Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Fosilak

1. Irudia: Dinosauru-icnita baten eraketa. Animaliaren oinatz bat lokatzetan edo hondarrean markaturik geratzen da (1). Ibai baten ur goraldiak edo itsasoak oinatza estali eta jalkina jalkitzen du haren gainean; oinatzaren formak iraun egiten du (2, 3). Denborarekin, trinkotu eta harri bihurtzen da (4). Hasierako lokatz edo hondarrak, gogorturik, arrastoa gordetzen du (5) eta oinatza estali zuen jalkinak molde bat eratzen du (6).<br><br>

Fosilak iraganeko organismoen hondakinak dira, edo haien ihardueraren seinaleak, harri sedimentarioetan integratuak eta prozesu fisiko-kimiko konplexuen bidez sortuak.

Ezagutzen diren fosilek iraganeko bizitza izan bide zenaren errejistroa moldatzen dute, ez osoa, eta zeharkakoa arrazoi askorengatik, eta itsas organismoen nagusitasun nabarmena agertzen duena. Haren baliagarritasuna bizitzaren historiaren ezagupenaren alorrekoa da, bai eta geologia aplikatuko lanetako tresna gisa ere

 

Fosil kontzeptua

Pliniok dagoeneko erabili zuen fosil hitza I.. endean, lurperaturiko gorputzaren izaera adierazteko. Izendatze hori bai antzinako izaki bizien eta bai mineralen hondarrei zegokien.

Joan den mendean, bitasun hori alde batera geratu zen Lyell ingeles geologoak bere definizioa eman zuenean: fosilak harri sedimentarioetan integraturik dauden beste garaietakoorganismoen hondakinak dira. Egun, fosil hitzari esanahi zabalagoa ematen zaio, organismoen hondakinak ez ezik, haien ihardueraren seinaleak ere hartzen baitira fosiltzat, seinale horiek ere organismoen existentziaren testigantzak baitira (jokaeraren fosilak dei litezke). Adibidez, dinosauru baten oinatzak (icnita, I. Irudia) animalia horiek leku horretatik igaro zirela frogatzen du, halakoen hondakinik gelditzen ez bada ere. Horrenbestez, gorozkiak, koprolito deituak, harrek jalkinetan egindako zuloak, etab. fosiltzat hartu ohi dira.

Fosil mota horren sorburua animalia bizia da, eta ez dira, kasurik gehienetan gertatzen den bezala, animalia edo landarea hil ondoren pilaturiko hondakinak.

Fosilaren muturreko nozioa benetako fosil kimikoei dagokiena da, hau da, geruzetan ager daitezkeen gai kimikoak, beraien sortzaile izan ziren organismoen existentzia frogatzen baitute.

Neurriaren ikuspegitik, mikrofosilak eta makrofosilak bereiz daitezke. Aurrenekoek neurri mikroskopikoa dute eta halakoak ikertu ahal izateko handiagotzeko tresna optikoak (mikroskopioa edo estereomikroskopioa) ezinbestekoak dira; bigarrenekoek, ordea, tamaina nabarmenekoak dira.

 

Nola eratzen diren. Tafonomia.

Organismo baten hondakinen kontserbazioa edota haren ihardueraren aztarnak irautea ohi ez diren gertakariak dira, eta harrigarria bada ere, eskala handiari dagokionez, aski maiz jazotzen dira era horretakoak. Fosilizazioa izeneko prozesu fisiko-kimiko baten bidez sortzen dira fosilak. Prozesu horrek denbora bitarte jakin bat behar du; ikerlari gehienek onartzen dutenaren arabera, duela 13.000 urte inguruko hondarrak dira fosil berrienak; geroagoko hondarrei azpifosil izena ematen zaie.

Hil ondoren, izaki organikoak aski laster desegiten dira, baldin eta hil eta han- 18dik gutxira eguratsaren, gainerako animalien eta mikroorganismoen eraginetik babesten dituen materialen baten azpian ehortzirik geratzen ez badira. Guztiarekin ere, eskeleto zati gogorrenak eta aurretik gai mineralez hornituak direnak fosilizatzen dira soilik.

Fosilizazio prozesuak (2. Irudia) eraldatze kimiko saila ekartzen du; eraldatze horietan, normalean, organismo hilaren gai organikoak izaera minerala duten beste gai batzuek ordezkatzen dituzte; gai horiek eskuarki kaltzio karbonatoa edo silizea izaten dira, baina beste batzuk ere izan daitezke, hala nola pirita, markasita, fosfatoak, hematiteak, etab. Eraldatzearen izaera zenbait faktoreren baitan dago, hots, hondakin organikoen jatorrizko konposizioa eta hondakinok prozesuan zehar aurkitzen zireneko baldintza geokimikoak, zeren eta hondakin horiek ehortzi zituzten jalkinen osagaiak baitira materia organikoarekin erreakzionatu eta ordezkatu ondoren, fosila ematen dutenak.Maskorrek eta ornogabeen zati gogorrek ziren bezala irauten dute edo aldaketak izaten dituzte beren konposizio kimikoan edo kristal egituran. Aragonitoa (CaCo 3 ), maiz aski soinberen maskorra moldatzen duena, kaltzita bihur daiteke (CaCo 3 ), konposizio bereko forma kimiko egonkorragoa alegia.

 

Suntsitze mekanikoa , biologikoa eta kimikoa. Kontserbazioa.

Aztarnategi fosilen eraketa aztertzen duen Paleontologiaren adarrari tafonomia deritza.

Bereziki prozesu hori gauzatu dadin, edo ez, zein kausa biologiko eta geologiko diren aztertzen du.

Fosila izan dadin, jalkinek organismo osoa, haren zati bat edo haren iraganeko ihardueran aztarnak gorde behar dituzte. Hondakinak irauten badu, eta fosila eratzen bada, horrek esan nahi du organismo hilen eta haien ingurunearen gainean eragina duten prozesu suntsitzaile askoren parte bat bederen ez dela eraginkorra gertatu. Prozesu horien artean suntsitze biologikoa aipa daiteke: ajente patologikoak giro mota guztietan ageri dira. Organismo bat hil eta handik gutxira, beste ajente biologiko suntsitzaile batzuk erakartzen ditu, hala nola sarraskijaleak, bakterioak (onddoak), etab., hots, aprobetxa daitekeen guztia desagertzen laguntzen dutenak.

Suntsitze mekanikoa: Eskeletoaren edo maskorren hondakinak, adibide batzuk aipatzearren, haustura mekanikoak eta eguratseko ajenteen higadurak desegiten ditu. Pentsatzekoa denez, hondar desberdinak suntsitze mekaniko desberdina izaten du eta badira hondar batzuk beste batzuk baino iraunkorragoak direnak —hortzak, esaterako—, izaera horrek errejistro fosilean irauteko probabilitate handiagoa edo txikiagoa dakarrelarik.

Suntsitze kimikoa: Fosil gehiago ez izateko beste arrazoietariko bat hondarren suntsitze kimikoa da, eta sortu edo ehortzi zen baino askoz geroagokoa izan daiteke.

Prozesu suntsitzaileak ikusirik, fosilizazioa izan dadin beharrezkoa da hondar organikoak sedimentazio gune batean pilatzea, sedimentazio hori aski lasterra izatea, hondakinak azkar betetzeko eta suntsi ez daitezen, eta jalkin motak ere kontserbazioa ahalbideratuko duena izan beharko du. Azkenik, estratuen tolesdura eta failak bezalako aldaketa geologikoak gorabehera, hondakinek ezagutzeko moduan iraun behar dute.

Logikaren arabera, suntsitze bideak kontuan harturik, aise pentsa dezakegu animalia edo landare guztiek ez dituztela aukera berdinak irauteko eta errejistro fosilaren barne izateko. Zati gogorrak dituzten animaliak errazago kontserbatzen dira, hala nola soinbera maskordunak, koralak, etab. Bestalde, izaki biziak bizi direneko ingurugiro guztiak ez dira berdin lagungarri fosilizaziorako.

Organismo berdinek inguru jakin batean irauten ahal dute, eta beste batean suntsiturik gertatu. Oro har, fosilen kontserbazioa faboratzen duten jalkinen pilaketari begira, itsas mailaz beheragoko ingurunea egokiagoa da itsas mailaz goragokoa baino; arrazoi horregatik, itsas fosilen errejistroa lehorrekoa baino askoz ere handiagoa da.Kontserbazio kasu ezohikoak izan dira bizirik gabeko inguruetan gertatu ezohiko prozesu batzuen ondorioz, hala nola erretxina fosilean (anbar) kontserbatu diren intsektuena, edota putzu bituminosoetan, alkaternaren antzeko gaietan alegia, eroritako animalia askoren kasua.

 

Aztarnategiak

Fosilak jalkin harrietan agertu ohi dira, nahiz eta haien artean oso pusketa handiz osatuak (konglomeratuak, bretxak) direnek oso gutxitan dauzkate. Ohikoak dira buztinetan, kare harrietan, margetan, hare harrietan, arbel buztintsuetan, etab. Harri metamorfikoek —presioak edo tenperaturak aldarazitako jalkinetatik datozenek— ere fosilak eduki ditzakete metamorfismoa oso handia ez bada izan, zeren eta halakoetan harriaren berregituratze prozesuek suntsitzen baitituzte fosilak. Berdin gertatzen da guztiz berkristalizaturik ez dauden marmoletan.

Fosilak ez dira harri igneoetan agertzen, granitoetan edo basaltoetan adibidez, ez eta arbel metamorfikoetan, edo eratze prozesu konplexuagoak izan dituzten harrietan (dolomiak adibidez).

 

Zergatik aztertu fosilak

Denboran zehar, eboluzioaren eskalan, elkarren ondozka bizi izan diren izakietan gertatu zenaren testigantza zuzen bakarra dira fosilak: bizitzaren historiaren errejistroa eratzen dute. Darwinek Hego Ameriketan aurkitutako fosilak eboluzioari buruzko teoria formulatzera eraman zuten lehen aztarnetariko bat izan ziren. Fosilen ikerketa, zientzia alorreko interes huts horrez gainera, ezinbesteko tresna da Geologia orokorrean eta bereziki haren adar batzuetan (Estratigrafia).Fosil adierazleak edo fosil gidariak: estratigrafia erlazioak finkatzeko balio dutenak dira, eta beren geografia banaketa zabalaren, ugaritasunaren eta eboluzio azkarraren ondorioa da ezaugarri hori; azken puntu horrek esan nahi du denboran zehar halako fosil bat agerraldi laburrekoa izan zela (mota gisa gutxi iraun zuela) eta haren ezaugarri morfologikoak ondo zehazturik daudela.

Baldintza horiek betetzen dituzte, adibidez, plankton organismo batzuek eta ammonites askok, horiek, estratu jakin batean aurkitu direnez, estratu hori denbora geologikoaren azpisail guztiz zehatz bati dagokiola adierazten baitiote geologoari.

Facies fosilak: baldintza jakin batzuei eta ezaugarri litologiko eta paleontologiko multzo (facies) bati loturik agertzen diren fosilez esaten da; hain zuzen ere fosil horietako bat aurkitzen denean ezaugarri multzo osoa ateratzen baita ondorioz. Eredurik egokiena arrezifeetako organismoena da; hala, koral batzuk aurkitzen badira, badakigu, bestetik gabe, aztertzen ari garen estratuak koral tropikalen arrezife ingurunean jalki zirela.

Fosil biziak: iraganean oso zabaldurik zeuden zenbait talde biologikoren benetako erlikiak diren egungo animaliak edo landareak adierazi ohi dira berez batere egokia ez den izendapen honen bidez; halakoak ikergai ezin estimagarriagoak dira iraganeko bizitza argitu ahal izateko. Adibide gisa Zelakantoa (Latimeria chalumnae) aipa daiteke, Kretaziko aroan desagertutzat ematen zen arrain taldeko (Krosopterigioak) motaren ale bat harrapatu baitzen 1938. urtean Madagaskar aldean; edota Nautilus izenekoa, Mesozoiko aroko ammonites izenekoen kide dena. Landareen artean Zikadazeoak (zuhaitz erako iratzeen antzekoak) edo Gingko biloba izenekoa dira nabarmentzekoak, Lurrean Triasikoan eta Jurasikoan nagusi izan eta Kretazikoan gainbehera etorri ziren zuhaitz talde baten ondokoak direnak.

 

Errejistroa noraino den adierazgarria.

Errejistro fosila edo ezagutzen diren fosilen bilduma oso partziala da —ez baita osoa— eta ez du iraganeko biosferaren lekukotasun egokia ematen, aro guztietako jalkin harriak ez egoteak dakartzan hutsuneak direla eta. Ezagutzen diren fosilak milaka espezie (800.000 inguru) badira ere, halakoak iraganean bizi izan bide ziren izakien zati guztiz txikia besterik ez dira eta desagerturikoak betiko milaka milioitan kontatu behar dira zenbait autoreren arabera. Gainera, fosilizatzeko gaitasun desberdinaren ondorioz eta bizi ziren toki desberdinak — zenbaitetan fosilizazio prozesuak fabora zitezkeenak— direla eta, talde batzuk hobeto ezagutzen dira eta beste asko ezezegunak dira.