Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Gizakiaren bilakaera

1. Taula: Gizakiaren kokalekua Animalien Erreinuaren sailkapenean. (Taxon batzuk kendu ditugu Primateen ordenaren baitan). Giboiak, txinpantzeak, gorilak eta orangutanak dira gizakiaren ?arbaso? hurbilenak.<br><br>

Gizakia primateen ordenakoa da, eta haren bilakaera lerroa duela 4-6 milioi urte Afrikan bereizi zen beste primateetatik. Lehenengo hominidoak Ardipithecus ramidus motari dagozkio; haren ondoren beste jenero eta mota batzuk etorri ziren, betiere Afrikan, baina iraungi egin ziren gero (Paranthropus, Australopithecus), harik eta azkenean Homo jeneroa sortu zen arte. Jenero horretako hasiera-hasierako ordezkariek Afrikatik migratu zuten eta Europan eta Asian barrena zabaldu ziren, eta beste izaki mota batzuk sortu zituzten: Homo erectus (Asia) eta Homo neanderthalensis (Europa).

Eremu askotako ereduaren teoriak dioenez, izaki mota horietatik sortu zen gaurko gizakia.

Afrikako jatorri bakarraren teoriaren arabera, berriz, Homo Sapiens Afrikan sortu zen han gelditu ziren Homoren antzinako motetatik, eta beste migrazio batean saldoka hedatu ziren Europan eta Asian barrena, eta haiek nagusitu ziren beste moten ordez.Gizakia tximutik dator. Hamaika aldiz errepikatutako esaldi horren eraginez, hor adierazitako kontzeptua axioma bat da jende askorentzat. Oso uste zabaldua da, bilakaera ulertzeko modu berezi horretan, tximurik ezagunena -txinpantzea- urte batzuetan, (bilakaerazko) magiaz, zientzialari argi bihurtzeko gauza izan daitekeela. Uste horren beraren eraginez, egunkariek tximu gorputzarekin irudikatu zuten Darwinen karikatura, 1859an bere teoria aurkeztu zuenean.

Ez da halakorik, ordea. Egia da izaki bizien sailkapenean ?tximuengandik? oso gertu gaudela, eta primateen ordenaren barruan gaudela haiekin batera (autore batzuek ?primate aukeratua? deitu izan diote gizakiari), ordena horretan lemurrak, tximuak, simioak eta gizakiak, denak batera biltzen direla. Horrek esan nahi du primateetatik oso gertu gaudela bilakaeraren aldetik eta aitzindari komun bat dugula, ez du esan nahi, ordea, haietatik gatozenik. Gauza ziurra da duela miloika urte giza leinua eta leinu antropomorfoa aitzindari horretatik bereizi zirela, eta bereizketa horretatik sortu zirela alde batetik Pongidae familia (gorila, orangutana eta txinpantzea), eta bestetik, Hominidae familia, gizakia barne duena, eta gizakiaren arbaso zuzenen fosil iraungiak ere hartzen dituena. Aipatzekoa da txinpantzearen eta gizakiaren artean %1eko aldea besterik ez dagoela genetikaren aldetik. Gizakiaren eta txinpantzearen arteko aldea, berriz, %0,3koa da aztertu diren proteina batzuen aminoazido sekuentzietan. Argi dago beraz gizatiarrak ez ziren arbasoetatik datorrela gizakia.Gizakiaren bilakaerak jakinmin handia sortu izan du beti jende xehearengan, izaki bizien beste multzo askoren ikerketak inondik ere sortu ez duen modukoa; jakinminhorrek badu bere funtsa eta oinarria, gure arbasoen azterketa zuzenaz ari baikara, eta badu osagai erromantiko bat ere.

Nolakoak ziren? Negar egiten zuten? Maitemindu egiten ziren? Gauez beldurtu egiten ziren? Hitz egiten zuten? Nola hasi ziren lanabesak erabiltzen? Noiz ikasi zuten sua egiten? Nori bururatu zitzaion lanerako tresnak erabiltzea? Haitzuloak zergatik margotzen zituzten? Noiz bururatu zitzaien animaliak heztea? Animalia batzuen janari ote ziren haiek ere? Zenbat urtez bizi izaten ziren?Gizakiaren jatorriaren azterketak hainbat zientzia biltzen ditu; auzi horrek asko du baita ere filosofiatik eta erlijiotik, eta kontra izan ditu hasiera-hasieratik Bibliako azalpenak eta, beraz, moral kristaua. Bestalde, iraganeko giza aztarna oro balio handikoa denez, gizakiaren jatorriaren bilaketan pasadizo bitxi asko, eta hamaika gertaera alai eta triste izan dira -Pekingo gizonaren fosil bilduma osoa galtzea, adibidez-. Ikertzaile askok beren lankideen isekak jasan behar izan dituzte, eta horren eraginez ikerketak gordean egin izan dira maiz: datuak, fosilak eta aztarnategiak ezkutatuz, eta aurkikuntza faltsuak ere eginez, Piltdown-eko burezurraren kasu ospetsua, adibidez (Ingalaterra, 1912). Ezezagun batek fosil bat egin zuen giza burezur batekin eta orangutan baten masailezurrarekin -falta den kate maila, aldez aurretik berariaz egina-; garai hartako zientzialari ospetsu bat maiz ibili ohi zen bazter batean lurperatu zuen fosil hura, eta sekulako ondorioak eragin zituen. Azkenean norbaitek aurkitu zuen hainbestetan alferrik bilatu izandako kate maila galdu hura, Piltdowneko Gizona; eta, gainera, garai hartan munduko zati handi bat beretua zuen inperioaren atsegin eta gozamenerako, hala behar zuen eta, kate maila hura... ingelesa zen! Antzeko adibide ugari dago. 1924an Raymond Dart-ek Australopithecus gazte baten burezurra -Taungeko Umea- aurkitu zuen Hego Afrikako harrobi batean; haren ustez, aztarna hura gaur egungo Antropoideen eta gizakien arteko erdibidean zegoen, baina beste zientzialariek iseka egin zioten ondoriohoriengatik; hala bada, aztarna hura ezkutatuta eduki zuen urte askotan, inork ikus ez zezan. Giza fosilen bilaketan bakanak izan dira horrelako gertaerak, Estatu Batuetako sartaldean dinosaurio bila ari zirela Marshen eta Copen arteko ?gerrak? izan ezik.

Aurkikuntza berriek etengabe ari dira gizakiaren genealogiaren interpretazioa aldarazten, eta genealogia zuhaitzak esaten zaienak maiz egokitu behar izaten dira beraz, eta interpretatu ere era askotara interpretatzen dira, gero ikusiko den bezala.

Gainera, zientzilariek oso eztabaida sutsuak izaten dituzte zeinek bere iritziaren alde. Espainiako paleontologo batzuek orain dela gutxi Atapuercan (Burgosen) egin dituzten aurkikuntzek genealogia zuhaitz hori, aldez bederen, aldatzea ekarri dute, aztarnategi horren aberastasun handiak datu harrigarriak eman baititu orain dela milaka eta milaka urte Afrikatik etorritako kanpotarrek Europa nola kolonizatu zuten jakiteko.

 

Primateen jatorria

Primateen ordenaren barruan dagoen animalia multzoa zaila da definitzen, ez baitute animalia horiek gainontzeko ugaztunengandik argi bereiziko dituen ezaugarririk.

Horrexegatik, hobeto definitzen dituzte haien bilakaeran sumatzen diren joerek, zuhaitzetan bizi ziren haien aitzindarien eragin nabarmena zutenak: - Aldaketak hezurduraren egituran eta mugitzeko eran.

- Aldaketak eskuetan; eskuak erabiltzeko gaitasun handiagoa.

- Usaimenak ez zuen hainbeste eraginik, eta egunez hobeto ikusten zuten, koloreak bereiziz eta sakontasuna sumatuz.

- Aldaketak hortzetan: hortz gutxiago, txikiagoak eta ez hain espezializatuak.

- Burezurra zabaltzea.

- Jokabidearen bilakaera.

- Gaur egun onartua dago gaurko primateek zuhaitzetan bizi zen eta intsektuak jaten zituen Kretaziko aldiaren bukaerako satitsu itxurako (1. eta 2. irudiak) ugaztun batean dutela jatorria. Aro Mesozoikoaren bukaeran intsektujaleek oso bilakaera bizkorra izan zuten, eta haietatik sortu ziren, karraskariak eta lagomorfoak (untxiak eta erbiak), eta baita primateen bilakaera lerroa ere; intsektujale izatetik primate izatera nola iritsi ziren ez dago fosilen bidez ondo dokumentatua.

Ezagutzen den lehenengo primatea Paleozeno aldian bizi izan zen -duela 65etik 54ra milioi urte inguru-; karraskari txiki baten itxura zuen, eta segur aski basoko sasi eta zuhaixken artean biziko zen; primate mota horietako batzuk zuhaitzetako bizimoduanespezializatu ziren, eta handik sortu ziren lehenengo prosimioak (Prosimii azpiordena, ikus 1. taula), Eozenoan -duela 54tik 38ra milioi urte inguru- Eozenoko klima Paleozenokoa baino beroagoa zen: tropikoko oihan euritsuak sortu ziren, eta hango zuhaitzetako adaburuak fruitu, hazi eta intsektu ugari zituztenez espeziazio aukera handiak eskaintzen zituzten; baina, aldi berean, zuhaitzetakobizierak harrapari asko baztertzen zituen, egokitzearen aldetik oso baldintza zorrotzak bete behar baitzituzten bizi ahal izateko: eskubesoen gaitasuna, ikusmen zorrotza, tente egoteko gaitasuna eta kumeak zaindu ahal izatea.

Zehatzago esanda, koloreak, hiru dimentsioak, formak eta mugimendua bereizteko gaitasuna oso baliagarria zen; eta horren ondorioz nerbio sistema garatuagoa izanbehar zuten, eta burezurra haien aintzindariek baino handiagoa. Antropoideak (Anthropoidea azpiordena, ikus 1. taula) Oligozenoan sortu ziren -duela 28tik 25era milioi urte inguru-, eta horiek ere zuhaitzetan bizi ziren.

Haien burezurraren edukiera eta ikusmena hasierako prosimioena baino handiagoa zen.

Hurrengo geologia aldian, Miozenoan, aldaketa handiak egon ziren kliman, hotzera eta lehorra egin baitzuen; egokitu beharrak aldaketa handiak eragin zituen izaki motetan, basoak gutxitu egin baitziren eta soilgune handiz, sasiz eta belardiz eraturiko zuhaitz eremuak nagusitu baitziren haien ordez; horren guztiaren ondorioz, ordu arte bizimodua zuhaitzetan egiten zuten primate multzo haien taldeak bereizi egin ziren tokian tokiko egoeretara moldatzen ikasi zuten taldetan. Tximu azpimultzo batzuk bakartuta geratu ziren zuhaitz eremu batzuetan, eta hala sortu ziren lehenengo hominoideoak (Hominoidea superfamilia, ikus 1. taula). Duela 23tik 20ra milioi urte inguru agertu ziren izaki haiek simio itxura zuten. Miozenoaren erdi aldera, hominoideo talde bat, Driopitezinoak, Afrikatik Europara eta Asiara hedatu zen (3. irudia).Miozenoaren azken aldian (duela 10etik 6ra milioi urte inguru), hominoideoak ez ziren oso ugariak, zuhaitzetako bizitzan nagusi ziren beste primate batzuen aldean.Baina, duela 6-4 milioi urte bereizkuntza bat izan zen hominoideo horietan, eta handik sortu ziren gaur egungo gorilak, txinpantzeak eta gizakiak (hominidoak, hominidae familia, ikus 1. taula). Hominidoen lerroa simioen lerrotik bereizte horrek oinarri-oinarrizko aldaketak ekarri zituen hominidoen anatomiara: bi hanketan ibiltzen hasi ziren, burezurra handitu egin zitzaien, enbrioi ondoko aldia luzatu egin zitzaien, eta, beraz, epe luzeagoa zuten ikasteko; eta hitz egiteko gai zirenez, gai ziren orobat ikasiak irakasteko. Bi hanketan ibiltzeko gaitasuna izan zen lehenengo ezaugarria, eta gaurko gizakiraino eraman zuten aldaketak geroztikakoak izan ziren: tresnak erabiltzen jakitea, garun handiagoak izatea, eta gizakiari dagokion bizimodua.

 

Gizakiaren jatorria Afrikan dago. Lehenengo hominidoak.

Darwinek, ohi zuen ikuskera zorrotzaz, 1871n iragarria zuen gizakiaren lehen aitzindariak Afrikan aurkituko zirela segur aski. Eta, izan ere, gaur egun onartua dago lehenengo hominidoak Afrikan sortu zirela.

Kontinente horretan era askotako hominidoak bizi izan ziren hurrenez hurren hainbat milioi urtean zehar, baina horietako asko iraungi egin ziren, ez baitzuten bilakaeraren aldetik aurrera egiterik izan.Hominidaeren familiak hartzen dituen jeneroen artean antzinako jenero batzuk iraungita daude, gaur egungo gizakia (Homo sapiens) hartzen duen Homo jeneroa izan ezik.Paranthropus, Australopithecus eta Ardipithecus jeneroak dira horiek. Homo jeneroaren baitan ere izaki mota batzuk iraungi egin ziren.

Ardipithecus ramidus izaki mota aurkitu izanak frogatu zuen lehenengo aldiz hominidoen bilakaera lerroan bereizketa bat izan zela.

Mota hori Etiopian aurkitu zuten eta 4,4 milioi urteko antzinatasuna zuen. Gizakiaren aitzindari hori, ustez, bi hanketan ibiltzen zen, garuna txikia zuen, erraz igotzen zen zuhaitzetara, eta gizakien eta simioen antza zuen.

Era askotako interpretazioak daude Afrikako hominido motak eta jeneroak sailkatzeko eta Homo jeneroan bukatzen den lerroa egiteko.

Interpretazio berrienetako batek (5. irudia) bi bilakaera lerro onartzen ditu, biak Ardipithecus ramidus jeneroan hasten direnak.

Atapuercan (Burgos) orain dela gutxi egin diren aurkikuntzetan oinarriturik egindako gizakiaren genealogia zuhaitza; Ardipithecus ramidus jenerotik datozen bi lerroak adierazten ditu.a) Lerro horietako batek australopiteko sendoetan du bukaera, haien aitzindari 68meheagoek Australopithecus afarensis dutelarik izena. Luzaroan uste izan da, 90eko hamarraldian egin diren aurkikuntzak baino lehenago, Australopithecus afarensis (4. irudia) zela hominidorik zaharrena gizakiaren lerro zuzenean (6. irudia). 3,6 milioi urte zituen, eta haren aztarnak Etiopian eta Tanzanian aurkitu ziren. Izaki mota horretakoak dira bai 1974an aurkituriko Lucy hezurdura ospetsua, 20 bat urteko eme bati dagokiona, eta bai Laetoliko oinatz ohi ez bezalakoak, hankabiko baten aztarna fosil, maitagarrien ipuin batekoak diruditenak.

Sabana eremuetan bizi ziren, simio itxura zuten, 90 bat cm. ziren garai, eta ia landareak besterik ez zuten jaten.

Giza familiaren genealogia zuhaitza, Australopithecus afarensis aurkitu ondoren egina; izaki mota hori hartzen dela beste Australopithecus mota batzuen eta Homo jeneroaren aitzindaritzat. (De Johanson & Edey, 1981). Urte askotan indarrean egon den eredu hori gaindituta dago gaur egun.

Lehenengo australopiteko sendoa Etiopian aurkitutako mota bat izen zen, Paranthropus aethiopicus izenekoa eta duela 2,5 milioi urte bizi izandakoa; haren ondoren etorri ziren Paranthropus robustus eta Paranthropus boisei (4. irudia), duela 1etik 2ra milioi urte inguru. Paranthropus robustusak Paranthropus boiseiak baino handiagoak ziren (1.5 m.) eta pisu handiagoa zuten, 45 kg. gehienez, burezurrak 530 cm3-ko edukiera zuela; mota horretako fosil gehienak Hego Afrikan aurkituak dira, eta Paranthropus boiseirenak, berriz, Afrikako sortaldean. Australopiteko sendoek oso garatua zuten oro har mastekatzeko aparatua: haginak oso handiak zituzten oso landare gogorrak txikitu ahal izateko. Gandor bat ere bazuten burezurrean.

Lerro hori iraungi egin zen.. ) Beste bilakaera lerroak gaurko gizakian du amaiera. Bilakaera eredu horren arabera, Ardipithecus ramidusen ondoren Australopithecus anamensis etorri zen; haren aztarnak Kenian aurkitu zituzten, han bizi izan baitzen duela 4 bat milioi urte. Mota horretatik bi lerro sortu ziren, batetik, Australopithecus africanus sorrarazi zuena, geroztikako bilakaerarik gabe iraungi zen mota; eta, bestetik, Homo jeneroa sortu zuena. Australopithecus africanusen fosilak duela 3tik 2,5 milioi urte ingurukoak dira; 1,4 metro ziren garai mota horretako banakoak, 27 kg. zuten pisua, eta 450 cm3koa zuten burezurraren edukiera (gaurko gizakiak, berriz, 1.500 cm3 ditu) (4. irudia).

Hori beste interpretazio bat baino ez da dauden interpretazio askoren artean. Autore batzuentzat, Australopithecus afarensis izan zen lehenengo Homoen aitzindari zuzena; beste batzuentzat ordea Australopithecus africanus izan zen aitzindaria.

 

Homo jeneroa.

Lehenengo Homoak bilakaeraren aldetik aitzindari zituzten australopitekoen oso bestelakoak ziren, nahiz bi jenero horietako izaki mota batzuk aldi berean bizi izan ziren; burezurraren edukiera %30 handiagoa zuten, eta aurpegia txikiagoa zuten burezurrarekiko proportzioan; hortzak ez zituzten hain espezializatuak.

Homo jeneroaren fosil zaharrenak Afrikan agertu ziren duela 2,4 milioi urte, eta Homo rudolfensis motakoak dira. Aurkikuntza berri hori dela eta, ordu arte ezagutzen ziren aztarna zaharrenak baino milioi erdi urte zaharragoak ziren, australopiteko berantiarra edo Homo habilis esan zaion duela 1,9 milioi urtekoa baino zaharragoa, alegia. Homo habilisen fosilak (gizon trebea) izan ziren Louis Leakey-k 1964an Olduvaiko (Tanzania) mendi zintzur ospetsuan aurkitu zituen jenero horretako lehenak; izaki orojaleak ziren, 1,5 metrokoak, 50 kilogramoko pisua eta 680 cm 3 burezur edukiera zutenak, eta hasiak ziren harrizko tresnak erabiltzen, oso tresna soilak hala ere (Olduvaiko kultura).Lehen agerraldia 2 bat milioi urtekoa duten mota horien existentziaren ondorioz esan daiteke egokitu beharrak aldaketak eragin zituela agian Pliozenoaren bukaeran Afrikako Hominidoetan, eta baliteke Homo mota berri batzuk sortu izana ere.

Gizakiaren antz handia zuen Homo ergaster deritzan izaki mota bat bazela frogatu zuen hezurdura bat aurkitu zuten 1984an: 1,85 metroraino garai zen nerabe bat, duela 1,6tik 1,8ra milioi urte ingurukoa. Hezurdura horren egitura gaurkotasun handikoa da itxuraz, eta geroztikako gizaki guztien aitzindaria da, itxura guztien arabera. (Autore batzuen iritzian, Homo ergaster eta Homo habilis izaki mota berak dira).

Homo ergasterrek orain dela milioi bat urte emigratu zuen Afrikatik, eta Europan eta Asian barrena zabaldu zen. Migrazio horiek milaka urte iraun zuten, eta, epe luze horretan, etorkin haiek mota askotan bereiziz joan ziren kokatzen ziren leku eta baldintzen arabera.Afrikatik irten eta Asian kokatu ziren Homo ergasterretatik Homo erectus sortu zen, ikertzaile gehienentzat Asiako ekialdeak berezkoa izan zuen bilakaera mota jarraipenik eta ondorengorik gabea. Hala eta guztiz ere, luzaroan uste izan zen Homo erectus zela gaurko gizakiaren (Homo sapiens) aitzindaria, duela 1etik 0,5era milioi inguruko hominido estandarra. Luzaroan uste izan da Homo erectus Afrikan sortua zela eta gehienez duela milioi bat urte Afrikatik irten eta Asiako ekialdean barrena zabaldu zela, eta geroztik gaurko gizakiak izaki mota horretatik sortu zirela orobat. Gaur egungo teoria batzuek baztertuta daukate aukera hori, gero ikusiko dugun bezala.

Homo erectusen lehenengo fosilak -Javako gizona- Eugene Duboisek aurkitu zituen 1890ean Javako uhartean. Geroztik aurkikuntza handiak egin ziren Pekinetik hurbil -Pekineko gizona- eta Indian. Gizabanako horiek 1,60 metro ziren garai, masailezurra sendoa zuten eta kokotsik gabea; haien burezurraren edukiera 800tik 900 cm3ra bitartekoa zen. Segur aski jantzita ibiliko ziren, sua egiten jakingo zuten, eta harri langintzan aritzen ziren (Acheul aldiko langintza): hartxintxarrak kolpeka lantzen zituzten.

Europan kokatu ziren Homo ergasterren bilakaeratik Homo heidelbergiensis sortu zen, eta, geroztik, Homo neanderthalensis edo Neanderthalgo Gizona. Orain dela gutxi arte ez zegoen Homo heidelbergiensisen aztarna handirik -Mauerreko Masailezurra esan izan zaiona adibidez-, baina orain dela gutxi hogeita hamabi gorputzen aztarnak aurkitu dira Atapuercan, eta, beraz, gerora Neanderthalgo gizona sorrarazi zuen antzinako gizaki motatzat jo izan da gaur egun mota hori, baina ez gaur egungo gizakiaren aitzindari zuzentzat.

Neanderthalgo Gizonak Europan eta Asiako sartaldean bizi izan ziren, duela 200.000tik 30.000ra urte inguru, baina gero desagertu egin ziren Homo sapiens nagusitzen hasi zirenean, bai hauek suntsitu egin zituztelako haiek, edo bai gurutzatu egin zirelako eta beren hasierako ezaugarriak galdu zituztelako; baliteke ere Pleistozeno aldian izan ziren klima aldaketetara moldatzeko ezintasunez desagertu izana. Neanderthalgo Gizonaren lehenengo aztarnak Neander haranean agertu ziren, Alemanian. 1,55 metro ziren garai, burezurra gaurko gizakiarenaren bestelakoa zuen (luzeagoa, 4. irudia), kopeta txikia eta atze aldera, bekaingaina sendoa; burezurraren edukiera 1.200 cm3koa zen mota horretako banako antzinakoenetan. Harri langintza ugaria zuten, eta Moustier aldiko kulturarekin lotu izan da: eskuzko aizkorak, laban puntak, karrakak, milaka urtetan ia aldaketarik izan ez zutenak. Hildakoak lurperatzen zituzten; orain dela30.000 bat mila urte desagertu ziren.

Haien anatomia tasun bitxiak zirela eta, gizaki simio itxurako, zakar eta baldartzat hartuak izan ziren, baina tasun horiek ez ziren garai hartan Europan nagusitu ziren klima baldintza gogorretara, izotzaldiak eragin zituzten hotz handietara, moldatu beharrak sortutako morfologia aldaketak baizik.

Homo Sapiensen lehenengo aztarnak Cro-magnonen aurkitu zituzten, Frantziako hegoaldeko herri batean, eta horregatik deitu zitzaion Cro-Magnoneko Gizona. Ordu arteko gizakiak baino garaiagoa zen (1,65 m.), burezurra handiagoa zuen (1.400 cm3 ), kopeta zuzena eta aurpegia lauagoa, Neanderthalgo gizonen bekaingain nabarmen hura gabea. Haitzuloetan eta txaboletan bizi ziren, eta haitzuloetako artea eta arte higigarria sortu zuten: animalien pinturak eta zeinu abstraktuak haitzuloetako hormetan -zaharrenek 25.000 urte dituzte-, eta tailu txikiak. Lanabesak hobetuak zituzten (Aurignac kultura eta Goi Paleolitos Aroa).

Orain dela 10.000 bat urte, gizaki horiek sedentario egin ziren, animaliak hezi zituzten eta nekarazitzan hasi ziren. Baina, nondik zetorren gaurko gizona edo Homo sapiens hura?

 

Gaurko gizakiaren edo Homo sapiensen jatorria.

Gaurko gizakiak duela 140.000tik 290.000ra urte inguru sortu ziren. Horrek esan nahi du, eta orain arte aztertu ditugun Homo motak ikusirik, duela 50.000 urte hiru gizaki mota zeudela Lurrean, eremu desberdinetan kokatuak, eta Homo ergasterretik sortuak segur aski; Homo neanderthalis Europan, Ekialde hurbilean eta Asiako Erdialdean; Homo erectus Javako uhartean, hura zen Asian bizi izan zen motaren azken ordezkaria; eta Homo sapiens Afrikan. Baina orain dela 20.000 urte -30.000 urte geroago, alegia-, Homo sapiens zen bizirik zirauen mota bakarra. Gaur egungo gizakia ez zen Neanderthal gizonaren bilakaeratik sortu, haren ordez sortu zen aitzitik, batzuek besterik esaten badute ere.

Bi teoria desberdin daude Homo sapiensen jatorria argitzeko: eremu askotako eredua eta jatorri bakarraren edo Noeren Ontziaren eredua, baina ez bata eta ez bestea dira oso sinesgarriak.Eremu askotako eredua: teoria horren arabera, Homo neanderthalensisek eta Homo erectusek aldi berean izan zuten Homo sapienserantzako bilakaera bizi izan ziren lekuetan: Homo sapiens, beraz, pixkanakapixkanaka sortu zen mundu osoan. Erahorretako bilakaera aldaketak eremu askotan gertatu izanak bihurtu zituzten antzinako gizakiak gaur egungo gizaki, halako isuri genetiko bat izan zelarik giza taldeen artean.

Jatorri bakarraren eredua: gaur egungo giza taldeen ezaugarriak duela 200.000 bat urte bizilekua han izan zuten Homo ergasterretatik bereizitako Afrikako Homo sapiens giza talde batean sortu ziren; Homo sapiens horiek saldoan joan ziren Europara eta Asiara eta ordu arte han bizi izan ziren beste Homo moten lekua hartu zuten; geroztik gaur egungo arrazak eratu ziren. Eredu horrek euskarri sendo bat izan du amaren bidez baizik heredatzen ez den mitokondriako DNAri buruzko genetika azterketetan; azterketa horien arabera, gaur egungo gizaki guztiek amaren bidezko ondoretasunari dagozkion genealogia lerroetan atzera egin dezakete duela 200.000 bat mila urte ziur asko Afrikan bizi izan zen emakume batenganaino. Gaur egungo gizakiak Afrikako leku ezin zehaztuzko batean sortu ziren, eta handik zabalduz joan ziren.

Hala ere, Atapuercan orain dela gutxi egin diren aurkikuntzek bilakaeraren ikuskera orokor hori aldarazi dute (5. irudia). Horrela, eta ikuskera orokor horren baitan, Neanderthal gizakiak (Homo neanderthalensis) eta gaurko gizakiak (Homo sapiens) bilakaeraren aldetik elkarren hurbilago daude bi horietako edozein Homo erectusengandik baino; horrek esan nahi du arbaso komun bat zutelabi horiek, baina ez ordea Homo erectusek.

Homo heidelbergensis esaten zaion mota - aztarnartegi horretan eta Europako beste leku batzuetan ugari aurkitu dira horren aztarnak- Neanderthal gizakiaren eta gaurko gizakiaren arteko loturatzat hartua izan zen; baina izaki mota horren duela 300.000 urteko aztarna asko Atapuercan aurkitu izanari esker, jakin ahal izan da Homo heidelbergiensis Neanderthalgo gizakiaren aitzindari zuzena izan zela, Neanderthalgo gizakiaren aurreko forma antzinako bat, gaurko gizakiaren edo gure izaki motaren sorrerarekin inongo zerikusirik ez duena. Neanderthalgo gizakiaren eta sapiens gizakiaren arteko lotura Homo antecessorrengan ikusi dute adituek; haren aztarnak ere Atapuercan aurkituak dira, baina jalkin maila zaharragoetan (800.000 urte), eta haien fosilen ezaugarriek garbi erakusten dute bai Neanderthalgo gizakiaren eta bai gaurko gizakiaren aitzindaria dela, eta hura dela bi mota horiek lotzen dituen kate maila.

Beraz, Homo antecessorren banakoak Homo ergasterren ondorengoak dira -haren aurkitzaileen arabera-, eta Homo sapiensen eta Homo neanderthalensisen aitzindariak.

Duela 35.000tik 10.000 urtera Asiako Homo sapiens taldeak Bering Itsasartea zeharkatu eta Ipar Ameriketa aldera jo zuten; Hego Ameriketara, berriz, ezin da zehatz jakin zer urtetan joan ziren, segur aski ez orain dela 12.000 urte baino lehenago.

Australiara duela 50.000 bat urte iritsi ziren.