Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Afrika XX. mendean

Emakumeak errepide bat egiten Lesothon (1969).<br>

XX. MENDEAN AFRIKAK MENDETASUN POLITIKOTIK ASKATZEA LORTU ZUEN. BURUJABETZA IRITSI ONDOREN, BERE BARNE ARAZOAK KONPONDU BEHARRA ZEUKAN, ETA BERE LEKUA AURKITU BEHAR ZUEN MUNDUAN.Bigarren Mundu gerra bukatu ondoren indar handia hartu zuten mundu osoan kolonialismoaren aurkako eta burujabetzaren aldeko higikundeek. Afrikan panafrikanismo zeritzan higikundea sortu zen, eta haren baitako politiko batzuek, Nkrumahek adibidez, Afrika osoaren batasunaren alde egin zuten, indar gehiago izateko horrela herrialde garatuenen aurrean. Afrikaren burujabetza prozesuak hiru aldi nagusi izan zituen. Lehenengoan, Bigarren Mundu gerraren amaieratik 1956 artekoan, afrikar nazionalismoa sendotu zen, eta Magrebeko herrialdeek independentzia iritsi zuten. Bigarren aldian (1957-1975), Sahara Azpiko edo Afrika Beltzeko herrialdeek independentzia lortu zuten eta lehenengo erakunde panafrikanoak sortu ziren (OEA, 1963). Hirugarren aldian, 1975az geroztik, Afrikako hegoaldeko herrialde batzuek independentzia iritsi zuten, apartheida bukatu zen Hegoafrikan, estatu berriak sortu ziren –Eritrea, 1993–, eta beste estatu batzuk aldatu egin ziren –Zaire ohia Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen–. Herrialde askok eta askotarikoek eraturiko kontinente handi horren egoera oso konplexua da, eta hiru eremu desberdin bereiz daitezke gutxienez: Afrikako iparraldea, hizkuntzaz arabiarra eta erlijioz islamiarra; Afrika beltza edo Sahara azpikoa, kultura eta hizkuntza anitz eta era askotakoak dituena; eta, azkenik, Afrikako hegoaldea, aurrerabidean dagoen eremua. Afrikak erronka handiak ditu gaur egun, baina egoera politikoaren normaltasun ezak, kanpoko zorrak, nazioarteko politikan duen garrantzi gutxiak eta merkataritza zirkuituetatik baztertua egoteak, ez dio konponbide errazik uzten.

 

Afrikako burujabetza prozesuak

BIGARREN MUNDU GERRA BUKATU ONDOREN AFRIKAK EKONOMIAN ETA GIZARTEAN IZAN ZITUEN ALDAKETA HANDIEK HANGO HERRIALDEEN INDEPENDENTZIA NAHIA INDARTU ZUTEN.Mundu gerrari esker Afrikako biztanle multzo jakin batzuek halako garapen maila bat iritsia zuten, eta horrek azkenik kolonietako bakea zeritzana haustea ekarri zuen. Barneko egoera horrez gainera, kontuan hartu beharra zegoen munduko bi potentzia berrien jarrera (EEBB eta SESB), kolonialismoaren aurka baitzeuden biak, zein bere arrazoiengatik. Egoera hura aldatu nahiak NBEra bideratu zuen arazoa, eta erakunde horrek ahalegin handiak egin zituen Afrikako estatuen burujabetzaren alde: autodeterminaziorako erreferendumak bultzatu zituen Afrikako kolonietan, kolonia bakoitzaren eta bere metropoliaren aldez aurretikako hitzarmen bidez, ahal izanez gero. Erabakigarria izan zen prozesu hartan Bandungeko Bilkuraren ondoren (1955), Hirugarren Munduak, mundua bi multzotan banatua baitzegoen, erakunde politiko baina heterogeneo gisa izan zuen goraldia ere. Horren guztiaren ondorioz askapen higikundeak sortu ziren, panafrikanismoa adibidez, independentziarenalde borrokatzeaz gainera, Afrika osoaren halako bateratze baten alde ere bazeudenak.
Lurralde bakoitzaren barneko gizarte lotura ere garrantzi handikoa izan zen prozesu hartan.
Bigarren Mundu gerraren ondoren sortu ziren alderdi politikoek, erlijio ordenek (ordu arte kolonialismoaren alde egin zutenak), Afrikako sindikatu sortu berrien indarrak, baita ikasle, emakume eta intelektualek sortua zuten giro egokiak ere, eta beste alde batetik nazioarteko presioak eta Europako metropolien ahultasun politiko eta ekonomikoak, abian eta ezin geldituzko eran jarri zuten independentziaren aldeko higikundea.
Independentzia iritsi izanari esker azaleratu zen munduan Afrikak ordu arte izan zuen egoera: zapaldua eta neurriz gain ustiatua izan ondoren, agortua zegoen, eta biztanle kopuruz txikitua.

 

Gerrak eta diktadurak: gerra hotza

AFRIKAKO ESTATU BERRIEN ANTOLAMENDUA, KUTSU LIBERALEKOA MENDEBALEKO EREDUARI JARRAITURIK, IZAN ZUEN AFRIKAK ARAZO NAGUSIA. ANTOLAMENDU HORREN PORROTAK ESTATU KOLPEAK ETA LISKARRAK EKARRI ZITUEN.Independentziaren ondoren sortu ziren Afrikako estatu berrien ereduak berehala baldintzatu zuen estatu horien beren garapena.
Antolamendu modu hori Europako mendebalekoaren imitazioa zen: estatu-nazioaren araberakoak ziren erakundeak (legebiltzarrak, kutsu liberaleko konstituzioak) eta administrazio antolamendua. Demokrazia berri haiek bazuten beste ezaugarri bat, alegia, independentziaren buruzagiak gidari zituzten alderdi politiko bakarrak izatea.
Bide berriak sortzeko ahaleginek –Afrikako sozialismoaren gisako hirugarren bideak (Ksunda, Shengor edo Nyerere)– porrot egin zuten, ez baitzituzten Afrikako ekonomia eta garapen arazoak konpondu. Biztanle gehienek ez zituzten era horretako sistemak ulertu, ez baitziren berez afrikarrak; horrez gainera independentziaren heroiek sinesgarritasuna galdu zuten, urrialdia, eskasia eta estualdia nagusituak baitziren gizartean; horren guztiaren ondorioz, herriak harrera onez ez, baina ezaxolatasunez erantzun zien maiz militarren estatu kolpeei. 1960ko hamarraldian, izan ere, estatu kolpeak eta gerrak nagusitu ziren Afrika osoan. Askotan ekialde-mendebal tirabirek gerra horiek biziagotu zituzten, eta Afrika xake taula moduko zerbait bihurtu zuten potentzia handiek, zeinek eragin handiagoa izan. Hala frogatu zuen aldi hartako gerra askok: Katanga (Kongo 1960-1963), Biafra (Nigeria 1967-1970), sobietarrek Somalian egin zuten sarraldia (1963), eta baita Kubak hango herrialde batzuetan egin zuena ere. Nazioarteari dagokionez, Afrikak erakunde politiko komun bat antolatzeko saioa izan zen OUA 1963an sortzea. Urteak aurrera egin ahala, erakunde horrek muga handiak izan zituen, eta beste erakunde batzuk, sortu ziren hartatik, eskualdekakoak, Afrikako hetereogeneotasunari hobeto zegozkionak.

 

90eko hamarraldiko aldaketa

GERRA HOTZAREN BUKAERAREKIN ETA SESB ETA EUROPAKO GAINONTZEKO HERRIALDE SOZIALISTAK DESAGERTU IZANAREKIN, DEMOKRAZIAK BIDE EGIN ZUEN AFRIKAN, NAHIZ ITXAROPEN GEHIAGO SORTU ZUEN BENETAKO AURRERAPENIK BAINO.Ekonomiak goraldi bat izan bazuen ere, Afrikako herrialdeek independentzia lortu ondorengo hurrengo hamar urteetan, hirurogeita hamarreko hamarraldian krisi ekonomikoak gogor jo zuen kontiente hau. Laurogeiko hamarraldian Afrika munduko merkataritzatik kanpo gelditu zen, Afrikari ez baitzegokion merkataritzaren %1 baizik. Afrikak munduko salerosketan zuen esku gutxiak hondamena ekarri zuen hango ekonomiara; horrez gainera, nazioarteko finantza erakundeen diru laguntza bertako agintariek beren irabazietako desbideratu izanak erabateko bazterketa ekarri zion Afrikari. Politikaren aldetik, gerra hotzaren bukaerak ekarri zuen aldaketarik Afrikara ere, demokrazia, merkatu librea eta giza eskubideak oinarri harturik nazioartean ezarri zen Ordena Berriaren eraginez. Laurogeita hamarreko hamarraldian hasi zen Afrikan 90eko aldaketa esan zitzaiona, herrialde gehienek nolabaiteko demokrazia ezarri zuten, itxurazkoak benetakoak baino gehiago. Ezaugarri hauek izan zituen Afrikako geopolitikak: SESB Afrikatik erretiratu izana, Estatu Batuak han kokatu izana, eta Hegoafrikak alderdi guztietan izan zuen eragina. Hala eta guztiz ere, bere horretan iraun zuten egiturazko arazo guztiek:biztanleria gaizki banatua egoteak hiri hipertrofiatuetara bultzatu zituen herritarrak bizirik irauteko aukera bakar gisa, nekazarien jabetza txikiak bizibide izateari utzi zioten, eta esportaziorako labore bakarreko sail zabalak lantzen hasi ziren haien ordez. Beste eragile garrantzi handiko bat zorra zen, ez baitzion ez aurrera egiten ez etorkizun egokirik iristen uzten, lehendik ere zeharo lur joa eta hondatua zegoen herrialde multzo hari.

 

Hegoafrika: Afrikaren berpiztea

LAUROGEIKO HAMARRALDIAK APARTHEIDAREN BUKAERA EKARRI ZUEN HEGOAFRIKARA; HORREK ERABATEKO AURRERABIDEA EKARRI ZION POLITIKAREN ALDETIK EKONOMIAN ORDURAKO AFRIKAKO HERRIALDE GARRANTZITSUENA ZENARI, ETA HANDIK AURRERA HEGOAFRIKA IZAN ZEN ESKUALDE HARTAN GIDARI.1948an Alderdi Nazionalistak aginpidea hartzearekin batera hasi zen Hegoafrikan arrazazko bereizkeria prozesua edo apartheida (1949). Hegoafrikako lehen ministro Hendrik Verwoerdek (1958) Malan bere aurrekoaren politika arrazista berbera jarraitu zuen.
1960an hasi ziren errejimen bereizkeriazale haren aurkako lehenengo protestak; handik urtebetera (1961ko maiatza) tirabira eta liskar haiek Commonwealthetik ateratzera behartu zuten Hegoafrikako gobernua. Hegoafrikako Errepublikak gogortu egin zuen arrazazko bereizkeria politika bantustanak sortuz, hau da, beltzak bereizita edukitzeko gune bereziak. Hegoafrikak Namibiaren zati bat beretu zuen, eta ez zuen lurralde hura utzi 1988an Genevako hitzarmena sinatu zen arte. Bitartean, aurrera jarraitu zuen apartheidaren aurkako borrokak, eta borroka haren ondorioz Afrikako Nazio Kongresuaren (ANC) buruzagi Nelson Mandela espetxean sartu zuten 1963an. 1970 hamarraldiaren erdialdeanliskar handiak izan ziren Soweto hirian, eta Estatu Batuek eta Europako Ekonomia Erkidegoak zigorrak ezarri zizkioten Hegoafrikari. 1989an, Frederick de Klerrek aginpidea hartu zuelarik, politika irekiago bat jarri zen abian. 1990ean ANC legeztatu zuten eta urte hartako otsailaren 11n Mandela aske utzi zuten, hogeita zazpi urtez espetxean eduki ondoren. 1992an zigor guztiak kendu zizkioten Hegoafrikari. 1994ko maiatzaren 10ean Nelson Mandela Hegoafrikako lehendakari aukeratu izanak, ANCk urte hartako apirilaren 26tik 29 arteko hauteskundeak irabazi ondoren, amaiera eman zion prozesu hari. Mandelaren lehen gobernua zuriekin eginiko koalizio gobernu bat izan zen.
Hegoafrikak, Ugandak, Tanzaniak eta Afrikako beste herrialde bazuek Afrikaren berpiztea esan zaiona bultzatu zuten. Higikunde horrek eragin handia izan du Zaireko gerran (1996), eta nagusitasuna eman dio Hegoafrikari.

 

Nkrumah eta Mandela

Nkrumah eta Mandela dira Afrikako oraintsuko historiako bi buruzagirik garrantzitsuenak.
Lehena panafrikanismo higikundearen aitzindaria izan zen eta OUA sortu zuen 1963an. Bigarrena arrazazko bereizkeriaren aurkako borrokaren sinboloa izan zen, eta Hegoafrikako lehendakari gero. Nkrumah Urrezko Kostaldean jaio zen, gaurko Ghanan, 1910ean, eta misiolari katolikoen ikastetxeetan egin zituen ikasketak. 1935ean Estatu Batuetan hartu zuen bizilekua, eta han unibertsitate ikasketak egin zituen. 1945ean Erresuma Batura joan zen, eta han ere unibertsitate ikasketak egin zituen. Orduan hasi zuen bere jarduera politikoa, urte hartan bertan antolatu baitzuen V. Biltzar Panafrikanoa, Manchesterren. Bere herrira itzuli zen; UGCC alderdi nazionalistako idazkari izan zen, baina alderdia utzi zuen gero berak nahi bezain erradikala ez zelakoan. Beste alderdi politiko bat sortu zuen, CPP (1949), eta gobernu autonomorako 1951ko hauteskundeak irabazi zituen. Ghanak independentzia iritsi zuenean (1957) Nkrumah izendatu zuten lehendakari, eta lehendakari iraun zuen harik eta 1966an estatu kolpe batek aginpidetik egotzi zuen arte. Bucaresten hil zen 1972an.
Nelson Mandela Transkei hirian jaio zen 1918an, buruzagi beltz baten semea zen, eta zuzenbide ikasketak egin zituen. Afrikako Nazio Kongresuaren sortzaileetako bat izan zen. 1952tik aurrera apartheid errejimenaren aurkari nagusietako bat izan zen, eta espetxean sartu zuten horregatik (1952-1957). Espetxetik irten ondoren beltzen eskubide zibilen aldeko borrokan jarraitu zuen; 1962an bizi guztirako espetxera kondenatu zuten. 1990ean irten zen espetxetik, apartheida bukatu zenean.
1992an Mandela izendatu zuten Hegoafrikako lehenengo lehendakari beltza.