Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Elikatzea
LABURPENA: Izaki biziek kanpotik hartu behar izaten dituzte bizi egiturak eta prozesuak
mantentzeko beharrezkoak dituzten elikagaiak; elikatzea deritza elikagai horiek hartzeko prozesuari.
Elikagaiak nola lortzen dituzten kontuan hartuta, autotrofoak eta heterotrofoak izan
daitezke izaki biziak. Izaki autotrofoek eguzkiaren energiaren bidez (fotosintesia) edo energia
kimikoaren bidez (kimiosintesia) sintetizatzen dituzte beren molekula organikoak, kanpotik
hartzen dituzten molekula inorganikoak oinarritzat harturik; heterotrofoek, berriz, kanpotik
hartzen duten materia organikotik sintetizatzen dituzte beren molekula organikoak. Elikagaiak
nola hartzen dituzten kontuan hartuta, izaki biziak holozoikoak, saprofitoak edo parasitoak
izan daitezke.
Sarrera
Izaki bizietan gertatzen diren oxidaziozko eta erredukziozko erreakzio kimiko askoren bidez agertzen da bizia; metabolismo esaten zaio erreakzio multzo horri. Erreakzio horien bidez, endekatu egiten dira energian aberats diren kanpotik hartutako gai asko -katabolismoa-, eta energia hartu ondoren beste gai berri batzuk sintetizatzen dira -anabolismoa-. Organismoek kanpotik hartzen dituzten gaiak elikagaiak dira, eta elikatzea da gai horiek hartzeko prozesua.
Inoiz hazirik erein duenak, edo landare baten edo perretxiko baten hazkundeari erreparatu dionak, edo txakur txiki bat izan duenak, antzemango zuen denbora iragan ahala izaki horiek tamainaz eta morfologiaz asko aldatu direla. Aldaketa horiek gerta daitezen, haziak, landareak edo txakur txikiak behar-beharrezko gai jakin batzuk hartu behar izaten dituzte kanpotik, erreakzio kimiko batzuen bidez beren gorputzen baitan eraldatuko direnak; erreakzio kimiko horiei esker, gorputz berri bat ?eratzen? da, gorputz hori konpondu egiten da kalterik duenean (energia ekartzeko beharra molekula berrien loturak eratzeko), eta beste molekula batzuk endekatu egiten dira (energia lortzea).
Izaki biziak tamainaz handitzen diren eta kanpotik hartzen duten erregaiari esker funtzionatzen duten makina gisakoak dira; etengabe ari dira materia eta energia kanpoaldearekin trukatzen. Automobila gasolinari esker mugitzen da; gasolina hori molekula txikiagoz osaturiko gasetan eraldatzen da, eta errekuntza esaten zaion eraldatze horretan molekuletako loturak hautsi, eta energia askatzen dute; hala eta guztiz ere, ibilgailuenaren antzekoa bada ere izaki bizien prozesuaren zati bat -elikagaien endekatzeak askatzen duen energiari esker bizi gara-, badago alderik bien artean, ibilgailuak ez baitu gasolina kopuru bat erabiltzen haztekoedo bere burua konpontzeko, eta izaki
biziek, berriz, bai. Gainera, izaki biziek
antolamendu maila handia dute, eta energia
kopuru handia behar izaten dute antolamendu
maila horri eusteko. Molekula organikoak
dira izaki bizien erregaiak; batzuetan
izaki biziek janarietatik lortzen dituzte
molekulak, eta beste batzuetan izakiek berek
sortzen dituzte, kanpoko energia erabiliz,
eguzkiarena edo gai elkartu kimiko inorganiko
batzuena.
Izaki biziek oso makina konplexuetan egiten
dituzte eraldatze eta eratze prozesu biokimiko
horiek guztiak, zeluletan, alegia.
Animaliek eta protista askok hiru betekizun
dituzte, bizirik iraungo badute: jateko
bila ibili behar izaten dute ia bere bizitza
osoan, kontuz ibili behar dute besteren
bazka ez izateko, eta eremu bat behar dute
janaria bilatzeko eta inoren harrapakin ez
izateko. Horiez gainera, badute ondorengoak
edukitzeko premia ere; biologiazko funtzio
gehienak arestian aipaturiko betekizun
horiek ahalik eta hobekien betetzeko bideak
dira beraz.
Elikatze motak
Elikatzeak urrats hauek ditu: elikagaiak organismoan sartu, eraldatu, erabili, eta organismoak baliatu ez dituen gaiak kanporatu.
Organismoek zer behar izaten duten kontuan hartuta, bi dira elikatze motak: autotrofoa eta heterotrofoa.
Autotrofoa: izateko eta hazteko behar dituzten molekula organikoak (proteinak, karbono hidratoak, lipidoak, azido nukleikoak) molekula inorganikoetatik sintetizatzeko gauza diren organismoen elikatze motari esaten zaio autotrofo; molekula inorganikoak kanpotik hartu behar izaten dituzte.
Sintetizatzeko behar duten energia eguzkitik hartzen badute (argiaren energia) fotosintesi esaten zaio prozesu horri; gaiinorganikoen (amonio ioiak, burdina,
sufrezko gai elkartuak, etab.) oxidaziotik
ateratzen badute energia (energia kimikoa),
orduan kimiosintesi esaten zaio.
Landareak, bakterio batzuk, algak eta
protista fotosintetikoak organismo autotrofo
multzoak dira.
Heterotrofoa: era honetara elikatzen dira
behar duten materia organikoa gai inorganikoetatik
berez ezin sintetizatu duten izaki
biziak; materia organikoa kanpotik hartuz,
alegia. Hala eta guztiz ere, badute materia
organikoa sintetizatzeko halako gaitasun
bat; behar dituzten gai elkartu organiko
gehienak sintetiza ditzakete, baina kanpotik
ekarritako molekula organikoetatik egin
behar izaten dute sintesi hori. Xerra bat jan
eta txegosi ondoren, xerra horren proteinak
banako txikiagoetan hausten dira; banako
horiek, peptidoak eta aminoazidoak, gorputzeko
zeluletara iristen dira, eta gorputzak
behar dituen proteinak eratzeko erabiltzen
dituzte zelulek gai horiek. Izaki heterotrofoak
horma bat eraikitzeko gauza dira, baina
horretarako beste izaki bizi baten horma
bota behar dute lehenengo, eta horma
horretako adreiluak bereizi; izaki autotrofoak,
berriz, gai dira buztina hartu, adreiluak
egin, eta eguzkiaren argia edo gai elkartu
inorganikoen arteko erreakzio kimikoetan
askatzen den energia erabiliz, beren horma
eraikitzeko.
Animaliak, bakterio eta protista asko, eta
onddo guztiak, heterotrofoak dira; onddoak,
jende askok besterik uste badu ere, ez
dira landareak, aitzitik, erreinu berezi bat
eratzen dute, fungi erreinua.
Organismo soil-soil batzuk autotrofo edo
heterotrofo gisa aritzeko gai dira, eta beste
batzuk fotoorganotrofoak dira, alegia, argiaren
energia hartzen dute, baina gai elkartu
organiko jakin batzuk beretu behar izaten
dituzte ingurunetik.
Elikatze heterotrofoaren baitan, hiru
mota desberdin daude: holozoikoa, saprofitoa
eta parasitoa.
Elikatze holozoikoa: era honetara elikatzen
dira beste izaki bizi batzuk edo izaki horien
aztarnak harrapatzen edo zuzenean irensten,
txegosten eta xurgatzen dituzten organismoak.
Multzo honen barnean daude haragijaleak
(tigrea, lehoia, otsoa, etab.), animaliak
jaten dituztenak, belarjaleak, barazkiak jaten
dituztenak (behiak, ardiak, ahuntzak, etab.)
eta orojaleak, animaliak eta barazkiak jaten
dituztenak (gizakia). Sarraski jaleek (saiak
adibidez) animalien gorpuak jaten dituzte,
aurrerago aipatuko diren saprofito askok
bezala, baina beste era batera elikatzen dira.
Landare haragijaleak ere aipatu behar dira
(1A irudia). Organismo autotrofoak dira, eta
bizi diren inguruneak -toki zingiratsuak- elikagai
jakin batzuk (nitrogenoa) ez dituenez, landare
mota honen Europako aldaerak intsektuak harrapatzen ditu, eta Borneoko eta Malaysiako
aldaerek, berriz, txori txikiak eta ugaztunak;
harrapakin horien proteinetatik lortzen
dute lurretik ateratzerik ez duten nitrogenoa.Elikatze saprofitoa: era honetara elikatzen
dira berak usteltzen dituzten animalia edo
landare aztarnez elikatzen diren organismoak.
Horrela elikatzen dira bakterioak, onddo
asko eta desegile esaten zaien intsektu batzuk.
Organismo horiek garrantzi handia
dute izadian, materia ?birziklatzen? egiten
duten lanagatik. Izaki biziak hiltzen direnean,
?mineralizatu? egiten dituzte, eta izaki
horien organismoen baitan zeuden elementu
inorganikoak autotrofoen esku uzten
dituzte berriz. Saprofitorik ez balego, landare
eta animalia hilen barnean geldituko lirateke
elikagaiak.
Honela elikatzen dira: txegoste entzimak
isurtzen dituzte elikagaien gainean, etahorrela eratu diren gai solugarriak xurgatzen
dituzte gero; bakterioek eta onddoek beren
gorputzaz zuzenean xurgatzen dituzte gai
horiek.Elikatze parasitoa: beste izaki batzuen
ehunetatik zuzenean elikatzen diren organismoen
elikatzeko era da hau. Bizkarroia
bizi den animaliari edo landareari ostalari
esaten zaio; parasitoari, berriz, arrotz.
Parasito batzuk kanpokoak edo ektoparasitoak
dira (1 C-F irudiak), intsektuak eta
akaroak adibidez: akainak, arkakusoak,
potro zorriak, zimitzak, zorriak edo zigarrak
(1 C-F irudia); ez dira oso arriskutsuak izaten
ostalariarentzat. Beste batzuetan, parasitosia
barnekoa izaten da, eta orduan endoparasitoak
alditxar biziagoak eragiten ditu;
protozoo asko endoparasitoak dira eta gaixotasun
larriak sortzen dituzte: ameba batzuek,
tripanosomek, edo malaria sortzenduen Plasmodiuma, besteak beste. Har
zapalen artean ere endoparasito ugari dago:
tenia (1 B irudia) -gizakien hesteetako
endoparasitoa-, gibeleko duela.. Trikina,
gizakiengan bizi den beste parasito bat,
nematodo bat da.
Ziurtasun osoz esan daiteke ia animalia
guztiek mota bateko edo besteko parasitoren
bat izan dutela beren bizitzako uneren
batean; parasitoek berek ere parasitoak izaten
dituzte batzuetan, hala arkakuso batzuetan
bizi diren protozoo jakin batzuk. Nolanahi
ere, parasitoak oso gutxitan hiltzen du
ostalaria, ondoezak sortzen dizkio, batzuetan
larriak eta besteetan arinak; heriotza eragiten
duten parasitoei parasitoide esaten
zaie. Birusak, eta bakterio eta onddo asko,
dira gizakiak izaten dituen parasitoak.
Harrigarria da parasito batzuk morfologiaren
aldetik nola egokitzen diren ikustea.
Parasitismoa ez da soil-soilik animalien
erreinuan, eta monera edo fungi erreinuetan
gertatzen; landare jakin batzuek beste landare
batzuetan parasito gisa bizitzeko gaitasuna
dute, behar dituzten elikagaiak landare
horietatik atereaz. Landare parasito batzuek
zeharo galtzen dute fotosintesia egiteko
ahalmena, eta berez izaten dituzten egiturak
eta pigmentuak orobat; beste landare batzuek
fotosintesia egiteko halako gaitasun
bat izaten dute hala ere, mihurak (Viscum
album) adibidez, sorginek hain maite zutena,
eta Euskal Herriko zuhaitz askotan maiz
agertzen dena.
Organismo heterotrofo guztiek, zeinahi ere
dutela elikatzeko modua, eguzkiaren energia
hartzen duten autotrofoetatik lortzen dute
energia; horrexegatik gure planetako bizitza,
gaur egun ulertzen dugun moduan, eguzkiaren
mende dago azken batean.
Oinarri-oinarrizko elikagaiak
Animaliek sintesi ahalmen handia dute; ura, gatz mineralak eta oinarrizkoak esaten zaien gai elkartu organiko batzuk kanpotik hartu behar izaten dituzte hala ere. Gai elkartu organiko horien artean oinarrizko aminoazidoak, azido gantzatsuak eta bitaminak dira aipagarrienak. Oinarrizko elikagaiak ez dira berdinak izaten izaki mota batzuetan eta besteetan; adibidez, animalia batzuek C bitamina sintetiza dezakete; gizakiak, berriz, ezin du hori egin.
Antzeko zerbait gertatzen da landareetan; uraz gainera, gatz mineral jakin batzuk behar izaten dituzte nahitaez elikatzeko; 16 dira landareek hazteko eta ugaltzeko behar dituzten oinarri-oinarrizko elementuak (karbonoa, oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, fosforoa, sufrea, kloroa, burdina, boroa, manganesoa, zinka, kobrea eta molibdenoa.)