Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Ur mikrobiologia

1. Taula.<br>

LABURPENA: Biziak oinarri-oinarrizkoa du ura, eta, beraz, behar-beharrezkoa da urak mikrobiologiaren aldetik kalitate ona izatea, gizakiari ez diezaion urdail-hesteetako gaixotasunik edo parasitosirik kutsa. Uraren kalitateari eusteko, osasun kontrol etengabeak egin behar dira, urak mikrobio patogenorik baduen aztertzeko. Gehienetan mikroorganismo adierazgarri esaten zaienak aztertzen dira, mintz bidezko iraztearen metodoaz.

 

Sarrera

Organismo patogenoek kutsaturiko urak edanez hartzen ditu gizakiak gaixotasun asko eta asko. Kolerak, sukar tifoideek, disenteriak, parasitosi askok, eta abarrek jende asko hiltzen dute urtero, batez ere hirugarren munduan. Nolanahi ere, gizakiak beti du edateko urean bakterio patogenoak aurkitzeko arriskua, eta ez soilik herrialde azpigaratuetan, zenbat eta handiagoa biztanle dentsitatea, are larriagoa baita arrisku hori ere. Ur gezek era askotako flora izateak dakar arrisku hori; hauek dira besteak beste flora hori osatzen duten izakiak: urak berezko dituen mikroorganismoak - Pseudomonas, Vibrio, Achoromobacter bakterioak, etab. eta era askotako itsas belar mikroskopikoak (fitoplanktona)-, lurretik datozen mikroorganismoak, euriak garbitzen dituenak -Bacillus eta Clostridium bakterioak eta onddo batzuk-, eta, azkenik, jatorria animalietan -eta bereziki haien hesak,teetan- duten mikroorganismoak, patogenoak gehienetan, (Salmonella, Shigella, Escherichia coli, gorotzetako estreptokokoetab.). Urak orobat kutsa ditzake birusak eta bizkarroiak.
Urak gaixotasunak kutsatzeko ahalmen handia duenez gero, aldian aldiko kontrolak egin behar izaten dira hornidura sareko leku batzuetan: ibaietan, iturrietan, udaletako hoditerian, bainatzeko uretan, etab.
Espainiak legedi nahiko zehatza du urari egin behar zaizkion kontrolez, aztertu beharreko organismo taldeez, kontrolaren maiztasunaz, azterketen metodologiaz, etab. (I. taula).
Lege horien kopuru handiak argi erakusten du zein garrantzisua den ura; izan ere, ura egunero edaten dugu denok -bizitzeko ezinbesteko elikagaia baita-, eta uraren kutsadurak arrisku handia ekarriko lioke biztanleriari.
Gainera, elikagaien industrian, beste zeregin askotarako ere behar-beharrezkoa da ura: elikagaiak garbitzeko, izotza egiteko, makinak eta materialak garbitzeko, kontserba ontziak eta poteak hozteko, etab.Kontsumorako urak oso garbia behar du izan mikrobiologiaren aldetik, eta garbitasun horretan zerikusi handia dute urarenjatorriak eta uretako mikrobioen aurkako tratamenduek.

 

Aztertutako mikroorganismo patogenoak eta adierazgarriak.

Ur lagin batek bakterio patogeno asko izan ditzake; bakterio horiek aztertzeak aberaste eta bakartze teknika neketsu eta garestiak erabiltzea eskatuko luke, eta, beraz, ezingo lirateke osasunerako garrantzia duten mikroorganismo guztiak aldian aldiro kontrolatu.
Horregatik, bakterio patogeno batzuez gainera, (Salmonella spp.), mikroorganismo adierazgarriak aztertzen dira, azterketa horien bidez lagin baten osasun egoeraz ondorioak atera daitezkeela, baldin eta mikroorganismo adierazgarri horiek baldintza hauek betetzen badituzte: - Mikroorganismo horiek lagin batean agertzeak zerikusia izan behar du, nolakotasunez edo kopuruz, beste mikroorganismo patogeno edo bestela nekez bakartzen diren batzuk ere agertzearekin.
- Laboratorioan bakartzen eta hazten errazak izan behar dute.
Laburtzeko, hauxe da arrazoibidea: ezin baitira ez bilatu ez aztertu laginean egon daitezkeen mikroorganismo guzti-guztiak, erraz aurki daitezkeen mikroorganismo batzuk aztertzen dira, eta baldin laginean agertzen badira mikroorganismo horiek, lagin horretan bertan mikroorganismo patogenoak ere egon daitezkeela esan nahi du.
Hauek dira urak osasunaren aldetik kontrolatzerakoan aztertu ohi diren mikroorganismoak: Aerobioak 35 °C eta 20-22 °Ctan zenbatzea: horiek azterturik jakin daiteke ura edateko ona bihurtzeko prozedurak baliagarriak diren, eta zenbaterainokoa den oro har bakterioen kutsadura.
Klostridio sulfito-erreduzitzaileen esporak ikertu eta zenbatzea: esporak eratzen dituztenez, luzaroan irauten dute bakterio hauek uretan, eta erresistentzia handia egiten diete ura edateko on bihurtzeko prozedurei. Tetanosa, botulismoa eta urdail-hesteetako gaixotasunak sortzen dituzte.
Koliformeak, gorotzetako koliformeak eta Escherichia coli-ak ikertu eta zenbatzea: enterobakterioen familiakoak dira, eta ugaztunen hesteetan bizi dira (Escherichia, Klebsiella, Enterobacter, Edwardsiella, Serratia eta Citrobacter jeneroak); saprofito gisa ere bizi daitezke horietako batzuk, baina Escherichia colik sorburua hesteetan baizik ezin du izan, eta, beraz, gorotzetako koliforme ere esaten zaio. Koliformeak azterturik, badago jakitea kutsadurarik ba ote den, baina ezin daiteke jakin kutsadura hori non sortua den; gorotzetako koliformeek, berriz, gorotz kutsadura badagoela adierazten dute.
D taldeko estreptokokoak ikertu eta zenbatzea: ugaztunen hesteetan agertu ohi dira bakterio hauek, eta seinale osagarriak dira gorotz kutsadura badagoela jakiteko. Ez dira agertzen, ez ur garbietan, ez animaliak bizi ez diren lurretan eta lekuetan. Gainera, oso modu konplexuan elikatzen baitira, nekez ugaltzen dira uretan. Escherichia colik baino erresistentzia handiagoa egiten diote uraren klorazioari.
Lizunak ikertu eta zenbatzea.
Pseudomonas aeruginosa ikertzea: lizun hau uretan agertzeak uraren klorazioa egokia den ala ez adierazten du nolabait, lizun honek erresistentzia handia egiten baitio kloroari, beste mikroorganismo batzuek baino gehiago. Patogenoa ote den garbi ez badago ere, uretan agertzea ez da adierazgarri egokia izaten uraren osasungarritasuna neurtzerakoan.
Salmonella ikertzea: Osasunari arrisku handia dakarkio mikroorganismo patogeno honek, sukar tifoideak eta paratifoideak (Salmonella typhi) eta urdail-hesteetako gaixotasun batzuk (Salmonella delakoaren beste mota batzuk) sortzen baititu.
Metodologia (1 eta 2 irudiak) Hau da, funtsean, azterketa egiteko prozeduraren eskema: Lagina hartzea eta aztertu nahi den ur bolumena aukeratzea.
Tresnak esterilizatzea.
Haztegiak prestatzea.
Lagina 1/4 Ringer uraz diluitzea.
Lagina mintz batetik iraztea (iragazkia).
Berogailu batean, tenperatura eta denbora bitarte jakin batean, inkubatzea.
Koloniak zenbatzea.
Koloniak susmagarriak direla frogatzea, edo hodi positiboak.
Elikaduraren mikrobiologia teknikei buruzko atalean zehatz-mehatz deskribatutakoaren antzekoa da funtsean prozedura hori. Nolanahi ere, urak aztertzeko, oro har, mintzez irazteko teknika deritzana erabiltzenda, baina zenbaki gertagarrienaren metodoa (ZGM) ere maiz erabiltzen da. Mintzez irazteko teknikak badu abantaila bat: lagin kopuru handi bat aztertzeko erraztasuna, eta ohiko metodoen bidez aztertzen errazak ez diren kutsadura handirik gabeko edo mineral askoko laginak laster eta zehatz aztertu ahal izatea.
Metodo hori erraza da; irazi behar da lagina -asepsia egoera egokian hartua beharko du lagin horrek-, edo lagin horren diluzioak (Ringer uraz diluituak), 0,45 mikroiko tamainako poroak dituen mintz iragazle batean. Aldez aurretik, hutsa sortzeko sistema bati loturiko inbutu esterilbatean jarri da mintz hori, irazte prozedura erraztu egiten baita horrela. Horri esker mikroorganismoak mintzaren gainaldean atxikiak gelditzen dira. Mintz hori ezartzen da Petriren xafla berezi batean, haztegi egoki bat erantsi zaiola xafla horri (2. irudia), eta buruz behera inkubatzen da berogailuan, epe eta tenperatura aztergai diren mikroorganismoen arabera aldez aurretik erabakian (2. irudia).
Gerora, eta inkubazioaren ondoren, kolonia guztiak zenbatzen dira (aerobioen zenbaketa osoa) edo multzo jakin batekoak izan ote daitezkeelako susmoa sortzen dutenak (koliformeak, estreptokokoak, klostridioak,etab.), aukerako haztegiak erabili direnean.
Zenbaketa errazteko, mintzek laukitua dute gainaldea.Aukeran, horietako kolonia batzuk biokimikaren bidez baieztatu beharko dira, eta, horretarako, merkatuan dauden tresnak erabili ahal izango dira, edo bestela, erreaktiboak eta protokoloak. Baieztaturiko kolonia kopurua eta diluzio faktorea biderkatuz, bolumen iragaziak duen bakterio multzo osoa lortuko da.Emaitzak legediak dituen arauekin konparatzen dira (1.go taula), eta horri dagokion txostena idazten da.