Historia Unibertsala»Egungo aroa
Eztanda demografikoa.
Migrazio handiak
Munduko biztanleriaren bilakaera inoiz ez da homogeneoa izan, biztanle kopurua gizadiaren
historiaren %0,1 baino aldi txikiagoan gertatu baita demografia hazkunde handia.
Gizadiaren historia duela 5 bat milioi urte hasi zen; australopitekoak izan ziren
lehenengo gizakiak, ez ziren 125.000 baino gehiago, baina biztanleriaren lehenengo
hazkunde handia gizakiak lanabesak asmatu eta harria zizelatzen trebatu ondorengoa
izan zen.
Duela 10.000 bat urte, biztanleriak beste hazkunde handi bat izan zuen Homo Sapiensa
abereak hezten eta lurra lantzen hasi zenean, elikagai gehiago zeuzkatenez bizileku
sedentarioetan bizitzeko joera izan baitzuten. 8 bat milioi biztanle zegoen orduan.
Geroztik, biztanleriak hazkunde motela izan zuen, behera ere egin zuen zertxobait
V. eta VI. gizaldietan, Erromako Inperioa desagertu eta barbaroen inbasioaren garaian.
1650ean munduko biztanle kopurua 500 milioikoa zen; lehenengo eztanda edo hazkunde
demografiko handia 1750 geroztikakoa da.
Baina biztanleriaren gehiegiak eta migrazioek biztanle kopuruaren hazkundea mugatzera
bultzatu izan ditu gobernuak.
Biztanleriaren bilakaera
GAUR EGUNGO BIZTANLERIAREN HISTORIA BIZTANLE
KOPURUAREN EZTANDAREN HISTORIA DA, ORAINDIK
ERE ETENGABEKO HAZKUNDEAN BAITA MUNDU OSOKO
BIZTANLE KOPURUA.200 urtetan (1750-1950) biztanle kopurua
hirukoiztu egin zen, bai nekazaritza
iraultzagatik, eta bai, batez ere, industria
iraultzagatik; industria iraultzak bizi baldintzak
hobetu eta asko txikitu zuen heriotza
kopurua, eta biztanle kopurua gogotik hazarazi
zuen horrela.
1950. urteaz geroztik munduko biztanle
kopurua izugarri handitu zen gerra ondoko
«Baby boom-aren» eta heriotza kopurua
asko txikitu izanaren eraginez; alde
handia zegoen ordea herrialde garatutakoeta herrialde azpigaratuetako biztanle kopuruen
artean.
1960ko hamarraldian herrialde garatuetako
biztanle kopurua gutxitzen hasi zen
ongizatearen eta kontsumoaren gizartean
bete-betean sartu ahala. Gutxitze hori Estatu
Batuetan eta Kanadan izan zen lehenengo,
Europako erdialdeko herrialde industrializatuetan
gero, eta Europako Mediterraneo
aldekoetan azkenik. Baina hala eta
guztiz ere munduan biztanleria haziz joan
zen 1970 inguru arte oro har. Eta gaur egun
ere, 1990eko hamarraldian, bere horretan
dirau «bultzada demografikoak», hau da
ugaltze tasak behera egin eta askoz geroago
biztanle multzo jakin batek oraindik ere
hazteko duen joerak.
Demografiaren bilakaeraren heterogeneotasunak
eragin handia du munduko biztanleriaren
banaketan, biztanle kopurua
askoz gehiago handitu baita herrialde behartsuetan,
baina hori ez da herrialde horien
azpigarapenaren arrazoi nagusia, nahiz
eragin handia duen ekonomia, gizarte
eta politika gorabeheren nondik norakoan.
era berean, herrialde garatuetan biztanleria
gutxitu izana ekonomiaren eta gizartearen
aurrerabidearen ondorioa da, eta ez haren
kausa.
Hainbat arrazoirengatik dago biztanleria
kopuruan aldea munduko leku batzuen
eta besteen artean: arrazoi fisikoengatik (klima,
garaiera, lurraldearen nolakotasuna), eta
arrazoi historiko, sozial eta ekonomikoengatik
(gizataldeen antzinatasuna, migrazioa,iraultza ekonomikoak). Hala bada, Antzinako
Mundua Mundu Berria baino askoz
ere jendeztatuagoa dago. Eurasiak bakarrik
munduko biztanleriaren 3/4 hartzen du, hiru
dituelarik jende kontzentrazio gune nagusiak:
Ekialde Urruna, Asiako Hegoaldea eta
Europako Erdialdea eta Mendebala.
Biztanleriaren gehiegia
BIZTANLERIAREN GEHIEGIAK BALIABIDE URRITASUNA
SORRARAZTEN DU, JENDE PILATZE HANDIAK BAINO
GEHIAGO, ETA HORI IZANGO DA, HAIN ZUZEN, XXI.
MENDEKO ERRONKA NAGUSIA.1958an NBEko adituek iragarri zuten
2000. urterako munduak 6.280 bat milioi
biztanle izango zituela, baina gehieneko eta
gutxieneko kopuruak ere kontuan hartu ziren
(4.900-6.900). 1995ean, munduak artean
5.700 biztanle zituela, ez zegoen oraindik
jakiterik kopuru horiek iritsiko ziren ala ez,
baina iragarpen horietaz baliaturik prentsa
sensazionalistak kalkulu ausartagoak eta
arriskatuagoak egin zituen (12.000 milioi
2035. urtean, 24.000 milioi 2070. urtean eta
76.000 milioi 2.140 inguruan). Hortaz,
1960ko hamarraldian asaldura handia sortu
zuen biztanleriaren gehiegiaren beldurrak,
eta nonahi ugaritu ziren demografiari
buruzko aldizkariak, hondamenenezko eta
mehatxuzko kutsu funtsik gabekoak gehienak.
Ez dirudi hala ere argi dagoenik biztanleria
gehiegiak zer esan nahi duen. Hitz
horiek biztanle dentsitatearen arabera definitzeak
sortu du nahaste hori, kontzeptu
horrek, berez, leku jakin batean bizi den
pertsona kopuruaren, haien baliabideen eta
ingurugiroak biztanle multzo horri eta haien
jarduerari eusteko duen gaitasuna lotzen dituela
kontuan ez hartzeak hain zuzen ere.
Eredu horren arabera, ia nazio guztietan
dago biztanle gehiegi, herrialde aberatsek
lur osoko baliabide erreserbak ahitzen
ari baitira, baliabideak neurriz gain ustiatzearen
eraginez. Hala bihurtzen dira baliabide
berriztagarriak baliabide ezin berriztatuzko,
berriztatzeko astirik utzi gabe erabiltzen
baitira.
Migrazio handiak
ASKORENTZAT MIGRAZIOA IZATEN DA BIZIRIK
IRAUTEKO AUKERA BAKARRA, BEHAR GORRIAN BIZI
DIRELAKO EDO ESETSALDI POLITIKOAGATIK.Migrazioa izaten da biztanle kopuru handiek
leku jakin batzuetan egiten duten presioaren
ondorio nagusietako bat. Migrazioak
beti izan dira, baina XIX. mendearen
bukaerako masa gizartean bihurtu ziren gizartearen
garrantzi handiko ezaugarri. Migrazio
guztiek ez dituzte ez arrazoi eta ez ezaugarri
berberak, horregatik hiru migrazio mota
bereizten dira: kontinente artekoak, migrazio
behartuak eta langileen migrazioak.
Kontinente arteko migrazioek XIX. mende
osoan eta XX. mendearen lehenengo hogeita
hamar urteetan izan zuten indarra.
Nekazaritza iraultzak lanik gabe utzi zituen
nekazaritzan ziharduten langile asko, eta
Ameriketara, Hego Afrikara, Australiara eta
Zeelanda Berrira emigratu behar izan zuten
lanik gabeko haiek, industriaren iraultzak
sortu zuen enplegu eskaintzaren bila.
Gerra arteko garaian migrazioa gutxitu
egin zen, inmigranteak hartzen zituzten herrialdeetako
ekonomia krisian zegoelako eta
emigranteen sarbidea mugatu zutelako.
1950. urteaz geroztik migrazioek goraldia
izan zuten berriz. Lau herrialde izan ziren
emigrante hartzaile nagusiak emigrazio olde
hartan: Kanada, Estatu Batuak, Zeelanda
Berria eta Australia.
Emigrante behartuen artean bi multzo
daude: hitzarmen politikoen ondorioz lekuz
aldatzera behartuak eta erbesteratuak.
Batzuetan herrialde desberdinetako gutxiengoen
arteko biztanle leku aldatzeak izan
dira, 1923an Turkiako gutxiengo greziarraren
eta Greziako turkiarren artekoa adibidez.
Erbesteratuak beren jaioterrian esetsiak
dira etnia, erlijio edo politika arrazoiengatik,
eta beraz beste herrialde batzuetan bilatu
behar izaten dute babesa. Erbesteratuen
kopurua handitu egin zen Bigarren
Mundu gerran, eta gerra hori bukatu ondoren,
batez ere Europan eta Asian. Gaur egun
Afrika da erbesteratu eta lekuz aldatzera behartuen
kopuru handiena duen kontinentea
(bai herrialde barneko migrazioetan eta
bai herrialdeez kanpokoetan).
Azkenik, langile migrazioak ekonomiaren
aurrerabideak herrialde bakoitzean izaten
dituen desorekak sortuak dira. Era honetako
migrazioek 1950-1973 garaian izan
zuten goraldia, enpleguaren eskaintza/eskaria
arteko desorekak langile asko bultzatu
baitzituen garapen eta zabalkunde handiko
ekonomia zuten herrialdeetara.
Baina emigrazioak badu beste alderdi
bat, etorkinek jasan behar izaten duten bazterkeria
eta arbuioa: xenofobia; emigranteak
ez baitira beti ondo hartuak izaten, eta bizilekuahartu duten herrialdeko herritar batzuen
ustez haien erruz langabeziak, gaizkiletzak,
drogak, etab. sortzen dituen arazoak
larriagotu egiten omen baitira. Jarrera
horrek emigrante saldo berrien beldurra sorrarazten
du herrialde etorkin hartzaileetan,
eta beldur horren ondorioz ez zaie askotan
gizartekotzen uzten eta baztertu egiten dituzte.
Gainera, gizarte berri horietara etorkin
saldoak iristeak badu ezaugarri jakin bat,
emigranteek auzo berezi eta barne koherentzia
handikoetan bereizten dituzte beren
buruak, eta hala ghetto horietan are
baztertuago gelditzen dira. Garrantzi handiko
arazoa da hori gaur egun Europako
gizarte gehienetan.
Politika demografikoak
HISTORIAN ZEHAR NEURRI BATZUK HARTU IZAN DIRA
BIZTANLE KOPURUAREN ALDETIK EMAITZA JAKIN
BATZUK IRISTEKO, BIZTANLERIAREN EGOERA GOBERNU
JAKIN BATEN GOGOKOA EZ ZENEAN.Biztanle kopurua arautzeko erabaki politiko
gehienek jaiotze tasan izan dute eragina
demografiaren beste edozein alderditan
baino gehiago (migrazioak, heriotzak…).
Bi dira alor horretan har daitezkeen erabakiak:
jaiotze tasa gehitzea edo mugatzea.
1930eko hamarraldian eta 1960ko hamarraldian
jaiotze tasa gehitzeko politikak
jarri ziren abian, ugalkortasunak izan zuen
beheraldiaren eraginez; batetik, antisorgailuen
erabilera debekatu edo mugatu zen,
eta, bestetik, laguntza ekonomikoak eman
ziren jaiotze tasa igo zedin.
Gerren arteko garaian Europako errejimen
totalitarioetan –Italian faxistek agintzen
zutela eta Alemanian naziek– neurri asko
hartu ziren biztanleriaren hazkundea bultzatzeko:
abortoa debekatu zen, orobat antisorgailuei
buruzko informazioa, seme-alaba
askoko familiei eta senar-emazte gazteei
diru laguntzak eman zitzaizkien, emigratzeko
ozpotoak jarri ziren…1930eko hamarraldian era horretako erabakiak
hartu ziren Belgikan, Suitzan, Erresuma
Batuan eta Frantzian. 1960ko hamarraldian,
herrialde sozialistetan (Hungaria,
Txekoslovakia, Bulgaria, eta, batez ere, Errumania)
ere antzeko erabakiak hartu ziren
enplegu eskaintzaren eta eskariaren artean
desorekak izan zitezkeelakoan etorkizunean.
Europatik kanpo Txina da jaiotze tasa
kontrolatzeko ahalegin handienak egin dituen
herrialdea. Mao aginpidean zegoenean
jaiotze tasaren aurka egin zuen, biztanle kopurua
eta indarra oso lotuta zeudela uste
baitzuen.
Jaiotze tasaren aurkako ahalegin handienak
Hirugarren Munduan eta Japonian
egin ziren. Japonian II. Mundu Gerra galdu
ondoren jarri ziren indarrean abortoa legeztatzeko
eta abortoa dohainik edo oso merke
egin ahal izateko erabakiak.
Hirugarren Munduko herrialdeen artean,
berriz, India izan zen jaiotza tasa jaitsiarazteko
neurriak hartu zituen lehena, 1952an.
1950eko eta 1960ko hamarraldietan bide
bera hartu zuten Egiptok, Pakistanek, Tunisiak,
Hegoaldeko Koreak eta Txinak (hasierako
jarrera goitik behera aldatu baitzuen).
1965etik aurrera famili plangintzen
bidez jaiotze tasa txikitzeko erabakiak hartu
ziren, herrialde askotako gosetearen eta
NBEk eginiko erroldaren eraginez batez ere.
Hirugarren Munduan bizi maila hobetu
izana hartu zuten aitzakiatzat Estatu
Batuek 1950az geroztik jaiotze tasa gutxitzeko
higikundeak bultzatzeko eta pilulari
buruzko ikerketak bizkortzeko; minbiziaren
ikerketetarako baino lau aldiz diru laguntza
handiagoak eman zituen, eta Puerto
Ricoko emakumeak erabili zituzten «akuri»
gisa. Azkenik, 1960an pilula merkaturatu
zuten, baina ustez «elkartasunezkoa» zen
erabaki horren atzean Estatu Batuek Hego
Ameriketan 1950eko hamarraldian izan zen
eztanda demografikoari zioten beldurra
zegoen.