Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Faxismoak: Italia eta Alemaniako kasuak

Hitler Jugend gazte taldearen propaganda kartela.<br><br>

Lehen Mundu gerrak Europako usadio sozial eta politikoen molde aristokratizatzaileak suntsitu zituen. Baina XIX. mendeko unibertsoa desagertzeak –zahar kutsuko mundua zen, baina osorik koherentea–, zalantzazko eta larritasunezko gizarte egoera bat sortu zuen. Ezkortasunezko giro horretan, liberalismoak izena galdu, bitalismoan eta irrazionalismoan oinarrituriko ideiak zabaldu zirelarik, eta biztanleria, bere osoan, politikan inplikatu zelarik, zenbait proiektu azaldu ziren integrazio sozialari bide emateko, edo konponbide drastikoak hartu ziren (diktadura militarrak gehienetan: Espainian Primo de Rivera, Pilsudski mariskala Polonian, Hungarian Horty almirantea). Integrazio soziala bideratzeko egin ziren proposamen berrien artean, gerra ondoan, higikunde ultranazionalista bat kristaldu zen: autoritarioa, indarkeriaren goratzaile, demagogoa, eta sinbolo nazionalistetan oinarrituriko estetika ikusgarri batez hornitua. Higikunde bat (zuzenagoa izango litzateke, nolanahi ere, higikundeak esatea, gertaera historiko bera osatu arren, zein bere nazio berezitasunak nabarmentzen ahalegindu baitziren), higikunde batzuk, beraz, deitura hoberik ezean faxismoak dei ditzakegunak. Benito Mussolinik Italiako agintea eskuratu zuenean (1922), Europa osora zabaldu zen integraziorako proposamen horren errespetua eta ospea; herrialde guztietan sortu ziren oinarrizko bulkada horrek berorrek bultzaturiko higikundeak, asko eta era askotakoak. Eskuin politikoarekin elkarturik lortu zuten higikundeok agintea, oso harreman estua izan baitzuten beti eskuin sozialarekin. Agintea lortu ondoren, berehala hasi ziren gobernu modu liberalak suntsitzen –totalitarismoan oinarrituriko estatu eredu baten mesedetan– eta sozialismoa borrokatzen (sozialismoa zen integrazio sozialaren beste eredu nagusia Europan). Higikunde haiek benetako gerra zibil bat eragin zuten Europako herrialdeetan Bigarren Mundu gerran. Bi errejimen aipagarrienak Italiako faxismoa eta Alemaniako nazismoa izan ziren, baina izan zen besterik ere: Gyula Gömbösena Hungarian, Dollfussena Austrian, Salazarrena Portugalen, Francorena Espainian, Metaxas jeneralarena Grezian, eta, higikunde horien aldaera gisa, San Migel Goiaingeruaren Lejioa Errumanian, eta Action Française Frantzian.

 

Liberalismoaren krisia

Hala Italian nola Alemanian, herri bakoitzaren historia nazionalari buruzko faktoreek berek eta gerra ondoko egoerak guztiz ahantzarazi zituzten berez ospe handirik ez zuten gobernu formulak eta ideia liberalak.

Italian herriak ez zion inoiz harrera handirik egin estatu liberalari. Bateratze prozesuak berak, eta baita Risorgimientoaren kultura abertzale eta aurrerazaleak ere, frustraziozko hondar moduko bat utzi zuten protagonisten baitan (Estatuaren gabeziak, lurraldetasun eskasia), eta, gainera, herritarrengandik –baserritarrak ziren gehienak, eta oso goiz matxinatu ziren behartasunaren eta desberdintasunen kontra, 1898an– urrunarazi zituen. Aita santua ere uzkur zen, bere jabetza igarokorrez gabetu zuela-eta estatuak.

Liberalak politika oligarkiko bezain itxi batean tematu ziren, transformismoa deitua (klientelismoa eta maniobra politikoa).

Sozialistek (PSI), gainera, inoiz ez zuten bere gain hartu demokraziaren aldeko borroka.1919ko berrikuntzek leher eginarazi zuten hauteskunde sistema, masa alderdiak azaldu baitziren bat-batean (PSI eta Sturzoren Partito Popolare katolikoa, liberalismotik aldendua) joko politikoan. Liberalak (Giolitti) Mussoliniren faxistekin aliatu ziren gobernua eratzeko, eta, hain zuzen, zahar estiloan egindako maniobra horretxek desagerrarazi zituen. Gerra aurretik, bestalde, Enrico Corradini eta Alfredo Roccoren nazionalismoak (PNI) autoritarismorantz eta antiliberalismorantz jo zuen (Estatu indartsua, nazioaren ideiaren inguruan antolaturiko ordena berria). Italiako historia, beraz, liberalismoaren kontrako bilakaera izaten ari zen.

Gauzak askoz okerrago jarri ziren lehenengo gerra ondoan. Nazionalismo irredentista, Versaillesko hitzarmena gorabehera, Jugoslaviari Dalmazia kentzen ahalegindu zen.

D’Annunzio idazle eta asaldatzaileak, gudari ohien talde baten buru, Fiume hiria hartu zuen 1919ko irailean, eta kausa bat, zeremonial bat eta gorputz sozial bat eskaini zion horrela autoritarismo bortitz buruberoarenideiari (fascio-en sorrera). Gainera, krisi ekonomiko larri batek ordu arte inoiz ez bezala inarrosi zuen gizartea, eta bienio rosso deitu zena ekarri zuen (1919- 1920): iparraldean fabrikak hartu zituzten, eta etxaldeak, berriz, hegoaldean eta Po ibaiaren ibarrean. Egoera eta giro horretan (Fiumeko unibertsoa, gizartearen ezinegona, dirudunen beldurra iraultzari) sortu ziren, Benito Mussolini buruzagi zela, Borrokarako Italiar Fascioak (1919ko martxoan), zeinek, handik gutxira (1923), bat egin baitzuten Roccoren nazionalistekin.

Gerra ondoko Alemanian ere ospea galduz zihoan XIX. mendeko liberalismoa.

Hango erakundeen historia liberalismoaren kontrakoa eta aristokraziaren aldekoa izateagatik berezi zen, baina, Italian ez bezala, Alemaniako sozialdemokraziak bere gain hartu zuen proiektu liberala bere formula demokratikoan. Horretxek galarazi zuen 1919an espartakismoaren iraultza. Weimarko errepublika berria ere ez zen errejimen demokratiko bati egonkortasuna emateko gauza izan, egoera zena zelako: oso krisi ekonomiko larria (inflazioa eta langabezia), eliteko militarrak eta intelektualak nazionalismo autoritario baten aldeko (iraultza kontserbadorea), gudari ohi asko (ongi antolatuak eta gerrarako prest), gerra ordainaren zama ekonomiko zein sinboliko ikaragarria, eta ezker politiko gero eta aktiboagoa. Giro horretan, autoritarismoko jarrera garbietara egin zuen eliteko liberalismoak (Papen eta Schleicher jeneralaren gobernuek).

Gero, Garagardotegiko Putsch-aren ondoren (Munich, 1923), egoera modu bortitzez argitu zelarik, eta jarrera ultranazionalista eta arrazista garbi batekin, NSDAP alderdia azaldu zen bat-batean Alemanian, Adolf Hitlerren buruzagitzapean.

 

Aginpidera igotzea

1923an naziek Garagardotegiko putscha antolatu zuten –Alemaniako gudarostearen parte handi bat erakarriko zuen indarrezko ekintza ausart bat bezala– aginpidea hartzeko.

Ekinaldiak ordea huts egin zuen, eta Hitlerrek beste era batera antolatu behar izan zuen aginpidera iristeko bidea, helburu berberarekin betiere: sistema “zaharra” irauli, eta haren ordez estatu totalitario baten projektua jarri.

NSDAP alderdia aginpidera iritsi izana, faktore askok agertze dute: hauteskundeetan sekulako arrakasta izan zuen propaganda kanpaina bizi eta moderno bat; alderdiaren indar paramilitarren (SA) ozarkeria eta gogorkeria, negozio gizon handien eta Alfred Hugenberg abertzale eskuindarraren babesagatik jasotako dirulaguntza eta irabazitako ospea, eta azken unean estatuko goi karguek (lehendakariak, Hindenburg mariskalak) eta Reichswehr-ek (gero mendean hartu ahal izango zuelakoan) eman zioten laguntza. Nolanahi ere, Hitler kantziler izendatu zuten egunaren (1932ko urtarrilaren 30a) biharamunean hasi zen aginpidea (Machtergreifung) lortzeko benetako borroka. Hurrengo egunetan –agerri eta desfile, bilera masibo, banderak haizetara– asaldaturik eta aztoraturik ibili zen jendea.

Hitlerrek Legebiltzarra desegitera eta hauteskundeak deitzera behartu zuen Hindenburg.

1933ko martxoaren 5ean egin ziren hauteskundeak, oso-oso giro gogorrean: beldurra eta indarkeria ziren nagusi, eta, Reichstag-i su eman ziotelako aitzakian (komunistei leporatu zieten ekintza), eten egin ziren herritarren eskubideak oro. Botoen %44 bere alde, eta Aginte Osoaren Legea onarturik, Alemaniako diktadore bihurtu zen Hitler. Legebiltzarreko instantziak bananbanan deseginez joan zen, Landerrak berdindu zituen, NSDAP izan ezik alderdi guztiak debekatu zituen, alderdi horretako hegal erradikal osoa eta balizko oposizio eskuindarra suntsitu zituen kideak hilez (“aizto luzeen gaua”, 1933ko ekainaren 29an), eta, bere burua Alemaniako Führer izendatuz, bere gain hartu zituen aginte guztiak. Hitlerrek izugarrizko azkartasun eta erabakitasunez jokatu zuen aginpidea lortzeko.

Ez ordea Mussolinik, askoz gogorrago jo baitzuen hasieratik, baina gero baretu egin zen (antzeko emaitzak lortuz, dena den).

Erroman egin zen Batzar batean Alderdia berrantolatu ondoren (1921ko azaroa), faxistek agintearen kontra jo zuten behin eta berriz, 1922an zehar indarkeriazko ekintzak eginez. Ezkerreko sindikatuek greba orokorra deitu zuten 1922ko uztailaren 31n askatasunaren defentsan. Alderdi faxistak greba hautsi zuen 24 ordutan, eta Erromarako ibialaldia prestatu zuen urrirako. Ibilaldiaren antolaketa txarra gorabehera, 1922kourriaren 30ean gobernua eratzera deitu zuten Mussolini. Estatuko eta gudarosteko goi karguen –estatuaren aldetik Salandra nabarmendu zen–, azpilanaren ondorio izan zen guztia: Vittorio Emmanuele III.a erregea limurtu zuten Mussolinirengana jotzeko. Denbora pixka bat behar izan zuenDuceak, hala ere, bere egitasmoa abian jartzeko. Alabaina, 1924ko gertaera larrien ondoren (Mateotti eta oposizioko beste buruzagi batzuk hil baitzituzten), Mussolinik bere gain hartu zuen aginpide osoa 1925eko urtarrilaren 3an, eta, Giovanni Gentilek taxutu zuen estatu totalitarioa oinarritzat harturik, faxismoratze prozesu azkar bat abiatu zuen.

 

Totalitarismo ultranazionalista baten ideia

Halako nahaste bat dago Estatu totalitarioaren ideiaz. Batzuek gauza guztiak bere baitan hartzen dituen estatu erabateko batekin nahasten dute, baina, izan, gizartea estatuaren inguruan antolatzeko eta politika estatuaren inguruan gizarteratzeko programa bat gidatu zuen ideia izan zen (gutxiasko gauzatua, bakoitzaren aukeren arabera).

Estatua etorkizuneko proiektu gisa, eta nazioa, gorputz gisa eta larrialdi egoeran –alegia, kanpoko etsai baten kontra gerran– dagoen esentzia historiko gisa, hartzen duten ideien arteko identifikazio erabatekoan oinarritzen da estatu totalitarioaren ideia, indar eragile baten, mito baten inguruan (“erromatartasuna” Italiaren kasuan; arraza, berriz, Alemaniarenean) antolatua. Estatuarekin bat ez zetorren guztia nazioaren kontra zegoen, naziotik at (horregatik hartzen zen oposizioa kanpotik etorritako etsaia balitz bezala). Hainbat sinboloren bidez eta liturgia ospetsu hunkigarri baten erdian irudikatu ohi zen nazioa, eta nazioaren borondatea ordezkatzen zuen buruzagi karismadun, gailen eta bakar batengan pertsonifikatzen zen. Eta Alderdiak (alderdi bakarra, nazio borondate bakarra baitzen) zeukan, gizarteko zoko-moko guztietaraino heltzen zen sare baten gisa, herritarrak “hezteko” ardura. Herritarrei talde antolatuak izendatzen zitzaizkien estatuko eta nazioko zereginetan parte har zezaten, bere baitan gizarte ekintza oro –hasi aisialdi eta kiroletatik, eta politika ordezkaritzaraino (hots, politika atxikimendua)–, hartzen zituen erakunde sare baten bidez.

Horretan ahalegindu ziren behintzat faxistak –Estatua korporaziotan antolatuta– Italian, eta naziak –Estatuko zereginak Alderdiaren bizkar uzten zituen egitura anarkiko baten bidez–, Alemanian.

 

Izua estatu politika gisa.

Holokaustoaren jatorria

Politikari eta estatuari buruzko ikusmolde horretan oinarri harturik, zabaldu zen Italian eta Alemanian izuaren politika, gauzak egiteko moduaz zeukaten ideiaren parte gisa.

Alemaniako errejimena askoz ere odolzaleagoa izan zen inondik ere. Hala ere, oposizioa erabat txikitzera zuzenduriko politika bideratu zuten bi-biek. Eta lortu ere lortu zuten, zuzenbide estatu baten ezaugarri diren legezkotasun esparru guztiak deuseztuz eta errepresio politikoa bideratzeko erakunde espezifikoak sortuz.

Italian, 1926an, Delitu Politikoen Auzitegia eratu zen errejimenaren aurkakoak jazartzeko, heriotza zigorra indarrean jarri zen berriro, alderdi politikoak eta sindikatuak desegin ziren, egunkariak itxi, eta hori guztia bermatzeko, polizia politikoa (OVRA) sortu zen. Ehundaka mila italiar erbestera joan zen, eta beste milaka batzuk Italiako lekurik zokoenetan itxi zituzten.

Baina Alemanian bai galdu zuela legeak bere zentzu guztia. Garbiketa gogorra egin zen erakunde publiko eta pribatuetan: Reichen aurkako literatura guztia desagerrarazi zen liburutegietatik; errejimenaren kontrakoak eta juduak, berriz, estatuko funtzionario eta zerbitzu zibilen artetik. Eta hala, desberdina zen oro baztertzeko lehiak eta alemaniarren arrazakeria kulturan errotu eta naziek areagotuak bat eginda, paroxismoraino iritsi zen errepresioa: juduak, eslabiarrak, atzerritarrak, susmagarriak eta, oro har, gutxigotzat hartzen zen guztia sistematikoki eta automatikoki deuseztea (langileak esklabo gisa erabiltzea, eta abar).