Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Humanismoa eta Berpizkundea

Erasmo Rotterdamgoa, Hans Holbeinen margolana.

Erasmo Humanismoaren ordezkari nagusietako bat izan zen. Tomas Moro ezagutu zuen Oxforden. Haren lanek oihartzun handia izan zuten.

Haien artean aipagarrienak: Zaldun giristinoaren eskuliburua, Adagioak, Erotasunaren goresmena eta Solasak.

Berpizkundeak gizakiaren eraberritzea eragin zuen eta garai berriak iragarri zituen

Europako mendebaleko kulturaren bilakaeran garrantzi handia izan du Berpizkundeak.

XV. mendearen hasiera eta XVI.. endearen erdialdea bitartean gauzatu zen, Europako herrialde aberatsenen laguntzaren bitartez, eta Italian loratu zen batez ere.

Berpizkundea kultura higikunde bat izan zen, are estetika higikunde bat ere, arteak eta letrek egin zuten aurrerapena kontuan izanik, baina kulturan ez ezik gizartean ere eragin handia izan zuen, eta izatearen gozamen paganoa aldarrikatzeagatik eta bizitza materiala gurtzeagatik bereizi zen batez ere.

Garai berriaren ezaugarriak

Egoera politiko jakin batean –estatu modernoan– eta egoera historiko berezi batean –lurralde berrien aurkikuntza– gauzatu zen kultura bat izan zen Berpizkundea, aurrerabide teknikoei esker Europak abiadura bizia hartu zuen garai batean kokatua.

Izan ere, Europako mendebalak gainerako zibilizazio guztiei aurre hartu zien historiaren aldia baita, azken batean, Berpizkundea.

Kultura eta arte higikunde zabal bat izan zen, beraz, baina, halaber, arrasto nabarmenak utzi zituen politikan, gizartean, ekonomian eta erlijioan, eta Europa osora, are kanpoaldeko lurraldeetaraino –Errusia, Polonia eta Suediaraino, adibidez– hedatu zen.

Garai hartan, Europako historian, halako internazionalismo aldi bat-edo izan zen, eta hara-hona ibili ziren pertsonak, teknikak, ideiak, formula estetikoak eta era guztietako salgaiak ere. Halaber, bizitza aintzat hartua izan zen garai bat izan zen. 1460- 1560 bitartean Europako biztanle kopurua asko handitu zen; erabat aldatu zen demografiaren joera, XIV. mendearen erdialdea –izurriteak zirela eta– eta XV. mendearen parte handi bat –eritasunak, goseteak eta gerrak zirela eta– hartu zituen heriotz bolada gaizto haren ondoren. “Bizitzaren eztanda”horrek eragin handia izan zuen, jakina, Berpizkundea sortu zuen pentsamoldea moldatzen.

Higikunde horrek, gainera, kulturaren sekularizazioa ekarri zuen. Berpizkundeak gizakiarengan jarri zuen arreta, eta horregatik nagusitu zen “humanismoa” garai hartako pentsamoldean.

Humanismoa: pertsonaren gailentasuna, espiritu kritikoa eta jakinduriaren eraberritzea

Horrela hasi zen, beraz, Humanismoa, munduari buruzko beste ikuskera bat aldezten zuen eta gizakia munduaren erdigunean kokatzen zuen kultura higikunde hura.

Humanismoak gizakiaren duintasuna zuen helburu. Indibidualismoaren garaipena izan zen.

Humanismoak, baita ere, Antzin Aroaren itzulera eragin zuen. Antzinateko kulturaren funtsa berreskuratzen saiatu zen, eta ez bakarrik literaturan, baita artean (arkitektura, eskultura) eta filosofian ere. Eta ildo horretan, berebiziko garrantzia izan zuen Platonen obraren aurkikuntzak. Erdi Aroan Aristoteleren pentsamoldea besterik ez zen izan, eta Humanismoak Platon berreskuratu zuen. Humanista ikertzaile bihurtu zen, iturrien ikerketa kritikoa egin zuen, eta zientzialariena bezalako pentsamoldeak gidaturik jardun zuen. Humanista izan zen lehenengo historialari modernoa.

Humanismoaren bilakaeran muga datakedo jarriz gero, 1453. eta 1517. urteak izango lirateke adierazgarrienak. Lehenengoa turkiarrek Konstantinopla hartu zuten urtea delako, noski. Izan ere, hori zela eta, Bizantzioko Inperioko intelektual eta jakintsuak sartaldera joan baitziren ihes, eskuizkribu pila -liburutegi osoak batzuetan– eramanez.

Sortaldeko eskuizkribuen eta jakintsuen etorrera izan zen, beraz, Humanismo hasi berriaren lehenengo bultzada. Bigarren data hori, berriz, Luterok bere 95 tesiak Wittembergeko kaperako atean iltzatu zituen urtea da. Sartaldeko kristautasunarenhaustura eta bide batez Humanismoarena eragin zuen horrek.

Humanismoak sortu zuen estetikak eragin handia izan zuen Berpizkundeko artean.

Humanisten iritziz jainkozko gauzetatik hurbil zen edertasuna. Gizakiak edertasuna sortzeko ahalmena zuen, izadia behatuz, imitatuz edo idealizatuz. Hori izan zen arte sorkuntzaren eragileetako bat: edertasun ideala –“idealismo estetikoa”– lortzeko ahalegina.

Giza edertasuna zen, bestalde, ideal estetikora gehien hurbiltzen zena. Horregatik bultzatu zen giza gorputza aztertzea eta irudikatzea.

Zientzietan, berriz, esperimentuak edo saioak egiten hasi ziren; Leonardo da Vinci izan zen horretan aitzindari. Orduan hasi ziren metodo zientifikoaren oinarriak jartzen; kalkulu sistemak hobetu ziren, matematika aurreratu zen, eta astronomia eraberritu zen. Izaki bizien azterketan ere aurrera egin zen: asko luzatu zen katalogoetan jasotako animalia eta landare zerrenda, lurralde ezezagunen aurkikuntzari esker.

Medikuntzan, sakonago aztertu zen giza gorputza, eta anatomia modernoaren oinarriak jarri ziren. Berpizkundean Antzin Aroaren zientzia ondarea aberastu zen, eta behaketak eta esperimentuak egitea bultzatu zen, besteak beste Galileori eta Descartesi bidea emanez.

Inprimategien protagonismoa

Ideia berrien hedatzean funtsezkoa izan zen inprenta asmatzea eta zabaltzea. Johann Gutenberg inprimatzaile alemaniarrak asmatu zuen, eta 1455. urte aldera zabaldu zen Rhin inguruko hirietara (Maguntzia eta Estrasburgo).

Handik berehala zabaldu zen Alemaniako erdiko eta hegoaldeko eta Italiako erdiko eta iparraldeko hirietara. Venezia, Paris, Lyon, Erroma, Napoli, aurrenetakoak izan ziren. Inprimategiari esker, asko zabaldu ziren Antzin Aroko obrak, baita geroko erlijio lanak ere. Inprimategia ezinbesteko laguntza izan zen Erasmoren eta Luteroren lanak zabaltzeko, adibidez; eta baita zientziak, fauna eta flora, eta artea zabaltzeko ere, marrazki eta planoen bidez.

Kartografia lanak, halaber, asko aurreratu ziren harrezkero.

Estatu eta eliz agintariak, baina, asko larritu ziren halako propaganda hedabide baliotsu baten aurrean, eta hura kontrolatzeko neurriak –zentsura– hartzen hasi ziren.

Europako internazionalismoa: komunikazioa eta harremanak informazio hedabide gisa

Giza harremanei eta ideologia trukeei esker asko zabaldu ziren ideiak. Humanisten gutun bidezko harremanak eta maizko bidaiak oso bide egokia izan ziren ideiak trukatzeko.

Erasmo Rotterdamgoa, adibidez, Paris, Ingalaterra eta Italian ibili izan zen. Unibertsitateen artean ere harreman handia zegoen.

Irakasle ospetsuenak beste unibertsitateetara joaten ziren eskolak ematera. Hizkuntza arazorik ez zegoen, hizkuntza bera erabiltzen baitzen denetan, latina. Luis Vives espainiarrak, adibidez, Oxforden eta Lovainan eman zituen eskolak. Eta arrazoi beragatik, ikasle dirudunak ere Europako unibertsitate ospetsuenetara joaten hasi ziren ikastera.

Artean ere, mezenasei esker, hartu-eman ugari izan zen Europako artisten artean.

Erregeek, printzeek, jaunek, beren gortera edo jauregietara deitzen zituzten atzerriko artista ospetsuenak. Frantzisko I.a Frantziakoak, adibidez, pintore italiarrak –Leonardo da Vinci, besteak beste– deitu zituen.

Karlos V.ak, berriz, Tiziano deitu zuen. Italiako eta Flandriako artistak izan ziren, batez ere, bai teknika bai estilo aldetik aurreratuagoak zeudela aprobetxatuz, beste herrialde batzuetara mugitu zirenak. Baina beste artista batzuek ikasteagatik eta beren artea hobetzeagatik bidaiatu zuten, Italiara gehienbat. Albrecht Dürer, Alemaniakoabera, Italiara joan zen, Pedro Berruguete –eta Gaztelako beste artista asko– bezalaxe. Hartu-eman horiek zirela eta, berehala beretu ziren Italiako arte ereduak Europako gainerako eskualdeetan.

Italiako penintsula: lantegi esperimentala, Berpizkundearen sorlekua

Italia izan zen Berpizkundearen sorlekua.

Brunelleschik, Masacciok eta Donatellok iraultza egin zuten arkitekturan, lehenak, pinturan, bigarrenak, eta eskulturan, hirugarrenak. Florentziakoak ziren hirurak.

Izan ere, Florentzia izan baitzen, hasieran, Italiako artearen hiri nagusia, medicitarren babespean, harik eta Karlos VIII.a Frantziakoak Italiara egin zuen sarraldiak eta medicitarren erorialdiak lekuz aldatzera behartu zituen arte artista asko. Leonardok betiko utzi zuen Florentzia 1507an. Eta horrenbestez, XVI. mendearen hasieran, Erromak hartu zuen artearen nagusitasuna Europan; Rafael eta Michelangelo –hau batez ere– izan ziren artistarik behinenak. Aita santuen babesean Europako artearen hiriburu bilakatu zen, beraz, Erroma.

Aro berri baten garaipena: Berpizkundea eta humanismoa Europan

Berpizkundearen bigarren gune nagusia, Borgoinako dukeen babespean sortua, Herbehereetako erresuma izan zen, Italiaren ondoren Europan zegoen beste lurralde aberatsena. Han, XV. mendearen lehenengo erdian, Juan van Eyckek olio pintura asmatu zuen, eta flandriar eskola inauguratu zuen. Italiar eraginekin batera, tradizio nazional bat nagusitu zen, Pieter Brueghel «Zaharra» (1525-1569) buru zela.

Frantzia izan zen segur aski italiar Berpizkundearen jarraitzaile fidelena, bere ezaugarri berezi batzuk bai bazituen ere. Frantzisko I.a erregeak Frantzia aldera hedatu nahi izan zuen Italiako Berpizkundea, eta pintore italiarren eskola bat zabaldu zen Fontainebleaun.

XVI. mendearen erdialdean, ordea, frantziar estilo klasiko bat sortu zen, tradizio nazionalen, italiar eraginaren eta Antzinateko obren inspirazioaren sintesi gisa.

Ingalaterran, berriz, Berpizkundeko arteak ez zuen arrakastarik izan, arkitekturan ez behintzat, gotiko estiloari leial jarraitu baitzuten XVI. mendearen aldi luze batean.

Humanismoa, berriz, oso ondo sartu zen, Oxforden, Tomas Morori esker. AlemanianAlbrecht Dürer izan zen Berpizkundeko artista nagusia. Egonaldi luzeak egina zen Italian eta Herbehereetan; grabatzaile, marrazkilari eta margolari bikaina izan zen, polifazetikoa, Berpizkundeko gizonaren eredu; neoplatonismoa ezagutu zuen eta matematika landu zuen. Polonian harrera ona egin zitzaien Berpizkundeko berrikuntzei, batez ere Krakovian. Guztien gainetik Nikolas Koperniko nabarmendu zen. Haren ekarri nagusia heliozentrismoaren teoria izan zen, hau da, planetek eguzkiaren inguruan biratzen dutela eta, beraz, eguzkia unibertsoaren zentroa dela dioena. Lehenago esan den bezala, Errusiara ere heldu zen Berpizkundearen eragina; italiar artistek bukatu zuten Kremlina, veneziar estiloaren eraginpean zenbait ataletan.

Humanista gisa, berriz, Luis Vives eta Antonio Nebrija nabarmendu ziren Espainian, Erasmoren eta Mororen laguna, bata, eta gazteleraren lehenengo gramatikaren egilea, bestea. Arkitekturan, estilo isabelinoa –gotikoaren, Berpizkundearen eta mudejar estiloaren eraginpeko tradizio nazional baten nahastura– nagusitu zen. Platereskoa, berriz, dekorazio estilo berezi gisa nagusitu zen. Espainiara artista asko iritsi ziren Italia, Flandria, Frantzia eta Alemaniatik, aristokraziaren babespean eta elizaren eta koroaren laguntzarekin betiere.

Berpizkundeak artisten lanaren ezagutza ekarri zuen, eta artista bera ere inor ez izatetik norbait izatera iritsi zen. Izan ere, ordu arte, artistaren lana ez zen aintzat hartua, “arte mekanikoa”, eskuz egina alegia, zelako. Arte mekaniko prestutasun gabekoei kontrajarriz, “arte liberalak” zeuden, intelektualen artea, alegia. 1500. urteetik aurrera, baina, humanistek pintura eta eskultura arte liberalen artean onartu zituzten. Handik hara erabat aldatu zen artistaren egoera sozioekonomikoa, eta ospetsu eta aberats izan zitekeen; orduan igaro zen eskulangile izatetik artista izatera, “plebeio” izatetik “noble” izatera.