Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Despotismoa eta parlamentarismoa

Espainiako errege Karlos III.a ehizarako jantzita, Goyaren koadro batean.<br><br>

Despotismo Ilustratua esapidea osatzen duten bi hitzak elkarren kontrakoak dira, edukiari dagokionez behintzat. Kontzeptu horrek, bestalde, XVIII. mendeko Europako monarkien gobernu erak sintetizatzen ditu, eta Ilustrazioaren ideiak eta ideia tradizionalak biltzen ditu: zentralismoa (ordezkaritzan oinarritutako erakundeei kontrajarrita), burokrazia eraginkorraren sorrera, zergen igoera, legediaren batasuna (botere zentraletik urruntzen diren eremuak gutxituaz), hezkuntzaren sozializazioa, sekularizazioa eta tolerantzia.

 

Despotismo ilustratua

MONARKIA ABSOLUTUEN ETA ILUSTRAZIOAREN ELKARTASUNAK XVII. MENDEKO IRAULTZA INGELESETIK XVIII. MENDEKO IRAULTZA FRANTSESA ARTE IRAUN ZUEN.Despotismo ilustratu kontzeptuaren barruan hainbat gobernu bil daitezke: Karlos II.a Espainian, Pombaleko markesa Portugalen, Tanucci Napolin, Pedro Jose Toscanan, Frederiko II.a Prusian, Maria Teresa eta Jose II.a Austrian, Katalina Handia Errusian.

Prusian, Frederiko II.ak gizarte ordenaren garrantzia azpimarratu zuen, eta, Frantziako Ilustrazioak eraginda, politika erreformazalea bultzatu zuen estatua hedatzeko.

Ekonomian emaitzak urriak izan ziren, nahiz eta estatuak zuzenean parte hartzen zuen alor horretan (kameralismoa). Administrazioaren maila guztietan diziplina militarra ezarri zuen, erlijio desberdinak onartu zituen, eta hezkuntza sozializatu zuen, baita emakumeen artean ere; hala ere, administrazio maila bakoitzak bere zeregina zuen. Gizartearen egitura sendotzea zen berrikuntza horien guztien helburua.

Errusian, Katalina II.ak (1762-1796) hainbat eskubide eman zizkien nobleei, bere senarra Pedro III.a erregetzatik botatzen laguntzeagatik: lurraren erabateko jabetza, justiziaren administrazioa, eta vodka egiteko eta saltzeko monopolioa. Zazpi Urteko gerraren ondoriozko finantza arazoek behartu zuten Katalina Eliza Ortodoxoaren ondasunak hartzera (1764): komentuak eta jopuak kendu zizkion.

Katalina Montesquieuren tolerantziari buruzko ideiez baliatu zen. Herriaren zoriona eta hezkuntzaren sozializazioa ziren haren politika berritzailearen oinarriak.

Nobleen eta zerbitzarien arteko harremanak gozatu nahi izan zituen. Volgako eta Doneko matxinadan kosakoek, Pugatxev gidari zutela (1773-1774), morroitza ezeztatzea etanoblezia desagertzea eskatzen zuten. Eskakizun haien kontra, ordea, aristokraziaren eskubideak eta aristokratak estatuko burokrazian parte hartzea eskatzen zituen joera sortu zen (Nobleziaren Eskutitza, 1785).

Austrian, Habsburgoko Maria Teresaren (1740-1780) eta Jose II.aren (1780-1790) erreinuen eta Kaunitz printze eta ministroaren gobernuaren helburu nagusiak zentralizazio maila, justizia, hezkuntza eta kultura indartzea eta zergak gehitzea izan ziren.

Austriako erreinua herri eta erlijio ugarik osatua zen: alemaniarrak, txekiarrak, eslovakiarrak, hungariarrak, italiarrak, kroatak,esloveniarrak, poloniarrak, ruteniarrak, errumaniarrak, flandriarrak, eta katolikoak, judutarrak, ortodoxoak eta protestanteak.

Monarkiaren erdigunea Austrian eta Bohemian zegoen. Estatu Kontseiluak (1760) gobernu gai guztiak zentralizatzen zituen.

Jose II.ak gobernadoreen mendeko barrutiak sortu zituen; bestalde, saiatu zen hamarrena ezeztatzen eta zergak aberastasun mailaren araberakoak izan zitezen. Neurri haiek, ordea, ez zuten arrakastarik izan.

Kode Penal berriak idatzi ziren (1770 eta 1787): sorginkeria eta tortura auziak ezeztatu ziren eta herio zigorrari mugak jarri zitzaizkion.

Lehen mailako hezkuntzan ere hainbat berrikuntza egin zituen: zientzia, teknika eta historia gaiak sartu zituen curriculumean.

Estatuaren aginpidea Elizaren kontura indartu zen, apezpiku eta parrokoak funtzionario bihurtu baitziren. Tolerantziaren Agiri Orokorrak (1781) hainbat eskubide eman zizkien judutar, luterotar eta kalbinistei.

Inkisizioa ezeztatu zuen, eta gogor egin zuen fanatismoa eta sineskeria sustatzen zituzten erlijioen kontra.

Portugalen, Jose I.ak eta bere ministro Pombaleko markesak ekonomia manufakturen eta merkataritzaren bidez indartzeko ahaleginak egin zituzten (konpainia monopolistak); jesuitei ondasunak kendu zizkieten.

Espainian, Karlos III.aren erreinaldian haren aurreko errege Filipe V.aren erreinaldian proposatu ziren hainbat formula zehaztu ziren. Erreforma haien saioak Napoliko erreinuan (Italia) egin ziren, Karlos III.a errege zela (1739-1759); baina urriak izan ziren emaitzak. Campomanesek lan handia egin zuen herri salatari gisa. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan foru sistema egoteak arras mugatzen zuen koroaren botere absolutua: ordezkaritza erakundeak zituzten, zerga sistemaren autonomia, babeserako sistema independentea, eta kontraforu eta sobrekarta eskubideak. Bestalde, lurralde haietako sistema Ingalaterrako sistema “parlamentarioaren” antzekoa zen oro har.

Erreforma haiek monarkiaren zabalkundea oztopatzen zuten bide guztiak desagertarazteko ziren batez ere: aleen merkataritza liberalizatu zen (1765), gremioen eskubideei mugak jarri zitzaizkien, Ameriketarako merkataritza zuzena liberalizatu zen (1718) eta Elkarte Ekonomikoak bultzatu ziren.

Administrazioan egin ziren erreformak herrialdea zentralizatzeko izan ziren gehienbat; erakunde bereziak sortu ziren, pertsona bakar baten ardurapekoak (Aholku Idazkaritza). Erakunde haiek Estatu, Gerra, Justizia, Itsas Armada eta Indietako ministerioen balio bera zuten; hala ere, elkarteetan antolatutako erakundeak ez ziren erabat baztertu (Kontseiluak). Estatuko Goreneko Batzarra sortu zen (1787) eta erakunde guztiak, mota batekoak eta bestekoak, batzar hartan antolatzen ziren.

 

Absolutismoaren beheraldia

EUROPAREN IPARRALDEKO MONARKIEK ERE OSO INDARTU ZIREN; BAINA HAIEN AURREAN GERO ETA AHALMEN HANDIAGOA ZUEN BURGESIAK.Danimarkako erreinuan bi helburu nagusi zituzten: protekzionismoa bultzatzea, batetik, eta bestetik, merkataritza, manufaktura eta teknologia, nekazaritzari eta manufakturari egokitua, indartzea (Asiako Danimarkar Konpainia, 1732; Mendebaleko Indietako Danimarkar Konpainia, 1733; Kopenhageko Bankua, 1736). Nekazariak ordu arte sistema komunitarioan bizi izatetik isolatuta bizitzen hasi ziren, lur langile independente gisa. Oldenbourg dinastiarekin lotuta zegoen monarkia oinordetzan oinarritu zen, jatorriz alemaniarra zen noblezia berriaren babesa izan zuen eta aitoren seme zaharrak baztertu zituen.

Politika absolutistak Frederiko V.aren erregetzan (1746-1766) jo zuen goreneko maila. Garai horretan, akademiak eta eskolak sortu ziren zientziak aurreratzeko.

Suediako erreinuan oso bestelakoa zen egoera: koroaren botere absolutua Dietaren mende zegoen, hau da, aristokraziak osatutako batzar hauteslearen mende. Frederiko I.ak (1720-1751) dietarekin erdizka banatu behar izan zuen boterea. Suediar monarkia nobleen interesek mugatzen zuten barrualdean, eta Errusia eta Danimarkarekiko mendekotasunak kanpoaldean.

Gustavo III.arekin (1771-1792) batera absolutismoa iritsi zen: nekazarien eta burgesen laguntzaz 1719ko konstituzioa ezeztatu zuen.

Polonia Errusiaren eta Prusiaren mende zegoen erabat, eta Dieta aristokratiko baten mende orobat. Estanislao II.a Poniatowskik (1764-1798) ahalegin asko egin zituen gurtza askatasuna ezarri eta katoliko ez zirenak bizitza politikoan parte har zezaten.

Europako botereen arteko (Errusia, Austria eta Prusia) gorabeheren ondorioz, Polonia hainbat zatitan banatu zen; zatiketa haren kontrako erresistentzia izan bazen ere, azkenean desagertu egin zen Poloniako erreinua.

XVIII. mendearen bukaeran (1791) Dietak konstituzio berri bat idatzi zuen: berriro baliatzen zituen ilustrazioko ideiak, erlijio askatasuna onartzen zuen, joputza ezeztatzen zen, botere banaketa egiten zen eta koroaren ahalmena indartzen zen, gizarte eta ekonomia egiturak bere horretan utzita.

 

Ordezkarien batzarra despotismoaren oztopo

GOBERNU SISTEMA ABSOLUTISTA ZUTEN ERREINU HORIEZ GAINERA, LEGEBILTZARREAN OINARRITUTAKO SISTEMA POLITIKOAK ERE BAZEUDEN.Ingalaterran, Jorge III.a (1760-1821) izan zen despotismo ilustratuaren ordezkari; 1688ko iraultza aurreko egoerara itzultzea zen haren politikaren helburua. Ingalaterrako legebiltzarrean bi presio talde zeuden, “Whigs” (liberalak eta parlamentaristak) taldea batetik, eta “tories” (tradizionalistak) bestetik, eta horien laguntza behar zuen erregeak, hain zuzen, agintzeko. Egoera hori egokia zen politika absolutistaren barruan aldaketak eragiteko, esate baterako Legebiltzarraren ahalmena berreskuratzeko (1782) Pitt gaztearen garaian. Hainbat faktore izan ziren Ingalaterrako legebiltzarraren zeregina indarberritzeko: itsasoz haraindi inperio zabala edukitzea, jarduera ekonomikoen liberalizazioa, lan modu oro produktibotzat hartzea, eta industria iraultza.

Ingalaterrak Ipar Ameriketan zituen Hamairu kolonietan ere baziren ordezkaritzan oinarritutako erakundeak. Ingalaterrako koroak zenbait gairen gaineko zergak igo zituen (azukrea, tea, kafea, seda), eta horren ondorioz zalantzan jarri zen kolonietako batzarren ahalmena aurretik onartu gabeko zergak onartzeko edo ezeztatzeko. Bestalde, Jorge III.aren politika absolutistak asko gogortu zuen egoera: horren ondorioz, kolonietako biltzar kontinental bat bildu zen (1774) eta independentziaren gerra hasi zen.

Frantzian, Luis XVI.aren garaian, burgesiak gero eta indar handiagoa zuen, eta aristokraziak, ilustrazioko erreformak ezeztatu nahi baitzituen, herrialdeetako ordezkarien erakundeak kontrolatzen zituen (herrialdeak eta legebiltzarrak). Ekonomiaren bilakaerareneta erakunde politikoaren arteko kontraesanak, gerraren ondorioz sortutako diru sarreren eta gastuen arteko gorabeherak, eta ilustrazioaren ideiek eta ideia horien gogortzeak ondorioz ekarri zuten Estatu Orokorrak biltzea, monarkia absolutua desagertzea eta konstituzioak idaztea.