Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Lehen Mundu Gerraren ondorioak

Frantziako gudarostea Ruhr ibaiaren eskualdea hartzen Alemaniako gudarosteak gerran eragindako kalteen ordain gisa. Parisko Liburutegi Nazionala.<br><br>

XX. mendea, Europan, Gerra Handiarekin jaio zen; aldi berean, potentzia berri bat, Ameriketako Estatu Batuak, sartu zen munduko politikan, gerraren ondorioz hura ere.Izugarriak izan ziren gerrak Europako demografia eta ekonomian izan zituen lehen ondorioak. 60 milioi europar mobilizatu ziren; hilak 10 milioi izan ziren, eta 30 milioi zaurituak (horietatik 7 betiko geratu ziren elbarriturik). Alemaniak eta Errusiak 2 milioi soldadu inguru galdu zuten (lehenak, biztanle aktiboen %15), Frantziak milioi t?erdi (biztanle aktiboen %10,5), Austria-Hungariak eta Britainia Handiak milioi bat inguru (hurrenez hurren, biztanle aktiboen %17 eta %5). Hil kopuru izugarri horiek alargun eta umezurtz saldoak utzi zituzten, bizimodua ikaragarri zaila zutenak.

Horrez gainera, zibilen artean ere modu beldurgarrian zabaldu zen hilkortasuna, elikadura gabeziaren, osasun baldintza txarren eta gripe izurri latz baten ondorioz. Jaiotza tasa kolpetik jaitsi zen, eta haurren hilkortasunak nabarmen egin zuen gora. Horrek guztiak adin handiko biztanleen ugaltzea ekarri zuen, eta emakumeen proportzioak ere gora egin zuen (emakume asko lanik gabe geratu zen, gerrako ekonomiarekin sartu baitziren lan merkatuan).

Soro, azienda, eraikin, burdinbide, zubi, errepide, itsasontzi, fabrika, meategi edotamakineriaren suntsiketa izugarria izan zen, batez ere erasoaldiak izan ziren lekuetan (Belgika-Frantziako iparraldea eta Austria- Italia muga). Frantzian bakarrik 300.000 eraikin suntsitu ziren, eta beste 500.000 mila erdizka hondatu ziren; baliogabeturik geratu ziren burdinbideko 5.000 kilometro; soroetan eta meategietan izan ziren galeren ondorioz, nekazaritzaren ekoizpen guztizkoaren %20 galdu zen, ikatzaren %70 eta altzairuaren %65. Harritzekoa bada ere, Alemanian ez zen hainbesteko suntsiketarik izan. Izan ere, armistizioa izenpetu zenean, fronteek oraindik gurutzatu gabeak zeuzkaten Alemaniaren mugak.

Gerraren kostua, guztira, benetan lazgarria izan zen: XVIII. mendetik gerra hasi zen arteko mundu guztiko zorra sei aldiz biderkatua.

 

Ondorio ekonomiko eta sozialak

Gerrak mundu osoko ekonomia kaltetu eta aldarazi zuen; Europako herrien arteko finantza eta merkataritza mugimendua erabat eten zituen. Estatu Batuek, baina baita Japoniak ere, ordu arte Britainia Handiak, Frantziak eta Alemaniak beren esku zeuzkaten merkatuak beretu zituzten. Herrialde txikiago batzuk, gerran neutral izan zirelarik (Holanda, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Argentina, Uruguai etab.), herri industrializatu handien ekoizpenaren beheraldiaz baliatu ziren inportazioak aldatu eta beren industriaren berriztatzea bultzatzeko.

Nekazaritza, bestalde, munduko periferia osoan hazi zen urteotan, Europako inportazioen eraginez. Finantzen alorrean, Londresek eta Parisek galdu egin zuten munduko nagusitasuna, eta New Yorkek eta Genebak hartu zuten.

Gerra ondoko ekonomia ere hausturaren eraginpean geratu zen. Europako erdialdeko mugen apurtzearekin (batez ere Austria-Hungariaren kasuan), eta ipini ziren ordainketak zirela-eta, lur jota geratu ziren ekonomiak. Alemaniak nazioarteko inbertsio guztiak galdu zituen, eta merkataritzako ontzidiaren %90; ekoizpena, oro har, %15 murriztu zitzaion, eta indemnizazioak ordaintzekohori erabili behar izan zuen. Austria-Hungariaren lurretan une latzak izan ziren. Austrian, laborantzaren ekoizpenaren %53 galdu zelarik, goseak hiltzen zen jendea.

Komunikabide guztiak, inperio bakar batentzat pentsatu zirenak, etenda zeuden orain, debekatuak zeuzkaten ohiko hornikuntza merkatuak eta lekuak. Hungaria, lur eremu asko galdu baitzuen, Austriaren antzera zebilen orain. Gauzak horrela, zaila zen lehengo salerosketa bideak berregitea.

Are gehiago urre patroia utzi zenean, munduko merkataritzan funtsezko baitzen, eta, hala, herri askoko diruek behera egin zuten, balio galera oso desberdinekin. Hortaz, hautsiak zeudelarik merkataritzaren mekanismo naturalak, Europako herri guztiak, gizarte antolamendua eta azpiegiturak suntsituak zeuzkatelarik, soldadu ohiak berriz hartu, alargunei lagundu eta gero eta handiagoa zen langabeziari erantzun behar ziotelarik, denak zeuden zor ikaragarrien mende (Estatu Batuen mesedetan gehienetan).

Egoera horretan, inflazioa lehertu egin zen. Britainia Handiko 1920ko prezioek hirukoiztu egin zituzten 1913koak (bider 3,5); Frantzian bost aldiz biderkatu ziren, eta 15 aldiz Alemanian. Baina egoera oraindik okerragoa zen Europako erdialdean eta ekialdean: garai horretan, Austrian, inflazioarekin, prezioak 14.000 aldiz biderkatu ziren 1913an, 23.000 aldiz Hungarian, 2,5 milioi aldiz Polonian eta 4 bilioi aldiz Errusian.

Egoera hark ezin zuen iraun, eta Errusian gai trukea hasi zen berriz erabiltzen.

Egoera hartan, Estatu Batuetako bankuek deflazioaren aldeko politika oso murriztaile bati ekin zioten 1920 inguruan. Inflazioa menderatu zen, baina ekonomiak asko murriztearen truke, eta, hala, 1923 arte ez zen berreskuratu 1913ko maila.

Inflazioak eta zorrak (eta horiei Alemania, Austria, Hungaria eta Bulgariak ordaindu beharreko indemnizazioak erantsi behar zaizkie), ondorio bera izan zuten herrialde guztietan: langabeziaren, soldaten, errenten eta aurrezteko gaitasunaren beherakada.

Alemanian, Hungarian, Italian, eta baita Frantzian eta Britainia Handian ere, izan ziren iraultza saioez gainera (ikus XXXI.. aia), langileen arazoak-eta, 1919 eta 1922 artean, lehendik ezagutzen ez ziren mailetara iritsi ziren Europan eta Estatu Batuetan.

Hain larriak izan ziren Estatu Batuetan altzairuaren sektoreko grebak (1919-1920), non «izu gorria» deitu zena areagotu baitzuten.

Gero eta lanegun gehiago galdu zen.

Frantzian 980.000 lanegun galdu ziren, laneko istiluengatik, 1918an; 1919an 15,5 milioi izan ziren, eta 23 milioi 1920an. Beste herrialdeetan ere antzera gertatu zen: hala adibidez, Italian, hurrenez hurren, 912.000, 22,3 milioi, eta 30,5 milioi lanegun galdu ziren. Antzera gertatu ziren gauzak Holanda, Belgika, Espainia, Norvegia eta Suedian.

 

Politika berria

Ez zen gauza erraza egoera berriari aurre egitea. Bestalde, gerra garaian bultzatu ziren ekimen ekonomiko batzuk aplikatu ziren gerra ondoan ere.

Gerra ahaleginak eta gerra beteak ekonomia nazionalak erabat horretara jartzea eskatzen zuten (armak eta munizioa, fronterako hornigaiak eta eraikuntza materialak egiteko): biztanle asko eta asko soldadu eraman eta ikaragarrizko gastuak sortu ziren (eta horretarako zorretara jo beharra zegoen bereziki). Eta gerra zen ahalegin guztien xedea. Ekonomiak arautuz eta planifikatuz baino ezin zen hori egin, eta estatuaren interbentzionismoaren bidez. Alemaniak jarri zuen abian nazionalizazioen, ekonomia arautuaren eta interbentzionismoaren politika.

Politika hori gerra amaitu zenean baztertu zuten (sektore guztiak desnazionalizatu ziren), baina, hala ere, usadio berriak ere ekarri zituen, eta horrek, hain larria izanik ekonomien egoera eta egonkortasunik gabea gizartea, politika ekonomiko berri bat egituratu zuen. Hainbesteraino, non estatuaren ideia bera ere aldatu baitzen: batetik, estatuak ekonomian zuen eginkizuna indartu zuelako, eta, bestetik, gizartearen beharkizun larrienei erantzun behar izan zielako. Estatuak lehen baino indar handiagoa zuen, baina aldi berean biztanleen bizimoduaren erantzule ere bazen, eta orobat lanaren eta gutxieneko gizarte laguntzarena.

Gerra hasi aurrean jada ikusten zen estatu sozialaren aldeko joerarik, eta joera hori sendotu egin zen (estatu horixe izango zen bigarren gerra ondoan sortuko zen ongizatearen estatuaren aurrekari), estatuak ekonomian esku hartu baitzuen, eta bazelako planifikazio maila bat. Sobiet Batasuneko bost urteko plangintza erraldoiak gehiago dira gerra garaian ikasitako praktika berrien ondorengo, han ofiziala zen dotrina marxistarenak baino. J.M. Keynes britainiarrak sistematizatu zuen ekonomia joera berria, bere Enpleguari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra liburuan (1936).

 

Europaren antolamendua

Parisko Konferentzian egin zen agian Europako muga zuzenketa handiena izan zena.

Konferentzia hori 1919ko urtarrilak 18an egin zen, eta haren ondoren, ekainak 28an, Versaillesko Ituna izenpetu zen. Parisko Konferentzian Estatu Batuen, Britainia Handiaren, Frantziaren, Italiaren eta beste 23 herrialdeen ordezkariek parte hartu zuten (Alemania, errejimen errepublikanoa hartu baitzuen inperioa desegin zenean, elkarrizketatik kanpora utzi zuten). Eztabaiden abiapuntua EstatuBatuetako lehendakari Woodrow Wilsonen Hamalau Puntuak edo ildo nagusiak izan ziren; asmo onek baino ondo zehaztugabeek osatzen zuten zerrenda bat zen, aliatuen itxaropenekin ados ez zetorrena. Inperio Zentralek armistizioaren oinarritzat onartuak zituzten Wlisonen baldintzak. Alabaina, potentzia aliatu gehienak gerrako indemnizazioak lortzera joan ziren batez ere Parisera, eta, aldez aurretik egindako akordioen arabera (Londreseko Ituna, Sykes-Picoteko Akordioak, Balfourren Adierazpena eta abar), nazio garaituen eremu eta jabetzak banatzera. Bermeak nahi zituzten, Frantziak batez ere, Alemania neutralizatzeko. Boltxebikeen iraultzak (1917) berekin zekartzan segurtasun arazoak eta iraultza kutsatzearen beldurrak ere baldintzatu zuen Konferentziaren nondik norakoa.

Azken horren ondorio gisa, Polonia, Txekoslovakia eta Jugoslaviaren eraketa bultzatu zen, iraultzaren hedatzea eragotziko zuten estatu «tapoi» modura.

Poloniako estatua Posen eta Mendebaleko Prusiako alemaniar probintzietako eremu handietan eta ekialdeko Bielorrusian kokatu zen; eremu txiki batzuk, Marienwerder adibidez, plebiszito baten ondoren, Alemanian geratu ziren, eta Danzig «hiri libre» izendatu zuten (Poloniak, horrez gainera, Galitzia, Silesia garaiaren parte bat eta Teschengo dukerria beretu zituen). Txekiarrek zuzenean eskatu zieten potentzia handiei Txekoslovakia finka zezatela (Sudeteetatik Erruteniaraino). Aldi berean, hegoaldeko paneslabismoaren adierazle izan zen Jugoslavia (potentzien babesarekin).

Alsazia eta Lorrena Frantziari itzuli zitzaizkion, eta Sarreko eskualdea hamabost urtez geratu zen Nazioen Elkarteko batzorde baten administrazioaren pean. Belgikak Eupen-et-Malmedy eta Moresneteko barruti txikiak hartu zituen Luxenburgoko eremu batzuei uko egitearen truke. Plebiszito baten ondoren (1920), Schleswig-Holsteingoiparraldea eman zitzaion Danimarkari.

Itsaso Baltikoan berriz hiru estatu berri antolatu ziren: Estonia, Letonia eta Lituania.

Errumaniak Transilvania, Banato eta Bukovina irabazi zituen. Italiak ordea, ahaleginak ahalegin, ez zuen lortu Fiume eta Dalmazia kontrolatzerik.

Alemaniak, bere aldetik, kolonia guztiak galdu zituen, eta frantsesen eta ingelesen esku geratu ziren. Nahitaezko soldadutza ezabatu behar izan zuen, armada 100.000 gizonera murriztu, Rhin ibaiaren ezkerraldeko lur guztiak desmilitarizatu, gerrako materiala ekoizteari ia erabat utzi, itsas armada ur azaleko 36 itsasontzitara mugatu, eta abiazio militarra debekatu zitzaion. Horrez gainera, oso indemnizazio handia eman behar izan zuen gerrako ordaintzat (eta, horregatik, dirutan oraindu beharreko indemnizazioez gainera, itsasontziak, tren osagaiak, eta baliabide natural baliotsuak eman behar izan zituen). Gobernuak uko egin zion zergak igotzeari, eta, hala, 1932ko Lausanako Konferentzia arte ez ziren zehaztu indemnizazioen ordainketaren nolakoa eta zenbatekoa. Alemaniak, halaber, onartu zuen Gilen II.a antzinako tsarra nazioarteko epaimahahi batek epai zezan, ?nazioarteko moraltasunaren kontrako delitu handiena? egin izanagatik, baina epaiketa hori ez zen inoiz egin. Itunaren baldintzek, ekialdeko lurren galerak batez ere, kritika gogorrak sorrarazi zituzten Alemanian, non diktat modura definitu zen.

Bake Konferentziak bere plangintza osorik onar zezan ahalegindu zen Wilson lehendakaria negoziazioetan, baina, azkenean, hasierako asmoa bertan behera utzi, eta Nazioen Elkartea osatzeko aliatuen babesa lortzen halegindu zen. Azkenean, Estatu Batuek ez zuten Ituna ofizialki onetsi, baina itun berezi bat izenpetu zuten beren aldetik Alemaniarekin, Berlingoa, 1921eko uztailaren 2an.