Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Gaurko arazoak: aurpegirik gabeko arerioa

ONG bateko eraizaina lehorteak kaltetuei laguntzen.<br><br>Klima aldaketak direla eta, balio handiko elementu estrategikoa bihurtu da ura.<br><br>

ARAZO ASKO ETA ASKO DIRA GAURKO MUNDU GARATU ETA GLOBALIZATUAN, ETA, BERRIAK EZ BADIRA ERE, ORAIN HASI DIRA GOBERNUAK ETA GIZADIA ARAZO HORIEKIN KEZKATZEN.Aurpegirik gabeko arerioa deritzana ikus-entzutekoen mende-mendeko den gizarte batek, aurreko garaietan ez bezala (mehatxu nuklearra, blokeen arteko areriotasuna…), gaur sumatzen ez dituen arazoak eta estuasunak dira. XXI. mendeko gizarte garatuak noraezean dabiltza, askotariko eragileak –giza azpigarapena, desberdintasun sozialak, eta mendebalekoen ikuspegitik pentsamolde bitxi edo garatu gabeak direnak– dituzten arazoez inguraturik.

Hala, nazioarteko erakundeak ez dira gai sentitzen gatazka askori irtenbidea emateko, egitura arazoetan baitituzte sustraiak, Afrikako eta Asiako eremu askoren antolamendu sozio-politikoa adibidez. Mendebalean, solaskidea ez ezagutzeak, parametro desberdin edo alternatiboetan mugitzen delako, beldurra eta segurtasun falta eragiten du, eta munduaren jabeek ez dute hori onartzen. Erlijioa edo kultura desberdintasunak funtsezkoak dira Aljeriakoa bezalako istiluak eta Asiako zenbait herritakoak ulertzeko, edo beste kulturekin akordioetara iristeko; horiek guztiak ezin gaindituzko arazoak ari dira bihurtzen Sartalde oroberdintzaile batean. Bestelako arazo batzuk gure mendeko eritasunek ekarriak dira: biztanleriaren edozein talderi, Afrikan batez ere, erasotzen dion HIESa, adibidez, edo birus berriak, ebola esaterako, hil asko eragin ditzakeena, edo jadanik ezagunak diren eritasunak, tifusa besteak beste, munduko alderdi atzeratuetan zabalduak. Azkenik, mundu osoko eskalako terrorismoa aipatu behar da, eta, batez ere, droga trafikoa; izan ere, narkotrafikanteek oso teknologia aurreratua dute, eta eragin handia dute maila guztietan.

 

Ekonomia eta banaketa

DUDARIK GABE, EKONOMIAN DITUZTE SUSTRAIAK GURE MUNDUARI ERASOTZEN DIOTEN GATAZKA ASKOK ETA ASKOK. EZ DA HERRI GUZTIETAN MODU BEREAN IGARRI MUNDU OSOAN IZAN DEN BIZITZA MAILAREN GORALDIA.Munduaren egoera argitzeko balio duen datu bat: gure planetan bizi den biztanleriaren %20aren esku dago munduko errentaren %80. Datu horren ondorengo irakurketa da badirela leku asko, leku gehienak, aurreramendutik bazter geratu direnak, eta baita miserian murgilduak ere. Munduko aberastasunen banaketa zuzena falta dela-eta, lehen munduaren garapena planetaren gainerako parteekiko merkataritza bidegabez egiten da, edo herri horiei ostuz. Izan ere, herripobreek ez dute inolako eraginik munduko organo zuzentzaileetan (OCDE, Mundu Bankua…). Era berean, arazo hori bera agertzen da herri garatu handietako eremu jakin askotan. Horren adibide garbia dira Estatu Batuetan bizi diren berrogei milioi pobreak, Wall Street, munduko lehen burtsaren aldamenean kartoietan lo egiten dutenak. Herri garatuetan bertan gertatzen den bazterketa sozialak gaurko gizarteko pariak bihurtu ditu pertsona horiek. Baina beste biztanle talde bat ere bada, gizatasunik gabeko maila horietara heldu gabe, gizarte modernoek gainditu beharreko beste arazo bat direna. Iraupen luzeko langabeak, etorkizunik gabeko gazteak, telebistan etengabe aberastasuna eta xahutzea ikusten dutela, benetako minbizia dira gizarte garatuetan. Arazo horiek konpondu ezik, makroekonomiaren izenean (zorra, inflazioa, defizita), estatu-probintziari erasotzen dio politika neoliberalak, munduko desberdintasunak merkatu zuzentzaileak berez konponduko dituelakoan. Aberastasunaren banaketa eta ongizatearen estatua bultzatzea, gerraondoko Europaren sistema politikoen ezaugarri zirenak, argi eta garbi ageri dira ekonomia garatuetan funtsezko desberdintasunak murrizteko bide gisa, eta, aldi berean, munduko elkartasunari heltzeko bitartekotzat.

Bestela, izan ere, darwinismo sozialaren bidetik sartzeko arriskua daukagu, zeinaren ideia nagusia hau den: indartsuenak bakarrik irauten du.

 

Fanatismo irrazionala

NAZIOARTEKO ORDENA DERITZANARI GOGORREN ERASOTZEN DION ARAZOETAKO BAT DA HAU. EDOZEIN ERLIJIOREN INTERPRETAZIO GEHIEGIZKO EDO INTERESATUEK SORTZEN DITUZTEN ARAZOAK DRAMA BIHURTZEN DIRA GERO.Erlijioen irakurketa erradikalek benetako gerra zibilak ekarri dituzte munduko zenbait lekutan. Sarritan, garapena iristen ez zaion munduaren edo gizartearen parte baten indar eta etorkizun falta besterik ez da izaten interpretazio eta jardun horien atzean. Dudarik gabe, islamiar integrismo erradikal bortxazkoa da XX. mendeko gizarteetan mehatxu arriskutsuena. Terrorismo honek, zeinaren funtsa, bere sustatzaileen arabera, espirituala den, ulertzen ez ditugun interesei eta ikusmoldeei erantzuten die, eta, gehienetan, ez dira delako erlijioaren interpretazio zuzena izaten. Halaxe gertatzen da adibidez Al jeria bezalako herrietan, non guztiz zabalduak dauden gizartearen erdi eta behe mailetan langabezia eta etorkizun iluna, eta, batez ere, gaztediaren etorkizunaren segurtasun falta, aldi berean beste lekuetan, edo beren herrietan bertan, aberastasuna eta oparotasuna ikusten dituztelarik; halako lekuak integrismoaren haztegi ezinhobea izaten dira. Horri zenbait prozesu modernizatzaile erantsi behar zaio, islamiar adierazpen erlijiosoak, edo bestelakoak, gizarte horiei berez zegozkienak, isilarazi, eta baita zapaldu ere egin dituztenak. Prozesu/egitura modernizatzaile hauek (estatua, alderdiak…) ez dituzte kontuan hartu gizartearen berezko adierazpen guztiak, horren ondorioz, erlijioa, edo erlijioaren alderdi zorrotzena, gizarte horri ez dagozkion antolamendu politiko, sozial eta ekonomikoari eman zaion erantzuna bihurtu da. Baina badira zenbait estatu ere, islamiarrak direlakoan, diktadura gogorrak ezkutatzen dituztenak, hala Iran eta Iraken kasuak.

Nolanahi ere, Sartalde harro eta menderatzaile batek beste bati eragiten dion ezagutza falta eta ukotik dator mehatxua, beste hori bitxia baita, ez baita mugitzen mendebalekook ulertzen dugun “arrazoiaren” parametroetan.

Bestea onartzean, eta erlijioa, edozein delarik ere, biolentziari lotzen ez bazaio, sarritan desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalen emaitza diren gatazkak saihestuko dira.

 

Terrorismoa eta drogak

BATASUNAREN ITUNAK ETA NBEREN TXOSTENEK DIOTENEZ, TERRORISMOA ETA DROGA SALEROSKETA DIRA BENETAKO MEHATXUAK.Jardun oro, gaur egun, nazioarteko bihurtu delarik, nazioartekoa da orobat delinkuentzia ere. Nazioarteko terrorismoa, edozein erreibindikaziotan, edo huts-hutsik suntsiketan, mundu osoko arazo larrienetako bat da gaur egun, eta zailenetakoa konpontzen. Sarritan presiobide diplomatikoko arma gisa erabiltzen duten estatuek babesten dute terrorismoa, eta, hala, gero eta gehiago, nazioarteko gertaera moduan ari da egituratzen, komunak baitira terroristen interesak ere. Hori dela-eta, antzeko estrategiak baliatzen dituzte epaimahaiei itzuri egiteko, estatu nahiz nazioarteko epaimahaia izan. Interpol edo etorkizuneko europar polizia arduratuko dira, Nazio Batuen aldamenean, mundu osora zabaltzen ari den olio arrasto moduko hau gerarazteaz.

Baina gairen bat baldin bada nazioarteko bihurtzeko joera duena, hori drogen trafikoa da. Droga, zeinaren hilkortasun tasa IHESak eta minbiziak besterik ez duten gainditzen, negozioa izateaz gainera, laborantza mota honetan jardun diren gizatalde indigena osoen modus vivendi-a da. Irtenbideak era askotakoak izan daitezke, baina, adibide baterako, koka landuko ez balitz,eta laborantza alternatiborik ez balego, izugarrizko hondamendia etorriko litzaieke gizatalde haiei. Bestalde, droga berrien negozioa (cracka edo diseinukoak), edo usadiozkoena, hain da handia, ezen estatu batzuen egonkortasuna negozio hauen mendekoa baita. Mafia hauek hainbesteko aginpidea dute, non eragin erabakiorra izan baitezakete gobernarien gainean; izan ere, gobernariei aginpidera iristen ere lagundu diete sarritan. Terrorismoa eta drogen salerosketa, sarritan txanpon beraren bi aurpegiak direlarik, gaur egungo gizarteak borrokatu behar dituen benetako mehatxu dira, eta, oso sofisitikazio handiko negozioak baitira, irtenbide globalak behar dituzte.

 

HIESa: XXI. mendeko izurria

DUDARIK GABE, ASKOK DATORREN MENDEKO IZURRIA DEITU DUTEN HORI, HIESA, EZ DA JADANIK JARRERA BATEK DAKARREN ERITASUNA, AITZITIK, EDOZEINI EGITEN DIO MEHATXU.1981n, Estatu Batuetan (R. Gallo) eta Frantzian (Montagner), gertaera patologiko berri bat aurkitu zen, Giza Inmunoeskasiaren Sindrome (VIH), inmunoeskasiaren sindrome, edo, besterik gabe, HIES deitu zaiona medikuntzaren hizkera berezian. Hauek ditu ezaugarriak: kutsakortasun handia, sexu eta odol bidezko transmisioa, hedapen lasterra, askotariko seinale klinikoak eta oso larriak, ezin sendatuzkoa izatea, eta hilkortasun tasa handia. HIESak XXI. mendeko izurria dirudi; 1917-1918ko gripe pandemia, edo mundu osoko izurria, bukatu zenez geroztik desagertuak ziruditen beldurrak ekarri ditu berriz ere. 1994an Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS), mundu osoan, pandemia hasi zenez geroztik, guztira 1.025.000 HIES kasu zeuzkan zenbatuak, ezagunak edoadieraziak. Zenbateko hori aurreko urtean adierazitakoa baino %20 gehiago zen. Kopuru horri, gainera, aurreikusten diren kasuak erantsi behar zaizkio, 4, 5 milioi; kutsatuen kalkuluak, berriz, 19,5 lagunekoak dira, horietatik milioi t’erdi haur. Mendebaleko herri askotan, 25 eta 34 urte bitarteko pertsonengan, aurreneko hilkortasun eragilea bihurtu zen. Hasieran, biztanle talde jakinei erasotzen zien eritasun honek: homosexualei, zain bidezko drogazaleei edo pertsona hemofilikoei (odol transfusioak hartzen baitituzte).

Era horretan, HIESa beste marjinazio mota bat bihurtu zen. Gaur egun frogatua dago edozein pertsona gerta daitekeela kutsatua, ez badira hartzen eritasuna saihesteko beharrezko neurriak. Eritasunari buruzko informazioa, preserbatiboak erabiltzea, xiringak edo beste ezein tresna egoki, eta batez ere higienea, horiek dira ez kutsatzeko modu bakarra. Azken garaiotan lortu da HIESak jotako erien bizialdia baldintza aski egokietan luzatzea, botika jakin batzuk konbinatuz. Baina tratabide horrek, eri eta urte bakoitzeko, milioi erdi pezeta baino gehiago balio du, eta herri askok eta askok ezin diote aurre egin halako gastu bati. Behartsuen gaixotasun batera ote goaz?

 

Garapenaren mugak

Noraino joan daiteke, eta, batez ere, joan behar du gizadiak, ezagutzen ez dena aurkitu beharreko karrera honetan, eta, batez ere, zein preziotan jarraitu behar du garatzen gaur egungo gizarteak. Alde horretatik, zientziak, etikarekin batera, mugak jarri behar dizkio sendagintzaren, teknologiaren, industriaren… garapenari, eta, hau ez dugu ahaztu behar, garapenak beti ere biztanleon ongizateari begiratu behar dio, eta bizi garen ingurunea errespetatu, ingurune horren mendeko baikara gure jardun guztietan.

Errentagarria ote da gizarte garatuetan gero eta gehiago kontsumitzea, munduko parte handi batek bizitzen jarraitzeko premiazkoena ere ez duenean? Nazioarteko merkataritza, garapen gune nagusiek –triada deritzana, EEBB, Japonia eta Estatu Batuak–, gidatzen dutena, zenbateraino ez da desberdintasun eta parte baten bestearen gaineko nagusitasunaren ondorio? Egingarri ote da garapen eutsia izadia errespetatuz? Zenbateraino dira asmakari batzuk gizadiarentzat onuragarriak? Zientziari, edo jakin nahiari, mugak jarri behar zaizkiola esan nahi al du horrek? Galdera hauek guztiak ari dira sortzen, hori bai, era honetako auziak lantzeko denbora eta baliapideak dituzten herrietan. Auzi hauek eztabaidatzea, gaur egun, luxuzko gauza da, baina horrek ez du esan nahi ezatabaidatu behar ez direnik. Baina ezin da onartu lehen mundu guztiz aurreratu batek muga horiek indarrez jartzea garapen hori bera lortu nahi duen bigarren edo hirugarren munduari.