Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Lipidoak

1. Irudia: Hainbat lipido mota; beraietan ioitu ezin daitezkeen molekularen zatiak agertzen dira, hau da, uraren molekula ezin lotuko zaienak. Ioi hidratatuak eman ditzaketen atomo taldeak ere adierazten dira, halakorik denean; horiei ur molekulak lotu ahal izango litzaizkieke.<br>

LABURPENA: Lipidoak oso izaera heterogeneoko gaiak dira, funtsean karbono, hidrogeno eta oxigenoak osatuak, nahiz eta askotan fosforoa, nitrogenoa edo sufrea ere badituzten. Lipidoetako lehen talde batek gantz azidoak dauzka bere molekuletan, hau da, katea hidrokarbonatu luzeko gai organikoak. Azido horiek ez edukitzea da gainerako lipidoen ezaugarria.
Lipidoen funtzioak era askotakoak dira, baina erreserba-energia izatea da ezagunena.
Isolatzaile termikoaren eginkizuna dute babes funtzioetan, eta baita metabolismoaren egiteko oso berezietan ere, lipido horietako batzuk bitaminak edo hormonak baitira.Lipidoak definitzerakoan, oro har, izaera guztiz heterogeneoko biomolekulak direla esan daiteke; karbonoa (C), hidrogenoa (H) eta oxigenoa (O) dituzte gehienetan osagaiak, molekula handiak moldatzeko elkarturik, osaketa horietan aipatu diren lehen bi bioelementuak izan ohi direlarik nagusi. Fosforoa (P), nitrogenoa (N) eta sufrea (S) ere zenbaitetan lipidoen osagai izaten dira.
Lipidoak, izaera askotariko gaiak izan arren, talde bakarrean bildu dira, haiena guztiena den tasun sail bera dutelako: - Uretan, eta orobat ura bezala polobidunak diren disolbatzaileetan ere, disolbaezinakizatea. Beste isurkari ez polarrek (bentzenoak, kloroformoak, metanolak edo eterrak), aldiz, erraz disolbatzen dituzte. Lipidoen molekulen konposizioan aurkitzen da berezitasun horren arrazoia, halakoetan lotura kobalente baten bidez (1. irudia) elkartzen baita karbonoa hidrogenoarekin kasurik gehienetan, eta horregatik ez da ura bezalako disolbatzaileen bipolaritateak eragina izan dezakeen atomo kargaturik gelditzen.
Lotura horren bidez elkarturiko atomo multzoei dagokienez, oso gutxitan baizik ez da gertatzen elektroiak haien osagai baten aldera aldatzea; molekularen zati txiki horiei ioitzea gerta dakieke, baina horrek ez du eragiten molekularen disolbagarri izatea.
- Gai oso erreduzituak dira, hots, hidrogeno atomo asko dituztenak. Hidrogenoak beste molekula batzuei uzten ahal zaizkie (H + eta elektroi moduan) oxidazio-erredukzio erreakzioetan. Erreakzio horiek dira katabolismoan energia ematen dutenak; horrexegatik, hain zuzen, oso molekula energetikoak dira erreakzio katabolikoz prozesatzen direnean.
Lipidoen funtzioak askotarikoak dira; halaxe baitagokie, hain zuzen ere, horren biomolekula heterogeneoei. Horietako garrantzitsuenen artean honako hauek aipa daitezke: - Izaki bizien egituraren nahitaezko osagaiak dira, haietako batzuk nagusi baitira zelula mintzaren osaeran.
- Energia iturri dira izaki bizientzat.
- Isolatzaile termiko eta organismoen barneko babes elementu gisa jokatzen dute.
- Inmunitate fenomenoetan parte hartzen dute, zeluletako mintzen markatzaile gisa baitihardute.
Lipidoak beren artean hain molekula desberdinak izanik, ezin daitezke denak batera aztertu, non eta ez bada aldez aurretik egiten horiek guztiak ulertu eta ordenatzeko aukera emango duen sailkapen ahalegin bat (I. Koadroa).

 

Lipido Saponifikagarriak

Gantz azidoak izatea da lipido mota honetako guztien ezaugarri komuna, beti izaten baita molekulen barruan.
Gantz azidoa definitzerako, esan daiteke molekula hidrokarbonatua (karbonoz eta hidrogenoz osatua) dela, lineala eta aski luzera handikoa (6 karbono atomo baino gehiagokoa), mutur batean karboxilo talde bat daramana (-COOH, azido funtzioa kimika organikoan).
Gai organikoetan gutxitan aurkitzen dira gai hauek berez aske. Ohikoa izanagatik ere, ezezagauna den zerbaitek adibide gisa balio ahal izango du. Oliba olioa duten botiletan beti “azidotasun gradua” adierazi ohi da, 0,4tik (olio horixka) 1erainokoa (lehen zanpaldiko oliba olioa, berde kolorekoa); zenbaki horrek produktu horretan (olioan, alegia) libre aurkitzen diren azido oleikozko (gantz azido mota bat da) molekulen portzentaia adierazten du, besterik gabe; sukaldaritzarako garrantzi handiko datua da, lehen zanpaldiko oliba olioa “oso sendoa” izaten delako.
Izadian gehien aurkitzen diren gantz azidoek karbono atomoen kopuru bikoitia izaten dute, nahiz eta badiren kopuru bakoitiko batzuk Monera erreinuan, bakterioen osagai direnak (II. koadroa).
Gantz azidoen katea osatzen duten karbono atomoak lotura kobalente bakunez egon daitezke elkarri loturik (hau da, lotura bakarra beti bi karbonoen artean); halakoak gantz azido aseak dira. Gerta daiteke, orobat, karbono atomo pare baten edo pare gehiagoren artean bi lotura kobalente (lotura bikoitza) izatea; halakoak gantz azido asegabeak direla esaten da. Horiek izan dezakete katea osoan lotura bikoitz bakar bat (monoenoikoak edo monoasegabeak), edo izan ditzakete lotura bikoitz bat baino gehiago (polienoikoak edo poliasegabeak).
Gantz azidoetan lotura bikoitzak izatea ala ez izatea garrantzi praktiko handiko gauza da; hori herri hizkeran ere nabarmentzen da. Hala, eskuarki, “gantza” (animalia jatorrikoa normalean) eta “olioa” (landareetatik lortua normalean) bereizi egiten dira, bi gai koipetsu eta disolbaezinen erreferentzia egiten denean (maila honetan ezaguna ez bada ere, gantz azidoak sartzen dira haien konposizioan); ingurukotenperaturan lehena gotorra eta bigarrena isurkaria izatea da bien arteko bereizgarria.
Gantz azidoen urtze puntuari erreparatuz gero, aise ikus dezakegu molekula luzera handiagokoek urtzeko puntua garaiagoa dutela. Hori logikoa da, zeren eta gantz azidoak zenbat eta luzeagoak izan, molekula desberdinen arteko loturak eratzeko (Van der Waals-en indarrak) aukera gehiago baitago; gainera, lotura bakunak bira egin dezake eta modu horretara molekula “bihurritu” egin daiteke eta konformazio asko har dezake (2. irudia); horrek guztiak molekulak elkartzen eta gorputz gotor bat sortzen laguntzen du. Nolanahi ere, gantz azido asegabeen urtze puntuak katearen luzerari legozkiokeenak baino askoz apalagoak dira (azido estearikoarena eta oleikoarena konparatu besterik ez dago); hori lotura bikoitzak daudelako gertatzen da, molekulak espazioan ordenatzeko aukera gutxiago dagoelako.
Lotura bikoitza beti bihurgune finkoa da katea linealean, katea hau biratu ezinik gertatzen da eta, modu horretara, nekezago ager daitezke molekula desberdinen arteko loturak.
Hala, ondorio orokor batera iristen gara: inguruko tenperaturan gantz azido asegabeak isurkariak dira, baina azido aseak ez.
Elikaduraren alorrean berebiziko garrantzia du egoera fisikoaren desberdintasun horrek.
Esaterako, gurinen osaketa zehazki aztertzenda: “animalien” gantz azidoez (eta ez beti behi esnetan daudenez bakarrik) eratuak dira, eta horregatik inguruko tenperaturan gotorra izan ohi da. Dena den, azken aldiotan elikadura “naturala” eta kolesterolaren fobia (ikus geroago) modan daudela eta, margarinak, gotorrak hauek ere baina “landare olioetatik” sortuak, boladan jarri dira. Olio horiek gotortzeko trikimailua zera da, olio horiek hidrogenatzea, hots, molekulan hidrogenoa sartzea, horrela lotura bikoitza hausteko eta produktuaren ezaugarriak aldatzeko; eta horrenbestez produktu hori ez da, zinez, batere “naturala”.
Gantz azidoek urarekiko duten jokabide anfipatikoa da biologiarako garrantzi handia duen beste ezaugarri bat; horren arrazoia gantz horiek duten osaera da: izan ere, badituzte, alde batetik, disolbatzaile polarrekin batu ezin daitekeen eta katea hidrokarbonatuz osatua den alde hidrofobo bat, eta bestetik, beste alde hidrofilo bat, karboxilo taldeaz eratua. - COOH multzoa kargak desorekaturik dauzkan atomo talde bat da (3. irudia); horregatik, hain zuzen, urak ioitu dezake, eta dagozkion ioi hidratatuak, H + eta -COO – , eman ditzake.
Ezaugarri horri esker gantz azidoek dispertsio koloidal bat eratzen dute, hau da, urarekiko afinitatearen arabera orientaturiko molekula multzo txikiak, mizelak deituak. Zelula mintzaren egituraren oinarria dira mizelak.
Gantz azidoen beste ezaugarri batzuk garrantzitsuak dira, biologiaren ikuspegitik ezezik, kulturaren ikuspegitik ere bai (4. irudia).Esterifikazio erreakzioaren bidez gantz azidoak alkoholekin elkartzen dira eta ester bat ematen dute, ur molekula bat galduz. Erreakzio hori lipido bakun guztien oinarria da.
Baseekin ere elkartzen dira, xaboia sortuz (III. koadroa); erreakzio horri saponifikazio deritza. Gure birramonetako asko benetako maistrak ziren sukaldetik sobratzen ziren gantza eta olioak, sutan jarritako pertz batean, sosarekin nahasi eta xaboi puskak egiten.
Azken erreakzioa autooxidazioa izenekoa da, hots, zenbait gantz azidotan agertzen diren lotura bikoitzen eta oxigenoaren arteko erreakzioa, aldehidoak ematen dituena. Horiei egotzi behar zaie janarien “mindu kutsu” ezagun hori. Horregatik kontserbatzen zailak izaten dira lipido asegabeak dauzkaten janariak, izoztuta daudelarik ere. Haragiekin (arkumea, oilaskoa) eta zenbait arrain oso koipetsurekin erabili ohi den trikimailua zera da, gantza kentzea izozten jarri aurretik. Ugaztunen dietan gantz azido jakin batzuk ez izateak gaixotasunak dakartza, sintoma guztiz konplexuak agertzen dituztenak. Ikerketen arabera, gabezia hori bi gantz azidori dagokie: linoleikoa eta linolenikoa. Ugaztunek ezin dituzte azido horiek bestelako gaietatik sintetizatu, horregatik funtsezko gantz azidoak deritzaie. Gainera oinarrizkoak dira prostaglandinak sortzeko; prostaglandinak, hain zuzen, funtzio biologiko askotan dira beharrezkoak.
Saponifika daitezkeen lipidoen artean gai elkartuen bi familia bereizten dira, beraietako molekulek duten konplexutasunaren arabera: - Lipido bakunak: + AzilglizeridoakAzilglizeridoak gantz azidoen eta polialkohol baten (glizerinaren) ester bezala defini daitezke. (5. irudia).
Glizerina edo propanotriola trialkohol bat da, horregatik gerta daiteke berorreran alkohol esterifikatu bakarra aurkitzea (monoazil- 91glizeridoa), bi aurkitzea (diazilglizeridoa) edo hiru aurkitzea (triazilglizeridoa).
Izaki biziek erreserba gisa baliatzen dituzte gai hauek, balio energetiko handia baitute, gluzidoena edota proteinena baino handiagoa: hauek mol bakoitzeko 4 kcal ematen duten bitartean, gantzek 9 kcal/mol ematen dute batez beste.
Ornodunei dagokienez adipozitoetan, hots, ehun adiposoaren zeluletan aurkitzen dira.
Erreserba hori ez izatera, organismoak ezin die janaririk ez den egoerei aurre egin, ez eta ohikoa baino energia gehiago erabili behar den estresezko egoerei ere. Horregatik, gantzik ez duen pertsona bat laster ahitzen da halakoetan eta, are okerrago dena, energia beste gaietatik, hala nola proteinetatik, hartzera beharturik aurkitzen da; eta hala, gai horiek ehunen egiturazko osagai direnez, organismoak kalteak jasaten ditu, bere alderdirik eginkorrenetan bereziki, bihotzean edo nerbio ehunean adibidez.
Gainera, hotzaren isolatzaile izateko eginkizuna betetzen duen mintz mehe bat eratzen dute gantzek larru azpian, eta gorputz azalak halako elastikotasun bat izan dezan eragiten dute. Aise egiazta daitekeen gauza da klima hotzetako jendeak (eskimalak adibidez), batez beste, gantz gehiago duela larru azpian klima beroagoetakoak baino. Guztiz ezaguna da, halaber, baleek itsaso hotzetan ematen dutela bizialdi gehiena; arrazoi horregatik gantz geruza lodi bat daukate larru azpian, eta hori izan da, hain zuzen ere, horien suntsipen ia erabatekoaren zergatia.
Bitxia da sifonoforo izenez ezagutzen diren itsas organismo batzuen kasua, hobeki flotatzearren gantz tanta bat baitaramate barrenean.
Gantzek babes eginkizuna ere betetzen dute. Seguruenik harategietan zintzilikatutako arkumeei erreparatuko genion inoiz edo behin. Pieza horietan errai guztiak erautzirik egon ohi dira, giltzurrunak izan ezik; giltzurrun horiek gantz geruza batezestaliak agertzen dira. Ugaztunetan, giltzurrunak guztiz organo minberak baitira, horiek babesteko zeregina ere badu gantzak; gantzik izango ez balitz, “zintzilik” geratuko litzateke organo hori, eta gorputza mugitzerakoan haren hormen kontra jo lezake.+ Argizariak Gantz azido baten eta katea luzeko (26-34 karbono atomo) alkohol baten esterrak dira.
Gotorrak dira inguruneko tenperaturan eta tenperatura hori igo ahala malgutuz joaten dira harik eta urtzen diren arte.
Gai babesgarriak dira, bai animalientzat bai landareentzat. Nork ez du sagar bat mahukan igurtzi distira ateratzeko! Fruitua estaltzen duen argizariak eragiten du itxuraldatze ikusgarri hori. Berdin gertatzen da landareen hostoekin; hori egiaztatzeko barne landare askotako hosto handiak zapi batez igurtzi besterik ez da egin behar. Intsektuek, koleopteroek bereziki (kakalardoak), kolore ikusgarriak izan ohi dituzte, haien exoeskeletoa estaltzen duen argizari geruza mehean argia islatzean eragindakoak batzuetan. Animalia askoren larruazala eta ilea ere estaltzen du argizariak; horregatik, ahateak eta beltxargak lumadi guztiz lehorra dutela ateratzen dira uretatik.
- Lipido konplexuak: + Fosfoglizeridoak Aurrekoak baino zerbait konplexuagoak dira molekula hauek. Azido ortofosforikoaren mole- 92kula bat glizerinaren beste molekula batekin elkartzean eratzen dira, glizerinaren molekula hori bere aldetik gantz azidoaren bi molekularekin lotua delarik. Azido fosforikoa beste molekula batzuen alkohol multzoekin elkar daiteke, hala nola kolina, etanolamina edo serina aminoazidoarekin (7. irudia). Lotura guztiak azidoalkohol motakoak dira, hau da, ester loturak.
Fosfolipido molekularen konplexutasuna edozein dela ere, beti funtsezko ezaugarri bat mantentzen du: anfipatikoa da. Alde hidrofobo bat du, gantz azidoen kateek eta glizerinak osatua, eta beste alde hidrofilo bat. Azken hau azido ortofosforikoaz eta harekin elkar daitezkeen beste molekulez, hau da, oraindik disoluzio urtsuan ioitzeko gai diren molekulez, eratua da.
Tasun horrek gantz azidoetarako ikusi den moduan joka arazten die eta mizelak eratzen ditu. Jokabide hori dela eta, zelula mintzak eratzeko bereziki egokia gertatzen da molekula hori, funtsean mintz horiek talde hidrofiloak azalean dituzten lipidozko geruza bikoitzak direlako. Funtzio horrek mintzeko lipidoak izenez ere ezagutzea eragin du.
+ Esfingolipidoak Lipido hauek, aurrekoak bezala, oso ugariak dira zelula mintzetan, bai animalien eta bai landareen zelula mintzetan. Animaliei dagokienez, bereziki ugariak izan ohi dira nerbio ehuneko zeluletan, eta are gehiago garunean.
Esfingosina izeneko gaiaz osaturik daude; katea hidrokarbonatu luzea, alkohol talde bi eta amino talde bat (–NH ) izatea da gai honen 2 ezaugarria. Alkohol talde bietako bati gantz azido bat erasten zaio ester lotura baten bidez eta ondoriozko molekulari zeramida deitzen zaio. Zeramidak esfingosina librearen alkohol talde bat dauka, eta beroni zenbait molekula mota lotzen ahal zaio esterifikazio bidez.+ Esfingomielinak. Ugari dira animalia nagusien mintzetan, batez ere nerbio zelula jakin batzuek dituzten mielina leketan.
Kasu honetan azido ortofosforikoak zeramidaren alkohol librea esterifikatzen du, azido hori bere aldetik kolina edo etanolamina molekula batek esterifikatua izanik.
+ Zerebrosidoak. Esfingolipido neutroak ere deitzen zaie; ugari agertzen dira nerbio zelulen mintzetan eta mielinaren leketan. Zeramidan monosakarido batek alkohol librea esterifikatzean sortzen dira; zerebrosido guztia mintzean geratzen da, azukrea izan ezik (alde hidrofiloa) berau zelulatik kanpora “irtenik” geratzen baita.
+ Gangliosidoak. Hauek ere nerbio ehunean daude, kopuru txikiagotan bada ere. Zerebrosidoen antzekoak dira konposizioz eta kokapenazeta birus batzuk zelulei finkatzea bideratzen duten molekula hartzaileak direla pentsatzen da. Bestalde, inmunitate fenomenoetan zelulen ezagutzan ere “markatzaile” gisa parte hartzen dutela pentsatzen da. Gangliosido bereziak aurkitu dira minbiziak jotako zelulen mintzetan.
Kasu horretan oligosakarido batek ordezkatzen du zeramida, zelula azaletik irten egiten delarik.

 

Lipido ez saponifikagarriak

Gantz azidorik inoiz ez izatea da hauen ezugarria. Garrantzi biologiko guztiz handiko hiru familia bereizten dira: Terpenoak Kimikoek 2-metil-1, 3-butadieno eta biologoek isopreno deitzen dutenetik eratortzendira guztiak. Zehazki, isopreno molekulen ondoz ondoko loturetatik eratutako polimeroak dira. Horren arabera, eratzen dituzten banako kopuruaren arabera bereiz daitezke: monoterpenoak (2 banako), seskipenoak (3), diterpenoak (4), triterpenoak (6), tetraterpenoak (8) (9. irudia). Terpenoak elkartzean molekula linealak edo ziklikoak eman ditzakete.
Gai hauen garrantzia era askotakoa da.
Hala, monoterpenoak “usainezko” molekulatzat har daitezke; geraniola, limonenoa, mentola, pinenoa eta hain ezaguna den alkanforra lurrinak dira, usain bereziko landareek emanak (geranio, limoi, menda, pinu edo trementina eta alkanfor usaina). Gai guztiz preziatuak dira industria kimikoan (garbitasun produktuen esentziak) eta kosmetikan.
Seskiterpenoen artean farnesol izenekoa nabarmendu beharra dago, kolesterol beldurgarriaren aitzindaria dena. Triterpeno bat, eskualeno izenekoa, gai horren sintesian parte hartzen duen beste molekula bat da.
Diterpenoen artean klorofilaren alkohola den fitol izenekoa aipa daiteke. Bai eta, gizakiarentzat ezinbestekoak diren hiru bitamina, A, E eta K.
Tetraterpenoen artean nabarmentzekoak dira karotenoideak eta xantofilak, fotosintesian parte hartzen duten pigmentuak.
Terpenoak, zeharbidez bada ere, gure mendean benetako eromena eragin duen gai baten erantzule dira, kautxoarena hain juxtu. Gai hori Amazonasko oihanean hazten den zuhaitz batetik lortzen da; industria oparo baten sorrera eragin zuen (jauregiak eta guzti eraiki ziren oihanaren erdi-erdian, aberastasun horri esker).
Kautxoa politerpeno bat da, banako asko batzearen ondorioa. Antzeko izaera dute pikondo, euforbia eta gisa bereko landareen goma tankerako jariakinek. Talde horretako beste zenbait molekula apalagoak dira, hala nola ubiquinona edota plastokinonak, fotosintesiaren aldi argitsuarekin loturik daudenak.– Esteroideak Esteranotik eratorritako molekulak dira, ziklopentano perhidrofenantreno izen teknikoz, eta eskualenotik sortzen dira.
Gai talde horretan bi familia bereizten dira (10. irudia): + Esterolak. Garrantzitsuena kolesterola da, zelula mintzen (malgutasuna ematen die) eta odolaren ohiko osagaia da; odoletan proteinekin elkartzen da (lipoproteinak). Elkartze horrek, hain zuzen ere, ekarri die duten fama txarra, lipoproteinak hodien hormetan jalki baitaitezke ateroma plakak eratuz; horiek, hain zuzen ere, aterosklerosia, zirkulazio aparatuaren gaixotasun larria eragiten dute, industria gizarteetan oso zabaldua dena. Ateroma plaka horiek odol hodiak ixteraino irits daitezke, eta miokardio edo garun infarktuak eragin ditzakete. Baina kolesterola duten lipoptoteina guzti-guztiek ez dute aterosklerosirik eragiten, frogatu ahal izan denez.
Kolesterola duten lau lipoproteina mota dira, molekularen tamainaz eta pisuaz bereizten direnak: dentsitate apal edo oso apalekoak (VLDL), dentsitate apalekoak (LDL), dentsitate ertainekoak (IDL) eta dentsitate handikoak (HDL). LDL direlakoak odoletan kolesterola garraiatzen duten proteina nagusiak dira eta lipoproteina mota horretarako hartzaile bereziak dituzten zelulekin elkartzen dira. Pertsona batzuek, arrazoi genetikoak direla eta, askotan ez dute hartzaile aski beren zeluletan; horregatik, lipoproteina odolean kontzentratzen da, eta kolesterola zelulei eman beharrean, plakak sorraraz ditzakeen hiperkolesterolemia sortzen du.Ikusten denez, kolesterola zeluletara garraiatzen da eta horien barrenean mintzaren funtsezko zatia osatzen du. Kolesterolaren beldurrak lipido hori ez duten edo manipulazio bidez kendu zaien janariak kontsumitzera eraman du. Praktika hori azken muturreraino eraman dute herrialde aberatsenetan (hala nola EEBBetan), non dagoeneko kolesterol eskasiaz metabolismoaren disfuntzio larriak ikusi baitira pertsona askorengan.
Esterolen artean behazun azidoak daude.
Gibelean sortzen dira eta gantzen emultsioa eragiten dute hestean, horien txegosketarako ezinbestekoa dena. Halaber, bilioproteinak derizten zenbait landare motaren pigmentu sintetikoen osagaiak dira. D bitaminaren taldea ere, kaltzioaren metabolismoarekin zerikusia duten gai multzoa, talde horren barne dago.
+ Hormona esteroideak Talde honen barnean, ugaztunetan garrantzi handia duten bi gai mota bereiz daitezke: giltzurrungaineko hormonak eta hormona sexualak.
* Giltzurrungaineko hormonak. Talde honetan nabarmentzekoak dira aldosterona, giltzurrunean likidoen iraizketa erregulatzen duena, eta kortisol edo kortisona.
+ Hormona sexualak. Androgenoak hormona maskulinoak dira; horien artean testosterona da nabarmengarria. Estrogenoak hormona femeninoak dira, hala nola progesterona izenekoa. Gai multzo hau kirol alorreko iruzurretan nahasirik agertu da, anabolizante ezagunen erabilerari dagokienez.- Prostaglandinak Azido arakidoniko deritzan gantz azido batetik eratorriak dira, nahiz eta molekulan modu horretan ez dauden (11. irudia). Era askotako funtzioak dituzte, horien artean: + Odolaren gatzatzea. Tronboxanoak sortzen dituzte, plaketak biltzea eta tronboaren sorrera eragiten dutenak. Prostaziklinek, prostaglandinetatik eratortzen diren beste gai batzuek, aurrekoen aurkako eragina dute, plaketak biltzea galarazten baitute.
+ Min eta hanturazko erreakzioa eragiten dute. Zauria gertatzean prostaglandinak askatzen dira; horiek kapilareen zabaltzea eragiten dute eta “oinazearen hartzaileak” izeneko nerbio bukaerak sentikortzen dituzte.
+ Sukarra. Prostaglandinak gehitzeak hipotalamoan du eragina eta garuneko alderdi horrek, beste zenbait funtzioren artean, tenperatura erregulatzen duenez, tenperatura goratzen du.
Hiru funtzio horien inhibizioa eragin dezake azido salizilikoak. Ezaguna da antzinatik sahatsaren (Salix spp.) azal egosiak hanturak eta oinazeak eztitzeko duen bertutea, baina azido hori bereziki erasokorra gertatzen da urdailarentzat. Molekula azetilatzeko modua aurkitzea izan da Bayer etxearen arrakasta handiaren kausa; hala, urdaileko arazoak desagertu direnez, benetako erremedio unibertsala bihurtu da. Azido arakidonikotik eratortzen diren prostaglandinen eraketa galaraztean datza horren iharduera; gatzatzea aldatu eta hanturak eta oinazea eztitu egiten ditu (hanturakontrakoa eta analgesikoa), sukarra apaltzeaz gain (antipiretikoa).