Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Latinamerika 1914-1940

Mexikoko lehendakari Lorenzo Cárdenas (1934 – 1940).<br><br>

Bi aldi nagusi bereiz daitezke Latinamerikaren historian 1914-1940 bitartean: batetik, gerra eta gerra ondoko urteak, eta, bestetik, 1929. urteko krisiaren ondoko urteak. Lehenengoak oparoaldi ekonomikoa, baikortasun soziokulturala eta sakontze demokratikoa eragin zituen. Unibertsitatea Berritzeko higikundea –1918, Cordoba (Argentina)– izan zuen oparoaldi horrek eredu, eta herrialde osora eta are beste batzuetara ere zabaldu zen. 1929ko porrotaren ondoko nazioarteko krisiak ordea bertan behera utzi zituen demokrazia eta erreformarako itxaropenak. Bide autoritarioak erabili ziren ia beti krisiak konpontzeko: gudarosteek esku hartu zuten, eta politika ekonomiko berriak ezarri ziren. Estatuetan, bestalde, erretorika nazionalista nagusitu zen, eta horren ondorioz industrializazioaren alde egin zuten, eta inportazioak gaitzetsi zituzten. Nolanahi ere, Estatu Batuek interes handiak baitzituzten kontinentean, aldi guztian nabarmendu zen haien presentzia, eta era askotako erantzunak eragin zituen.

 

Mendekotasun ekonomikoa

Lehen Mundu Gerrak ekonomia zuzpertu zuen Latinamerikan. Gerran ari ziren herrialdeek Argentinako laborearen eta Mexikoko petrolioaren premia zuten. Eta atzerriko inbertsioen mende egoteak Estatu Batuek Europako herrialde ahulduen lekua hartzea erraztu zuen.

Estatu Batuen itzala, beraz, handituz joan zen pixkana, eta hedatuz Erdiko Amerikatik Hego Ameriketara. 1929ko krisiak baizik ez zien Estatu Batuen itzala gainetik kentzen utzi esportazioen mendetasun gutxiago zuten herrialdeei. Estatu Batuen babeste horrek nazionalismoa piztu zuen beste zenbait lekutan, baita Estatu Batuen agintearen bihotzean bertan ere, Panaman, eta gobernuek behin baino gehiagotan kalerarazi zuten gudarostea herri protestak isilaraztera.

1930-1940 hamarraldian, berriz, herrialde handienak industrializazio bidean hasi ziren estatuen gidaritzapean, eta muga zerga bereziak jarri zituzten beren merkatuak babestearren. Orduan sortu ziren banku zentral gehienak, eta Europako emigrazioa legez mugatzeko neurriak hartu ziren –oso handia baitzen artean: XX. mendearen lehenengo hogeita hamar urteetan Brasil eta Kuba artean bakarrik milioi bat espainol baino gehiago hartu zuten–.

Inportazioen ordez industrializazioa indartzeko estrategiak ekonomia aldez aurretik alor anitzetan bereizia zuten herrialdeetan baizik ez zuen arrakasta izan. Herrialde batzuek (Argentinak) beste batzuek (Txilek) baino hobeto babestu zituzten beren esportazioak (haragia Argentinan eta gesala Txilen).

Aitzitik, Erdiko Ameriketako herrialdeek (Kuba) ez zuten ezer egiteko aukerarik izan, guztiz dolarraren bilakaeran mende baitzeuden.

 

Brasil, Getulio Vargasen lehendakaritzapean

Lehen Mundu Gerran Estatu Batuen inbertsioek hartu zuten Britainia Handikoen lekua Brasilen. Ekonomiaren zabalkundeak industriaren hazkundea eragin zuen; nekazaritzak, aldiz, esportazioko nekazaritzaren mende segitu zuen (Sao Pauloko kafea).

1920 ondoko urteetan militarismoa nagusitu zen ostera, eta matxinadak izan ziren hainbat estatutan; agerian geratu zen, baita ere, alde handiak zeudela lurraldean eskualde batzuetatik besteetara. Brasilgo hurrengo lehendakariak Minas Gerais estatuko mineiroen eta Sao Pauloko paulisten artean txandakatu ziren.

Nazioarteko krisiak gogor astindu zituen Brasilgo merkataritza eta finantzak, eta defizita eragin zuen ekonomian eta ondoeza gizartean. 1930. urteko hauteskundeetan, Minas Gerais, Paraiba eta Rio Grandeko gobernadoreek azkeneko estatu horretakoa aukeratu zuten hautagai, Getulio Vargas, Sao Pauloko hautagaiari aurre egiteko. Hegoaldean abere hazkuntza zen bizibide nagusia, eta lurralde ekonomian aurreratu samar bati zegokion lekua eskatzen zuen indarra hartzen hasia zen Brasil hartan. Aliantza galtzaile atera zen, baina, militarren laguntzaz, Vargasek lortu zuen aginpidea.

Gobernuaren autoritarismoak eta estatu batzuen uzkurkeriak gerra zibila eragin zuten Sao Paulon 1932an. 1934ko konstituzioak estatuen aginpidea murriztu zuen, eta administrazio zentralarena sendotu. Boto eskubidea onartu zien emakumeei, eta ukatu, berriz, analfabetoei. Parlamentu bidezko ordezkaritza korporatiboa sartu zuen, garai hartan ohikoa zen bezala.

1937an Vargasek Legebiltzarra desegin zuen ezkerrak irabaz ez zezan, eta diktadurazentralista ezarri: Estado Novo. Carlos Prestesen alderdi komunista modu sistematikoan zapaldu zuen, eta aldi berean gizarte politika populista eta nazionalista egin zuen. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuen aliatua izan zelarik, Vargasek 1945 arte iraun zuen aginpidean.

 

Mexiko, iraultzaren ondoren

1917ko konstituzioak Iraultza instituzionalizatu nahi izan zuen. Testu berria ikusmolde nazionalista batez egina zen, eta sindikatutan biltzeko eta greba egiteko eskubidea onartzen zuen, eta lur azpiaren jabea estatua zela berresten zuen. Erabaki hori garrantzi handikoa zen petrolio sektore indartsuarentzat, baina handik gutxira baztertu zen onetsi aurretikako aldian ere izan zezan lege hark eragina, eta Estatu Batuen inbertsioak handitu egin ziren.

Venustiano Carranza eta Alvaro Obregón ziren orduko politikari nagusiak. Kolpe militar batek eraitsi zuen lehena 1920an, eta bigarrenak irabazi zituen hauteskundeak.

Emiliano Zapata eta Pancho Villa hil ondoren –1919an lehena eta 1923an bigarrena– iraultza instituzionalizatzeko bidea ireki zen.

Obregónek Alderdi Liberal Konstituzionalistaren laguntza izan zuen, eta orobat agrarismoaren jarraitzaileena, sindikatuena, gudarosteko sektore batzuena, erdi mailako klasearena, eta intelektualena, José Vasconcelos ospetsuarena, adibidez, eta eragozpen asko gainditu ahal izan zuen laguntasun horri esker.

1924an Plutarco Elías Calles hautatu zuten lehendakari. Haren agintaldian hasizen, modu kapritxoso samarrean, lurren banaketa.

Elizaren kontra hartu zituen neurri batzuk zirela eta, matxinadak izan ziren iparmendebalean, baina gogor zapaldu zituzten.

1928. urteaz geroztik, berriro ezin hautatua izateko printzipioa zela eta, berak jarritako ordezkoen bidez agindu zuen. Hark hasi zuen mexikar iraultzaren instituzionalizazioa Alderdi Nazional Iraultzailea sortzean, hara bildu baitziren errejimeneko buruzagi eta talde guztiak.

Lázaro Cárdenasek –lehendakari 1934- 1940 bitartean– hautsi zuen Callesen ordezko zaindaritza, eta lurren banaketa zabaldu zuen. Haren nazionalizazio programak petrolioaren sektorea ere hartu zuen, atzerritarren esku baitzegoen, izan ere.

Franklin D. Rooseveltek bultzatu zuen “harreman onak auzoarekin” izeneko politika Mexikoko historiaren azken aldian ezagutu den agintaritza gogoangarriena izan da.

 

Hego Amerika

Hego Ameriketako herrialdeek demokrazia bideratzeko saio apal bat egin zuten ekonomia oparo zegoen aldi hartan.

Hala egin zuten, adibidez, José Batlle gorriak Uruguaien, Hipólito Irigoyen erradikalak Argentinan eta Arturo Alessandri liberalak Txilen.

1929ko depresioak ordea pikutara bidali zuen demokrazia bideratzeko ahalegin epel hura. Gobernari batzuk –Gabriel Terra uruguaiarra, esate baterako– kolpe militarra jotzeko tentazioan erori ziren; beste batzuk –Alessandri txiletarra bere bigarren agintaldian (1932-1938), adibidez– autoritarismoan.

1938. urtean, Txilen bertan, lurrikara batek asko zaildu zuen garaile atera berri zen Pedro Aguirreren (Frente Popularra) politika, hain zuzen garaitsu hartan Internazional Komunistak ezarri zituen aginduei jarraitzen ziona, zailtasunak zailtasun.

Argentinan krisiak gobernua ez ezik alderdi erradikala ere suntsitu zuen. José Uriburu jeneralaren kolpearekin (1930) “hamarraldi lotsagarria“ deitu zena hasi zen, eta iruzurra eta ustelkeria leporatu zitzaien instituzioei.

Agustín Justo jeneralak gudarosteko sektore autoritarioenak garaitu zituen, eta garaile atera zen, baita ere, 1932ko hauteskundeetan, liberalen, katolikoen eta erradikal antipertsonalisten artean egindako aliantza baten barruan.

Gobernua esportazioak babesten ahalegindu zen, haragiaren merkatu britainiarra batez ere. Gero, Bigarren Mundu Gerra hastean, egoerak okerrera egin zuen. Justo lehendakaria hil zenean (1943) militarrek estatu kolpea jo zuten, eta politika aldi berri bat hasi zen, diktadura nazionalista. Garaitsu hartan hasi zen Juan Domingo Perón –artean koronela– ere nabarmentzen.

 

Nahasmenduzko politikak

Estatu Batuek izan zuten eraginagatik bereizi zen Latinameriketako bi mundu gerren arteko politika. Hasi Panamatik eta Txileraino, kultura erreakzio halako bat izan zen, erreferente bilatze halako bat Latinamerikaren espainiar iraganaldian, horien bidez iparraldeko auzo ahaltsuaren inbasioari aurre egiteko. Nolanahi ere, garai hartan Espainia ez zen ezeren buruzagi izateko gai.

Estatu Batuetako kulturazko sarraldiari, beraz, erresistentzia modu kontserbadoreen eta iraultzaileen bidez egin zitzaion aurre.

Joera kontserbadorekoek Estatu Batuen nagusitasunetik etekina ateratzen zuten oligarkiak pixkanaka ordezkatu nahi zituzten.

Iraultzaileek, berriz, herri talde askoren parte hartzearen bidez egin nahi izan zioten aurre Estatu Batuen tartean sartzeari eta horrek zekarren gizarte antolaketari.

Sortzen ari ziren industrializazio prozesu berrien ondorioz, erdi mailako klaseen batasun nahaspilatsu bat eratu zen hirietan, eta orduan izan zuen erdiko klaseak lehenengo aldiz eragina Latinameriketan, hainbesteraino non nekazari oligarkia tradizionalari aurre egin ere baitzion. Europakoaren antzeko demokrazia bideratzeko modua bilatzen saiatu zen batasun hori, eta helburu horrexekin sortu ziren lehenengo sindikatuak ere, oso populistak haietako batzuk (Peruko aprismoa, Brasilgo getulismoa).

Sindikatuok Estatu Batuetatik zetorren guztia arbuiatzen zuten, hispaniar erro komunak zituztela aldarrikatzen zuten (horregatik zuen Peruko higikunde nagusiak izena Ameriketako Herri Aliantza Iraultzailea, bere jarduna Perura mugatu behar izan zuen arren, Amerika osoan aritzea baitzuen sortzez eta asmoz helburu nagusia), indiarren interesak babesten zituzten (sindikatu horietan zuriak eta mestizoak izan arren nagusi), eta lurraren jabetza modu bidezkoagoan banatzea eskatzen zuten, hala izan zezan nekazari jendeak gizartekotzeko eta politikan parte hartzeko aukera gehiago.Bestalde, urte horietan izugarri hazi eta zabaldu ziren Bogota, Lima, Buenos Aires eta beste hiri batzuk, baserri inguruneko behar gorriaren eraginez.

Oro har, autoritarismozko konponbideak erabili ziren gizarte arazoak konpontzeko.

1930 ondoko urteetan gudarosteak hartu zuen berriro ere protagonismoa herrietako politikan, bi hamarraldiz gordean egon ondoren.

Ekonomiak egonkortasunik ez zuela eta, konponbide autoritarioak nagusitu ziren, faxismoarekin eta integrismo katolikoarekin kideturik, berezitasunak berezitasun.

1930ean argentinar erradikalak eraitsi zituzten.

Urte hartan bertan Brasilgo militarrek Getulio Vargas ezarri zuten aginpidean.

Dominikar Errepublikan, berriz, Trujillok diktadura luze bat izan zena hasi zuen.

Hurrengo urtean, Uruguaiko lehendakari Gabriel Terrak berak jo zuen kolpea. Bien bitartean, diktadura ezarri zen Txile, Ekuador eta El Salvadorren. Garaitsu hartan hasi zen Haitin Papa Doc-en izualdia ere, eta, bestalde, Anastasio Somozak Cesar Augusto Sandino eta haren obra sozial guztia suntsitu zituen Nikaraguako iparraldean.

 

Panamerikartasun anbiguo samar bat

Konferentzia panamerikarrak urtez urte: – 1901, Mexikoko hiria.

– 1906, Rio de Janeiro.

– 1910, Buenos Aires.

– 1923, Santiago.

– 1928, Habana.

– 1933, Montevideo.

– 1936, Buenos Aires.

– 1938, Lima.

– 1948, Bogota.

Gerra zela eta ez zen gehiago konferentziarik egin 1923. urtea arte, Santiagon.

1928an Habanan egin zen bilkuran agerian jarri zen Estatu Batuen esku hartzeko eskubideari eta protekzionismo ekonomikoari buruzko mesfidantza. 1933. urteaz gero, berriz, Roosvelten “harreman onak auzoarekin” zeritzan politika nagusitu zen.