Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Zitoplasma I.. itosola eta zitosoleko egiturak

1. Irudia: A) Mikrotubulu baten zeharretarako epaiaren mikrografia elektronikoa, non hamahiru protoharizpiko eraztun bat ageri den. B) Mikrotubulu baten egitura.<br><br>

Laburpena: Bada zelularen barruan osagai lauso eta zehazgabe bat, zitoplasma “amorfo” moduko bat, zelularen organulu gehienek ez bezala, egitura sendorik eratzen ez duena eta mintzez inguraturik ez dagoena: zitosola edo hialoplasma. Gai askotariko nahastura bat da, eta, neurri handi batean, proteinez osatua dago. Zitosolaren betekizun nagusia bitarteko metabolismoari laguntzea, gantzak eta gluzidoak metatzea, eta, erretikulu endoplasmatikoan sintetizaturik, proteinak garraiatzea da.

Zitoeskeletoa, berriz, halako sare gutxi-asko trinko, zabal eta aldakorra da, elkarren artean gurutzaturik dauden hari edo harizpi moduko batzuez osatua. Hiru osagai mota nagusi ditu: mikrotubuluak, aktina harizpiak eta bitarteko harizpiak. Hiru osagai horietako bakoitzak osakera eta betekizun bereziak ditu; proteinez osatuak daude hirurak, eta zelularen mugimenduekin eta itxuraldaketekin zerikusia duten zereginetan parte hartzen dute.

Zentrioloek, zitoeskeletoko mikrotubuluek bezala, proteinazko osagaiak dituzte. Binako multzoetan aurkitzen dira animalien eta zenbait landareren zeluletan. Zelula zatiketa bitartean mitosi aparatua eratzen eta eragiten parte hartzen dute. Haien oso antzeko beste egitura batzuk zilioen eta flageloen gorputz basalak dira.

Zilioak eta flageloak hari gisako egitura beraren aldaerak dira; mikrotubuluz osaturiko zilindro modukoak dira, mintz plasmatikoz inguratuak. Zelulak mugiarazten dituzte, eta, gainera, beste betekizun batzuk ere badituzte, hala nola inguruan dabiltzan zatikiak harrapatzea, estimuluak edo kitzikadurak hautematea, etab.

 

Sarrera

Zitoplasma da inondik ere zelula eukariotoan bereizi ohi diren hiru osagai nagusietarik konplexuena. Osatzen duten egiturek zelularen eginkizun gehienetan parte hartzen dute, elikaduran batez ere; ez zaio alferrik zelularen “makina gela” deitzen.

Zitoplasmaren barruan bi egitura modu bereiz daitezke: batetik, organuluak, bere mintzean ongi bildua eta bereizia bakoitza, eta, bestetik, zitosola, halako masa gutxiasko isurkari bat, era berean hainbat egituraz osatua (zitoeskeletoa, zentrioloak, zilioak eta flageloak).

 

Zitosola

Egitura nolabait mugatua duten osagai guztiak zitoplasmatik kendu ondoren geratzen dena da zitosola (edo hialoplasma).

Zitosolaren hedadura, beraz, urrituz joan da zelulari buruzko ezagutza aurreratu den ahala. Izan ere, XIX. mendeko zientzilari batentzat ia zitoplasma guztia zen zitosola.

Plasma garden moduko bat da, urez osatua neurri handi batean (%70-90), eta proteinez (%20), eta baita beste gaiez ere (ioiak,aminoazidoak, transferentziazko RNA, eta metabolitoak). Zelulak zer premiak dituen baina, aldeak daude haren osakeran zelulatik zelulara. Nahastura gutxi-asko gelatinatsu bat da, trinkotasunari dagokionez lingirdatsuagoa aldi batzuetan eta beste batzuetan isurkariagoa. Tasun fisiko horiek direla eta, bera da zelula organuluen euskarri nagusia, haiek igeri eta batetik bestera dabiltzan ingurunea.

Zitosolak jarduera kimiko handia du.

Han gauzatzen da bitarteko metabolismoa, gluzidoen eta lipidoen metabolismoak dituen erreakzio kimiko guztiekin (glikolisia, esate baterako). Baina berdin balio du erreserbako gantzak eta gluzidoak metatzeko eta proteinen parte bat garraiatzeko. Ez da harritzekoa beraz milaka entzima izatea erreakzio horien guztien katalizatze lanean.

Gantzak tanta txiki biribil moduko batzuk eratuz metatzen dira zitosolean. Gantz tanten kopurua ez da berdina zelula mota guztietan.

Gantz ehunetako adipozitoetan, adibidez, biltegi edo tanta bakarra eratzen dute, zeinak ia zelula osoa hartzen baitu. Gluzidoak, berriz, ale trinko moduko batzuk eratuz metatzen dira animalia zeluletan, glukogeno gisa. Era horretako aleak ugariak dira hepatozitoetan eta gihar zuntzetan.Ez ahaztu proteinak erribosometan fabrikatzen direla, eta erribosomak zitosola ukitzen dutela daudela. Proteina molekula batzuk zitosolean askatzen dira, eta handik beste organulu batzuetara igaro daitezke (zelula gunera, mitokondrietara, kloroplastoetara, etab.), edo zitosolean bertan gelditu betiko. Proteinen erdiak zitosolean bertan geratzen dira, eta horietako asko zitoeskeletoa osatzen duten hainbat motatako harizpiak fabrikatzeko erabiltzen dira.

 

Zitoeskeletoa

Mikroskopio elektroniko modernoen bidez ondo ikusten da zitosolak hodi eta hari itxurako egitura sare bat duela bere baitan.

Egitura hori oso egitura konplexua eta aldakorra da, eta zitoeskeleto esaten zaio. Zitoeskeletoan hiru osagai bereizi dira gutxienez, proteinez osatuak guztiak: mikrotubuluak, aktina harizpiak eta bitarteko harizpiak.

Mikrotubuluak hodi zilindriko barrenhuts moduko batzuk dira, 25 nm inguruko diametroa dute, eta tubulina proteinaren molekula askoren elkarketaz osatuak daude.

Egiturak tximinia batena gogorazten du, hutsa barrutik eta adreiluz osatua; “adreilu” horietako bakoitza bi esfera elkartuz eratua dago (esfera bakoitza tubulinaren azpibanako bat da). Banako edo adreilu horiek herrenkan lerrokatzen dira, eta lerro horietako bakoitza protoharizpi bat da; protoharizpi sorta batek mikrotubulu bat osatzen du.

Banako horiei aise gehitzen edo kentzen zaizkie beste batzuk, eta, beraz, mikrotubuluak etengabe ari dira luzatzen edo laburtzen.

Mikrotubuluek zenbait egitura eratzen dituzte, zentrioloak, zilioak eta flageloak, adibidez, hala nola zitosoleko zuntz banako pila bat ere.

Zelulari bere forma gordetzen laguntzearekin eta zelulako organulu batzuk mugiaraztearekin zerikusia duten zereginak betetzen dituzte. Ardatza eta asterra osatzen dutenez, mitosiko kromosa bikoiztean parte hartzen dute. Animalien zeluletan ikusi denez mikrotubuluen eraketan zerikusi handia du zentrosoma osatzen duen zentriolo pareak. Goi mailako landareen zeluletan, ordea, ez da halakorik gertatzen, ez baitute zentriolorik.

Aktinazko harizpiak (8 nm) aktina proteinaren (giharretako proteina ezaguna, zelula eukariotoetan ugarienetako bat, zelula proteina guztien %10) azpibanakoz osaturik daude. Zitoplasman barreiaturik izaten dira aktina harizpiak, baina zelula askotan mintz plasmatikoaren aldean pilatzen dira, mintza sendotzen duen azal moduko bat eratuz. Aktina azpibanakoak globo baten itxurako proteina molekula txikiak dira, eta helize trinko moduko bat eratuz elkartzen dira. Zenbait proteina motarekin elkartzen dira beren funtzioak betetzeko: gihar zeluletan, miosina harizpien artean tartekaturik, giharra uzkurrarazten dute; beste zelula mota batzuetan, uzkurtze eta zabaltze mugimenduetan, zitoplasmaren itxuraldaketan, zelulek geruza sendoak eratzeko egiten dituzten elkarketetan, etab. parte hartzen dute. Orobat hartzen dute parte zitoplasmaren zatiketan (zitozinesian, alegia), mitosiaren ondoren.

Bitarteko harizpiak 8-12 nm dira lodi; hau da, aurreko harizpi motei buruz, haien “bitarteko” lodiera dute, eta horregatik dute izen hori. Zitoeskeletoko beste egiturak baino sendoagoak dira, eta aktina eta tubulina ez bezala –globo itxura dute hauek–, zuntzezko proteinez osaturik daude. Sendoak direnez gero, zelularen eta gunearen euskarri dira (oso ugari izaten dira gunearen inguruan), eta hezurdura baten zeregina betetzen dute, beraz. Betekizun hori bereziki garrantzitsua da tentsioak jasan behar dituzten zeluletan (epiteliokoetan, neuronaren axoikoetan, giharretakoetan, etab.). Dirudienez, zelularen mugimenduan ere laguntzen dute.

 

Zentrioloak

Zilindro itxurako organulu barren-hutsak dira zentrioloak, 200 mm zabal eta 400 mm luze, gutxi gorabehera. Zilindroaren paretak bederatzi mikrotubulu hirukotez (A, B eta C) osatuak izaten dira, eta tubulina protoharizpiz osatua da mikrotubulu bakoitza.

Zentrioloak diplosoma izeneko bikoteak eratuz (lehenagoko zientzialariek zentrosoma deitzen zuten hura) aurkitzen dira animalien zelula gehienetan eta behe mailako landare batzuenetan. Bikotea osatzen duten bi zentrioloak zutak dira elkarri buruz. Berez ugaltzeko gaitasuna dute, eta ugaltzean –zelularen zatiketa hasi aurretik gertatzen da hori– sortzen diren bi diplosomak mitosiaparatuko polo banatan kokatzen dira.

Hain zuzen ere zentrioloen jarduerak zerikusi handia du delako mitosi aparatu horrek kromosomen banaketan betetzen duen zeregin garrantzitsuarekin.

Bada oraindik zentrioloei oso lotua dagoen eta antzeko egitura duen beste gorputzik, zilioen eta flageloen oinarri diren gorputz basalak edo kinetosomak, hain zuzen. Mikrotubuluen proteinen sintesiaz arduratzen den DNA aurkitu da duela gutxi organulu horietan.

 

Zilioak eta flageloak

Zelula eukariotoen gainaldean izaten diren ile gisako egitura mehe-meheak dira (0,25 µm-ko diametroa). Oso antzekoak dira biak, baina flageloak zilioak baino luzeagoak dira. Organismo zelulabakar higikor askotan izaten dira, eta baita zelulanitz batzuen ehunetan ere (gizakiaren trakeako eta bronkioetako epitelioan, espermatozoideetan, usaimen zeluletan, etab.).

Zilioen eta flageloen barne egitura berdina da, eta gorputz basalen oso antzekoa, gorputz horietatik sortuak baitira. Bederatzi mikrotubulu bikote (eta proteina batzuk haiei lotuak) dituzte inguruan, eta beste mikrotubulu bikote bat erdian (“9 + 2” esa- 170ten zaio egitura modu horri). Erdiko mikrotubuluak osorik daude (hau da, 13 protoharizpiz osatuak), baina inguruko mikrotubulu bikoteetan bat osoa eta bestea osagabe dago (11 protoharizpi besterik ez). Egitura horri zelula eukarioto guztietan azaltzen da, hala protozooenetan nola gizakienetan. Lehenago ere esan den bezala, gorputz basalenaren luzagarriak dira egitura horiek, baina haiek baino mikrotubulu bat gutxiago dute inguruan, eta, haiek ez bezala, mikrotubulu bikote bat dute erdian. Flageloak zentrioloetako batetik sortuak izaten dira, espermatozoideen zelula ametan ikus daitekeen bezala.

Zelulak mugiaraztea, zatikiak (elikagaiak izan edo ez) beretzea, kitzikadura hautematea etab. dira zilio eta flageloen betetekizun nagusiak. Gizakiaren sudurreko edo bronkioetako muki mintzeko zelula ziliodunak, adibidez, garrantzi handiko zeregina dute arnasbideetan barrena sartzen diren hauts zatikiak (gizakiarentzat kaltegarriak) harrapatzen.

Garrantzi handikoa da espermatozoideetan ere, flageloaren laguntzarik gabe hura ez baita ernalketarako gauza.