Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Industria iraultza. Ondorioak

Lokomotorren lantegia. XIX. mendearen erdiko dagerrotipoa.<br><br>

Industria iraultzak, eta haren gertaleku izan zen ekoizpen modu kapitalistak, aldaketa sakonak eragin zituzten gizartean. Aldatu egin zen bizimodua, aldatu ziren jokabideak, usadioak eta ohiturak. Aldi berean, jaunek eta jopuek osatzen zuten gizarte zaharraren lekuan, pixkana, beste gizarte bat eratu zen, jabe eta langileena, zeinek bere bizi baldintzekin eta baita kultura modu bereziak zituela.

Baina, horrez gainera, aurrerabide materialak gizartea zatitu bazuen ere, beste ondorio garrantzitsu bat ere izan zen lehen uneetan, alegia, biztanle asko eta asko pobretu zirela. Antzinako jopuak estamentukako gizarte hierarkizatu baten mende bizi ziren, baina aldi berean bazuten babes sare baten laguntza (gremioa, anaidia, laguntza sozialeko sistema informala?): gizarte berrian, libreak ziren, formalki, bazituzten eskubide teorikoak, baina erabat babesgabe zeuden bizitzaren aurrean. Izan ere, industrializazioaren garaian, ziurtasun faltarena zen herrian zabalduen zegoen sentipena, alegia, segurtasunik eza etorkizunaren aurrean.

 

Langile proletarioen sorrera

E.P. Thompson ingeles historialariaren hitzetan, ?lanerako indar? bihurtu zen aldi honetan ?gizadi langilea?. Kontzeptu hori lan eskuaren arrazionalizazio prozesuarekin dago lotua, eta, arrazionalizazio horren baitan, objektutzat hartzen zen langilea, makina, lurra edo indar higiarazlea bezalaxe.

Aldaketa hori ez zen bat-batean gertatu, jakina.

Hasieran, lanaren indarra ?finkatu? behar izan zen, eta ekoizpenaren espazioari (fabrika) eta bizimoduaren espazioari (hiria) lotu behar izan zitzaizkion baserrilanetan edo antzekoetan soberan zeuden langileak. Espazioa, beraz, aldatu egin zen, eta espazioarekin batera, baita antzinako denbora lasaia ere, industriaren denboraren zorroztasun arautuaren pean. Denbora ordutegi bihurtu zen. Ohitura berriak ikasarazi zitzaizkien langileei, lehen ez zeuzkatenak edo garrantzi handirik ez zuten ohitura batzuk: garai ibiltzea, diziplina, lanerako grina, dirua aurreztea, zuhurtasuna? Azkenik, behera egin zuen langile guztien bizi egoerak, pobreak ikaragarri ugaritu ziren, eta, lana bazutenak ere, etengabeko arriskuan geratu ziren, ez baitzuten eritasun, istripu, langabezia, zahartzaro eta abarren kontrako babesik.

 

Pobreen legeak

XVIII. mende bukaerako Ingalaterran argi ikusten da prozesu honetan gizarteak ordaindu behar izan zuena. Nekazariak, lurretatik egotzi zituztelarik, lanik gabe gelditu ziren, eta, hortaz, arriskutsu bihurtu ziren. Pobreen legediak arautu zuen (poor laws) langile horiek nola zuzendu eta sartu fabrikek eskatzen zuten erritmoan. Lege horien arabera, limosna moduan-edo ulertzen zen kopuru baten truke lan egin eta workhouse direlakoetan bizi behar zuten; etxe horiek, izan, kartzela modukoak ziren, mugimendu guztiak zainduak baitzeuzkaten bertan bizi zirenek. Industriak langile haien beharra zeukanean, zainketa murrizten zen eta fabriketara eramaten zituzten.

Halako zorroztasunik izan ez zen herrietan, behartsua arriskutsua zen, gizarteak esetsi egiten zuen, eta etengabe iraintzen (gogoratu Victor Hugoren Miserableak liburua).

 

Laneko diziplina

Bestalde, fabrika benetan zer zen ulertzearen ondorio izan zen fabrikako diziplina: ?automata handi bat? zen fabrika, eta denboran eta espazioan oso zorrotz koordinatu behar ziren gizonak, makinak eta zuzendaritza.

Horregatik, jabeak prestatzen eta estatuaren legeek bedeinkatzen zuten kode baten mende jarri zituzten fabriketako langileak; kode horretan baziren isunak, zigorrak eta mehatxuak, baina baita sariak eta estimuluak ere, laneko diziplina berri bat eta industriaren denboraren ikusmolde berri bat zabaltzeko.

 

Langileak

Industrializazioaren garaian langileek zuten bizimodua dela-eta, eztabaida historiografiko luze bat izan da, industrializazioaren beraren hasieran hasi zena. ?Pesimistak? eta ?optimistak? elkarren kontrajarri zituen eta dituen gatazka baino haruntzago, honela heltzen diote arazo honi gaurko historialariek, John Ruleren hitzetan: ?aldaketak bizi izan zituztenen sentimenduak eta erreakzioak, sufrimenduarekiko axolagabekeriarik ?epe luzeko ongizate?aren izenean adierazi gabe, baina ondoko mendeetako itxaropen eta balioek aginduko zutenaren arabera haserre biziegierik ere adierazi gabe?.

Alabaina, kontakizun erromantikoenek koadro beltzegia marraztu badute ere, Kenteko Victoriaren erreinaldiaren erdialde inguruan (1870 inguruan) soldatak dezente igo baziren ere, eta fabrikak eta hiriak landetan pentsatu ezinezko aukerak eskaini (eta horrexegatik, besteak beste, joaten zen jendea hirira) bazituen ere, behartasun larria izan zen ingeles industrializazioaren lehen unearen ezaugarria, eta baita, oro har, gerora industrializatuko ziren herriena ere.

Soldaten eta prezioen arteko oreka oso kaskarra zen, sarritan bizirik ozta-ozta irauteko modukoa. Bestalde, aldeak handiak ziren soldatetan, merkatuan egoera hoberena zuten eta okerrena zuten sektoreen artean.

Emakumeen soldatak oso-oso apalak ziren, baita gizonenen erdia ere, eta apalagoak, oraindik, haurrenak. Kontsumoa, gainera, oinarrizko elikagaiena besterik ez zen izaten, eta oso gutxi geratzen zen jantzi, higiene edota gizarte zerbitzuetarako.

Laneguna hamabi ordukoa izan zen XIX. mendearen bukaera arte. Zortzi orduko laneguna, hain desiratua, Lehen Mundu gerra arte ez ziren ezarri. Arriskua zen lan baldintzen ezaugarri nagusia, bai bizirako, bai osasunerako arriskua, eta, hala, izugarri zabaldu ziren istripuak eta lanaren ondoriozko eritasunak. Eskolara joatea, oso berandu arte, ezinezkoa izan zen ia langileentzat, nahiz eta Europako hegoaldeko herriak eta nekazaritza inguruneak izan horretan atzeratuenak. Bizietxeen baldintzak ez ziren hobeak, eta, hori zelaeta, langileek eta beren familiek kalean egiten zuten bizimodua, edo, gizonek, tabernan.

Alkoholismoa izurria zen hirietan, zenbait burgesen puritanismoak eta dotrina sozialistek gogor salatu zuten arren. Tuberkulosiak eta jabeen eta langileen bizileku eta elikadura guztiz desberdinetatik zetozen beste ?eritasun klasistek? jende asko eta asko hil zuten. Bukatzeko, esan behar da gizarte asegurantzaren arrastorik ere ez zegoela, eta mutualitateek edo sorospen elkarteek lagundu behar izaten zieten eriei, istripuak izandakoei, langabe eta alargunei, harik eta XIX. mendearen bukaera aldean (Alemanian: 1883 eta 1889 arteko Bismarken legedia), edo XX.aren hasieran, gerora estatu soziala izango zen osatzeko lehen urratsak eman ziren arte.

 

Baserriko langilea

Hiriko langilea industrializazioko proletarioaren ikur modura geratu baldin bada ere, gauza da XIX. mendearen erdian oraindik lau lagunetik hiru bizi zirela landa aldean ?Ingalaterran, eta hura zen herrialde urbanizatuena, lautik bi?, eta horren antzeko batez-bestekoa hartzen zuen nekazaritzan aritzen zen langile kopuruak. Nekazarien egoera ez zen herri guztietan berdina: nekazaritza aurreratuko herrietan (Herbehereetan) edo Frantzian (Iraultzaren ondorioz), laborariak lurraren jabe ziren; beste herri batzuetan ere jabeak ziren, baina oso pobreak (adibidez, Espainako iparraldeko goi-lautadan); beste batzuetan berriz baserritik egotzi zituzten eta hiriko proletario bihurtu ziren, edo lurrik gabeko soldatapeko (Britainia Handia), eta, zenbait kasutan, oso gutxitan (Errusian eta Europa ekialdean), jopuak izan ziren XIX. mendea ondo aurrera arte, eta esklaboak Estatu Batuetako, Kuba edota Brasilgo lursail handietan.

Lurrik gabeko nekazari langilearen kasuan, berriz, hauek ziren ezaugarri nagusiak: lanegun luzeak (goizetik gauera), erabat sasoiaren mende egotea (lan askoko aldi baten ondoren, lanik gabekoa etortzen zen), hiriko langileek baino soldata apalagoak izatea ?lana jatekoaren truke egiten zen zenbaitetan?, eta etxea oso kaskarra izatea, ingeles cottagea adibidez.

 

Burgesen bizimodua

Industrializazioak proletarioak ekarri zituen, baina baita burgesak eta erdi mailako klaseak ere. Gizarte talde hain heterogeneo honetan nekez egin daiteke sailkapenik, baina,hala ere, badago lau burges talde handiz mintzatzerik: errentadunak, lurren eta zor publikoaren jabeak; negozioetako, finantzetako, merkataritza edo industriako burgesak; profesionalak, teknikoak eta administrazio zibil eta militarreko goi karguak; eta burgesia txikia, dendariez, lantegien jabe ziren eskulangileez eta ?erdi mailako klase? zabalean sartzen zen oroz osatua.

Garai hartako ekonomia irauli zuen prozesuan burgesia izan zen aitzindari. Horretarako, bizimodu jakin bat beretu zuen: puritanismo morala, gastu eta gozamen neurrizkoa, eta denboraren eta grinen kontrola.

Burges zorrotz, leihatu, negozioetarako ausart eta langilearen irudia bat dator aberastasun sortzailearen arketipoarekin. Horren kontrakoa da ordea burgesaren seme eta ondorengoen arketipoa: gastua eta arrandia, eta gizartean ospea eskuratu nahia.

Burgesia sortu berri eta iraultzaile hark, aristokrazia zaharraren kontrako klase moduan eratu zelarik, nobleen bizimodua imitatzen saiatu zen azkenean, jauregiak eraiki zituen, tituluak erosi eta behar baino gehiago gastatu zuen. ?Jatorrira itzultze? horretan, Sombartek, burgesen klase berria aztertzen ari zela, hau idatzi zuen: ?Burgesa, aberasten den heinean, gizendu egiten da, eta zurrundu; aberastasuna errenta moduan erabiltzera ohitzen da, eta, aldi berean, jauntxoen harrokeriazko bizimodua egitera?. Etxea, zirkulu, kasino edo elkarte ospetsua, jauntxoen errituak eta modak, espazio eta ekitaldi berezietara joatea (opera, kirol batzuk, turismoa?), noble bihurtzeko ahaleginak eta endogamia, izan ziren burgesaren aberastasunaren adierazpide batzuk, eta orobat aberastasun hori areagotu edo sendotzeko mekanismoak.