Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Elikagaiak

LABURPENA: Animaliek, organismo heterotrofoak direnez gero, kanpoaldetik hartu behar izaten dituzte molekula organiko energian aberatsak dauzkaten gaiak. Gai horiek elikadura dira, eta horien bidez hartzen ditu organismoak bizitzeko behar dituen elikagaiak edo sustantziak.

Autotrofoen elikagaiak dauzkaten gaiei ez zaie elikadura esaten, inorganikoak baitira denak.

Animaliek behar dituzten elikagai mota nagusiak berdinak dira multzo guztietan, salbuespen txiki batzuk izan ezik: gluzidoak, lipidoak, proteinak, bitaminak eta elementu mineralak dira elikagai nagusi horiek. Ikus daitekeenez, elikagai mota horiek bat datoz edozein organismo osatzen duten molekula multzo handiekin, kontuan hartu behar baita heterotrofoen elikadura beste izaki batzuen gorputzen osagaiak edo beste izaki batzuetatik eratorritako gaiak direla nahitaez.

Elikagai multzo bakoitzaren barnean, glukosa eta almidoia dira gluzidoen artean garrantzitsuenak (baita zelulosa ere multzo batzuetan). Horiek dira animalien oinarrizko elikagaiak, eta gai horietatik beste sustantzia asko sintetiza daitezke, baita lipidoak eta aminoazidoak ere. Lipidoen artean, aipagarriak dira oinarrizko gantz azidoak eta talde batzuetako esteroide batzuk.

Proteinek zeregin garrantzitsu bat dute: aminoazidoak hornitzen dituzte, egitura bizi asko eratzeko ezinbesteko lehengaiak, alegia. Multzo horren barnean, oinarrizko aminoazidoak dira garrantzitsuenak. Azkenik, mineralei eta bitaminei dagokionez, alde handia dago animalia talde batzuetatik besteetara, batez ere ornodunen eta ornogabeen artean.

 

Sarrera

Izaki bizi guztiek kanpoaldetik hartu behar izaten dute materia eta energia: hazteko, materia hartzen dute ahitu dena ordezkatzeko eta berria eratzeko; eta bizi ahal izateko, berriz, energia hartzen dute.

Animaliek materia organikoak (“energian aberatsak”) hartu behar izaten dituzte, ez baitute eguzkiaren energia hartzeko eta eraldatzeko gaitasunik; energian aberatsak diren materia horiek elikadura dira, eta elikadura hartzen duten izakiek elikatze heterotrofoa dutela esaten da.

Ondo bereizi behar dira elikadura eta elikagaiak.

Organismoak hartu ondoren elikagaiak sortzeko gai den edozein gai gotor edo isurkariri elikadura esaten zaio; eta elikagai horiek era honetara erabil daitezke: a) energia iturri gisa; b) konpontzeko, hazteko eta ugaltzeko material gisa; c) organismoaren jardueren erregulatzaile gisa.

Gluzidoak, lipidoak, proteinak, mineralak eta bitaminak dira elikaduran dauden elikagai mota nagusiak. Ura (arnasketako oxigenoa bezala) ez da elikagaitzat hartzen, baina ez da ahaztu behar bizitzako oinarrizko gai bat dela (ugariena).

Elikadurak elikagai askoren nahasketa bat izaten du, eta horien artean daude arestian aipatu ditugun hiru molekula multzo nagusiak (gluzidoak, lipidoak eta proteinak), eta, neurri txikiagoan, mineralak eta bitaminak.

Osagai nagusi horiez gainera, zuntzak, eta usaina, kolorea… ematen duten beste gai batzuk ere egoten dira elikaduran.

 

Gizakiaren elikagaiak

 

Gluzidoak

Hiru dira gizakiaren elikadurak izaten dituen gluzidoak: glukosa eta fruktosa monosakaridoak, sakarosa eta laktosa disakaridoak, eta almidoia polisakaridoa. Gizakiaren elikadurako %60 almidoia izaten da batez beste, %35 sakarosa eta glukosa izaten dira, eta gainerakoa laktosa da. Txegostearen prozesu kimikoetan gluzido konplexu gehienak glukosa bihurtzen dira, hori baita gure zelulen elikagai nagusia. Aipatu beharra dago polisakarido garrantzitsu eta ugari bat, zelulosa, ezin dela gizakiaren elikagai gisa erabili, gizakiaren organismoko entzimek ezin baitute osagaietan banatu. Gluzidoek gizakiaren zeluletan duten zeregin garrantzitsuena energia iturri gisa erabiliak izatea da, zelulen arnasketak oxidatzen dituenean (gramo batek 4 kcal edo 17 kJ sortzen ditu gutxi gorabehera).

Jatorria landareetan duten gizakiaren janariak dira horietako elikagai gehienak dituztenak. Almidoia izan da betidanik gizakiak elikaduraren bidez hartu izan duen gluzido ugariena. Hori izanik ere gizakiak oraindik gehien hartzen duen gluzidoa (arestian aipatu den bezala), bizi maila hobetuz joan den neurrian, sakarosa eta glukosa gehiago hartzen ditu gizakiak (janari landuetan oso erabiliak baitira).

 

Lipidoak

Gai multzo konplexu horien baitan, gantzak edo triglizeridoak dira elikagainagusiak. Biokimikako gaietan ikus daitekeen bezala, gantz azidoak triglizeridoen osagai dira, eta hiru multzotan sailkatu ohi dira: aseak, monoasegabeak eta poliasegabeak.

Hiru gantz mota horiek izaten dira jakietako gantzetan, baina oso proportzio desberdinetan.

Gantz azido hauek dira nagusiak gure elikaduran: palmitikoa eta estearikoa (aseak), oleikoa (monoasegabea) eta linoleikoa, linolenikoa eta arakidonikoa (poliaseagabea).

Azken hiru horiek dira hain zuzen ere oinarrizko gantz azidoak esaten zaienak; gizakiaren gorputzak nahitaez hartu behar ditu janarien bidez, ezin baititu berez sortu.

Triglizeridoek badute beste zeregin nagusi bat, zelulen energia iturri gisa jardutea, alegia.

Gogora bedi elikagai horien oxidaziotik ateratzen den energia etekina gluzidoena (9 kc edo 277,2 kJ gramo bakoitzeko) baino askoz handiagoa dela. Elikagai horiek jatorria landareetan nahiz animalietan duten janarietatik hartzen ditu gizakiak; mundu garatuan gantz gehiegi kontsumitzen da (dietaren energia balio osoaren %40).

 

Proteinak

Gai horiek, txegosketaren ondoren, aminoazidoak ekartzen dituzte organismora, eta beren proteinak sintetizatzeko erabiltzen dituzte gero zelulek. Eraikuntzako material gisakoak dira beraz. Ohi ez bezalako egoeretan baizik (goseteetan, adibidez) ezin dira aminoazidoak zelulen arnasketan energia sortzeko erabili.

Aminoazido guztiek ez dute elikagai balio bera. Haien artean badira zortzi, oinarrizkoak esaten zaienak, pertsona helduen zelulek ezin sintetiza ditzaketenak, eta beraz janarien bidez hartu behar izaten direnak. Gainera, haurtzaroan histidina ere oinarrizkoa izaten da haurra behar bezala haz dadin.

Oinarrizko aminoazido gehiago edo gutxiago izan, biologia balio desberdina izango dute proteina batzuek eta besteek. Oro har, landare proteinen biologia balioa animalia proteinena baino txikiagoa izaten da, oinarrizko aminoazido gutxiago izaten dituzteeta.

Arrazoi hori dela-eta sortzen dira barazkijaleen dieta zorrotzek eragiten dituzten arrisku batzuk.

Gizakiak gizarte garatuetan hartzen dituen proteinen %60/65-k gutxi gorabehera animalietan du jatorria, baina proportzio hori asko aldatzen da (landare proteinen alde) garapen bidean dauden gizarteetan.

 

Mineralak

Gauza jakina da gizakiaren gorputzak kimika gai gehienak dauzkala bere baitan.

Horietatik, 15 baizik ez dira oinarri-oinarrizkoak (molekula organikoetako C, H, O eta N-z gainera) eta janarietan hartubeharrekoak. Multzo horretan elementu mineral nagusiak (Ca, P, S, K, Na, Cl, Mg, Fe) dira aipagarriak; zeregin garrantzitsuak dituzte, eta, oro har, nahiko ondo ezagutzen dira. Gainerako elementuei (Fl, Zn, Cu, I, Mn, Co, etab.) aztarna elementuak esaten zaie; elementu horiek ere oinarrizkoak dira, baina gorputzak kopuru txikiagoan behar izaten ditu. Gatz mineralen atalean landu dira elementu horietako askoren zereginak.

 

Bitaminak

XX. mendearen hasiera arte, gehienen ustean dieta egoki batek aski zuen arestian aipatu ditugun lau elikagai mota horiek izatea.

Nolanahi ere, geroago frogatu ahal izan zen, esperimentu bidez, organismoak bitaminak izeneko gai jakin batzuen kopuru txikiak hartu behar zituela, elikagai gutxiegi izan ez zezan. Bitaminak gai organikoak dira, zein soilago zein konplexuago, eta prozesu metaboliko jakin batzuk kontrolatzea eta erregulatzea dute zeregin nagusia. Bitamina bakoitzaren xehetasunak zein bere atalean ikus daitezke.

 

Ura

Nahiz ez den elikagaitzat hartzen, ez da ahaztu behar ura dela gure gorputzeko gai kimiko ugariena (gure masaren %65/70).

Beraz, 2 eta 3 litro ur hartu behar dira egunero, bakarrik edo janarien osagai gisa. Urak bizitzan duen garrantzia ondo ikusten da urik gabe zenbat denbora bizi gaitezkeen (egun gutxi batzuk) eta janaririk gabe zenbat denbora bizi gaitezkeen (60 egun edo gehiago) konparatuz gero. Oxigenorik gabe bakarrik iraun daiteke urik gabe baino denbora gutxiago.

 

Zuntza

Gizakiaren dietako zuntza zelulosak eratzen du gehienbat, gizakiak ezin txegos dezakeen landare polisakarido batek, alegia.

Molekula horrek, gaitasun handia baitu ura atxikitzeko, gorozkien bolumena handiarazten du, eta, beraz, hesteetako mugimendua kitzikatzen laguntzen du. Badira jatorria landareetan duten beste gai batzuk ere, gizakiaren txegoste aparatuaren funtzionamendurako onuragarria den zuntz horren osagai ere badirenak.

 

Animalien elikagaiak

Animalien elikagai premiak gizakienen oso antzekoak dira. Gluzidoak, lipidoak, proteinak, bitaminak eta mineralak dira edozein animalia motaren elikaduran dauden elikagaiak. Animalia bakoitzak hartzen dituen jaki motetan, ordea, alde handiak daude, eta, hain zuzen ere, hiru multzotan daude bereizita animaliak, elikatzeko moduen arabera: belarjaleak, haragijaleak eta orojaleak.

Animalia multzo asko eta oso desberdinak daudenez gero, berezitasun jakin batzuk daude multzo bakoitzeko elikagaien artean.

Multzo batzuek elikagaien aldetik dituzten premiak baizik ez dira xehetasunez ezagutzen.

Hurrengo ataletan horietako berezitasun batzuk aipatuko ditugu, gizakiarekin erabili den eskema bera erabiliz hemen ere.

 

Gluzidoak

Animalien elikagai guztien osagai da gai organiko multzo hau. Zelulosa eta zelulosarekin zerikusia duten beste polisakarido batzuk (hemizelulosa, lignina, etab.) belajarle eta xilofago mota askok elikagai gisa erabiltzea da, ziur asko, gai horien ezaugarri nagusia.

Normalean izaki mota horiek mikrobio flora aberatsa izaten dute (protozoo flagelodunek eta legamiek osatua) beren txegoste hodian, eta flora hori gai izaten da harekin sinbiosian bizi den zelulosa txegosteko; badira hala ere zelulasa sortzen duten hainbat animalia (intsektuen larba batzuk).

Intsektuek, datu asko ezagutzen baitira haien elikaduraz, asko erabiltzen dituzte gluzidoak; izan ere, izaki mota batzuek horiexek izaten dituzte elikagai bakarrak bizitza osoan ia (erle helduek eta himenoptero mota batzuek).

 

Lipidoak

Gizakiaren elikaduran ezinbestekoak diren azidoetako batzuk ezinbestekoak dira orobat animalia askoren elikaduran, baita ornagabeenean ere. Hala, azido linoleikoa nahitaezkoa izaten da intsektu mota jakin batzuentzat (otarrainak eta matxinsaltoak).

Beste izakiaskorentzat, aitzitik, gantzak hartzea ez da guztiz beharrezkoa izaten.

Esteroideen barnean, kolesterola da ornogabe askoren elikaduran ezinbestekoa izatenden gaietako bat. Intsektuentzat hori da elikagai funtsezkoena, bitaminak baino funtsezkoagoa.

Izan ere, kolesterola kutikula eratzeko eta garapenezko hormona jakin batzuk sintetizatzeko beharrezkoa dela frogatu izan da.

 

Proteinak

Gizakiek eta animaliek behar dituzten oinarrizko aminoazido asko berdinak dira.

Izan ere, aztertu diren izaki mota gehienentzat 10 aminoazido ezinbestekoak direla frogatu da (arginina, histidina, isoleuzina, leuzina, lisisna, metiotina, fenilalanina, treonina, triptofanoa eta balina). Oinarrizkoak ez diren aminoazidoetako batzuk ezinbestekoak dira orobat zenbait ornogabe mota jakinentzat. Ornogabe mota gutxi batzuk badute berezitasun bat, aminoazido batzuen D formak erabil ditzakete.

 

Bitaminak

Ornodun askok dute bitaminen premia, premia hori denetan berdina ez bada ere.

Hala ere, ezin izan da frogatu bitamina horietako batzuk ornogabeentzat beharrezkoak direnik. Horixe gertatzen da C bitaminarekin eta bitamina liposolbagarri gehienekin (A, D, E, K), izaki mota askorentzat ez baitira ezinbestekoak. B multzoko bitaminak, aitzitik, ezinbesteko elikagaiak dira izaki mota askorentzat, intsektuentzat batez ere.

Ornodunek behar izaten dituzten bitaminez gainera, ornogabeek beste gai batzuk ere erabiltzen dituzte bitamina gisa. Kolina, adibidez, intsektu askoren larbek behar bezala garatzeko behar izaten duten molekula da.

Inositola alkohol bat da, eta behar beharrezkoa izaten da prozesu metaboliko batzuetan.

Azkenik, karnitina beste bitamina bat da, hazkunderako beharrezkoa.

 

Mineralak

Animalia talde guztiek ez dituzte elementu inorganikoen premia berberak izaten.

Burdina oso zabalduta dago hemoglobina duten izaki mota guztien artean. Kobrea, aitzitik, hemozianina duten animaliek baizik ez dute behar. Kaltzioa garrantzi handiko elementua da koral, soinbera eta belaki mota gehienetan. Silizioa kaltzioaren ordezkoa izan daiteke belaki batzuetan. Manganesoak nolabaiteko garrantzia izaten du intsektu motetan.

 

Gizakiaren elikadura Osaketa 100 gr...

Gizakiaren elikadura Osaketa 100 gr-ko (soberakinak kenduta)