Historia Unibertsala»Aro berria
Inken inperioa
Ekuatorez hegoaldean historian ezagutu den inperio bakarra inken inperioa izan da,
eta Colonen aurreko Ameriketan inperio izen hori eman dakiokeen bakarra ere hura
da. Espainiarrek inka esan zioten inperio horri, haien agintari nagusiak hala deitzen
baitziren; Cuzcoko kitxuek, berriz, Tahuantinsuyo –munduko lau herrialdeak– esaten
zioten beren mende zuten lurralde hari. 1438-1532 bitartean, Cuzcoko jaunek Andeen
erdialdeko lurralde zabal bat batu zuten, bai politikaz, bai kulturaz; menderatu zuten
lurralde hura gaur egungo Latinamerikako sei errepublikei dagozkien lurraldeek osatzen
zuten, hasi Kolonbia hegoaldeko Pastotik, eta Ekuador, Peru eta Bolivian barrena,
Maule ibairaino, Santiago Txilekotik hurbil, eta Tucumaneraino, Argentinako lurralde iparmendebalekoenean.
Inkek kultura eta arte adierazpen aipagarriak zituzten, baina bereziki
aipatzekoa da haien sistema politikoa eta egitura sozioekonomikoa, Europako
eta munduko beste kulturetan berdinik gabea.
Antzinako Peruko kulturaren bilakaera
Orain dela hogei bat mila urte Perun
kultura prozesu bat hasi zen; geroko inken
kultura hasierako prozesu haren azken maila
izan zen.
Behe eta goi paleolitos aroak hartzen
dituen bilakaera geldiko aldi luze baten
ondoren, mundu zaharreko historiaurrean
neolitos iraultza esaten zaiona hasi zen,
K.a 2500. urte inguruan. Iraultza hark bi
ezaugarri nagusi izan zituen: nekazaritzaren
indartzea, batetik, eta, bestetik, animaliak
hezitzea. Bi gertaera horien eraginez,
biztanleek bizimodu sedentarioa egiteraegokitu ziren, eta gizartearen egitura erabat
korapilatu zen. Hala, hiru mila urte inguruko
prozesu bat hasi zen, eraketa prozesua;
aldi horretan ezarri ziren antzinako
Peruko kulturaren oinarriak. Garai hartako
adierazgarri nagusia Chavin zibilizazioa
izan zen; mila urteko tartean, Peruko lurraldean
nolabaiteko batasuna lortu zuen
zibilizaio hark. Mota horretako aldi bateratzaileei
kultura horizonteak esaten diete
arkeologoek; batasun hori hautsi eta han
eta hemen lekuan lekuko talde banakatuak
sortu ziren bi aldiei bitarteko aldi esaten
diete. Peruko arkeologiaren sailkapen hori
eta Ameriketako erdialdeko beste eskualdeetako
sailkapenak elkarrekin parekagarriak
dira: klasikoa, garai klasikoaren krisiaedo postklasikoa, irudian ikus daitekeen
bezala.
K.o. 400. urte inguruan amaitu zen
eraketa prozesua, eta Chavin zibilizazioak
beste zibilizazio batzuri utzi zien lekua. Zibilizazio
berri horiek, aurreko garaiko kultura,
ekonomia eta gizarte oinarrietatik abiatuta,
arte sormenaren goreneko mailara iritsi
ziren. Peruko kulturaren aldi klasikoa da
hori. Garai horretan, aipatzekoak dira Moche
edo Mochica herriak iparraldeko kostaldean,
eta Paracas eta Nazca herriak hegoaldekoan.
Kultura distiratsu haiek, ordea,
lehenengo milurtekoa amaitzean krisiak jo
zituen, bestelako kultura eredu bat sortu
baitzen haien ordez, Tiahuanaco-ko kultura
hain zuzen. Kultura hori Titikaka aintziraren
ertzean sortu zen. Eredu hark lekuan
lekuko kulturak itzalarazi eta berriro bateratu
zituen lurralde hartako kultura guztiak.
Azkenik, prozesu bitxi baten ondorioz, antzinako
kultura batzuek lehenagoko beren
ohiturak berreskuratu nahi izan zituzten:
chincha herriak nazka herriaren ereduari
jarraitu nahi zion nolabait, eta chimuek,
berriz, mochica herriei. Ez zuten, ordea,
beren helburua iritsi, ez zuten herri klasikoen
distira izan; dena dela, teknikari dagokionez
aurrerakuntza handiak egin zituzten,
eta, batez ere, erakunde politiko eta
militar indartsuak sortu zituzten. Bitarteko
garaiaren azken aldian, herri berri ugari
sortu ziren, inkak adibidez –Cuzcoko kitxuak–,
eta elkarren artean borrokan aritu
ziren nor nagusi izan; hala ere, lan zaila izan
zuten, arerio indartsuak baitzituzten inguruan.
Inken jatorria eta bilakaera
Espainiar kronikariek bi kontakizun jaso
zituzten inperioaren sorrerari buruz: Titikaka
aintzirarena eta Ayar anaiena.
Lehenengo elezaharrak honela dio:
eguzkiaren jainkoak –Inti–, herrien arteko
basakeriak errukituta, semea eta alaba
–Manco Capac eta Mamma Ocllo– bidali zituen
(anai-arrebak izateaz gainera senaremazteak
ziren) herri haiek zibilizatzera.
Titikakako aparretatik sortu ziren, eta iparralderantz
egin zuten; aitak eman zien
urrezko makila iltzatzen zen lekuan inperio
handiaren hiriburua eraikitzeko agindua
zuten. Makila Cuzcotik hurbil iltzatu zen.
Bigarren elezaharrak, Ayar anaienak hain
zuzen, dioenez, lau bikote –horietako bat
aurreko kondairan aipatutako Manco Capac
eta Mamma Ocllok osatua– Cuzkoren hegoaldeko
Tamputoco mendi lepoko lau leihotatik
sortu omen ziren. Hiru anaia bidean
desagertu ziren, eta Ayar Manco gelditu zen
bakarrik; Manco Capac izena hartu eta inperioko
hiriburua sortu zuen.Elezahar horiek egiazko oinarria dute
biek. Batetik, aipatzen duten sorburuan,
Cuzco hegoaldean, Titikaka aintziran hain
zuzen, Tiahuanaco zibilizazioaren gunea
aurkitu da (inken kulturak lotura zuzena du
horrekin). Elezahar horien arabera, inkek
neke handiak izan zituzten hasieran, inguruko
herriekin etengabe borrokatu baitziren
nagusitasuna ez galtzeko.
Nagusitasuna 1438an lortu zuten, chanca
herriaren mende zegoen hiriburua berreskuratu
zutenean. Viracocha errege inka
garaitu zutenean –Tiahunacoko jainko nagusia,
kitxuetatik hartua–, haren seme Pachacutec
jarri zuten agintari. Une horretatik
bertatik, inkek etsai indartsuenak garaitu
zituzten, eta laster bai laster zabaldu zen
haien inperioa; oso denbora gutxian (laurogei
urte ere ez) erdialdeko Andeak menderatu
eta inperio sendo bat osatu zuten.
Inperio hori espainiar konkistatzaileek, Francisco
Pizarro buru zutela, bereganatu zuten
1532an. Une horretan gerra zibila zegoen
lurralde hartan, Huascar-en eta Atahualparen
jarraitzaileen artean; Huayna Capac
enperadore handiaren (Quiton hila, 1520an)
semeak ziren biak.
Egitura politikoa
Inken zabalkunde lasterra harritzekoa
bada, are harrigarriagoa da inkek mendean
hartu zituzten lurraldeetan ezarri zuten batasun
politikoa, kulturazkoa eta ekonomikoa.
Tahuantinsuyo inperioa, izenak berak
dioen bezala, lau eskualdek, suyo-ek, osatzen
zuten; eskualde horiek puntu kardinalei
dagozkie, gutxi gorabehera; politika
eta erlijio hiriburuan zuten elkargunea lau
suyoek, Cuzcon hain zuzen (Cuzcok, segur
aski, zilborra esan nahi du, munduaren
zilborra), hiri hartan lau auzo osatzen
zituztela. Auzo haietan bizi ziren lau gobernari
orokorrak, suyocomayoc-ak. Administrazioa,
bertikala eta sistema hamartarrean
oinarritua, gorbernari haien esku
zegoen: administrazio horretan hamar,
ehun, mila eta hamar milana familiako
unitate politikoak osatzen ziren, zein bere
agintariarekin. Gobernari haien mende,
zenbaitetan, bertako agintari izandakoak
aritzen ziren, esate baterako chimu handia,
Peruko iparraldeko erreinuko agintari
izandakoa. Eta egitura horren guztiaren
buru inka zen, jauna alegia, eguzki jainkoaren
semea.
Hala ere, badira beste bi faktore inperioaren
batasuna ulertzen laguntzen dutenak.
Alde batetik, lurralde osoa alderik alde
igarotzen zuten bideak –oinezkoentzat eta
llama saldoentzat egokituak–, mendiak eta
basamortuak igaro eta bide sare zabala osatzenzutenak. Sare hori bi bide nagusietatik
abiatuta zabaltzen zen, batetik mendilerroko
errege bidea, Quitotik Angentinako Tucumaneraino
iristen zena, Cuzkotik igaroaz,
eta bestetik, Tumbesetik Chinchara eta handik
Cuzcora itsasertzetik zihoan bidea. Kontuan
hartu beharreko bigarren faktorea quipu-a
da, alegia mnemoteknia sistema, koloretako
soka lotuetan oinarritua; quipucamayoc-ek
sistema hori erabiltzen zuten kontuak
egiteko.
Gizartearen eta ekonomiaren antolamendua
Historialari askok, inken antolamendu
sozioekonomiko bereziak harriturik, antolamendu
sozialista edo komunista zutela
esan izan dute; gaur egungo sistema politikoak
eta ideologikoak, ordea, ez datoz bat
inken errealitatearekin. Hala ere, bada hitz
bat idazle horiek aztertu dituzten ezaugarriak
biltzen dituena eta inken sistema azaltzeko
balio duena: komunitarioa.
Inken gizartea ez da antzinako beste
zenbait herriren antolamenduaren oso bestelakoa:
talde nagusi bat, maila desberdineko
nobleek osatua; herri masa handia, hatun
runas, eta horien azpitik mirabe eta
esklaboek osatutako taldea, yanaconak.
Hala ere, taldeek antolamendu berezia zuten,
ayllu-an oinarritua; ayllu hori, familiaren
ondoren, gizartearen sarearen oinarrizko
banakoa zen. Beraz, inken gizartea ahaidetasun
lotura sendoak dituen talde bat zen;
ahaidetasun lotura hori adar nagusi beretik,totemetik, sortua zela uste zuten, eta
lan egin ere, taldean lan egiten zuen taldearen
eta gizartearen mesederako.
Landa lurrak eta abereak –ezin esan
daiteke ziur pribatuak ala taldearenak ziren–
hiru motatakoak ziren, komunitatearenak,
eguzkiarenak eta inkarenak; azken
bi horien etekinak erlijio gurtzako ministroen
eta estatu ministroen beharrak asetzeko
ziren.
Lan moduak ere hiru kontzeptu horien
araberakoak ziren: ayni, minca eta mita.
Ayni-an komunitatearen lanak taldean egiten
ziren, mincan eguzkiarenak eta inkarenak,
eta mitan inperioaren egitura mantentzeko
beharrezkoak ziren lanak: bideak eta
zubiak, eraikuntza zibilak, erlijiozkoak eta
militarrak, erropak josi, armak eta lanerako
tresnak egin, etab.
Dena dela, hori guztia hobeto ulertzeko
ezinbestekoa da Peruko geografia ezagutzea:
kostaldean basamortu handi bat,
mendietatik jaisten diren ibaiek osatutako
ibarrek etena; Andeetako mendilerroak, eta
azkenik, basoak. Lurraren gorabeherek batetik,
eta garaiera aldeek bestetik, unitate
txikiak osatzen zituzten, monoekoizleak ia,
edo J. Murrak esan bezala hobi ekologikoak;
unitate horiek elkarren beharra zuten gauzaz
hornitzeko. Arrazoi horregatik beragatik
inken inperioa baino askoz ere lehenago
hainbat herri elkarren artean lotuta zeuden,
eta zenbaitetan, horietako bat gainerakoen
ekoizpen mailen gainetik jartzen zen;
ondasunei egitura berria ematean oinarritzen
zen herri nagusiaren agintea. Eta horixe
egin zuten, hain zuzen, inkek: mendekoei
lana eskatu eta ekoizpena herrien beharren
arabera banatu.