Historia Unibertsala»Aro berria
Inperio otomandarraren sendotzea
INPERIO OTOMANDARRAK INDAR HANDIA HARTU ZUEN ARO BERRIAREN HASIERAN, LURRALDE BERRIEN KONKISTARI ESKER, ETA EUROPAKO MENDEBALEKO HERRIENTZAT MEHATXU BIHURTU ZEN.Konstantinoplaren konkistaren ondoren (1453), berrantolaketa politiko eta militarra hasi zen turkiar inperioan; berrantolaketa horren bidez Turkiak indar handia hartu zuen Europan. Erdi Aroaz gero zabalkunde aldia bizi zuen inperio otomandarrak, eta bide horri jarraitu zion XVI. eta XVII. mendeetan ere. Herrialde ahaltsua zen, eta botere hori ez zuen herentzia bidez lortu, ez eta dinastia harremanetan oinarrituriko politika baten bidez edo ezkontza bidez ere, mendebaleko monarkia batzuek egin zuten bezala. Konkista militarren bidez eratu zuten turkiarrek beren inperio ahaltsua. Hiru norabide nagusitara bideratu zuten beren zabalkunde politika: Danubio ibaiaren arrora, Ekialde Hurbilera eta Mediterraneo ingurura.
Otomandarren lurraldearen zabalkunde aldiak
Hiru aldi nagusi bereizten dira otomandarren
zabalkunde prozesuan:
Lehenengo aldian, 1481. urte bitartekoan,
turkiar inperioaren gudarostea Europako
kontinentean sartu zen, Europako
hego-ekialdetik, eta ia osorik konkistatu
zuen Balkanetako penintsula: Grezia, Albania,
orain gutxi arte Jugoslavia izan zenaren
lurralde batzuk (Serbia, hain zuzen),
Errumania eta Bulgaria hartu zituen.
Bigarren zabalkunde aldian, 1512-1520
bitartean, Selim I.a izan zen aginpidean, eta
turkiar inperioak Asiako Ekialde Hurbila
oso-osorik hartu zuen, Siria (1516), Palestina
eta Egipto (1517) konkistatu ondoren;
lurralde haiek garrantzi handia zuten, bai
beren kokagune estrategikoagatik eta bai
ekonomian zuten indarragatik.
Hirugarren aldia, azkenik, Soliman Handia
sultan ospetsuaren garaia (1520-1566)
izan zen. Hamahiru ahalegin militar egin
zituen Solimanek, hamar Europan eta hiru
Asian. Aginpidean egon zen lehenengo hiru
urteetan Rodasko uhartea, Mediterraneo
ekialdeko gune nagusietakoa, hartu zuen
(1522). Aldi berean, Danubio arroan aurrera
jarraitu zuen, Hungaria konkistatu zuen
Mohacseko 1526ko guduan, eta Vienari setioa
jarri zion 1529an. Gertaera horiek arrisku
handikoak ziren Europako mendebaleko
herrientzat.
Mediterraneo aldean hiru gerra egin zituen
Solimanek (1538-1540, 1542-1544 eta
1551), Bizargorri kortsarioa buruzagi zela;
Bizargorri Almirante Handi izendatu zuten1521ean Aljeria menderatu eta sultanaren
esku utzi ondoren. Horren ondoren garai
hartan nagusi ziren bi herrialdeen eraginpean,
eta herrialde haien arteko borroken
mende, gelditu zen Mediterraneo ingurua:
Espainiako monarkia zegoen, batetik, Mediterraneo
mendebalaren gaineko kontrola
zuela, eta turkiar inperioa bestetik, ekialdeko
eremuan nagusi.
Urte gutxian turkiarrek beren inperioa
hiru kontinenteetara hedatu zutela esan daiteke,
beraz: Asia, Europa eta Afrika. Horrela,
inperio otomandarra garrantzi handiko
inperioa izan zen ia XVIII. mendea arte,
nahiz eta inperioaren zabalkunde gorena
1520-1530 bitartean iritsi zen, indar handiko
herriekin topo egin baitzuen harrezkero:
pertsiar monarkia zuen ekialdean, eta Karlos
V.a enperadorearen inperioa mendebalean.
Turkiar inperioaren sorrera ahalbidetu zuten tresnak
Turkiar inperioa Europako monarkia
autoritarioen modura antolatu zen. Estatu
despotikoa zen, eta ez zegoen agintariaren
borondateari eragozpenik jarriko zion inolako
legerik. Sultana zen buruzagi goren eta
nagusia, eta bere esku zituen aginpide politiko,
militar eta erlijiosoa, aldi berean. Sultana
buruzagi militarra zen, ordea, beste
ezeren aurretik, gudarostea baitzen estatuaren
muina. Meka eta Medina konkistatu
ondoren, eta Selim I.ak Egipto hartu zuenez
gero, kalifa eta iman tituluak hartu zituen
sultanak, eta horrenbestez, hura zenmusulmanen buruzagi izpirituala eta Mahomaren
ondorengoa ere.
Tresna militar bikaina osatu zuten, konkistak
aurrera eramateko ahalmena zuen
gudaroste indartsu bat. Gudaroste horretan
bereziki aipagarria zen infanteria, jenizaroez
osatua. Jenizaroak borrokarako bereziki
prestatutako gudariak ziren, haur kristauak
gehienak, erlijio musulmanean hezi eta zeregin
militarretarako trebatuak. Jenizaroen
taldea zen turkiar gudarostearen zutabe
nagusia. Infanteria jenizaroa 12.000 gudariz
osatua zen Solimanen garaian, baina hurrengo
mendean 200.000 soldadu izatera iritsi
zen. Baina ez zen hori, halere, turkiar gudarostearen
oinarri bakarra. Gerra ontzidi
indartsua ere bazuen, Mediterraneoan erabili
ohi ziren galera ontziez osatua, eta lurrean
ez ezik, itsasoan ere nagusitasuna lortu
zuten turkiarrek. Europako herrialde indartsuenek
baliatu ez zuten arren, gudaroste
hark bazuen, izan akats edo gabezia larri
bat: armak, hain zuzen ere, edo armarik eza,
hobeto esateko. Europako herrialdeek armen
salerosketaren kontrol zorrotza egin
izan balute, arazo larriak izango zituzketen
turkiarrek, baina ez zuten halakorik egin.
Dena dela, turkiarrek ez zuten armarik baina
bazituzten armagileak Europa mendebalean,
eta turkiar ontzioletan ere Europatik
eramandako adituak aritzen ziren, veneziar
eta genoarrak batez ere.Turkiarrek lurraldearen antolaketaren
egokierari ere begiratu zioten, eta beren
inperio zabala probintzia edo administrazio
barrutietan banatu zuten. Horrekin batera,
politikaren deszentralizazioa bideratzeko
prozesu bat hasi zuten. Finantzak eta
ogasun publikoa antolatu ziren eta zerga
sistema zorrotza ezarri zen, zabalkunde
politika aurrera eramateak eragiten zituen
gastu militarrak ordaintzeko. Turkiarren indar
ekonomikoa hain zen handia ezen Espainiako
Karlos V.ak lortzen zituen diru
sarrerak halako bi eskuratzen baitzituen
sultanak batzuetan. Mediterraneoaren ekialdea
eta Ekialde Hurbila turkiarren esku gelditu
zirelarik, bertan behera gelditu zen Asia
eta Europa artean Mediterraneoan barrena
karabana bideetatik egiten zen bizigarrien
ohiko salerosketa. Merkataritza hura turkiarren
kontrolpean gelditu zen zeharo.
Mendebaleko estatu modernoetan gertatzen
zen bezala, turkiarrek ere aginpidearen
zerbitzurako burokrazia bat antolatu
zuten, eta funtzionarioak asko ugaldu ziren.
Sultan ahaltsuaren mendean visir handia
zegoen, ospe handiko pertsonaia hura
ere, lehen ministroaren modukoa. Visir handiak,
beste ministro edo visir batzuekin batera,
kontseilua edo Diwan delakoa osatzen
zuen. Sultanarekin batera aritzen ziren, halaber,
kanpo arazoetarako arduradun bat,
gudarosteko taldeen buruak, ontzidiaren
buruzagi gorena eta ulema edo lege gizonak,
eta gobernu txiki baina eraginkorra
osatzen zuten. Inperioko barruti handiak,
esaterako, pacha izeneko agintarien esku
zeuden.
Bestalde, inperioko lurralde guztietako
legeak bateratzeko ahalegin handia egin
zen, eta lege bildumak eman ziren argitara.
Estatuak inperioko lurraldeetako ordena eta
segurtasuna bermatu zuen, eta horri esker
egonkortasuna izan zen nagusi eta merkataritza
eta ekonomia jarduera sendoa bideratzeko
aukera eman zuen egonkortasun
horrek. «Bake turkiarra» izena ematen zaio
oreka horri.
Turkiarrek hiriburu politiko administratibo
egonkor bat izendatu zuten: Estanbul (antzina
Konstantinopla). Hiri oso handia zen
garai hartan ohi zenerako, Europan biztanle
gehien zituen hiria, eta garrantzi handiko
merkataritza portua zuen, gainera.
«Ilargi erdiaren» inperioaren oparoaldia eta gainbehera
Turkiar inperioaren garai oparoena Solimanen
agintaldia (1520-1566) izan zen.
XVI. mendearen azken urteetan gainbehera
hasi zen inperioa, nahiz eta hurrengomendean ere indar handia izan zuten. Lepantoko
guduaren ondoren (1571) hasi ziren
gertatzen lehenengo aldaketak. Ez zen
garrantzi handiko gudua izan, baina harrezkero
asko baretu ziren hispaniarren eta
turkiarren arteko tirabirak Mediterraneo inguruan.
Turkiak gero eta indar gutxiago
zuen lurralde haietan. Izan ere, Lepantoko
gudua galdu zutelarik, desagertu egin zen
turkiar ontzidiaren garaitezintasunaren mitoa.
Hondamena iragartzen zuten gero eta
aldaketa gehiago gertatu ziren, ondoko arazo
hauen ondorioz, besteak beste: inperioaren
zabaltasuna eta heterogeneotasuna,
nekazaritzaren eta merkataritzaren gainbeheraren
ondorioz sorturiko ekonomia krisia,
Pertsiaren eta hungariarren kontrako
gerrak, gudarostearen gainbehera, sultanen
ezintasuna eta aginpide publikoaren gorabeherak.
XVII. mendearen lehen urteetan
visir asko izan ziren bata bestearen atzetik
eta Mohamed IV.aren heriotzaren ondoren
(1603) dinastien artean sortu ziren liskarrak
zirela-eta, Austriarekin hitzarmena sinatu
behar izan zuten turkiarrek; hitzarmen harekin
bertan behera gelditu zen austriarrek
urtero turkiarrei ordaindu behar zieten zerga
iraingarria. 1621ean Poloniarekin bakea
sinatu zuten. Otomandarren lehen hondamen
handia, lurrean, San Gotardoko guduan
(1664) izan zen, Trantsilvaniaren kontrola
eskuratzearren Austriarekin izandako guduan
hain zuzen ere. Carlowitzeko bakearekin
(1699) hasi zen, halere, lurrak galtzen,
Balkanetan, Mediterraneoan, Danubio ibai
arroan eta Ukrainan.