Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Frantziako Iraultza.

Gertaerak

Luis Capeto, gillotinan hiltzera kondenatua.<br><br>

1789ko maiatzaren 5ean, Versaillesen bildu ziren –Paristik hurbil– Frantziako Estatu Orokorrak. Biharamunean hirugarren estatuak Komunak izena beretzat hartu eta monarkiako Estatu Orokorrak, nobleziak, kleroak eta hirugarren estatuak osatutako batzar bateratu bat bihurtzea eskatu zuen. Ekainaren 17an Nazio Biltzarra bilakatu ziren eta hiru egun barru, batzarra ez desegitea zin egin zuten harik eta Frantziarako konstituzio berri bat idatzi eta onartu arte. Horrelaxe hasi zen, Antzinako Errejimeneko erakunde politikoak errotik aldatu eta errejimen berri bat ezarriko zuen iraultza. Esperientzia historiko haren eraginek gaur arte diraute. 1789an hasi zen, Frantzian eta Europan, gaur egungo mundua. Ez zen, inondik ere, prozesu lineala izan, eta gutxiago aurrez pentsatutako iraultza proiektu baten gauzatzea. Urte horretatik1815ean Napoleonen gerrak amaitu bitartean, iraultza ulertzeko modu desberdinak egon ziren agintean, bata bestearen atzetik. 1789ko lehen iraultza konstituzional hartatik –zeinaren fruitu nabarmenenak, Gizonaren eta Hiritarraren Eskubideen Deklarazioa eta 1791ko Konstituzioa izan baitziren– askoz aldi erradikalago batera pasa zen: Luis XVI.a erregea epaitu eta hil zuten eta Errepublika aldarrikatu zuten. Jakobinoek agintzen zuten lehen aldi hartan eta Europako gainerako monarkien aurkako jarrera erasokorra hartu zuten. 1794ko uztailean Robespierre erori ondoren, Europako potentziekin Basileako bakea izenpetu zenean, Frantziako iraultzaren bigarren aldia hasi eta Napoleon Bonapartek Brumairearen 18an (azaroak 9) estatu kolpea eman eta agintea hartu zuenean amaitu zen. Napoleonen errejimenarekin iraultza amaitu zela esan daiteke. Halaxe aldarrikatu zuen Napoleonek berak, Frantziari ezarri zion konstituzioaren azkenean: «Herritarrok, hasi zeneko printzipioetan ezarrita gelditzen da iraultza: amaitu da».

 

Frantziako Iraultzaren zergatiak

Komeni da zenbait datu aurrean izatea, iraultzaren zergatiak behar bezala ulertuko badira. Hasteko, Antzinako Errejimeneko Frantzia (iraultzaren aurrekoa, alegia) batik bat baserritarra zen. Biztanleriaren %85 gutxi gorabehera, landan eta nekazaritzatik bizi zen. Datu hau ez zen XIX. mendearen azkenera arte aldatu. Baina azpimarratu bada, Antzinako Errejimenak inposatzen zuen jarengobetza eta produkzio egitura kontuan edukitzeagatik izan da. Nahiz eta nekazari asko lur sail txiki eta ertainen jabe ziren (lur sail guztien heren bat, gutxi gorabehera), jabetza mota pribilegiodun bat zen nagusi, jabetza feudala, alegia. Jabetza errejimen horren ondorioz, lehenik, nobleziaren, elizaren eta beste zenbait erakunde pribilegiodunen (hiriak, adibidez) jabetzako lurrak ezin zitezkeen besterendu, hau da, jabetza ziurtatua zuten. Baina, horrekin batera, nekazarien mendekotasun juridikoa eta ekonomikoa sortarazten zuen jaun feudalarekiko.

Produkzio eta gizarte harremanetako errejimen pribilegiodun horrek gizarte osoa hartzen zuen eta gainerako jardueretan ere bazuen eragina, hala nola eskulangintzan (gremioak) edo merkataritzan (merkataritza konpainia pribilegiodunak).

Ez da ahaztu behar, bestalde, gizarte antolakunde horren gailurrean erregea eta gortea zeudela: ministroak eta erregearen aholkulariak.

XVIII. mendeko nazio arteko egoeraren ezaugarri nabarienak, etengabeko gerrak eta jarduera diplomatikoak ziren.

Gerra egoera atergabeak eta Versaillesko gortearen handikeriak geroz eta diru gehiago eskatzen zuten finantza publikoetatik, eta hauek berriz, geroz eta zailagoak eta urriagoak ziren. Luis XV.aren eta haren ondoLuis XVI.aren ministroek inon ziren trikimailuak eta zerga motak erabili zituzten koroaren sarrera fiskalak gehitzeko.

Baina halako aseezintasunak bazituen bere mugak. Frantziako gizarteak –batez ere gizarte maila baxuenek– eskari haiei erantzuteko ahalmen mugatua baitzuen. Beraz, XVIII. mendeko laurogeigarren hamarraldian auzi berri bat plazaratu zen Frantzian.

Alegia, nola obliga zitezkeen monarkiari eustera, ordura arte, beren pribiliegioen indarrez, zerga gehienetatik salbuetsiak zeuden gizarte mailak, hau da, noblezia, eliza, eta hiri eta merkataritzako magnate handiak.

 

Hasierako gertaerak

1788tik 1789ra bitarteko negua oso gogorra izan zen. Aurreko urteko uzta eskasaren eraginez gosea zabaldu zen eta martxotik maiatza artean jendetza gosetiek matxinada asko piztu zituzten. Frantziaren une hartako egoera politikoa sobera hauskorra zen: monarkiaren ogasun krisi larria konpontzeko azken neurri gisa, Luis XVI.ak Estatu Orokorrak deitu zituen, 1614tik bildu gabe zegoen hiru estamentuen batzarra, alegia. Jauregiko leihotik, Luis XVI.a kanpoko gertaerei begira zegoen, eta matxinada bat prestatzen ari zela esan zion bere ministroari. Ministroak erantzun zion: «Ez Sire, hori ez da matxinada, iraultza baizik».

Eta halaxe zen, frantses iraultzaren hasiera, hain zuzen; ordura arteko ordena errotik eraldatuko zuen iraultzarena.

Maiatzean bildu ziren Estatu Orokorrak.

Izatez hiru ganbera ziren: kleroarena, nobleziarena eta hirugarren estatuarena, hau da, aitoren semeak edo klerokoak ez ziren guztiek osatzen zutena, praktikan, abokatuek, merkatariek eta hirietako talde ilustratuek kontrolatzen bazuten ere. Hirugarren estamentu gisa bildu nahi ez izana bera, ekintza iraultzailea zen, nazioaren ordezkari jotzen baitzuten euren burua, eta ez erreinuaren zati gisa. Ekainaren 17an, Versaillesko tenis zelaian bildurik –estamentu gisa hartzea onartzen ez zutelako erregeak ohiko aretoan biltzea ukatu egin baitzien–, batzar hura ez desegitea zin egin zuten, harik eta Frantziari konstituzio berri bat eskaini arte. Hilaren 27an, Parisko udaletxeko balkoitik, buruan hiru koloreko intsignia zuela, erregeak hirugarren estatuaren eskaria onartzeko galdatu zien nobleziari eta elizari, biltzar bakar bat osatzearena, alegia: halaxe jaio zen Nazio Biltzarra. Hura izan zen iraultzaren hasiera eta uztaileko gertakariek atzerabiderik ez zegoela erakutsi zuten: orduan eraso eta hartu zuten Bastilleko presondegia, iraultzaileek hainbeste gaitzesten zuten despotismoaren benetako ikurra, eta probintzia gehienetan nekazarien matxinadak gertatu ziren, jaun feudalen uztarpetik askatzeko.

 

Bilakaera eta aldiak

Iraultzaren lehen aldian bi prozesu gertatu ziren.

Alde batetik, Antzinako Errejimenaren eta haren mendeko gizarte eta politika erakundeen deuseztapena. Bi une nabarmendu ziren prozesu horretan, 1789ko abuztuaren 4ko gaua –pribilegio feudalak ezeztatu ziren– eta hil bereko 26a –Gizonaren eta Hiritarraren Eskubideen Deklarazioa–.

Lehen gertaerak, gizarte harremanak ulertzeko modu berri bat ezarri zuen: gizarte posizioa legez erabaki ahal izatea ezabatu zuen eta jabetza eta lana liberalizatu zituen. Azken bi elementu hauek funtsezkoak izan ziren ezarritako gizarte harreman liberal berrietan, eta horien osagarri, 1791n, Le Chapelierren Legea izenekoa onartu zuten, lan munduko gremioak eta elkarteak debekatzen zituena. Bigarrenak, ideia berri bat sartu zuen politikaren munduan, alegia, gizonak badituela berezko zenbait eskubide –askatasuna, jabetza, bizitza, adierazpen askatasuna, e.a.– inongo aginpidek urra ezin ditzakeenak. Kontuan izan behar da «gizonaren eskubideak» zirela, iraultza ez baitzen –nahiz eta garaiko autore batzuek ala eskatu– emakumearen eskubideak liberalizatzera iritsi.

Bigarrena, eraikuntza prozesua izan zen, Nazio Biltzarrak konstituzio ordena berri bat sortu baitzuen. Funtsezko bi printzipiotan oinarritu zen: eskubideen deklarazioa (konstituzioaren lehen parte gisa erantsi zen), eta aginpideen banaketa eta oreka. Ilustrazioko ideien arabera, legeak egiteko ahalmena, betearaztekoa (gobernatzea) eta eskubide eta liskarrei buruz erabakitzekoa (epaitzea), erakunde desberdinen funtzioak izan behar zuten: Biltzarrari zegokion legegintza, erregeari eta gobernuari gobernatzea, eta epaile eta epaimahaiei epaitzea. Hau guztia, Frantziako eta Europako lehen konstituzioan ezarri zen, 1791ko irailaren 3an.

Baina iraultza prozesuko tirabirak korapilatsuak izan ziren. Iraultza eta herriarekiko loturak ulertzeko ikuspegi desberdinak zeuden. Jakobinoak ziren erradikalenak –Parisko herri klaseetako sans culotteen laguntza zuten– eta iraultzak aurrerago jo behar zuela uste zuten, batez ere, Varennesen, Alemaniako mugatik hurbil, Luis XVI.a harrapatu zutenean, iraultzaren aurkako inbasio bat prestatu eta zuzentzeko asmotan ihesi zihoala. 1793ko urtarrilaren 23ko goiz hotzean Luis XVI.ari lepoa moztu ziotenean, iraultzaren beste aldi bat hasi zen. Errepublika ez zen izan monarkia gabeko gobernu soil bat, herriaren eta gobernuaren arteko harremana ulertzeko bestelako modu bat baizik. Jean-Jacques Rousseauren zuzeneko gobernuaren ideia zegoen azpian: tokiko edo herriko biltzarrak, kantonamenduetakoak, eta nazio biltzarraedo Konbentzioa. Baina jakobinoek, Maximilien Robespierre buru zutela, ez zuten errepublika ideal hori garatu, iraultza gobernua deitu ziotena baizik: aurka ateratzen zen guztia gillotinara bidaltzen zuen diktadura guztiz gogor bat. Osasun Publikoaren Batzordea (gobernua) kontrolpean hartu zuenetik, Robespierreren politikaren zutabeak ondorengo hauek izan ziren: Izua, herri eskariei arreta berezia (oinarri-oinarrizko salgaietarako topeak edo «gehieneko prezioak»), eta Europako potentzien aurkako gerra. Gudaroste handi bat sortu zuen horretarako, «levée en masse» izeneko legea erabiliz (herritar guztiak behartu zituzten gudarostean sartzera, eta horren eraginez, probintzietan, nekazariak iraultzaren aurka altxatu ziren: La Vendée izenaz ezagutu zen matxinada hura eta Antzinako Errejimeneko tradiziozko estamentuak zituen buruzagi).

Iraultzak, aldi hartan, errotik aldatu nahi izan zuen antzinako Frantzia. Kontua ez zen soilik errepublika eta gobernu iraultzailea ezartzea, bizi era berriak ere sartu ziren, hala nola, gurtza zibil berri bat, Izaki Gorenaren jaiak, eta egutegi berria, iraultzailea, I.

Urtearekin hasten zena (1792) urtaroetako jarduerei lotuagoa (vendémiaire, brumaire, nivôse…). Izuaren praktikak ordea, gobernu jakobinotik zuzendutako terrorismoak, klase agintari berri bat sortu zuen: aparatu militarra kontrolatzen zutenena.

Thermidorraren 9an (1794ko uztailak 27) Robespierre erori zenetik, beste norabide bat hartu zuen iraultza prozesuak. Orduan garaile atera zen taldeak (thermidoriens) aginpide militarra kontrolpean zuen, etaitxuraz iraultzaren printzipioetan oinarritzen zen konstituzioa idatzi bazuten ere –1795ekoa– zuzenean diktadurara jo zuen sistema bat izan zen. Hala eratutako gobernuari Directoire deitu zitzaion eta Barrasek eta beste batzuek kontrolatzen zuten, militarren artean zituzten aliatuei esker. Azkenean, militar gazte bat, Napoleon Bonaparte, jabetu zen aginpideaz, Brumairearen 18an (1799ko azaroak 9) kolpe militar bat emanda, eta gobernu pertsonal bat ezarri zuen, diktadura konstituzional moduko bat.

Napoleonek berak deklaratu zuen iraultza amaitutzat.