Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Bakea kolokan

Alemaniako soldaduen harrera 1938an Innsbrucken (Austria) sartzean.<br><br>

Bake bidezkoa eta iraunkorra ekarri ordez, Versaillesko itunak (1919) garaileak zatitzeko eta galtzaileen herra pizteko balio izan zuen. Gainera, arazo asko ebatzi gabe (gerra ordainen finkatzea, esate baterako) edo gaizki ebatzita utzi zituen (gutxiengo etnikoen arazoa). Alemaniari emandako tratua bereziki mingarria gertatu zen. Europako oreka berriak herrialde demokratikoen garaipena islatzen zuen, eta hauek, Frantzia eta Ingalaterraren aitzindaritzapean, Weimarren Alemania kontrolpean edukitzen eta Errusia boltxebikea bakartua izaten saiatu ziren. Garaileek Nazioen Elkartea sortu zuten, bakea bermatzeko ardura izango zuen nazioarteko segurtasunezko erakundea. Hala ere, mesedegarriagoa izan zen nazioarteko bakerako hogeigarren hamarraldiaren bigarren erdialdeko ekonomia egoera oparoa, Nazioen Elkartearen eraginkortasuna baino. Nolanahi ere, 1929ko Depresio Handiak sortarazitako arazoek eta nazionalismo hedazaleen gorakadak, indarrean zeuden orekak desegin eta Bigarren Mundu gerrara ekarri zuten.

 

Nazioen Elkartea (NE)

 

Diplomazia kudeaketarako eredu berria

Estatu Batuetako lehendakari zen Woodrow Wilsonen ekimenez sortu zen NE, nazioarteko harremanetan indarrean zeuden ezkutuko harremanak eta gardentasun falta eragozteko. Geneban egoitza zuen mundu mailako erakunde honen helburu nagusia, hala ere, bakea bermatzea zen, eta nazioarteko erakundearen epailetza proposatzen zuen auziak ebazteko. 1920an jarri zen abian, 42 herrialderen babesarekin (29 garaile eta 13 neutral), nahiz eta geroago galtzaileak ere onartu zituen. NEko kide guztiek zuten hitza eta botoa Biltzarrean, baina organo betearazle garrantzizkoena Kontseilua zen, erasotzaile jotzen ziren herrialdeei zigor moralak eta ekonomikoak ezartzeko ahalmena baitzuen. Hasieran zortzi kidez osatua zegoen, lau iraunkorrak (Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Japonia) eta beste lau aldi baterakoak eta hautuzkoak. NEak gainera, bazuen zenbait batzorde berezi, gutxiengoen babesa bermatzeko, gomendatu zitzaizkien lurraldeak administratzeko (Memel, Dantzig, Tanger…), edota Versaillesko itunean –nazioarteko mugak behin betiko finkatzeko– aurreikusitako plebiszitoak ikuskatzeko.

1945az geroztik, NBEak jarraituko zuen NEak alderdi askotan hasi zuen lana.

 

Nazioen Elkartearen hauskortasuna

NEaren eraginkortasuna kide ziren herrialdeen laguntzaren mende zegoen erabat, erakunde hark ez baitzuen bitarteko eraginkorrik berak hartutako erabakiak betearazteko.

Baina potentzia handiek ez zioten sinesmen handirik aitortzen: Ingalaterrak ez zuen onetsi nazioarteko erakundeak bere armada izan zezan; Frantziak fede handiagoa zuen alde biko akordioetan erakunde orokorrean baino; Alemania, Sobiet Batasuna eta Japonia, tarteka baizik ez ziren izan NEko kide; eta Estatu Batuak ez ziren inoiz sartu. Bigarren Mundu gerraren leherketak agerian utzi zuen Nazioen Elkartearen ezintasuna.

«Locarnoko espiritua» izenekoak iraun zuen bitartean bizi izan zituen erakunde hark bere urterik onenak, eta gerra arteko aldi nahasian bakeari eusteko balio izan zuen.

 

Locarnoko Espiritua: itxura hutsezko egonkortasuna (1925-29)

Hogeigarren hamarraldiaren erdialderako, desagertuak ziren gerra ondoko ziurgabetasunak eta zalantzak. Bakea eta oparotasuna ziren nagusi, eta bazirudien erregimen demokratikoak eta nazioarteko bakea finkatuak zeudela. Alde batetik, Europan iraultza komunista lehertzeko beldur handirik ez zegoen, bestetik, nazioarteko erakundeetara itzulia zen berriro Weimarren Alemania demokratikoa, eta Mussoliniren Italia faxista bera ere moderatua agertzen zen. Inoiz baino urrunago zirudien gerraren mehatxuak. Baina normaltasun hura, benetakoa baino gehiago, itxura hutsezkoa zen.

 

Frantziaren eta Alemaniaren adiskidetzea

Gerra ondoan, hasieran, gerra ordainen arazoak guztiz mingostu zituen Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremanak. Frantzia erabakita zegoen «Alemaniari ordainaraztera», eta kalteordainak kobratzearen mende jarri zuen bere berreraikuntza.

1923an, kalteordainak etengabe atzeratzen ari zirelako, Frantziaren gudarosteak Rhurreko meatze eremua okupatu zuen. Zorigaitzeko erabaki haren ondorioz, Frantziako gobernuak nazioartean zuen izen ona galdu zuen, eta lur jota geratu zen Alemaniako ekonomia. Azkenean, Charles G. Dawes iparramerikarra buru zuen nazioarteko batzorde baten bitartekaritza onartu zen. Alemaniako gobernuak urtean 250 milioi dolar ordaintzeko hitza eman zuenean –1921an finkatutako zorra kitatu arte–, Frantziak aske utzi zuen okupatua zuen lurraldea; ordainetan, Alemaniak nazioarteko mailegu handi bat lortu zuen bere zulotik atera ahal izateko.

Baina Rhurreko krisialdiak alde onik ere izan zuen: alde banatako politikari intrantsigenteenak paretik kentzeko balio izan zuen. Aristide Briandek eta Gustav Stresemannek kudeatu zuten Dawes plana, eta halaxe jaio zen aro berri bat Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremanetan. Briand konturatu zen, alde batetik, ezen Frantziaren gogortasunak ez zuela gerra zorren ordainketa azkartuko, eta Stresemann jakitun zegoen, bestalde, auzoekin adiskidetu ezean, bakartua jarraituko zuela Alemaniak, eta ezin izango zirela Versaillesko itunak Alemaniari ezartzen zizkion zigor neurriak bigundu.

 

Locarnoko itunak

Brianden eta Stresemannen arteko ulermenak, Alpeetako Locarno hirian nazioarteko biltzar bat egiteko bidea ireki zuen (1925eko urrian), gerraren amaieran indarrez inposatutako akordioak hotzago eta arrazoibidez tratatzeko asmotan. Biltzarra amaitzean hitzarmen batzuk izenpetu zituzten Alemaniak, Erresuma Batuak, Belgikak, Frantziak eta Italiak. Adiskidantzazko giro harrigarri baten erdian, Alemaniak ez zuen eragozpenik izan Lorrena eta Alsazia Frantziaren aginpideko lurraldetzat onartzeko, eta Renaniaren desmilitarizazioari baietza emateko. Nahiz eta Poloniarekiko mugak berretsi ez zituen, 1926an NEko kidetzat onartu zuten Alemania eta, portaera berriaren saritzat, eserleku iraunkorra eman zioten Kontseiluan. Urte hartan bertan, Bakearen Nobel Saria jaso zuten Briandek eta Stresemannek.

Locarnoko espirituak indarrean jarraitu zuen ondorengo urteetan: 1928an, munduko ia estatu guztiek –Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna barne– sinatu zuten Briand-Kellog ituna, zeinak gerra «legearen kontrako» aldarrikatu ondoren, nazioarteko liskarrak ebazteko hura erabiltzea arbuiatzen baitzuen; 1929an, Young plana sartu zen indarrean, kalteordainen kopurua nabarmen gutxitu zuena; eta 1930ean, azkenik, beste pauso bat eman zen nazioarteko adiskidetasunean, indar aliatuek Rhin ibaiaren ezkerraldea utzi eta joan zirenean (Versaillesko itunean aurreikusten zena baino bost urte lehenago). Inoiz ez zen izan hain baketsua eta lasaia nazioarteko giroa.

 

Hondamendirantz

1929ko crackak agerian utzi zuen Europako ekonomien ahulezia. Krisialdiak gizarte asaldura gogorrak eragin zituen, gobernuen egonkortasuna kolokan jarri zuen, nazismoari bidea zabaldu zion, eta nazionalismo ekonomikoak areagotu zituen. Herrialde demokratikoen belaxkakeriak ezin izan zion eutsi faxismoaren hedazaletasun erasotzaileari. NEa ere ez zen gai izan liskar giro hura baretzeko eta hala, 1931n, Japoniak Mantxuria inbaditu zuen.

 

Garai ilunak

Europan, Hitler aginpidera heltzearekin (1933) hasi zen giroa nahasten. Nahiz eta hauteskundeak irabaziz aginpidea eskuratu, demokraziaren aurkakoa, arrazista eta ultranazionalista zen guztiz bere programa politikoa. Kanpo politikaren alorrean Versaillesko ituna erabat arbuiatu eta alemaniar guztiak Reich handi batean bildu ondoren, ekialdeko Europan inperio bat sortzea proposatzen zuen. Potentzia demokratikoek, aldiz, zein bere arazoetan murgildurik, ez zioten arreta handirik eman Hitlerren esanei, eta harropuzkeria hutsaltzat hartu zituzten. Iragarritakoak betetzen hasi zen Hitler ordea: 1933an NEtik irten eta armaz hornitzeari ekin zion; 1935ean, nahitaezko soldadutza berrezarri zuen; 1936an, Rhineko eskualde desmilitarizatua okupatu zuen, eta gomendatu zion Goeringi ezinbestekoa jotzen zuen gerra irabazi ahal izateko ekonomia sistema prestatu eta puntuan jar zezan. Hitlerren erretorika inperialistak kutsatuta, ordu arte nahiko neurritsu portatu bazen ere, Etiopiaren konkistari ekin zion Mussolinik 1935eko urrian. Azkenik, Antikomitern izeneko ituna sinatu zutenean gauzatu zen (1936ko urria) diktadore faxisten arteko Berlin-Erroma-Tokio ardatza.

 

Nazioarteko erantzunik eza

Ez etengabeko probokazioek, ez erretolika gerrazaleak, ez zuten erantzun irmorik izan. Nazioen Elkartea erasotzaileak moralki gaitzestera mugatu zen. Euren artean zatituta, ekonomia arazo larrietan murgildurik eta nor bere etxeko gizarte polarizazio geroz eta larriagoak kezkatuta, potentzia demokratikoek ez zuten zirkinik egin.

Erresuma Batua, zeinak uste baitzuen gerra ondoko itunak zorrotzegiak eta bidegabeak izan zirela, ez zen fio Frantziaren benetako asmoez; Frantziak, bakartua ez geratzearren, Poloniarekin eta Txekoslovakiarekin zituen hizarmenak sendotu zituen. Bien bitartean, Europako eskuin muturra ez zen aspertzen Hitlerren erretorika antisobietarra txalotzen, eta langabezia eta ordena kontrolatzeko hark erakutsitako eraginkortasuna miresgarria iruditzen zitzaion. Espainiako gerra zibilean (1936-39) argi eta garbi geratu zen Europako potentzia demokratikoen adore falta, ez baitzuten ezertxo ere egin legezko Errepublikako gobernuaren alde, potentzia faszistek lotsagabeki Francoren «altxatuei» laguntzen zieten arren. Frantsesen eta britainiarren jarrera zalantzatsuak harropuztuta, Hitlerrek beste atzaparkada bat eman zuen 1938an. Martxoan, III. Reichak Austria beretu zuen indarrez. Kontuan izan behar da, ezen, Habsburgotarren inperioa desegin zenetik (1919), Austriak ez zuela nazio nortasun zehatzik, nahiz eta kultura aldetik germaniar munduko kide izan.

 

Municheko amore emate lotsagarria (1938ko irailak 30)

Municheko ituna, zeinaren indarrez, potentzia demokratikoen oniritziarekin, Hitlerren hedazaletasunaren mende utzi baitzen Txekoslovakia, amore emate lotsagarri gisa pasa da historiara. Txekoslovakia zen, kultura handiko herrialdea, oparoa eta industrializatua, gutxiengoen eskubideak errespetatzen zituen ekialdeko Europako herrialde demokratiko bakarra. Hain zuzen ere, Sudeteetan bizi ziren hiru milioi aleman hiztun hartu zituen Hitlerrek aitzakiatzat III. Reicharen mugak zabaltzeko. Benesen gobernuaren erresistentzia adoretsuak –ez baitzen kikildu etengabeko indar erakustaldien aurrean–, ez zuen ordea inolako oihartzunik izan mendebaleko herrialde demokratikoetan.

Frantzia eta Erresuma Batua ez zeuden gerra bati ekiteko prest Txekoslovakia aldezteagatik.

Uste izan zuten Sudeteak beretzearekin konformatuko zela Hitler. Baina ez zuten asmatu. 1939ko martxoan ez zen jada Txekoslovakiarik: Txekiako partea Bohemia eta Moraviako babes herri alemaniar bilakatu zen, eta Eslovakia Berlinen mendeko estatu «txotxongilo» bat zen. Hil hori amaitzerako Hitlerren gudarosteak Memelgo lituaniar hiria okupatu zuen. Hurrengo hilean Mussolinik Albania hartu zuen mendean (1939ko apirilaren 7an).

 

Krisialdi erabakigarria: Polonia, 1939

Txekoslovakiako krisialdiak argi erakutsi zuen Alemania naziaren lurralde anbizioak Versaillesko ituna berrikustera baino askoz haratago heltzen zirela. Frantziak eta Erresuma Batuak, Hitlerren handinahikeria neurrigabeaz eta gerraren ezinbestekotasunaz oharturik azkenean, biek bat egitea eta armatze egitarauak bizkortzea erabaki zuten.

Horregatik, Dantzig beretzeko asmoak zituela iragarri zuenean III. Reichak –NEren babespeko hiri librea zen, nahiz eta biztanleak alemaniarrak izan–, Frantzia eta Erresuma Batuko diplomaziak Poloniaren alde agertu ziren.

Hitler harri eta zur geratu zen, ez bai - tzuen espero mendebaleko potentzia demokratikoak diktadura militar, elizazale eta guztiz atzerakoi batek gobernatzen zuen lurralde haren alde ateratzerik. Kontuan hartubehar da gainera alde guztietatik arerioz inguratutako lurralde bat zela, defenditzen guztiz zaila, beraz. Abuztuaren 23an, aurpegiko azalaren gogorra erakutsiz, akordio bat izenpetu zuen Hitlerrek Stalinekin, eta haren indarrez Polonia erdibanatu zuten, eta Alemaniak Errepublika Baltikoetan sobietarren eragina onartu zuen. Bi aldetatik harrapatuko zuten beldurrik gabe, eta uste izanik mendebaleko potentziek atzera egingo zutela azkeneko orduan, diktadore naziak Polonia okupatzeko agindua eman zuen. Baina oraingoan huts egin zuen. 1939ko irailaren 1ean hasi zen Bigarren Mundu gerra.