Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Mundu ordena berria

Estatu Batuetako itsas armadaren F–18 hegazkina.<br><br>Estatu Batuetako gudarostea da gaur egun munduko edozein lekutan esku hartzeko ahalmena duen bakarra.<br><br>

BERLINGO HESIA ERAITSI (1989) ETA SESB DESAGERTU ONDOREN (1991),HARREMANAK ZERTU ETA HARREMAN HORIEK GOBERNATUKO DITUZTEN PARAMETROAK AURKITU AHAL IZANGO DITUEN BESTE MUNDU ORDENA BATEN BILA DABIL NAZIOARTEKO KOMUNITATEA.Esapide hau, mundu ordena berria alegia, askotan erabili da nazioarteko egonkortasuna –hau da, munduko herrialde ahaltsuenen arteko oreka– lortu ahal izateko behar den arau multzoa adierazteko. Horixe da, hain zuzen ere, nazioarteko ordena, zeina, gutxienez, hiru planotan projektatzen baita: diplomatikoa, estrategikoa eta sinbolikoa.

Nazioarteko harremanak eraikitzeko behar diren oinarriak zehazten saiatzen dihardu gaur egun mundua: zehazten, adibidez, zer herrialdek hartuko duen munduaren gidaritza, mundu horretan parte hartuko duten jokalari berriak zehazten –Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE), Transnazionalak–, zehazten, baita ere, datozen gatazkak, eta, batez ere, behin “mehatxu gorria” desagertu eta gero, datozen mehatxu berriak.

Eta hori guztia, hondamendi naturalek –klima aldaketaren ondorio, beharbada– eta giza drama beldurgarriek –exodoak, eritasun berriak, kultura edo zibilizazio desberdinen arteko talkak– astindurik dagoen mundu batean. Kontuak kontu, mundua, gaur egun dagoen atakan, aurrerantzean nazioarteko harremanak kudeatuko dituen esparru orokorraren prestamen lanetan dihardu. Harreman horietan, bestalde, gero eta eragin handiagoa dute ekonomiaren egoerak eta eskualdeko eta nazioz haraindiko bloke handiek, NBE eta horren gisako erakundeen kaltean. Izan ere, erakunde hauek, beren jarduera nazioarteko errealitateari egokitu ezean, guztiz alferrikakoak izan daitezke datorren milaldian.

XXI. mendea, beraz, 1989an hasi zela esan daiteke.

 

Mundu ordena zaharretik ordena berrira bitarteko trantsizioa

1990. URTE INGURUKO GERTAERA BATZUEK MARKATU ZUTEN MUNDU ORDENA ZAHARRETIK BERRIRAKO TRANTSIZIOA.Frantzian Iraultzaren bigarren mendeurrena ospatzen zen bitartean, Berlinen harresia bota zuten, gerra hotzaren sinbolo nagusietako bat. Europa zaharra zur eta lur geratu zen: kapitalismoari eta Sartaldeko sistema politikoari kontrajartzen zitzaion beste hautabide nagusiaren –hau da, sozialismo errealaren– azkenaren hasiera adierazten zuen gertaera horrek. Handik urte betera Alemaniako bi aldeak batu ziren, eta, ekonomiari eta politikari dagokionez, Europan gaur egun den herrialde ahaltsuena sortu zen. Urte horretan bertan (1990), abuztuaren 2an, Irakeko lehendakari Sadam Husseinek Kuwait –Sartaldeko energia gune garrantzitsua– hartzea erabaki zuen. Bigarren Mundu gerraz geroztik izan den gerra ekintza handienetako bat eragin zuen erabaki hark. Nazio Batuen agintaritzapean eta Nazioarteko Erkidegoaren izenean, bonbez gogor eraso zuten Irak, eta, horrenbestez, 1991ko otsailaren28an amaitu zen gerra, Golkoko gerra deitu dena, gerra hotzaren ondoko lehenengo gatazka. Baina 1991ko eguberrietan, garrantzi handiko gauza bat gertatu zen: Sobiet Batasuneko estatu buru Mikhail Gorbatxovek SESBren zatiketa iragarri zuen telebistan. Estatu Batuekin batera azkeneko berrogeita hamar urteetan munduko herrialde ahaltsuena izandakoa, Gerra Hotzari eutsi izan zioten bi zutabeetako bat eta sozialismo erreala delakoaren erreferentzia nagusia, desagertu egin zen. Horren ondorioa argi zegoen: Yalta eta Postdamgo batzarretan sortu zen nazioarteko sistemaren desagerpena, Gerra Hotzaren aldi historikoaren amaiera. Eta beste aldi baten hasiera, beraz: gizateria esparru seguruago baina, aldi berean, desorekatuago batean bizitzen hasi baitzen; ziurtasunik eza, elkarren mendekotasuna, eta gauza ororen mundializazioa dira esparru berri horren ezaugarri nagusiak. Eta Mundu Ordena Berri batez hitz egiten hasi zen –zeinean ordu arte baino garrantzi handiagoa izango zuten nazioarteko erakundeek, eta ez zen gehiago herrialde ahalguztidunik izango–, eta orobat eskualdeetako integrazio politiko-ekonomiko prozesuez (EB, MERCOSUR, NAFTA…) eta nazioarteko erkidego jaioberriak aurrerantzean aurre egin beharko zien erronkez.

 

Mundu ordena berriko eragile nagusiak

MUNDU ORDENA BERRI HONEK BESTE ERAGILE MOTA BATZUK EKARRI DITU, ZEINEK, ZUZENEAN EDO ZEHARBIDEZ, ERAGIN HANDIA BAITUTE NAZIOARTEKO HARREMANETAN.Nazioarteko zuzenbidearen subjektu diren neurrian, estatuak dira eragile nagusiak Nazioarteko Harremanetan; baina, buruzagitza garbirik gabe, alde handiak daude haien artean. Estatu Batuak dira superpotentzia bakarra, baina gainbehera doana gaur egun. Ahalmen ekonomiko nahikorik ez du Bigarren Mundu gerraren ondorenean ezarri zuenaren antzeko politika gaur egun ezartzeko, baina, hala ere, bera da herrialde ahaltsuena arlo militarrean, eta, batez ere, teknologikoan eta informatikoan.

Beraz, gehienbat arlo ekonomikoan ditu lehiakideak.

Beste superpotentzia Errusia da, baina sinbolikoa da erreala baino gehiago, duen armategi atomiko militarra dela-eta, itzal handia baitu oraindik nazioarteko harremanetan.

Estatu Batuak eta Errusiaren ondoren, bost herrialde daude, ez aurrekoak bezain ahaltsuak, baina gorantz ari direnak: Alemania, Japonia, Txina, Frantzia eta Britainia Handia. Azkeneko hiru horiek, eta Estatu Batuek eta Errusiak, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira, eta beto eskubidea dute. Gaur egun, ordea, estatuek berek baino gero eta eragin handiago dute beste eragile mota batzuek: gobernuko erakundeek (NBE, NATO, OCED, OMC) eta gobernuz kanpoko erakundeek (GKE), esaterako. Bost mila GKE baino gehiago dago, eta batzuek –Greenpeace, esaterako–, ekinaren ekinez, behin baino gehiagotan lortu dute gobernu edo enpresen iritzia aldatzea. Garrantzi handiko beste bi eragile ere badira: batetik, transnazionalak, kokaleku jakinik gabeko –multinazionalak ez bezala– enpresa konglomeratuak, eta, bestetik, erlijio taldeak, zeinek eragin handia baitute sinestunengan.

Eragile berri horiek ez dute esparru nazional jakinik, mundu osoa dute jardunleku,eta ez dute ez gizarte mailaketarik, ez politikarik, ez mugarik ezagutzen. Gobernuek, esate baterako, askotan dute negoziatu beharra –edo amore eman beharra– transnazionalen aurrean, zeinek, hauteskunderen beharrik gabe, eragin ikusezina baina ondo sumagarria baitute nazioarteko gizartean.

 

Estatu Batuak, munduaren zaindari?

SESB DESAGERTUZ GERO, EEBBETAKO GOBERNUEK, BAI BUSHEKIN LEHENBIZI BAI CLINTONEKIN GERO, GAUZA BAT UTZI DUTE BETI ARGI: ESTATU BATUAK DIRA MUNDU POTENTZIA BAKARRA.Nagusitasun hori zalantzan jartzerik ez badago ere, ez da gutxiago egia Estatu Batuek munduan duten eragina urritzen doala.

Hori eta nazioarteko testuinguru berria kontuan harturik, munduko herrialde ahaltsuena denak, helburu jakin batzuk jarri ditu bere kanpo politikan. Ekonomiaren eta batez ere merkataritzaren nagusitasuna dela eta, eta EEBBek sartaldeko aliatuekin duten lehia gero eta gogorragoaren aurrean, merkataritza diplomazia halako bat sortu da. Nazioarteko bakartasunak, batetik, eta, bestetik, duen grina moralizatzaileak eraginik, mundu potentzia honek herrialde batzuk –estatu axialak– hartu ditu bere eraginpean jartzeko. Herrialde horiek –eremuz oso zabalak eta oso jendetsuak– pisu ekonomiko handia dute EEBBen interesentzat.

Gainera, herrialde horietako edozeinen ekonomia edo politika egoeran oreka galtzeak eskualdeko eta are mundu osoko krisia eragin lezake. Hauek dira, bada, EEBBen eraginpeko herrialdeak: Mexiko, Brasil, Aljeria, Egipto, Hegoafrika, Turkia, Pakistan etaIndonesia. Honek argi frogatzen duenez, Estatu Batuek jada ez dute beren arauak mundu osora zabaltzeko adina indar, ez ekonomikorik (kanpo zor handiena dute) ez moralik, ezta harako Marshall plan hura bezalako egitasmorik gauzatzeko ere. Beste herrialde –Japonia, Txina– edo erkidego –Europako Erkidegoa– ahaltsu batzuk azaltzean, EEBBen aliatu militarrak lehiakide gogorrak dira orain merkataritzaren alorrean.

Oraindik ere EEBBek dute gudaroste handiena eta ahaltsuena, eta inork baino arma nuklear gehiego, baina orain, eta Golkoko gerran argi ikusi zen hori, operazio militarren kostua finantzatzeko laguntza eskatu behar izaten dute. Kontuak kontu, munduko teknologia eta ikerkuntzaren buruzagitza Estatu Batuen esku egongo da aurrerantzean ere, XXI. mendeko nagusitasun banatuan.

 

NBE, mundu osoaren gobernurantz

NAZIO BATUEK INOIZKO ERRONKA HANDIENETAKO BAT DUTE GAUR EGUN: SORTU ZENEKOA EZ BEZALAKO NAZIOARTEKO ORDENA BERRI BATERA EGOKITU BEHARRA.1945ean sortu zen NBE, San Franciscon egin zen bilera batean. Izan ere, nazioarteko erakunde honek –Nazioen Elkartearen ondorengoa– Gerra Hotza eta blokeen arteko tirabirak hasi zirenean hasi zuen bere ibilbidea. Horregatik, beraz, bi superpotentzia (SESB eta EEBB) handien artean izan ziren gorabeheren eztabaidaleku bat izan zen funtsean, zeinean, noizik eta behin, bestelako iritziren bat ere aditzen baitzen, herrialde ez lerrokaturen baten ahotan. Gaur egun, mundu ordena berrian, pili-pil dagoen jokaleku nazioarteko batean, bere zeregina behar bezala bete ezinean aurkitzen da erakundea, artean lehengo egitura bera duela, batere aldatu gabea. Hauek dira, gaur egun, NBEren arazo nagusiak: finantzatze arazoak (EEBB da zordun nagusia); sinesgarritasunik eza, erabaki batzuk betegabe dirauten bitartean beste batzuk zorrotzzorrotz betearazi baitira; eta, azkenik, bere jokabidea bera. NBEk, askotan, lurralde batean esku hartu, eta gero hantxe uzten du, bere kasa; beste batzuetan, berriz, lurralde bat potentzia baten mende geratu bada, kontuan hartu ere ez da egin izan.

Hala, beraz, Nazio Batuak mundu osoko gobernu organo benetakoa izango bada, baldintza hauek bete beharko ditu: erakundea bera berritu edo beste era batera moldatu beharko litzateke, batez ere Segurtasun Kontseiluari eta beto eskubide hain eztabaidatuari dagokionez; Biltzarrak benetako ordezkaritza duen organo bat izan beharko luke, esku hartzeko ahalmena izanbeharko luke, eta, batez ere, garbi jokatu beharko luke finantzetan. Gainera, orain arte bezala, bakeak egiten laguntzen jarraitu beharko luke, eta, aldi berean, erronka berriei aurre egin –giza laguntza bidali ekologiako edo kultura gutxiengoko arazoak dauden lekuetara, esate baterako–, bere ekintza GKEenarekin edo nazioarteko organismoenarekin koordinatuz beti ere. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar NBEaren baitan erabakiak hartzen dituztenak eta, beraz, benetan berritu eta eguneratu beharra dutenak estatuak berak direla.

 

Kaosaren geopolitikarantz

Gaur egungo mundua, eta baita etorkizunekoa ere, noski, mundu globalizatu batean mundu eskualdeak lehiakorragoak izan daitezen bultzatzen duten integrazio politiko-ekonomikoko prozesuen mende egongo da. Fusio prozesu horiei aurre eginez, globalizazio oroberdintzailearen erantzun gisa edo, fisio prozesuak daude. Sobiet Batasuna, Txekoslovakia edota Jugoslaviako estatuen zatiketa da joera horren erakusgarri garbia. Gaur egun, inoiz baino gehiago, mugimendu nazionalista berriak ari dira sortzen. Aspaldi antolatutako mugimenduak dira, egoera berrira moldatzen asmatu dutenak.

Europakoa da adibiderik hoberena.

Europa eraikitzeko prozesuaren barruan nazioak eta eskualdeak erkidego horretan ordezkaritza zuzena izateko eskubidea ari dira aldarrikatzen –gero eta indar handiagoz, gainera–, estatuek erabakitzen dituztelako eskualdeei erabakitzea legozkiekeen kontuak, haiek aintzat hartu gabe. Mugimendu politiko horiek –argudio etniko esentzialistetan gero eta pisu gutxiago baitute– beren ekintza esparru barruan dauden herritarren ongizatea bilatzearekin lotzen dute ekintza politikoa. Globalizazio berdintzailearen aurrean, desagertzeko arriskuan dauden kulturen eta hizkuntzen babesle gisa ere har daitezke erantzun horiek. Katalunia, Euskal Herria eta Eskozia, Europan, edota Quebec (Kanadako Federazioa), Ipar Ameriketan, dira uniformizazioaren kontrako joeraren adibide garbienak.