Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ingurugiroa

Munduko oihan tropikal gehienak azkeneko berrogeita hamar urtean desagertu dira. Gaur egun haien aztarna batzuk besterik ez dira gelditzen, Puerto Ricoko erreserba natural hau, adibidez.<br>

Geografia modernoaren sortzaile Humboldtek duela 150 urte zuen ohartarazia gizadiaren neurriz gaineko jardunak arriskutan zeukala lurra. Baina landa aldea babesteko nazioarteko lehenengo ahaleginak 1870 inguruan egin ziren, Suitzan eskualdeko hitzarmen bat egiten saiatu zirelarik paseko hegaztiek habia egiteko zituzten eremuak babesteko. Nolanahi ere, ingurugiro politikak 1970. urteaz geroztik hartu zuen indarra nazioartean. Hala, 1972an Estokolmon izan zen Giza Ingurugiroari buruzko Bilkurak erabateko bultzada eman zion auzi horri; orduz geroztik ingurugiroarekiko kezka asko hedatu zen gizartean eta politikoen artean, hainbesteraino non 1870. urteaz geroztik sinatu diren 180 hitzarmenetatik 120tik gora bilkura haren ondoren sinatu baitziren.
Gizarte osoa kezkatzen duten gaiei buruzko hitzarmenak dira horiek: euri azidoa, ozeanoen kutsadura, arriskuan dauden izaki moten babesa, Antartidaren kontserbazioa, ozonoa gutxitzea, Amazoniako ohianaren hondamena… Ekologiaren goraldi horretan sortu ziren orobat talde ekologistak, eta horiek dira gehien borrokatzen ari direnak Lurraren berezko izateari eusteko, eta mendebaleko herrialdeek, beren jarduerak direla eta, ingurugiroan duten eragin kaltegarria geldiarazteko.

 

Aurretikoak. Bilkura historikoak

INGURUGIROARI BURUZKO BILKURA HANDIEK GEHIAGO BULTZATU IZAN DITUZTE HITZ EMATERA ESTATUAK ETA KONTZIENTZIA HARTZERA GIZARTEA, INGURUGIROAREN ALDEKO NEURRI ZEHATZ ETA EGINBIDETSUAK HARTZERA BAINO.Orain arte egin diren kongresu, goi mailako bilera, itun, hitzarmen eta abarren artean ingurugiroari buruz badira hiru mundu bilkura handi aipatu beharrekoak: 1972ko Estokolmoko Bilkura, 1992an Rio de Janeiron eginikoa eta 1997an Kioton (Japonia) egina. Nazio Batuek antolatu dituzte hiru bilkura horiek, eta urrats handia izan dira ingurugiroa babesteko bidean.
Estokolmoko bilkura mugarri izan zen, hura izan baitzen gizadiaren historian egin zen era horretako lehenengo bilkura. Garrantzi handiko ekarriak egin ziren, adibidez, erabateko garapenaren kontzeptua mundu osoan hedatzea, ezinbesteko auzia baitzen hura ingurugiroa babesteko.
Beste ekarri garrantzi handiko bat gizadiaren gizarte kontzientzia piztea izan zen eta elkartasunaren kontzeptua hedatzea. Eta beste lorpen garrantzitsua izan zen, halaber, arazo kolektibo handiak nazioartean ezagutaraztea eta arazo horiek denen artean konpontzeko premia sorraraztea.
Argi geratu zen ideia horiek guztiak eginbide politikoari lotu beharra zegoela, garapena helburu. Hala adierazi zuen bilkura hark, eta horrela sortu zen Nazio Batuen Ingurugirorako Programa.
Estokolmoko bilkuraren ondoren urrats handiak egin ziren alor horretan, besteak beste, ekologiari zegokion araudi bat ematea;eta aurretiko horiek guztiek ekarri zuten Rioko Bilkura.
«Lurrari buruzko Goi Mailako Bilkura» hartan bildu zen ordu arte inoiz bildutako agintari kopuru handiena. Rioko programak -anbizio handiegia zuen agian- alor eta gai jakin eta zehatzak hartzen zituen: lurraren berotzea, bioaniztasuna galtzea, ozeanoak, basoak… Azkenik lau dokumentu onartu ziren, eduki handirik gabeak ordea, eta, hortaz, porrot egindako bilkura izan zen hura batzuentzat. Nolanahi ere, gehienak bat etorri ziren goi mailako bilkura hark ingurugiroari buruzko arazoen osotasunaren kontzientzia hartzea indartu zuela esatean, Estokolmon iritsitako maila gainditurik.
Handik bost bat urtera, 1997ko abenduan hasi zen Kioton «Klimaren Goi Mailako Bilkura» esan zitzaiona, berotegi efektuaren goraldiak sorturiko klima aldaketari zegozkion gaiak baizik eztabaidatu ez zituena.
Gas jakin batzuk eguratsera igortzeak sortzen du efektu hori: CO 2 batez ere, baina baita ere metanoa (Ch 4 ), oxido nitrosoa (NO), hidrofluorokarbonoak (HFC), perfluorokarbonoak (PFC) eta sufre hexafluoroa (SF 6 ); eta, beraz, gas kaltegarri horien kopurua gutxitzeko hitzarmenak egitea zen bilkura haren helburu nagusia.
Europako Batasunak eraman zuen Kiotora proposamen ekologiaren aldetik onuragarriena: eguratsera igortzen den gas kopurua 2010. urtean %15 gutxitzea 1990. urtekoarekiko, urte hori hartu baitzen erreferentzia gisa kopuru horiek zenbat gutxitu behar ziren erabakitzeko. Baina hamar eguneko negoziazioen ondoren, elkarri kritika gogorrak egin ondoren, azkenean onartu zen erabakiak ez zuen inor gogobete, batzuentzat gehiegizkoa zelako (EEBB, herrialde pobreak, petrolioa ekoizten duten herrialdeak,Japonia eta Australia), eta beste batzuentzat, berriz (talde ekologistak), gutxiegi zelako; 2008tik 2010era batez beste gas kaltegarrien kopurua %5,2 gutxitzea erabaki zen Kioton.
Erabaki hori arestian aipatu diren sei gasei zegokien baina herrialde guztiei ez zitzaien eskaera bera egin; Europako Batasuneko herrialdeak, Suitza eta Europako beste herrialde batzuk ziren gas kopurua gehien gutxitu behar zuten herrialdeak (%8), gero EEBB eta Kanada (%7), Japonia (%6) zeuden, eta Errusia, Zeelanda Berria eta Ukraina ondoren, azken horiei ez zaielarik eskatzen gas kopurua gutxitzea, egonkortzea baizik.
Ekologistek ez zituzten erabaki horiek onartu, eta «farsatzat» eta «trajediatzat» hartu zuten Kioto bilkura, gutxitze hutsal horrek ez baitu ia eraginik klimaren aldaketan.

 

Gizakiaren eragina

KAZETARITZA SENTSAZIONALISTAK INFORMAZIO OKER ASKO ZABALDU IZAN DU INGURUGIROARI BURUZ EKOLOGIAK MENDEBALEAN KEZKA HANDIA SORTUA DUEN GARAI HONETAN.Lurreko animalia eta landare aniztasuna (bioaniztasuna) da gizakiaren eragin kaltegarria izan duen gizadiaren ondarearen alderdietako bat. Landare, animalia eta mikroorganismo asko desagertzeko zorian dira gizakiak neurriz gain ustiatu dituelako.
Paisajeak aldaketa handiak izan ditu, oro har, biztanleria kopuruz gero eta handiagoaren eragin hondatzailearen ondorioz.
Eremu jakin batzuetan, nekazaritzarako lurren urritasunaren ondorioz baso asko bota dira, leku heze asko agortu dira eta bazkaleku eremu handiak ureztatzen hasi dira.
Bestalde, gizakiaren hondakinak uretara botatzeak eragin zuzena izan du ur gezaren erabilgarritasunean. Gauza bera gertatzen da lur azpiko urekin, akuiferoak ezin gehiago ustiatu izanaz gainera, geologo batzuk uraren urritasunaz kezkatzeraino, gizakien jarduerak pozoitu egin baititu ur horiek, eta ezin erabilizko bihurtu. Era horretara kolokan jarri da ura, izatez funtsezko baliabide dena, «berritzeko duen ahalmena».
Lur azaleko geruza ere gehiegi ustiatu izan du, berez berritzeko ahalmena duen arren, nekazaritza produkzioa bultzatzeko ahalegin gehiegizkoak. Lurra babesteko behar bezalako neurriak hartu ez direnez, azaleko geruzaren zati handi bat urak edo haizeak eraman du. Lurra ezin ordezkatuzko ondasuna du gizarteak, mende asko behar baitira lur zentimetro gutxi batzuk sortzeko.
Ekosistema naturaletan higaduraren eraginez izan diren lur galerak, bazkalekuak eta basoak adibidez, ez dira garrantzi handikoak, eta izadiak berak berdintzen ditu lurra sortzeko dituen prozesu naturalen bidez.
Ingurugiroari dagozkion arazoen artean ozonoa da XX. mendearen bukaeran oso modan dagoen beste arazo bat. Badirudi estratosferako ozono kopurua gutxitu egin dela, baina faktore asko daude tartean.
Zientzialari asko kezkatuta dauka arazo horiei ematen zaion garrantzi gehiegizkoak, komunikabideetan albisteak oso axalekoak baitira, eta nahasmen handia eta azkenik errealitatearen ezjakintasun erabatekoa sortzen dute. Zientzialari horiek ez dute ukatzen ingurugiroa hondatua dagoenik ez eta hondamen hori gelditzeko neurriak hartu behar direnik ere, baina informazio egiazkoago baten alde daude eta zeharo gaitzesten dituzte gai horretaz ezer ez dakiten kazetariek idatziriko albiste alarmistak.

 

Ingurugiroari buruzko politika eta araudia

GIZARTE AURRERATUAGOEK BEHAR-BEHARREZKOAK DITUZTE INGURUGIROARI BURUZKO POLITIKAK EKONOMIAREN ERAGILEAK GELDIARAZTEKO, GEHIENAK EZ BAITIRA SORTZEN DUTEN KUTSADURAREN ERAGIN HANDIAZ JABETZEN.Ingurugiroarekiko kezka eta ardura gizarte aurreratuenen ezaugarria izaten da, aurreramendu horregatik beragatik gehiago balioesten baita ingurugiroa gizarte horietan.
Gizarte atzeratuetan badituzte arazo latz eta kezkagarriagoak.
Ekonomiaren hazkundea eta ekologiaren hondamena oso lotuta daude, kasu guztietan ez bada ere. Hala beraz, ekonomiaren garapenaren eta ingurugiroari zor zaion begiramenaren arteko erdibidean «garapen eramangarria» da, ustez, arazo horren irtenbidea, ez baitu geroztikako belaunaldien ongi izatea auzitan jartzen. Herrialde industrializatu batzuek emanak dituzte alor horretan lehen urratsak, Holandak adibidez, prozesu industrial eraginkorrak gehiago bultzatuz, eta baliabideen kontsumo bizia motelduz.
Saiatu dira, politikaren bidetik, produkzio eta kontsumo ereduak aldatzen, eta energiaren eta baliabideen erabilera gehiegizkoa 2000. urterako gutxitzea da haien helburua.
Ekonomiak, bere jardunaren kostu orokorra gutxietsirik, gehiegizko kutsadura eragiten du, eta horrek sortua da ingurugiroan eragina duten jarduerak arautzeko premia.
A. C. Pigou britainiar ekonomialariak kutsaduraren gaineko zerga bat proposatu zuen XX. mendearen lehenengo 25 urtetan.
«Zerga berdea» zeritzan horren ondorioak ingurugiroari buruz hartu izan diren neurri politikoak baino hobeak izan ziren; izan ere, kutsadura estandarraren kontzeptua da neurri horien artean garrantzitsuena, ekonomia eragile bakoitzak sortzen duen kutsadurari mugak jartzea, alegia.
Baina etorkizunera begira, badirudi «zerga berdeak» edo baimen negoziagarriak nagusituko zaizkiela debekuzko neurriei. Badirudi orobat araudiak zorrotzagoak izango direla enpresekin, eta oztopo gehiago jarriko zaiela halaber haien jarduerari. EE- BBetan, 1992an, ingurugiroari buruzko neurriak125.000 milioi dolar kosta ziren, BPGren %2,1 inguru. Kopuru hori 200.000 milioi dolarrera igoko da, ustez, eta BPGren %2,6 izango da.
Berotegi efektua: Berez gertatzen da eta horri esker bizitzari bide ematen dion muga jakin batzuen baitan mantentzen da tenperatura. Baina berezko gertaera horri industriaren jardunak eguratsera kopuru handian igortzen dituen gasen eragin kaltegarria gehitzeak arazo handi bat sortzen du.
Gas horiek (CO 2 , Ch 4 , NO, lurrina…) eguratsean kontzentratzen direnean ez diote kanpora ateratzen uzten lurraren gainaldeak islatzen duen irradari, jotzen du beraz irradak gas geruza moduko hori (negutegi bat bailitzan), itzultzen da berriz lurraren gainaldera, eta lurra egoki dena baino gehiago berotzen du.
Talde ekologistak: 1972an sortu zen ekologiaren alorrean eragin gehien izan duen nazioarteko talde ekologista, Greenpeace.
Urte hartan bertan egintza xume batzuk egin zituen Bikini atoloian egiten ari ziren saio nuklearren kontra, baina zenbat eta ingurugiroaren aurkako mehatxuak gehiagotu, orduan eta ekinaldi gogor eta eragin handiagokoak egin izan ditu Greenpeacek, gaur egun 3 bat milioi kide dituen nazioarteko sare bihurtzeraino. 1977an Rainbow Warrior (Ortzadarraren Gerraria: ortzadarra baita Greenpeaceren ikurra) deritzan itsasontzia erosi zuen, erakunde horren nolabaiteko sinbolo bihurtu dena, eta gaur egun ontzidi handi bat du, itsasoko eta ibaietako ontziz eratua.
Ekintza zuzena da Greenpeaceren alderdi agerikoena, baina ez du inoiz indarkeria erabiltzen, bere jatorriaren eta gizarte aldaketaren aldeko beste higikunde handi batzuekin duen loturaren ispilu.
Haren mezua erraza eta indar handikoa da: mundu guztiak du aire garbia, ur garbia eta arriskurik gabeko etorkizuna izateko eskubidea.
Amazoniako baso suntsitzeak: Munduko basoak izadiaren emaiza jorienetako bat dira, eta Amazonia da, inondik ere, ingurugiroaren ikuspegitik lurreko lekurik interesgarriena eta erakargarriena. Zoritxarrez, tropikoko baso asko gero eta lur eremu gehiago ari da galtzen larretarako eta laboretarako erabiltzeko.