Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Estatu Batuak: Trumanengandik Reaganengana

Truman lehendakaria Nazio Batuen Konferentziara iristen.<br><br>

1945eko apirilean hil zen Roosevelt, EEBBetako lehendakari karismaduna. Hala, harekin lehendakariorde izandako Harry Truman heldu zen Etxe Zurira. Jatorri apalekoa zen, luxurik gabeko ohiturak zituen, eta administratzaile onaren fama ere bai. Europan gerra amaitzeko zorian zegoela hartu zuen lehendakaritza. Berak eman zuen baimena Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurtitzeko. Berehala eta baldintzarik gabe errenditu zen Japonia (1945eko iraila). Behin garaipena eskuratu ondoren, Trumanek kanpo politika berri baten oinarriak finkatu zituen, Marshall, Acheson eta Kennan bere aholkularien laguntzarekin. EEBBen kanpo politika berria hiru zutabeotan oinarritzen zen: komunismoaren hedazaletasunari eustea, ?mundu askearen? defentsa, eta itun militarrak Hego eta Erdiko Amerikan, Europan eta Ozeano Barean (OEA, 1947; OTAN, 1949; ANZUS, 1951). Etengabe SESBaren aurka aritu beharrak Europa Mendebaldean eta Ekialde Urrunean gudarostea zabalduta eta prest edukitzera behartzen zituen EE- BBak. Aurkakotasun horren pasarte gogorrena Koreako gerra izan zen (1950-53).

Nazio barruan, EEBBetako ekonomia bake arora egokitzeak sorrarazi zituen arazoei egin behar izan zien Trumanek aurre.1945etik 1947ra bitartean 10 milioi t?erdi soldadu (biztanle guztien %7,5) gudarostea utzi eta eguneroko bizitzara itzuli izanaren ondorioz, inflazioa izugarri igo zen, soldatak jaitsi ziren, eta langabeziaren mamuak berriro indar hartu zuen. Ekonomiaren motelaldiaren erdian, Truman 1948ko hauteskundeetara aurkeztu zen, Roosevelten ideietan oinarritutako gizarte egitasmo batekin.

Fair Deal izenaz ezagutu zen egitasmo politiko hark gizarte babeserako sistemak indartzea, gutxieneko soldata igotzea, etxebizitzak eraikitzeko asmo hedadura handiko bat bideratzea, nekazariei laguntzak ematea, eta arrazazko bereizkeria bukaraztea agintzen zituen. Langileen, behartsuen eta baztertuen botoei esker, inork gutxik espero zuen garaipena lortu zuen Trumanek.

Baina ezin izan zuen egitasmo oso hura aurrera atera, gehiengo errepublikarrak oztopoak jarri baitzizkion kongresuan. Trumanen agintaldiak, ordea, izan zituen bere alde ilunak ere: Fair Deal-ari buruz demokraten artean sortutako zatiketa, Koreako gerrak herritarrengan izan zuen arbuioa, eta Mac- Carthy senatoreak abian jarritako histeria antikomunista, hark bultzatutako ?jarduera antiamerikarren aurkako borroka? garai hartako benetako sorgin ehiza bihurtu baitzen.

 

Urte oparoak (1953-1960)

Hogei urtez lehendakari demokratak izan ondoren, errepublikarrek irabazi zituzten 1952ko hauteskundeak, Eisenhower jenerala lehendakarigai zutela. Politikan esperientziarik ez zuen arren, Europako gerran gudaroste aliatuaren buru izandako hark nahikoa izan zituen bere izen ona eta Korearako irtenbide azkar eta ohorezko bat bilatzeko agindua hauteskundeak irabazteko.

Eisenhowerren garaipena amerikar herritar arruntaren segurtasun eta lasaitasun gogoaren adierazle zen. Bere ideia antikomunista sendoetan oinarriturik, eta arma nuklearren eguneratzeari uko egin gabe, Eisenhowerrek aldi berri bat hasi zuen Sobiet Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremanetan (elkarri eraso gabe bakean bizitzea deitu zitzaion). Giro baketsu hark Kruschevek Washingtona egindako bisitan izan zuen goren maila ?Suezko krisialdia (1956) izan zen tartean, baina konponbidea aurkitu zioten?. Barne politikaren arloan, Eisenhowerrek demokraten gehiegizko interbentzionismoaren eta errepublikarren ohiko liberalismo ekonomikoaren arteko oreka bilatu nahi izan zuen.

1950etik 1965era bitartean, Estatu Batuetako BPG 2,5ez biderkatu zen, industria produkzioa bikoiztu zen, eta per capita errenta %45 hazi (boom demografikoa izan bazen ere). Goraldi ikusgarri horren arrazoiak hiru izan ziren: teknologiaren garapen ikaragarria, barne eskariaren hazkundea (arma industria barne zela), eta Mendebaleko Europarekin eta Hego eta Erdiko Amerikarekin zituzten pribilejiozko merkataritza harremanak.

Horrekin batera kontzentrazio prozesu handiak gertatu ziren industriaren eta finantzen munduan: 1960an langile guztien lautatik bat Estatu Batuetako enpresa handienetan zeuden enplegatuta, eta enpresa berorietan sortzen ziren soldaten eta industriako mozkin guztien heren bat. Kudeatzaile modernoen jestiopean eta kapitalismo ?herrikoiak? finantziatuak (General Motorsek bi milioi akziodun txiki zituen) enpresa asko multinazional bilakatu ziren (Ford, IBM, Firestone, e.a.). Oparotasunarekin batera kontsumoko gizartea etorri zen: 1955 aldera, Estatu Batuetako hiru herritarretatik batek autoa zuen, etxeen %81ean telebista zuten (eta ia denetan hozkailua eta garbigailua). Hirietako biztanleria asko hazi zen, eta hirugarren sektoreak inoiz ez bezalako eragina izan zuen ekonomian: 1960an esku langileak biztanleria aktiboaren %33 baizik ez ziren (eta nekazariak %10era ez ziren iristen). Klase arruntak bilakatu ziren gizarte amerikarraren bizkarrezur, eta gizarte mota haren bizimodua eta hiritik kanpoko haien etxe lorategidun erosoak Estatu Batuetako bizimoldearen ikur bihurtu ziren.

 

Amerikar ametsa kolokan

Kennedyk gorpuztu zituen belaunaldi berriaren aldaketa gogoak. Aberatsa, kultura handikoa, eta Massachussetseko senatore demokrata zen lehendakari hautatu zutenean.

Behin Etxe Zurian zela, amerikar aurrerakoienen oniritzia bilatu zuen, Eisenhowerren aldiko kontserbadorekeria hausteko.

Kennedyren gobernu egitasmoak Roosevelt eta Keynes izan zituen, erdi bana, inspirazio iturri. Amerikar aurrendarien espiritu ausarta eta elkartasunezkoa beretzat hartuz, ?muga berri? baten konkista proposatu zuen. Nazio barruan, oparoaldia luzatuz eta aprobetxatuz, baztertuak gizarteratu nahi izan zituen, pobreziaren eta arrazakeriaren aurka borrokatuz. Kanpoan berriz, Estatu Batuen aitzindaritza berrezarri nahi izan zuen, Hirugarren Mundua nazio arteko plazara agertzen ari zen aldi historiko hartan. Kennedyren administrazioak onartu zuen gizona ilargira eramango zuen espazio hegaldien egitasmo munta handikoa; Erdiko eta Hego Amerikarako Bake eta Garapen Itun bat proposatu zuen; berdinen arteko merkataritza hitzarmen handi bat sinatzea eskaini zion EEEri; eta, bake egoera hautsi gabe, irmotasunez eutsi zien bere jarrerei. Sobiet Batasunarekiko harremanetan (Berlingo bigarren krisia, 1961; misilen krisialdia, 1962). Kennedyk bere herritarrengan itxaropena sortzen jakin izan zuen, amerikarren irudi toleranteena eta aurrerakoiena banderatzat harturik. 1963ko azaroaren 22an hil zutenean mito bihurtu zen.

Baina izan zituen hutsegiteak ere, Vietnamgo gerra hastea, esate baterako.

Johnsonek amaitu behar izan zituen Kennedyk hasitako proiektuak. Haren gizarte politikak ?Kongresuan gehiengo demokratari esker onartu zenak? arrakasta handia izan zuen: arrazagatiko bazterketa debekatu zuen, gutxiengo beltzaren eskubide botoa bermatu zuen, eta epaile beltz bat izendatu zuen Epaitegi Goreneko kide; giro hartan Martin Luther Kingi eman zioten Bakearen Nobel Saria. Pobreziaren aurkako borrokak ere eman zituen fruituak: pobreziaproportzioa %20tik 13ra jaitsi zen 1960tik 1968ra bitartean. Baina datu horiek ez ziren nahikoa izan Johnson hauteskundeetara aurkezteko.

Haren ospea ahuldua gelditu zen Vietnamgo gerragatik eta herrialde guztian piztu ziren matxinada bortitzengatik.

Jendearen nahigabea ez zen baretu, nahiz Nixonek eta haren aholkulari Henry Kissingerrek kanpo politikan arrakasta handia izan zuten: Txina eta EEBB elkarri hurbildu zitzaizkion, Nixonek 1972an Pekina egindako bisitaldiaren ondoren; Vietnamgo gerra bukatu zen, 1973ko urtarrilean. Balantzaren beste aldean, dolarraren ahultasuna, inflazioa (1971ko abuztuan prezioak eta soldatak blokearazi zituen) eta petrolioaren krisia jarri behar dira. Hirurogeiko hamarralditik EEBBetan nagusitua zen nortasun krisia areagotu egin zuen Watergate eskandaluaren berri izateak, argi geratu baitzen Ipar Amerikako politikarien moraltasun falta. Nixonek, berrogeita hamarreko hamarraldiko maccarthista zaharrak, ezin izan zuen amaitu bere bigarren agintaldia eta Gerald Ford lehendakariordeak hartu zuen haren ordez aginpidea Etxe Zurian.

Nixonek errepublikarrei sinesgarritasuna galarazi bazien, gauza bera egin zuen Carterrek demokraten ospearekin. Washingtongo azpijokoetatik kanpo, giza eskubideez kezkatzen zen gizon berri baten gisa aurkeztu zuten. Behin lehendakaritzan zela, ekonomia indartzeko abian jarri zituen neurri gogorrek erabat huts egin zuten: langabeziak eta inflazioak hazten jarraitu zuten.

Carterren eraginari esker, Ekialde Hurbila zerbait baretu zen: 1978ko irailean, Egiptoko eta Israelgo ordezkariek (Sadat eta Begin) bakea izenpetu zuten Camp Daviden, Washingtondik hurbil. Baina hurrengo urtea oso txarra izan zen EEBBen interesetarako: Khomeini ayatolaha buru zuen islamdar iraultzak Irango shah amerikazalearen errejimena erorarazi zuen (otsaila); sandinistek, Kubaren laguntzaz, agintea eskuratu zuten Nikaraguan, eta sobietarrek Afganistan inbaditu zuten (abendua).

 

Kontserbadoreen iraultza

1980ko urrian hautatu zuten Reagan lehendakari, eta 1984an berriro irabazi zituen hauteskundeak. Berak berreskuratu zituen EEBBen garai bateko konfiantza eta harrotasuna.

Reaganen politika egitasmoa guztiz bakuna zen: Estatu Batuetako tradiziozko balioak berreskuratzea (hirurogeiko hamarraldian zalantzan jarri baitziren), estatuaren interbentzioa gutxitzea, eta konplexurik gabeko kanpo politika erasotzailea. Gastu federala murriztu zuen, zergak jaitsi zituen, eta enpresa jarduera araugabetu zuen, ekimen pribatua, inbertsioak eta enplegua sustatzeko. 1983tik 1989ra bitartean, inflazioa %4 azpitik egon zen, eta 19 milioi lanpostusortu ziren. Baina ordainetan, zor federala igo zen, gizarte laguntzak murriztu ziren, eta aberatsen eta behartsuen arteko desberdintasunak areagotu egin ziren: 1990ean, biztanleriaren %1ena zen nazio osoko aberastasunaren %34. ?Zabor bonoak? eta gobernuko ?eta gobernuz kanpoko? beste zenbait ustelkeria arazo ere izan zen.

Kanpo politikan, gerra hotzaren garaiko helburu eta hizkerara itzuli zen Reagan: SESBekiko harremanak gogortu ziren, gastu militarrak hazi zituen, eta komunisten aurkako borroka areagotu zuen fronte guztietan (Salvador, Nikaragua eta Granada).

 

Gerra hotzaren eta Reagan aroaren azkena

Reaganekin zortzi urtez lehendakariorde izandako Bush neurritsuak irabazi zituen 1988ko hauteskundeak. Kanpo politikan, SESBen hausturaren fruituak jaso zituen: Berlingo harresiaren erorketa, arma nuklearren murrizketa (STAR ituna, 1991ko uztaila) eta, Golkoko gerran, EEBBen aitzindaritza bakarra eta zalantzarik gabea (1991ko urtarrila). Baina ekonomia krisialdiak zeharo belztu zuen haren izen ona: 1992an 10 miliotik gora langabe ziren Estatu Batuetan.

Bushek zergak igo behar izan zituen zor federal ikaragarria murriztuko bazuen, hala hauteskundeetan emandako hiza jaten bazuen ere. Hori gutxi balitz, 1992ko apirilaren 29an 58 hildako eragin zituen matxinada bortitz bat piztu zen Los Angelesen. Indarkeriazko nahasmendu handi hura zenbait hiritako ghettoetako bizi baldintza ezin kaskarragoek sorrarazi zuten. Beltzak eta hego amerikar edo asiar jatorrikoak ziren gehienbat ghetto horietan bizi zirenak, eta analfabetismoa, langabezia, droga eta lege hausteak erroturik zeuden haien eguneroko bizitzan. Hura zen Estatu Batuetako gizartearen bi aldeetako bat: alde iluna, alegia.

Bush lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zen 1992ko azaroan, bihozgabetua eta herri iritzia aurka zuela. Baina Bill Clinton izeneko Arkansasko gobernadore gazteak irabazi zion.