Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Latinamerika 1940-1998

Panamako ubide estrategikoa.<br><br>

Latinamerika ezin izan zitzaion itzuri 1945-1989 bitartean nazioarteko harremanak gidatu zituen bloke zatiketari. Estatu Batuek oso eragin handia zuten kontinente osoan, eta gogor erantzun zieten beren burujabetasuna gartsuki defendatzen zuten errejimenei (Kubako Iraultza, Txileko Unidad Popular koalizioa, Sandinismoa Nikaraguan).

Bide luzea egin du Latinamerikak atzerriko inbertsioen mendekotasunetik eta horrek zekarren kanpo zorretik, globalizazioaren garaiko merkataritza hitzarmen handien eraginez zenbait herrialdeetako (Brasil) ekonomiak 1990 ondoko urteetan izan duen berpizteraino.

 

Multinazionalen indarra

Aurrerabidean hasiak ziren herrialde batzuen (Argentina, Mexiko, Brasil) industria hazkundea aintzat harturik hasi ziren, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, multinazionalak ere haietan sartzen.

Hasieran partzuergo handiek merkatari nekazaritzan, meatzaritzan eta petrolioan jarri zuten arreta osoa; geroago, baina, orobat hedatu ziren zerbitzu publikoetara eta eraldatze industriara ere. Brasil handiak atzerritarren inbertsioen eskuetan dauzka bere industriaren hiru laurdenak. Transnazionalek multinazionalen tokia hartu baino lehen, landatuak zituzten toki haietan beren adarrak sektore bakoitzeko liderrak: Phillips, Krupp, Unión Carbide eta Volkswagen.

Kanpo zorraren labirintuak gogor estutu zituen Latinameriketako herrialdeen politika ekonomikoak. Multinazionalek tokiantokian zegoen konkurrentzia oro desagerrarazi zuten, eta, oligarkiari eta gudarosteei men eginez, kontra ari zitzaizkien gobernuak eraitsi zituzten. United Fruit-ek, adibidez, Jacobo Arbenz Guatemalako lehendakariaren gobernua desegin zuen 1954an, eta Kennecot Company-k, berriz, Txileko kobrea blokeatu zuen, Salvador Allenderen gobernua bakarrik uzteko, 1973an.

1990etik aurrerako urteetan Carlos Salinas de Gortarik Mexikon, Alberto Fujimorik Perun, Fernando Cardosok Brasilen eta Carlos Saul Menemek Argentinan bideratu zituzten plan neoliberal bortitzen bidez eten ziren inflazioa eta defizit publikoak. Formula horrek, Nazioarteko Diru Fondoko maileguen bitartez jarri baitzen abian, asko urritu zuen berez urria zen gastu soziala, eta lan baldintzak gogortu zituen.

 

Kubako Iraultza

Estatu Batuek Kubako agintariei eman zieten babesak luzaroan iraun zuen. 1952ko hauteskundeak ez ziren egin, eta Estatu Batuek Fulgencio Batistaren eskuetan utzi zuten gobernua. Hurrengo urtean, Moncada koartela ?Santiago ondoan? gerrilleroek erasoz hartzen saiatu zirenean, herri matxinada bat hasi zen, baina Batistak gogor zanpatu zuen.

1957. urteaz gero ekintzak ugaltzen eta koordinazioa hobetzen hasi zen gerrilla.

1959ko urtarrilaren lehenean gerrilla Habanan sartu zen, laguntza eta indar handiz babestua. Errejimen berria autoritarismoan eta nazionalismo erradikal batean (?Aberria ala hil?) oinarritu zen, Fidel Castroren buruzagitzapean.

Gerra hotzean Kubak Sobiet Batasunaren alde egin izanari eta ekonomia sozializatu izanari Estatu Batuek bahikuntza ezarriz erantzun zioten. Estatu Batuen bahikuntza are gehiago gogortu zen Helms-Burton Legeaz gero, uharte horretan inbertsioak egiten zituzten herrialdeak ere zigortzen batzituen delako lege horrek.

Bakartasun hori hausteko Kubak iraultza esportatu zuen. Kuba Latinamerika osoko gerrillen base izan zen, eta bere gudarosteak Angolan eta Etiopian esku hartu zuen. Bloke sozialista desagertu ondoren ere mundu osoko intelektual aurrerazale askoren laguntza izan duen arren, badu Kubako Iraultzak bere ifrentzua: milioitik gora kubatar bizi da Floridan, Castrori oposizio sutsua eginez.

 

Txileren harat-honatak

Hiru heren politikoen teoria nagusitu zen Txilen berrogeita hamarreko hamarraldiaren bukaeraz gero. Eskuinaren hautagai Jorge Alessandri atera zen garaile 1958an lehendakaritzarako hauteskundeetan, eta modernizazio programa motz samar bat bultzatu zuen alderdi erradikalaren laguntzaz.

1964an, lehendakaritzarako hauteskundeetan, eskuineko indarrak Eduardo Freiren demokrazia kristauaren inguruan bildu ziren, eta alderdi horrek lortu zituen boto gehienak. Nolanahi ere, borroka politikoa mutur banaren inguruan bildu zen, ezkerreko alderdiek koalizio bat eratu baitzuten, Salvador Allende buru. Kristau demokraziak kobrearen multinazionalen bazkide egin zuen estatua, eta nekazaritzaren erreforma bultzatu zuen, istilurik gabe.

Freiren politikak, baina, ez zuen errorik bota gizartean, eta hiru heren politikoen teoria ezarri zen atzera 1970eko hauteskundeetan; Unidad Popular koalizioak, Allende buru zuela, lortu zituen boto gehienak, ez ziren ordea nahikoak bere kasa gobernatu ahal izateko. Gobernu berri hark indar handiagoz bultzatu zuen nekazaritzaren erreforma, eta kobrearen meatzaritza nazionalizatu zuen. Enpresarioen eta Estatu Batuen oposizioak giroa nahasi zuen, eta Augusto Pinochet jeneralak, 1973an, errejimen demokratikoa ezabatu zuen.

Pinocheten agintaldia 1989. urtera arte luzatu zen, eta oso errepresio gogorra ezarri izanagatik, izan zuen hala ere gizartean halako aintzat hartze bat. Pinochet jeneralak bi plebiszito irabazi zituen, eta neurri neoliberalak hartu zituen ekonomian: sektore publikoa desegin eta soldatak murriztu.

Latinameriketako zenbait herrialdek (Bolivia, Uruguai, Argentina, Brasil) aintzat hartu zuten Txileko eredua, eta hangoak bezalaxeko emaitzak lortu zituzten. Desagertuen trajedia erabat argitu gabe dago oraindik.

Alderdi demokratikoek, kristau demokraziaren gidaritzapean, ontzat hartu behar izan zuten diktadoreak gudarostearen buru iraun zezan harik eta 1997an erretiratu zen arte.

 

Trantsizio demokratikoak

1970eko hamarraldiaren bukaeran, Kolonbia, Venezuela, Mexiko eta Costa Rica ziren Latinamerikan demokrazia errejimena zuten herrialde bakarrak. 1990eko hamarraldiaren hasieran, berriz, Kuba, Haiti eta Paraguai ez beste guztiak sartuak ziren demokraziaren bidean. Ameriketako Gudarosteen Inteligentzia Konferentzian (1987, Argentina), hauek ziren oraindik Txileko ordezkarientzat kontinente horretako gaitzik handienak: droga trafikoa, iraultza, homosexualitatea, eta promiskuitatea.

Espainiak Francoren diktaduratik zuzenbideko estatura egin zuen bidea eredutzat hartu zen Latinamerikan 1980ko hamarraldian.

Herrialde asko errejimen militarren mende zeuden, eta, nazioarteko herrialdeen akusazioei muzin eginik urtetan giza eskubideak kupidagabe urratu ondoren, besterik gabe egin nahi zuten errejimen horiek sistema demokratikorako bidea.

Trantsizioan gorabehera handiak izan ziren herrialde batzuetatik besteetara. Argentinak, adibidez, Malvinetako gerra galdu ondoren, hauteskunde prozesu bat hasi zuen, baina alderdi politikoek ez zuten aldez aurretik hitzarmenik batere egin. Brasilen, errejimenaren alderdiak nahiko laguntza handia izan zuen urte batzuetan. Bolivian eta Paraguain, oposizio demokratikoa ahula baitzen berez, trantsizio ordenatua egin ahal izan zen. Perun Alan Garcíak (APRA) agintaldi oztopoz betea hasi zuen 1985ean. Haren ondorengoak, Alberto Fujimori independenteak, autokolpea jo zuenmilitarren laguntzaz 1995ean, eta demokraziara iristeko itxaropenak ezereztu zituen.

Haitin agerian geratu zen ez zela batere erreza bakeak egitea, Jean-Bertrand Aristide lehendakariak Estatu Batuetara joan behar izan baitzuen bere burua babestera 1991ko kolpe militarra eta gero. Argentinan eta Txilen auzitan jarriak dira gobernu militarren krimenei ezkutuan eman izandako aministiak. Nolanahi ere, demokrazia prozesuak aurrerabidean dira Guatemala, El Salvador eta Nikaraguan, biztanle gehienen behartasun gorriak aurrerabide hori iluntzen badu ere.

 

Era guztietako gatazkak

Latinamerika hain lurralde zabala izanik, asko ditu gatazka motak. Eta horien artean nagusia gerrillena da agian, ia kontinente osoa erasan baitu Bigarren Mundu Gerraz geroztik XX. mendearen bukaeran bakebideak urratzen hasi diren arte. 1993an Guatemalako Nazio Batasun Iraultzailea gobernuarekin negoziatzen hasi zen, hogeitamar urte baino gehiagoko gerra zibil odoltsu baten ondoren. Aldi berean hasi zen El Salvadorreko gerrilla ere negoziatzen. Nikaraguan, berriz, 1990eko hauteskundeak Frente Sandinistak galdu zituen arte baizik ez zen contra zeritzan haien aurkako gerrilla hasi armak uzten.

Geroago sortutako gerrillen kasuan, aldiz ?Mexikon, Chiapasko estatuan, sortu den zapatistena, esate baterako?, ez aurrera ez atzera daude negoziazioak. Kolonbian 1998an hasi dira lehendakari Andrés Pastranaren eta gerrilla taldeen artekoak. Hamarraldi asko badira, izan ere, talde armatuak ?lur jabe handien eta droga trafikoan ari diren cartel ahaltsuen gudaroste pribatuak (paramilitarrak)? izua ari direla ereiten herrialde horretan: 1980ko hamarraldian Medellingoa zen ahaltsuena; 1990ekoan, berriz, Calikoa. Botere publikoak drogaren negozioan sartuak zirela eta, Estatu Batuek Kolonbiarekin zeukaten lankidetza harremana hautsi zuten Ernesto Samperren agintaldian (1994-1998).

Kontinente osoan biztanleriaren parte handi bat miseria gorrian bizitzeak eta zenbait hiri erraldoitan (Mexikoko hiria, Buenos Aires, Rio de Janeiro) jende gehiegi egoteak matxinada bortitzak eragin ditu azkeneko hamarraldiotan. Matxinada gogorrena beharbada caracazoa izan zen, 1989an Venezuelan gasolinaren prezioa igo ondoren gertatu zen harrapakeriazko matxinada, alegia. Horien barruan sartu behar dira Latinamerika osoko espetxeetan izaten diren matxinada usuak eta Lurgabe brasildarrena bezalako mugimenduak ere.Aurrekoarekin loturik, esan beharra dago indiarrei ez zaiela jaramonik batere egin. Nahiz eta biztanleriaren parte handi bat indiarra izan, eta lurralde batzuetan gainera haiek izan gehiengoa, Erdiko Amerikan eta Andeetan batez ere, haien eskubide kolektiboak ez dira, ezta hurrik eman ere, inondik ere aintzat hartu. Amazonasko oihanean egin diren baso botatzeak habitat gabe utzi ditu indiarrak, eta transnazionalen jarduerak, berriz, beren ohiturazko bizimodurik gabe. Rigoberta Menchú indiar kitxeak ? Bakearen Nobel saria irabazi zuen? behin eta berriro salatu izan du bidegabekeria hori.

Gerra konbentzionalek ere gogor astindu izan dute Latinameriketako bizimodua Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Estatu Batuek Panaman (1968 eta 1990) eta Granadako uhartean (1980) esku hartzeak, eta Kubako misilen krisiak argi utzi zuten nor zen kontinente hartan nagusi. Malvinetako gerrak ere ?Argentina eta Britainia Handia (1982)? argi utzi zuen Estatu Batuek lehentasun estrategikoa ematen zietela NATOko bere aliatuei. Helburu horrekin berarekin, ahulaldietan gobernuek hobetsia izateko duten premiaz, alegia, baliatu zuten Ekuadorrek eta Peruk ere, 1995ean, beren muga krisia.