Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Lutero eta Alemaniako Erreforma

Lukas Cranach zaharraren Martin Lutero.<br><br>

 

Luteroren nortasuna

OSO GIRO ZORROTZEAN HEZI ZELARIK, BERE GEROKO OBRAN ERABAKIGARRIA GERTATU ZEN IZAERA NAHASI BAT ANTZEMATEN DA LUTERORENGAN.Esan ohi da Luteroren 1510 arteko heziketak ager dezakeela bere ondorengo jarrera. Eislebengo hirian jaio zen, 1483ko azaroaren 13an, meetako enpresario txiki bihurtutako nekazari dirudun baten seme.

?Martin Lutero doktorea? izan zen arte (1512tik aurrera beti erabiliko zuen titulua), familiaren etxean bizi izan zen, sentikortasun handirik ez zuen aita baten agintepean; maite zuen aita, baina beldurra zion maitasuna baino gehiago. Bizitza Komuneko Anaien (Devotio Moderna) ikastetxean egon zen ikasle, giro espiritual gogorrean; Erfurteko Unibertsitatera joan zen gero, eta han lortu zuen, 1505ean, Filosofiako lizentziatura.

Ekaitz bat zela-eta, erlijio bizitzan sartzeko botoak egin zituen, aita kontra zeukan arren. San Agustingo Eremutarren ordena, aski zorrotza, hautatu zuen horretarako.

1507an apaiztu zen, baina 1524an utzi egin zuen apaizgoa. 1511tik aurrera erabat lotu zitzaion Wittenbergeko Unibertsitateari, Eskritura Santuen irakasle gisa 1524 arte. Tetzel domingotarrak Alemania osoan barrena egindako predikuek, Vatikanoko San Pedroko obren jarraipena ordaintzeko xedea zuten induljentzien gainean, bere gaitzespena agertzera bultzatu zuten Lutero, 95 tesien argitalpenaren bitartez (1517); tesi horiek berehala hedatu ziren Alemania osoan. Leon X.ak tesi haiek zuzentzeko agindu zion bulda baten bidez (Exsurge Domine Bulda, 1520ko ekainaren 15ekoa), baina Luterok Wittenbergeko plaza publikoan erre zuen (1520ko abenduaren 10ean), eta aitasantuak eskumikatu egin zuen. Karlos V.a enperadoreak Wormseko Dieta Inperialaren aurrean agertzera deitu zuen; han, berriz ere, uko egin zion bere esanak zuzentzeari, eta, printze inperialen aldera igaro ondoren, Inperiotik erbesteratu baitzuten, Saxoniako Hautesleak, Frederiko Jakitunak, eman zion babesa, eta Wartburgeko gazteluan eduki zuen hamar hilabetez (1521).

Han, alemanerara itzuli zuen Biblia. Luteroren pentsamoldea 1520ko hiru lan handietan dago zehaztua: Erromako Aita Santutza (aita santuak ez du jainkozko aginterik batere, eta, eliztar guztiak bezalaxe, hura ere hitzaren, Bibliaren mende dago); Germaniar nazioko aitonen seme kristauentzako agiria (zeinean, Elizaren aginpidearen kontra, Bibliaren azterketa librearen teoria defenditzen baita, eta eliztarrek Kontzilioari apelatzeko duten eskubidea aldezten); eta, azkenik, Eliza Babilonian gatibu (bertan, Luterok sakramentuak kritikatzen ditu, apaizen aginpidea indarrez ezartzeko bitarteko direlakoan, eta bataioa eta jaunartzea bakarrik onartzen ditu).

 

Luteroren ideia nagusiak

BEKATUAREN OBSESIOAK ETA SALBAZIOAREN BILATZEAK HIRU HATSAPENETAN OINARRITUTAKO DOTRINA BAT DEFINITZERA ERAMAN ZUTEN LUTERO: JAUNGOIKOA, BIBLIA, GRAZIA.Luterorentzat, kristaua, kristau oro, bekataria zen, erremediorik gabe kondenatua izatea merezi zuena, baldin eta Jaungoikoaren errukiari esker bakarrik salba zitekeela erabat sinetsita ez bazegoen; horretan zetzan ?fedearen bidezko justifikazioa?.

Horren ondorioz, garrantzi gutxiago zuten sakramentuek jainkozko graziaren banaketa bide gisa. Sinestunaren eta Jaungoikoaren arteko elkarrizketa bitartekorik gabeko horrek, batetik, balio gutxiago aitortzen zien sakramentuei, baina, horrez gainera, egintza onen balioa ere gutxiago zen, salbazioa eskuratzeko merituzko titulu ziren neurrian, eta orobat Salbatzailearen eta eliztarren arteko bitartekariena ere. Eliztarrek, beraz, denek zuten duintasun berbera, eta apaizak ziren denak (horixe da apaizgo unibertsalaren hastapena), Biblia irakurtzeko eta Eskrituren azterketa librea egiteko eskubide erabatekoarekin, zeren, izan ere, Eskriturak baitziren oinarri eta erreferentzia hutseginezinezko bakarra. Luteroren dotrinaren oinarrizko hiru baieztapen horiek zalantzan jartzen zuten, errotik jarri ere, Erromako Eliza: Jaungoikoa bakarrik, Biblia bakarrik, grazia bakarrik. Jarraitzaile erradikalenak gaitzesi zituen Luterok, eta askatasun espiritualaz zeukan ikusmoldearen izenean berean, legezko agintariekiko mendekotasuna defenditu zuen, zaldunen matxinada gertatu zenean (1522), eta Suabiako nekazariak altxatu zirenean bereziki (1524).

 

Luteroren jarraitzaileak eta aurkariak

BEREHALA ZABALDU ZIREN LUTEROREN IDEIAK ALEMANIA OSORA, BAINA, ALDI BEREAN, BEREHALA SORTU ZIREN LISKARRAK HAREN JARRAITZAILEEN ARTEAN ERE.Berehala zabaldu zen Alemania osora Luteroren erreforma. Hura hil eta hamar urte baino lehen, 1546an, Erreformaren aldeko ziren Alemaniako bi heren. Inprentak zabalkunde izugarri hori erraztu zuen, baina aldi berean, Lutero bezala komentuetatik ateratako fraideen eginkizuna, edo laikoena, hori ere oinarrizkoa izan zen. Bibliaren alemaniar edizioa, Luterok egina eta Lucas Cranachek apaindua (1534), 84 aldiz argitaratu zen erreformatzailea hil aurretik, eta 253 bider inprimatu. Errituak aldatu ziren (sermoia alemanez, ogi eta ardoarekiko jaunartzea), eta orobat erakundeak. Erreforma onartu zen hirietan, erlijio aldaketak izaten ziren udaletxeko kontseiluan ere. Artzaina izendatu egiten zen, eta ez zen Jaungoikoaren eta gizonen arteko bitartekoa, aitzitik, gizona zen, ezkondua sarritan, batzuetan predikuak eman behar zituena, lekuan lekuko hizkuntzaz gainera, eta eredugarri izan behar zuena, bizitza pertsonal nahiz profesionalean. Luteroren aldamenean, izan zen beste erreformatzaile garrantzitsurik ere, hala Melanchton (1497-1560), Augsburgoko Aitortza-ren egilea (1530), gaur egun ere Luterotar Elizetako fede aitorpen nagusia dena, Erasmoren teologia humanista eta Luteroren tesiak bateratzen saiatu zen. Nolanahi ere, izan zen arazorik, eta Luteroren beste jarraitzaile batzuk Lutero bera baino haruntzago joan ziren, Erreforma lasterrago eta erradikalago baten alde.

Horixe izan zen Karlstadten kasua (1480- 1541); laikoen komunitate bat sortu zuen, ?asaldatuena? deitua; irudiak ukatzen zituzten gurtza lekuetan, komentu eta kofradiak ezabatzearen aldeko ziren, eta zalantzan jartzen zuten Kristoren gorputzaren benetan zegoenik Eukaristiako afarian. Tomas Münzerrek, asaldatu haietako batek (1489- 1525), hirietako eskulangileak bilduta, santuen komunitatea, edo ?Zwickauko profetak? fundatu zuen; talde horietan helduen bigarren bataio baten bidez egiten zen sarrera, eta, hori zela-eta, anabaptista deitu zitzaien.

Anabaptismoak gizarte utopiko bat bilatzen zuen, Kristoren erreinua, errege, lege, eliza, gurtzarik gabea. Haientzat ezinezkoa zen iraultza erlijiosoa, gizarte iraultzarik ez bazegoen aldez aurretik. 1534an, Münsterrez jabetzea lortu zuten anabaptistek, Westfalian, eta errejimen erradikal bat ezarri zuten bertan, Leidengo Joanen agintepean.

Urte betez, derrigorrez egin behar izan zen ondasun guztien banaketa (baita janari eta etxearena ere), eta poligamia ezarri zen; horrez gainera, dirua ezabatu egin zen.

Apezpikuaren gudarosteen zapalkuntzak sakabanatu zituen azkenean asaldatuak.

Prediku askatasunak sortu zuen giroa, zuhurgabeen eskuetan uzten baitzen sarritan predikatzea, gizarte eta politika liskar askoren sorburu izan zen. Hutten eta Sickingenek gidaturiko zaldun talde bat iraultza armatua egiten saiatu zen, harik eta luteranismoa zabaldu arte. Luterok ordea ez zuen haien alde egin, eta higikundeak huts egin zuen. Nolanahi ere, alemaniar nekazariak, guztiz pobretuak, gogoberotu ziren gehien ideia erradikal haiekin. Nekazarien gerra (1524-1526), Luterok oso kontra egin ziona, odolezko printzeek zapaldu zuten. Haien erreibindikazioak, erlijiosoak nahiz sozialak, Hamabi Artikulu direlakoetan azaldu zirenak, erabat ukatuak izan ziren. Lutero berehala ohartu zen usadiozko ordena nahitaez zaindu beharraz, printzeek Erreformaren arrakasta segurta zezaten; printzeen laguntzarekin, Luterok eliza berri bat osatu zuen, Erromakoa ez bezalakoa. Baina, Lutero hil zenean, areagotu egin ziren eztabaida teologikoak, eta baita Erreformaren baitako iritzi desberdintasunak ere.

 

Luteranismoa Alemaniatik kanpora

AURREKO SAIO ERREFORMAZALEAK GORABEHERA, LUTEROREN LANAK BERE JAIOTERRIKO MUGAK GAINDITU ZITUEN, ETA EUROPARA ZABALDU ZEN.1555ean, Ausgsburgoko bakea deritzana izenpetu zenean, luteranismoa oso sustraitua zegoen Alemaniako Inperioko iparraldean, zentroan eta ekialdean, eta orobat Eskandinavian eta Livonian, eta Bohemian eta Trantsilvanian. Horrez gainera, Europako mendebaleko estatu guztietan ere sartu zen, Iparreko itsasotik hasi eta Iberiako Penintsularaino, eta Ingalaterratik Austria eta Napoliraino, nahiz eta gero katolikoen berrindartzeak protestantismoa leku askotan ezabatu, edo beste dotrinek hartu haren lekua, kalbinismoak bereziki. Independentzia lortu ondoren (1523), Suediak (Finlandia ere barne), Erreformaren aldera egin zuen pixkana-pixkana. Västerasko Dietaren ondoren (1527), herritik kanpora egotzi zuten alderdi katolikoko buruzagia, eta Gustavo Vasa erregearen esku geratu zen aginte espirituala (1523-1560); eliz politika gogorra egin zuen, eta kleroaren jabetzak konfiskatu. Danimarka eta Norvegia 1526- 1536. urte bitartean bihurtu ziren luterotar, eta luteranismoak Inperioan zehar zabaltzen jarraitu zuen, Smakaldako Liga, hau da, 1531n protestanteek izenpetu zuten ituna, zabalduz, non ikusten den ezen noble txikiek eta hiritar burges askok beren helburuekin bat zetozen ideiak aurkitzen zituztela luterotar dotrinetan. Sevillan, Valladoliden eta Napolin ere, Juan de Valdesén bidez, gogo onez jaso zituzten Luteroren dotrinak.

Joan Tac, Anberesen jaio eta Londresen bizi zena, Inkisizioak kondenatuta 1539an Bilbon bizirik erre zutena, Euskal Herrian ezagutzen den era honetako aurreneko kasua da.