, etab.) agertu izanaren ondorioz.
Ornodunen nerbio sistemak bi atal nagusi
ditu: nerbio sistema zentrala, entzefaloak
eta bizkarrezur muinak osatua, eta nerbio
sistema periferikoa, gurintxoez eta nerbioez
osatua. Baina beste atal batean aztertuko da
sakonago ornodunen nerbio sistema.