Historia Unibertsala»Aro berria
Pentsamendu ilustratua
“Ilustrazio” hitza garai jakin bateko —Ingalaterrako iraultzatik (1688) Frantziako iraultzarainoko
(1789)— joera intelektualak, politikoak eta sozialak izendatzeko erabili ohi
da. Ildo horretatik, kultura mugimendu guztiz zabala da Ilustrazioa, Ingalaterran sortua
eta Frantziaren bitartez Europa osoan barrena zabalduz joan zena, era horretara frantses
hizkuntza garai hartako jakintzaren eta kulturaren berezko hizkuntza bihurtu zelarik.
Pentsamendu ilustratua, bulkada errazionalistaren luzapen gisa, baikorra da funtsean:
gauza guztiekiko oso kritikoa izanik ere, bereziki orduko egoerari dagokionean, arrazoiaren
eta zientziaren ahalmenaz fidatzen da ekonomia, politika eta gizarte arazoak
konpontzeko.
Arrazoia, ondo ezagutu beharreko mugak baditu ere, ez dago norbere esperientziaz
kanpoko beste ezeren mende. Hortaz, erlijioaren azpian izan beharrean, orain arrazoiak
berak eman behar du epaia bere zentzuaz edo zentzugabekeriaz; eta ez dogmetan ez
goi agerkundeetan oinarritzen ez den Jainkoaren kontzepzio bat lantzen du (hori izango
litzateke pentsaera ilustratruak hain berezkoa duen “deismoa”).
Filosofo ilustratua, “philosophe” hori, pentsamendua, idazkera eta erretorika menderatzen
dituen intelektualen elite mugatu bateko kidea da. Zentzu hertsian ez da irakaslea,
ez eta, inola ere, maisu edo “jakintsu” bat. Areago da gizon “asko jakina”, ekintza
publikoan eta gaurkotasunezko arazoen eztabaidan diharduena. Halakoak gortean ematen
du bizitza, errege eta gobernarien aholkuari edo hezitzaile; aretoetara ere zale izaten
da (aristokraziako dama bat buru dutenetara, eskuarki), edo kafetegietara, klubetara,
akademietara, literatura elkarteetara…
Montesquieu, Voltaire, Diderot, Buffon eta abarrak “philosophe” horren iruditzat hartu
ohi dira, baina beste zenbait herrialdetan era askotako pertsonaiei ematen zaie izan
hori: Franklin, A. Smith, Hume, Goethe, Kant… Batzuek librepentsalari izena hartzen
dute, masoi asko dira haien artean, gutxi erabat ateo, gehienak antiklerikalak diren arren.
Sineskeria eta fanatismo guztien aurka doaz eta aurrerapenaren alde agertzen dira. Beren
elitismoa gorabehera, “publizista” lanari ekiten diote egunkari eta aldizkarietan eta
haien liburuak laster hedatu eta beste hizkuntzetara itzultzen dituzte. Kultura eta zientzia
jende mota guztietara iritsi eta gizarte osoan barrena heda daitezen nahi dute, modu
horretara arrazoiak egitura sozio-politiko zaharrak aldatzeko duen ahalmena bete dadin.
Ilustrazioaren “gurasoak”: Newton eta Locke
Ilustrazioak, mugimendu filosofika eta
politiko-sozial gisa, bai ingeles filosofia enpiristatik
–Locke-rengandik bereziki– eta bai
izadiaren zientzia ezagutzatik hartzen du,
azkeneko hau Newton-en obran gauzatu
zen eran.
I. NEWTON (1642-1727) zientzia iraultza
bururatu zuen zientzialaria da. Bere
mundu sistemaren bidez fisika klasikoa egituratu
zuen; kontzepzio horrek ia aldaketarik
gabe iraun zuen zientzia ezagupenaren
irudikatze gailentzat XVIII. eta XIX.. endeetara arte. Ildo horretatik nabarmen
daiteke, adibidez, Kantek Newtonen mekanika
hartu zuela abiapuntu gisa bere filosofia
eraikitzeko, hura frogatzen eta oinarritzen saiatu zelarik. Hona Newtonen
metodoa: “esperimentuak eta behaketak
egitea eta indukzioaren bidez ondorio
orokorrak ateratzea, eta ondorioen aurkako
objekziorik ez onartzea, esperimentuetatik
edo beste egia seguruetatik datozenak
salbu”. Newtonen iritziz, errazionalismoak
aldarrikatzen duenaren aurka, dena ezin
jakin daiteke matematikaren bidez, zenbait
printzipiotan oinarrituriko arrazoia erabiliz.
Newtonentzat, esperientziak mugatua
eta kontrolatua izan behar du arrazoiak.
Matematika esperientziaren gainean moldatu
beharra dago eta egiaztatze fisikoak
beharrezkoak ditu. Horrenbestez, Newtonek
teoriak erabili eta hipotesiak egiten
baditu, ez dira itxurazkoak edo asmatuak,
esperimentuetan oinarrituak eta horietatik
datozenak baizik.
J. LOCKE (1632-1704) liberalismo politikoaren
teoria egiten lehena da. Lan horretan, ordea, paradoxikoa bada ere, berrogei
urte lehenago Hobbesek boterearen
kontzepzio absolutista lantzeko erabili zituen
kontzeptu berak (“natura egoera”, “berezko
zuzenbidea”, “ituna”) hartu zituen oinarritzat.
Lockek botereen banaketa proposatzen
du eta botere legegileari ematen
dio lehentasuna, horren bidez berresten du
erregearen eta Parlamentuaren arteko bitasuna.
Newtonekiko adiskidetasunari esker,
zientziaren garapena gertutik ikusi ahal
izan zuen. Ezagupenaren teoria filosofiaren
adar bereizi gisa finkatu zuen, honako
helburuarekin: “gure ezagueraren mugak
jakitea” eta “gauzen alderdi argien eta ilunen
arteko mugak ezartzen dituen zeruertza”
zehaztea. Errazionalismoak errebeindikatua
zuen arrazoia ihardunean jarraitzen
du hemen ere, baina orain bere baitara
itzuli da modu kritikoan eta infinitua ez
dela ohartu da, gizatiarra dela, eta horrexegatik
ezin duela dena bere baitatik ezagutu.
Arrazoiak bere mugak ditu, baina muga
hori aitortzea ez da ahulezia, porrota, arrazoiaren
boterea egituratzen duen zera baizik.
Esperientzia da arrazoiaren muga eta
hori, arrazoiak jarria ez bada ere, ezaguera
guztien jatorria da.
Entziklopedia
Ilustrazioaren proiektu eta idealen hedabide
garrantzitsuena Entziklopedia izenekoa
izan zen, XVIII. mendean eskumenean
zeuden ezagupen ororen bilduma 27 liburukitan.
Entziklopedia edo Zientzia, arte eta ofizioen
Hiztegi arrazoitua idatzi zuten lankide
talde zabalaren zuzendariek, Diderot eta
D’Alambert-ek, giza ezagupenen laburpen
gisa aurkeztu zuten, horietan “arte mekanikoak”
eta “arte liberalak” barne sartzen
zirela. 1750ean Prospektua agertu zen, eta
1751-1766 bitartean obra hori osatzen duten 27 liburukiak. Gainera, haren inspirazio
iturri izan ziren ideia ilustratu eta liberalak
hedatzeko bide gisa balio izan zuen.
Entziklopediaren egileak arazo askotan iritzi
berekoak ez baziren ere, bat zetozen ia
guztiak zenbait ideali dagokionez: erlijio
tolerantzia, baikortasuna gizadiaren etorkizunari
buruz, konfiantza arrazoiaren boterean,
Elizaren gehiegizko aginpidearen aurkako
jarrera, gizarte arazoekiko kezka, zientzia
ezagupenaren garrantzia teknika eta
lanbideetarako aplikazio praktikoari dagokionez,
naturalismoa, esperientziarekiko
begirunea.
Aurrerapenaren ideiak, zehazki orduan
sortu ez bazen ere, sendo sustraitzeko giro
egokia aurkitu zuen ilustratuen artean. Bizi
garen mundua ez da, Leibniz-ek uste zuenez,
litezkeen munduen artean onena. Halaber,
iraganean dena hobea izan zela, “paradisu
galdu” batetik gatozela pentsatzeak
ez du gogobetekoa izan behar. “Mundu
hobe” hori etorkizunean aurkitu beharra
dugu, eta ez Jainkozko probidentziak hala
erabaki duelako: aurrerapena naturaren lege
inmanenteen ondorioa da eta.
Bada, beraz, gizadiaren historian une
pribilegiatua bizi zutelako sentimendu lauso
bat. Orokortzera jo beharko zuen biziera
baten aitzindari modukoa da ilustratuen
komunitatea. Ezagutzaren hedapenak gizakien
pentsamoldea eta gizartea anlotatzeko
erak aldatu behar zituen, eta pribilegioak,
bidegabekeriak eta behartsuen miseria suntsitu.
Horra Entziklopedia bizi zuen proiektua,
1789ko Frantziako iraultzan nolabait
gauzatuko zena.
J. J. Rousseau eta Kant
Arrazoi praktikoa (etiko-politikoa) ezagutza
zientifiko-teknikora mugatzeko ezintasuna
planteatu zuen Rousseauk Ilustrazioaren
barnetik, eta hark zabalduriko bidean
zehar abiatu behar zuen Kantek pentsamendu
ilustratuaren adierazpen sistematiko gailena
emateko.
ROUSSEAUk (1712-1778), giro ilustratuetan
hezi eta ideal haietaz horniturik bazegoen
ere, Ilustrazioaren autokritika hasi
behar zuen, eta geroko garapenerako bide
berriak urratu. Ildo horretatik, Rousseauk
zalantzan jartzen du ezagupenaren aurrerapenak,
hau da, izadi zientziarenak, ezinbestean,
gizakien ohitura, sineste, bizimolde eta
jokabide arauen hobekuntza ekarri behar
duenik. Zientzia eta teknikaren alorreko
aurrerabideak, alabaina, gizakien zoritxarra
eta balioen usteltzea ekar baititzake. Kulturaren
hedatze sozialak, –gure mendean,
ikuspegi marxista batetik Adorno eta Horkheimer-ek
Ilustrazioaren dialektika liburuan
planteatu dutenez–, Estatuaren zapalkuntza
ezkutatzeko eta estaltzeko balio
lezake eta.
Ezagutzaren eta gizarte antolakuntzaren
garapenak, modu horretara, gizakiak hasieran
izadiarekin zuen harreman hurbil haren
ontasuna usteldu behar zuen. Rousseauk
ez zuen “naturazko egoera” hori gizartea
agertu aurreko errealitate historikotzat hartzen,
haren ustetan moral eta politika ardurarekiko
erreferentzia puntutzat balio zezakeen
hipotesi edo fikzioa baitzen. Hobbes-ek
postulatu “guztiok guztion aurkako
gerra” hura, egoera naturalaren ezaugarri
gisa ulertzen zena, gizartean sartzearen ondorio
gisa ikusten zen orduan. Harez geroztik,
biziraupena ezinezkoa zen “hitzarmen”bati esker baizik, baina hitzarmen
horrek, ahulenen eskubideak defendatzetik
urrun, pribilegioak eta desberdintasunak
sendotzen zituen. Hala, molde berriko gizarte
itun baten premia planteatzen du, gizakia
dagokion egoera naturalera itzuliko
duena baina komunitateko kide izateari uko
egin gabe. Ez da gizabanakoen arteko hitzarmena
(Hobbes), ez eta gizabanakoen eta
gobernatzaile baten artekoa, komunitateak
gizabanakoarekin egina baizik, eta hartatik
“borondate orokorra” sortuko da.
Rousseauk zientzien aurrean zuen jarrera
kritikoa hain ezohikoa eta frantses Ilustrazioaren
tesi nagusien hain aurkakoa zen non
ez zuten ongi hartu Parisko elkarteetan eta
Voltaire eta D’Alembert-en aldetik suminduraz
beteriko gaitzespenak erakarri zizkion.
Dena den, Alemaniako Ilustrazioak,
Kantek bereziki, Rousseauk planteaturiko
arazoa jaso zuen.
I. KANT-en (1724-1804) obra filosofikoak
Rousseauk planteatu erronkaz gainera,
modu orokorragoan, pentsamendu
ilustratuaren hari guztiak bildu eta pentsamendu
horren sistematizazioa burutu zuen.
Kantek, bereziki, filosofia modernoaren bi
adarrak, razionalista eta enpirista, adiskidetzea
lortu zuen eta esperientziaren –ezagupenaren
edukia dakarrena– eta adimenaren
–forma dakarrena– arteko osagarritasuna
defendatu zuen. Orain filosofiaren zeregina,
funtsean, zeregin kritiko gisa ulertzen
da: gure ezagueraren mugak medodo traszendentalaren
bidez aztertzea eta definitzea,
hots, gertatu ahal izateko baldintzen bilatzea
eta argitzea helburua duen metodoaren
bidez. Arrazoiaren hiru erabilera desberdin
bereiztea da Kantek ekarri zuen berritasuna.
Horrenbestez, hiru Kritika planteatzen ditu.
Arrazoi huts teorikoaren kritikan zientzia
nola gerta daitekeen azaltzen saiatzen da
eta fisika hartzen du eredutzat, Newtonek
landutako eran, eta, gainera, metafisikarik
izan ere izan ote daitekeen galderari ezetz
erantzuten dio. Bigarren Kritika iharduera
moralari dagokio eta, Rousseauk urratu bideari
jarraituz, teoriko hutsa ez den arrazoiaren
beste erabilera bat bezala ulertzeko
premia planteatzen du, teknikara mugatu
gabe, baina (eta hauxe da erabakigarria)
irrazionalaren ingurunera baztertu gabe.
Hirugarrena Iritziaren kritika da: bertan
arteari propio dagokion ezaguera baten izan
daitekeen, gustuaren eta iritzi estetikoaren
balioa planteatzen du. Horrenbestez, Kantek
Ilustrazioaren pentsamendua sistematizatu
eta adierazpide gorenera eraman zuen,
baina atea zabalik utzirik (hirugarren Kritikan
zehazki): handik igaroko ziren bai
mugimendu erromantikoa (Schleiermacher,
Novalis, F. Schlegel, Humboldt) bai idealismoa
(Fichte, Schelling, Hegel).