Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Hiriak eta hiriko bizitza

Veneziako Dux-a San Roke eliza bisitatzen, Canalettoren margolan batean (1750 inguru). Agintari zibil eta erlijiosoak ziren hiri zeremonia horietan protagonista, herritarren begiradapean.<br><br>

XVI. mendean zehar, nahiz eta jende gehiena nekazaritzatik bizi izan, geroz eta garrantzi handiagoa hartu zuten hiriek. Hala, bilgune edo zentro izaera hartu zuten behin betiko, hirian kontzentratzen baitziren ekonomia eta politika aginpideak. Horrela, mendebaleko Europaren garai hartako ezaugarrietako bat, hain zuzen, horixe izan zen: justizia eta gobernu erakundeak, ekonomia sektore ahaltsuenak (goi burgesia eta noblezia), eta kultura, hezkuntza eta erlijio erakunde nagusiak hirietan bilduak zeudela. Aldi berean, hiri erakundeak geroz eta sendoagoak ziren.

Jatorriz, eskulangintza eta merkataritza jarduerak (feriak, azokak) kontzentratzen ziren guneak ziren hiriak. Aldi berean, hiriak bere eskumen, arau eta erakunde propioak zituen, inguruko baserri/nekazaritza munduarenetatik oso bestelakoak. Erkidego pribilegiodunak ziren, beraz ?edo bereziak behintzat bai?, eta hiritarrek ongi baino hobeto zekiten hori.

Elkarrekin zituzten antzak gorabehera, diferentzia handiak zeuden hiri batetik bestera, bi hiri berdin ez dauden bezalaxe. Nolanahi ere, desberdintasun handienak, mendebal eta erdiko Europako hirien eta ekialdeko Europakoen artean zeuden. Esan daiteke Errusiako eta otomandarren hiribilguneak ez zirela benetako hiriak, ez baitzuten burujabetza arauturik. Administrazio eta militar zentroak ziren, estatuaren kontrolpekoak ?bai politikan eta bai zergak biltzekoan? eta haren beharrizanak betetzera zuzenduta zeuden.

 

Baserria-hiria: herriguneen eragina ekonomian

Bi mundu osagarri ziren ekonomiaren ikuspegitik, nahiz eta baserria hiriaren mende egon.

Askotan hartu izan dira baserria eta hiria, elkarrekin zerikusirik ez zuten eta ekonomia jarduera desberdinak zituzten bi mundu gisa. Pentsamolde horren erabera, batzuk nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi ziren artean, besteak industriatik eta merkataritzatik aterako zuketen bizibidea.

Ez da ahaztu behar, dena den, industriaren iraultza etorri zen artean, nekazaritza mundua izan zela nagusi Europako ekonomian.

Beraz, bi munduen arteko harremanak oso estuak ziren, eta zenbait kasutan, hiriko biztanle batzuen lanbide nagusia baserriko jarduerei lotua egoten zen.

Nolanahi ere, ez ziren elkarrengandik erabat berezita zeuden bi mundu.

Askotan, ez ziren oso argiak bi mundu horien arteko mugak. Batez ere nekazaritza jardueretan aritzen ziren hiriak zeuden bezala, baziren baserri lurraldeak industria asko zutenak eta merkataritzan ere aritzen zirenak. Kasu asko aipa daitezke Europa guztian. Gogora ditzagun, esate baterako, alde batetik, Gaztelako zenbait hiri, hiritarren lanbide nagusia nekazaritza zutenak, eta bestetik, Euskal Herriko zenbait lurralde, non burdinolen industria hirietatik kanpo kokatzen baitzen, eta baserritar asko,egun osoan ez bazen ere, industrian (burdinoletan, ehungintzan) eta merkataritzan ere enplegatzen baitziren (mandazain, itzain, e.a).

Bi munduak bereiztu zituen funtzio nagusia izan zen, Aro Berriko hiriak, ekonomiaren kontrolerako zentro bihurtu izana.

Hala, nekazaritza jarduerak ere, hirian kudeatzen ziren. Ekonomia kontrol hori bi arrazoiren ondorioa zen. Alde batetik, hirietan merkaturatzen zirelako nekazaritzako soberakinak eta bestetik, lur jabe handienak ere hirian bizi zirenez, esandako soberakinak, errenta moduan, hirian geratzen zirelako.

Aldi berean, merkatari eta enpresario handiak ere nola hirietan bizi ziren, eskulangintza, merkataritza eta finantza jardueretan inbertitzen zuten, eta esandako jarduerak nahitaezkoak ziren estatuen ekonomiarako.

Esan daiteke, hortaz, erregeek erabakitako politika egintzak ere, hirietatik ateratzen ziren finantzen mende zeudela.

Hiritik egiten zen ekonomia kontrol horrek ?batzuetan, inguruko baserri lurraldera mugatzen bazen ere? beste hiri batzuk, nazio osoak eta nazioez gaindiko lurraldeak ere hartzen zituen mendean, Anberes, Genoa, Londres edo Amsterdamen kasuetan gertatzen zen bezala.

 

Hirietako gizartea

Aro Berrian zehar, burgesiaren hierarkiak zenbait aldaketa izan zituen.

Burgesia eta hirietako biztanleria, oro har, oso hierarkizatua zegoen Aro Berriarenhasieran. Alde batetik, goi burgesia zegoen: hauek zuten udal erakundeen monopolioa eta pixkanaka, euren eragin-eremua zabaltzen joan ziren. Bestalde, goi burgesiatik geroz eta urrunago, burgesia txikia zegoen, gremioka antolatuta, eta erakunde horiek arautzen zuten burgesia txikiaren bai lanbidea eta ?zenbait kasutan? baita bizitza pertsonala ere.

Goi burgesia, ezarian-ezarian, burgesia kapitalista bihurtuz joan zen; hiriaren esparrua gainditzen zuten negozioetan egiten zituzten inbertsioak eta erreinu osora bezala atzerrira zabaltzen zituzten negozio tratuak.

Horrekin batera, ahalmen ekonomiko handia zutenez, geroz eta eragin handiagoa zuten monarkien gobernuan eta administrazioaren egituretan.

Nolanahi ere, burgesia ez zen iritsi gizarte eredu berri bat formulatzera. Nahiz eta jakitun zeuden, jaun pribilegiodunetatik etahaien mendeko nekazarietatik bereizitako gizarte taldea osatzen zutela, ez ziren heldu benetako klase kontzientzia zehaztera.

Bestela baizik, agintean zegoen gizarte multzoan sartzen saiatu ziren eta nobleziaren gizarte statusa imitatu zuten, noblezia baitzen, hain zuzen, garai horretako gizarte eredu desiragarri nagusia.

Joera horren eraginez, Aro Modernoan zehar, bateratze prozesu bat gertatu zen nobleziaren eta goi burgesien artean, eta horretarako hainbat bide erabili zituzten: tituluak erosi edo Koroari eskainitako zerbitzuen saritzat eskuratu, edo ezkontza bidez, besterik gabe. Horrela eratutako oligarkiek, lur sail handien jabe izateaz gain, ekonomia kontrolatzen zuten eta udal, probintzia eta estatuko gobernuetan agintari ziren.

Burgesia txikiko kideak, ordea, hirietako gobernu karguetara ere iritsi ezin zirenez, langile soil bihurtu ziren pixkanaka-pixkanaka, eta burgesia kapitalistak inposatutako lanerako baldintzen ondorioz, gremio egiturak krisialdi larrian sartu ziren. Deskontentu handiak sortarazi zituen halako egoerak eta matxinada, errebolta eta jazarraldi ugari piztu ziren Europa osoan.

 

Aginpidea eta hiria: hiriaren papera politika arloan

Hirietan kontzentratzen ziren aginpidea eta politika erakundeak.

Aro berriko hirien ezugarria zen, orobat, gobernu, justizia eta eliz erakundeen egoitza izatea. Hiri handienak, probintzia mailako gobernu egituren (Batzar Nagusi, Diputazio, gobernadore, e.a.) egonleku bihurtu ziren, eta eskualdeko auzitegien egonleku orobat (Espainian Chancillería edo Audiencia esaten zitzaien). Beste asko, gotzainen edo elizako beste zenbait erakunderen egoitza izan ziren.

Edozein moduz ere, erakunde gehien kontzentratu ziren hiriak, erresuma eta estatuetako hiriburuak izan ziren, han egoten baitziren administrazio egitura gorenak eta erregearen egoitza.

Hirietatik kontrolatzen ziren, beraz, probintzietako eta estatu osoko erakunde politikoak.

Erregeak, hortaz, estatu politikaren kohesioari eutsiko bazion, bere alde behar zituen hiriak. Eta hirien garrantzia areagotu egiten zen, kontuan hartzen bada, hiri asko, muga ingurukoak batez ere, lehen mailako plaza militarrak zirela.

Horrela bada, hiriak, aginpidearen erakusgarri goren bihurtu ziren, eta hiri handienetan, elizaren, oligarkiaren eta batez ere Koroaren erakuspen arranditsuak egin ziren.

Erakuspen horiek, monumentu ikaragarrieneraikuntzan eta festa eta zeremonia handien ospakizunetan mamitzen ziren, eta, lehen esan den bezala, erregearen gorte ingurukoak izaten ziren nabarmenenak.

Horrekin, ahalmena erakusteaz gainera, orduko gizartea osatzen zuten hainbat talderen integrazioa bilatzen zen.

 

Hiriak eta kulturaren garapena

Hiriak, arte lan bikainak kontzentratzen ziren tokiak izateaz gainera, kultura garatzeko zentro ere baziren.

Hiriak ziren, gorago adierazi bezala, Nobleziaren eta goi burgesiaren aginpide ekonomikoa, estatuaren indar politiko-militarra eta Elizaren arrandia erakusten ziren zentroak. Horregatik eraiki ziren, hiriburuetan batik-bat, erregearen eta aristrokaziaren jauretxe eta egoitza handiak,eta baita berealdiko eliza eta katedralak ere.

Eta hirietan garatu ziren, orobat, aginpide horien mende zeuden artearen adar guztiak.

Hirigintzak ere aurrerakada handia egin zuen Aro Berriko Europan. Etengabe hazten ari ziren hiri haietan, ahaleginak egin zituzten etxe berriak eraiki beharra eta edertasuna uztartzen. Italian, eta batez ere Erroman, garatu zen gehienbat hirigintza. Plaza handiak eta kale zuzenak eraiki eta azpiegitura ugariz hornitu zituzten: galtzadak, zubiak, gauerako argiak, e.a. Lehia bizia zegoen hirien artean, zein ederrago izan eta zeinek monumentu gehiago eduki, aginpidearen eta oparotasunaren erakusgarri baitziren.

Irakaskuntza erakundeak ere hirietan zeuden, hala nola unibertsitateak eta sortzen ziren ikastetxe berriak (adibidez, Bergarako Errege Mintegia), aristokraziaren umeek non eskolatu izan zezaten.