Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Gizakiaren zirkulazio aparatua
LABURPENA: Zelula asko dituen organismo konplexu orok garraio sistema bat behar izaten
du zelulak elikagaiez hornitzeko eta haien hondakinak kentzeko. Gizakian zirkulazio aparatuak
betetzen du zeregin hori: odola ibilarazten duen hodi sistema itxi batek (arteriak, zainak
eta kapilarrak), eta bihotzak, zirkuitu horren ponpa gisa aritzen den organoak. Bihotza biriken
artean dago, perikardioaren barruan bildua. Bi aurikula eta bi bentrikulu ditu barnean, bi
erditan edo ponpa desberdinetan banaturik. Bihotzeko paretak hiru geruza ditu (epikardioa,
miokardioa eta endokardioa); horien artean miokardioa da aipagarriena, bihotz giharreko ehunaz
eratua dagoena. Gihar geruza horren barruan ehun berezi bat dago, ehun nodala; bihotzaren
automatismoa erregulatzeaz gainera, horixe da taupada bakoitzean bihotz bulkadaren eramaile.
Aurikulen eta bentrikuluen artean, eta aorta arteriaren eta biriketako arteriaren artean,
balbula batzuk daude. Arteriak eta zainak ehunezko hiru geruzek eratutako hodiak dira. Arterietako
pareta lodi elastiko eta gihartsua da aipagarria hiru horien artean, bihotz taupadak
sorrarazten duen odol presio aldakorra erregulatzen baitu. Zainek garrantzi handiko balbula
batzuk dituzte, odolari atzera egiten uzten ez diotenak. Azkenik, kapilarrak hodi mikroskopiko
batzuk dira; hor egiten da gai trukea.
Sarrera
Zelulen elikaduran zerikusia duten aparatuetako bat da zirkulazio aparatua. Zelula guztiek zelulaz kanpoko ingurunetik (odoletik batez ere) hartu behar izaten dituzte elikagaiak eta oxigenoa, eta ingurune horretara bota behar dituzte orobat metabolismoan sortzen diren hondakinak. Gizakiaren gorputzak, animalia gehienen gorputzak bezala, odola zelula bakoitzera eramango duen garraio sistema bat behar du. Horixe da zirkulazio aparatuaren zeregina: odola organismoko zeluletatik eta zeluletaraino garraiatzea, organismoak bere elikatze premiak ase ditzan.
Gizakiaren zirkulazio aparatuak hodi sistema itxi bat du odola garraiatzeko (arteriak, zainak eta kapilarrak) eta ponpa bat (bihotza), odola hodietan barrena mugiarazteko.
Bihotza
Ezaugarri nagusiak
Bihotza organo gihartsu bat da; bularrezurrak eta saihetsek eratzen duten aurreko bularralde paretaren atzean dago kokatua, mediastinoan, behean diafragma duela, eta bi aldeetan birikak. Ez dago gorputzaren ardatzarekin simetrian; 1/3 eskuineko aldeari dagokio, eta gainerakoa ezkerrekoari. Alderantziz jarritako kono baten itxura du, erpina aurrerantz proiektatua duela, 5. eta 6. saihetsen artean. Pertsona heldu batean 300-350 gramoko pisua izaten du gutxi gorabehera.Bihotza mintz zaku baten barnean zintzilik
dago; zaku horri perikardioa deritza.
Mintz horrek bi geruza ditu: kanpokoa edo
berez perikardioa dena, eta barrukoa edo
epikardioa. Diafragmari, pleurari eta bularrezurarri
itsatsita baitago, perikardioak
gogor eusten dio bihotzari. Bi geruza horiek,
tartean duten isurkari labaingarri bati esker,
bata bestearen gainera irristatzen dira taupadaren
higiduren eraginez. Perikardioa elastikoa
ez denez, ez du uzten behar baino odol
gehiago sartzen bihotzean.
Bihotzak lau barrunbe ditu, bi aurikula
eta bi bentrikulu. Izan ere, bi bihotz edo bi
ponpa desberdin daudela esan beharko litzateke,
eskuinekoa bata eta ezkerrekoa bestea,
dagokion zirkuitura (biriketako zirkulaziora
eta zirkulazio orokorrera) odola ponpatzeko
zeregina baitu ponpa horietako bakoitzak.
Pertsona helduaren bihotzean pareta mehe
batzuek zeharo bereizten dituzte bi erdi
horiek, eta bereizketa horri esker odol oxigenoz
gabetua eta odol oxigenoduna ez dira
nahasten. Gizakiaren enbrioi aldian bihotzak
ez du bereizketa hori izaten, zulo batek
lotzen baititu bi aurikulak.
Egitura
Bihotzeko paretak hiru geruza ditu: epikardioa, miokardioa eta endokardioa. Arestian esan dugun bezala, perikardioaren barne geruza da epikardioa. Ehun konektiboaren gainean dagoen epitelio lau batek eratzen du epikardioa.
Miokardioa edo bihotz giharra bihotzeko paretako geruza handi bat da, taupada sorrarazlea.
Gihar ehun batek osatzen du; ehun ildodunaren antzekoa da itxuraz, baina ezaugarri berezi batzuk ditu. Haren zuntzek bana edo bina gune dituzte, Y itxuran daude adarkatuta, eta zubi tartekatu batzuen bidez elkarri lotuta daude. Antolamendu horrek zuntz guztiak elkartzen dituenez, haietako bat kitzikatuz gero, zuntz guztiek erantzuten dute, eta ez kitzikadura jaso duenak bakarrik (gihar ildodunetan gertatzen den bezala).
Aurikuletako eta bentrikuluetako gihar zuntzen artean ez dago jarraitasunik (zuntz ehunak bereizten baititu), eta, beraz, bihotzak bi gihar dituela esaten da: aurikula giharra eta bentrikulu giharra. Ehun nodaleko sorta aurikulobentrikularrari esker, bi barrunbeen artetik transmititzen da bulkada.
Miokardioaren barruan badago bihotz giharrezko ehun espezializatu berezi bat, ehun nodala, taupada bakoitza sorrarazi eta miokardio osoan barrena bizkor eta era koordinatuan hedarazten duena. Sistema nodal horrek lau atal ditu. Lehenengoa nodulu senoaurikularra da (S-A edo taupada markatzailea, taupada sortzen den lekua); eskuineko aurikulako paretan dago, goiko kaba zainaren ondoan. Haren zelulak bihotz giharrekoak baino txikiagoak dira, eta ez dira ia uzkurtzen, aitzitik, taupada abiarazten duten bulkadak sorrarazten dituzte.
Aurikulen bidez gihar zuntzek barrunbe aurikulobentrikularreraino (A-V) igortzen dituzte uzkurtze bulkada horiek. Gune hori aurikulen arteko pareta meheko behealdean dago, eta handik sorta aurikulobentrikularra (Hisen sorta) ateratzen da, zuntz luzeko bi adarrek eratua. Bentrikuluko miokardio osoan hedatzen diren Purkinjeren zuntzak esaten zaien zuntzetan dute adar horiek jarraipena.
Endokardioak estaltzen du barrutik pareta hori. Geruzetan dago estalki hori banatua, horien artean ehun konektibo trinko eta elastikoa duela, eta barrenaldean endotelio mehe bat du estalki gisa.
Aurikulek pareta mehe bat dute; mehetasun hori bat dator haien zeregin nagusiarekin: kaba zainetatik eta birika zainetatik bihotzera datorren odola hartzearekin, alegia. Aurikuletako miokardioa ez da ia uzkurtzen, odol guztia bentrikuluetara aterarazteko adina bakarrik uzkurtzen da.
Bentrikuluetako paretak, berriz, oso miokardio lodia du, ezkerrekoak batez ere.
Zabaltzen direnean odola xurgatzen dute aurikuletatik, eta, uzkurtzen direnean,arterietara botatzen dute; ponpa bultzatzaile
bat da, alegia. Zirkuitu orokorra
biriketakoa baino askoz handiagoa da, eta
horrexegatik da ezkerreko bentrikuluko
miokardioa indartsuagoa. Hala ere, odol
kopuru bera ateratzen dute bi bentrikuluek
bihotzetik kanpora (bihotzaren emaria),
bestela zirkuitua trabatu egingo litzateke-eta.
Bihotza odol biltegi bat da, baina ezin du
zuzenean elikatu; aortaren hasieratik ateratzen
diren bi arteria koronarioen bidez elikatu
behar izaten du.
Balbulak
Bihotz ponpek balbula multzo bat dute (ponpa mekaniko askok bezala), odolak atzera egin ez dezan. Aurikuletako eta bentrikuluetako zuloek endokardioaren tolesturek eraturiko balbula bana dute. Ezkerrean balbula mitrala (edo bikuspidea) dago, bi tolestura dituena; eskuinean, berriz, balbula trikuspidea, hiru tolesekoa. Balbula horien behealdetik zuntz batzuk ateratzen dira (gihar zainetako lokarriak), balbulak bentrikuluen paretetako irtenune batzuetaraheltzen dituztenak. Bentrikuluetako sistolea
hasi denean eta balbula horiek ixten
direnean, gihar zainetako lokarriei esker balbulak
ez dira aurikulen aldera tolesten.
Beste bi balbulak aortaren eta birika arteriaren
irteeran daude; ilargi erdi formakoak
edo sigmoideak deitzen zaie (aortakoa eta
biriketakoa). Bi balbula horiek endokarpioaren
hiruna toles dituzte (balbula trikuspideak
bezala), eta ez dute gihar zainetako lokarririk.
Aortako balbularen ondo-ondotik bi
arteria koronarioak ateratzen dira.
Hodiak
Arteriak
Odola bihotzetik kapilarretara eramaten duten hodiak dira. Hiru eratako arteriak daude: elastikoak (aorta, karotidak eta biriketako arteriak; horiek dira handienak), banatzaileak edo txikiagoak (gehienak), eta arteria txikiak. Irudian ikus daitezke gorputzeko arteria nagusiak.
Hiru ehun geruzek eratzen dute hodi hauen pareta: a) barneko geruza (barnekotunika) ezkatadun endotelioz eta zuntz elastiko
eta kolagenoz estalia; b) erdiko geruza
(erdiko tunika), hori da handiena, eta gihar
laua eta zuntz elastikoa duten zuntz askok
eratzen dute; c) kanpoko geruza (kanpoko
tunika edo adbentizioa) mehea da, eta zuntz
elastikoz eta kolagenoz dago osatua.
Arterietako pareta zainetakoa baino gogorragoa
da oro har, eta, beraz, odol presio
askoz handiagoa izan dezake. Arteria guztiak
ez daude berdin osatuta, alde handiak
daude arteria handien eta arteria txikien
artean; handiek (aorta, biriketako arteriak
eta karotidak) lodiagoak eta elastikoagoak
dituzte paretak; txikiek, berriz, meheagoak
eta ez hain elastikoak. Horrez gainera, arteria
txikietako pareta dago; erdiko geruzak
gihar zuntz zirkularrak ditu, eta horiei esker
erregulatzen da odolak kapilarretara duen
iraganbidea.
Zainak
Odola kapilarretatik bihotzera eramaten duten hodiak dira horiek. Era askotakoak dira: zain handiak (kaba zainak), axalekoak, erdikoak, txikiak eta zain txikiak. Zainetako paretan ere hiru geruza daude, baina desberdintasunak ditu arterietako paretarekiko: askoz meheagoa da, eta zuntz elastiko eta gihar zuntz gutxiago ditu. Zainetako paretak badu garrantzi handiko bereizkuntza bat arteriakoarekiko: zainek, tarteka, ilargi erdi formako balbula batzuk dituzte, tolesturez eratuak; balbula horiei esker odolak ez du atzera egiten, batez ere behealdeko zainetan, presio hidrostatikoa gaindituz egin behar baitu odolak aurrera. Behealdeko zainetan (hanketakoetan, adibidez) askoz handiagoa da presio hidrostatikoa, eta zain horien erdiko geruza nahiko lodia da beraz.
Kapilarrak
Arteriak (arteria txikiak) eta zainak (zain txikiak) lotzen dituzten hodiak dira kapilarrak.
Hodi horietan trukatzen dituzte gaiak odolak eta zelulek (edo zelulak ukitzen dituen zelulaz kanpoko inguruneak), eta hori da, hain zuzen ere, zirkulazioaren helburu nagusia. Kapilarren kopurua oso handia da (10.000 bat milioi), zelula bat bera ere ez dago, beraz, kapilar batetik 0,5 mm baino urrunago.
Arteria txiki baten bukaeraren eta zain txiki baten hasieraren artean kapilar sare konplexu bat dago, eta kapilar horietan barrena ibiltzen da, geldi-geldi, odola. Gainera, bi hodi mota horiek beste era batera lotuta egoten dira askotan. Hodi sistema konplexu horrek osagai hauek ditu: a) arteria txikien eta zain txikien arteko lotura zuzenak, diametroz kapilarrak baino askozhandiagoak diren hodi batzuen bidezkoak;
b) arteria eta zain zubiak, arteria txikienen
antzeko paretak dituztenak; c) kapilarrak.
Aukera ugari horiei esker, odolaren igarobidea
asko alda daiteke, gorputzeko atal
bakoitzaren premien arabera. Gainera, arteria
txikietako paretan, kapilarren sarreran,
gihar zirkularreko esfinter batzuk daude,odolaren igarobide hori irekitzeko eta ixteko
aukera ematen dutenak.
Kapilarretako pareta oso mehea da (7 eta
10 mm bitarteko diametroa), endotelio ezkataduneko
geruza bakarraz eratua dago (oso
zelula gutxi izaten ditu gehienetan), ez du ez
gihar zuntzik eta ez zuntz elastikorik, eta
oinarrizko mintz mehe batez dago inguratua.