Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Afrika “Erdi Aroan”: etendako hazkundea

Afrikako esklabo beltzak itsasontzi bat konpontzen. XV. mendearen azkenaldeko miniatura.<br><br>

Europako Erdi Aro “ilunetik” urrun, garai hau guztiz oparoa izan zen Afrikan: aberastasunak ezin konta ahala, hiri bikainak eta estatu indartsuak ugaritasun etniko eta geografiko handiko inguru batean. Arrazoiz esan izan da Afrika ez zela gosearen kontinentea: 400 milioi lagun bizi ziren bertan laborantza, basogintza eta arrantzan oinarrituko ekonomia sendo bati esker. Hornigaiak eta elikagaien erreserbak bermaturik, ekoizpenari zegokionez eskualdeak elkarren osagarri izateak, indar handiko merkataritza ekarri zuen. Eskala txikian, elikagaiak, zeramika, ehunak. Eskala handian, luxuzko gaiak edo gatza, kola edo bolia. Ororen gainetik, urrea. Urrea ekoizten zuten eskualde nagusiak Zimbabwe, Nilo garaia eta mendebaleko Afrika ziren. Arabiar merkatariek ez zuten inoiz lortu urrearen ekoizpena kontrolatzerik, Afrikako erregeak urrearen berri ezkutatzen saiatu baitziren beti. Hiriak, mendeetako tradizioa izanik, Azken Erdi Aroan garatu ziren.

Afrikako eraikin ikusgarriak gorte guztiz aberatsen egoitza ziren. Europarron usteetatik urrun, gutxiago garatu ziren gizarte eta politika antolaketen aldamenean bizi ziren estatuen handien historia da Afrikarena.

 

Sartaldeko Afrika: herri eta estatu ugari

SARTALDEKO AFRIKA DA BIZTANLE GEHIEN DITUEN ESKUALDEETAKO BAT. SAHARAREN BASAMORTUTZEAK, IX. MENDETIK AURRERA, LEHENGO MIGRAZIO PROZESU GELDOA LASTERTU ZUEN, ETA BASAMORTUAREN HEGOALDEAN ZEUDEN HERRIEK ESTATU INDARTSUAK ERATU ZITUZTEN.Takrurko Erreinua. VIII. mendearen amaieran, karabana bideen kontrolean gune erabakiorra izan zen hiri bat sortu zuten Mauritaniako berebereek: Audaghost. Berrehun urteren buruan, basamortuko hiri horrek bazituen sei mila biztanle, hogei “erreinu beltz” zeuzkan bere mende, eta Islamaren babesleku leiala bihurtu zen.

Ghanako Erreinua. Zerbait hegoalderago, Senegal garaiaren eta Niger garaiaren artean, beste erreinu indartsu bat sortu zen: Ghana. Kumbi-Saleh zuen hiriburua, eta, urrearen ekoizpenaren gainean zuen kontrola zela-eta, zabaldu eta Audaghost beretu zuen 990. urtean. Oso zentralizatua zegoen, erreinu basailuak zeuzkan inguruan, eta uko egin zion islamari. Almorabideek, beren inperioa Al-Andalusera zabaldu aurretik, hartu zuten gero. Bertako biztanleek ordea ez zuten Islamera bihurtu nahi, eta 1230ean, partez behintzat, berriro osatu zen antzinako erreinua.

Maliko Inperioa. XI. mendean, buruzagi mandingo bat, Sarbendana, gainerako leinuei nagusitu, eta Islamera bihurtu zen.

Bizimodu politikoa zentralizatu egin zuen, zerga sistema eta armada indartsuekin. Ghanarena bezala, Maliren arrakasta Senegalgoeta Nigeriako urrea kontrolatzetik etorri zen.

Sosso herri islamiartu gabeak inbaditu zuen 1228an, eta errege familia hil zuen. Bizirik ateratako batek, Sunjata Keitak, inperioa berreskuratu, eta Ghana aldera zabaldu zuen. Ondorengo aldiak, politikan nahasia izan arren, konkisten aldetik ez zuen ondorio txarrik izan: XIV. mendearen hasieran, Kanku Musaren gidaritzapean, iritsi zuen gorena Maliko inperioak. Islamiar zorrotza zen, eta merkataritza eta diplomazia harremanak ezarri zituen arabiar munduarekin.

Hiri handien garaia da: Tonbuktu, Gao, Oulata, Tichitt, Djenne eta Nianni. Ibn Battuta zenbait hilabetez bizi izan zen Niannin, eta luxuz betetako hiria eta hiritarren jokabide ereduzkoa aipatu zituen. Une goren horren ondoren, barne anarkia batetik, eta, bestetik, peul, tuareg, mossi eta songhai leinuen erasoaldiak zirela-eta, dekadentzia etorri zen.

Songhai Inperioa. Gaurko Nigerren eta ibai horren deltaren artean, 1000 urte inguruan, herri bat, songhai herria, islamiartu eta zabaldu egin zen, XIV. mendean Malik menderatu zuen arte. Songhai Inperioa Sonni Ali Ber buruzagiaren garaian egituratu zen, XV. mendearen bigarren erdialdean.

Buruzagi militar handia eta inperioaren eraikitzaile izanik, gortesauen azpijokoak ezin eraman izanak famatu du historian. Gortesauek, enperadorea hil zenean, hark hasitako lanari jarraitu zion dinastia bat ezarri zuten.

Mohamed Ture buruzagiak Haussa estatuak anexionatu zituen, eta areago islamiartu zuen inperioa. Laborantzako aberastasunez gainera, urrea eta gatza aipatu behar dira, merkataritzako gai nagusi gisa. Tonbuktuaberatsak bere unibertsitate famatua sortu zuen.

Mossi Erreinua. Niger eta Volta ibaien artean kokaturiko federazio monarkikoa zen. Animista zorrotzak izan ziren XVI.. endea arte. XIV. mendean Maliri eraso zioten, eta songhaiei XV.ean. Nekazariak ziren, baina urrearen merkataritzan ere oso eginkizun garrantzitsua izan zuten; gizartea, oso mailakatua, aristokrazia militarraren mende zegoen.

Haussa Erreinuak. Txadeko sakonunean kokatu ziren XIV. mendean, eta zazpi erreinu antolatu zituzten, elkarren arerio ibiliko zirenak. Esklabozaleak eta merkatariak ziren, eta ezagunak ziren halaber kobregintza zela-eta. Tuaregak eta songhaiak izan zituzten etsai nagusiak.

Kanem-Bornuko Erreinua. Txadeko ipar-ekialdean hasi zen eratzen, IX. mendean.

Bi mende geroago Islamera bihurtu zen erregea, eta sultan izendatu zuen bere burua. XII. mendearen lehen erdian, Dumana I.a errege zela, erreinua hedatzen hasi zen, herri nomadei nagusituta. Haren ondoren, anarkia zabaldu zen, harik eta XV.. endearen bukaeran aginpidea berriz sendotu zen arte. Mende bete geroago, Idriss Alaomaren agintepean, gorena iritsi zuen erreinuak. Nazioarteko merkataritzan jarduten ziren batez ere bertakoak; izan ere, Afrikako iparraldeko Atlantiko eta Mediterraneoko bidegurutzean dago Txad aintzira.

Hegoalderago, Senegalgo estatu txikien ezaugarria –horietako batzuk islamiar egin ziren–, gizarte egituraren zurruntasuna izan zen; gizartea kastetan mailakatua zegoen, eta XVI. mendean finkatu zen. Ondoen ezagutzen direnak Ife eta Beningo Erreinuak dira, Txadetik eta Nigerretik XI. eta XIII.. endean emigratutako yorubek osatuak.

Gremio antolakunde orijinalak eratu zituzten, gizartearen maila guztietara zabaldu zirenak. Bolia, esklaboak, gatza eta bizigarriak aldatzen zituzten metalen eta ehunen truke. Aipagarriak dira yorubeen brontze, terrakotza eta bolizko irudi ederrak. Erlijio zentroa Ifen zegoen arren, erreinu horrek nagusitasuna galdu zuen XIV. mendean, eta Beninek hartu zuen.

 

Afrika Zentrala eta Hegoaldekoa: garapen berandukoa eta etena

“ERDI AROAREN” AMAIERAN, AFRIKAKO ERDIALDEAN ETA HEGOALDEAN, GIZARTE ETA POLITIKA GARAPEN HANDIA IZAN ZEN, NAHIZ ETA AFRIKA SARTALDEAREN KOSTALDERA IRITSI EZ.Kongoko Erreinua. Leinu bantuak, ordu arte transhumante izandakoak, Kongo beherera iritsi ziren XV. mendean, eta hangobiztanleak menderatu zituzten. Kondairetako errege bati, Mani Kongori, egozten zaio erreinua bost probintziatan antolatu izana.

Jainkozko aginpidea zuen arren, dimititzera ere behartu zezakeen estatu gizonez osaturiko batzar batek. Laborantzan, artzaintzan, arrantzan, metalgintzan eta esklabo, errafia, boli eta larru merkataritzan oinarritzen zen batez ere Kongoko ekonomia. Portugesak Mevemba Nziungagen erreinaldiaren garaian iritsi ziren; XV. mendearen bukaeran erregea kristautu egin zen, eta Alfontso I.a izena hartu zuen. Hamarraldi gutxiren buruan, txarrera egin zuten europarrekiko harremanek, eta Kongoko Erreinuak aita santuarengana jo zuen. Erromaren babesa galduta, eta dinamika inperialista baten baitan, matxinadak eta xenofobia zabaldu ziren erreinuan. Kongoaren garrantzia izan gabe, baina antzeko bilakaeraz, Teke, Luba eta Lunda erreinuak sortu ziren eskualde honetan bertan.

Zimbabweko Erreinua. XIII. mendean bantuek emigrazioa Zambeze ibaiaren hegoalderantz emigratu zuten. Mende horren bukeran Monomotapako Erreinua sortu zen, gaurko Zimbabwe eta Mozanbike bateratu zituen erregearen izena hartuta.

Urrez eta kobrez aberatsa zen erreinu hori; bere bi hiriburuek egin zuten ezaguna: Mapungubwe eta Zimbabwe. Harresi bikainak eta terraza izugarri handiak zeuzkan, eta milaka biztanle bizi izan ziren bertan.

Oreka ekologikoaren hausteak eta portugesen etorrerak eragin zuten, besteak beste, gerora leku horiek hustutzea. Merkataritza harremanak Sofalako kostaldeko hirira bildu ziren. Pertsiarrak, arabiarrak, indiarrak eta txinatarrak ere erakarri zituen urreak. 1505ean portugesek hartu zuten Sofala, hain zuzen ere erreinua desegiten hasia zenean.

 

Sortaldeko Afrika: antzinako oreka hauskorra

LURRALDE OPAROA ZEN SORTALDEKO AFRIKA, KULTURAREN ARABERA HIRU EREMUTAN BANATUA.

AURRENA, MADAGASKAR BITXIA, EUROPARREI UKO EGIN ZIENA. BIGARREN, ZAMBEZE IBAITIK SOMALIARA DOAN KOSTALDEAREN ZATIA, ARABIARREK ZENDJ DEITU ZUTENA, ETA ISLAMIARTURIKO MERKATARITZA GUNEEZ BETEA. AZKENIK, ETIOPIA ALDEA, IV.

MENDEAZ GEROZTIK KRISTAUA ZENA.Zendj eskualdea Swahili kulturaren eraketan eragina izan zuten arabiar, pertsiar eta indiarren topagunea izan zen. Kostaldean zegoen, eta hiri-estatu txikiak zeuzkan, merkataritzari esker aberatsak. X. mendean Mogadiscio (edo Muqdisho) eta Kilwa loratu ziren;XII.ean, Malindi eta Mombasa; XIII. mendean, Gedi eta Pemba. Zanzibarrek sultanerri independente bat osatu zuen XIV.. endean. XVI. mendean berriz ere indartu ziren Mombasa eta Kilwa, eta geroago Sofala. Zanzibarren ereduari jarraituz, sultanerriak sortu ziren, urre, boli, metal, anbar, esklabo eta perlen merkataritzari eskainiak, ehun, portzelana, eta hainbat eskulanen truke. Portugesen etorrerak hautsi zuen eskualde honetako aginpide oreka.Nubia eta Etiopiako erreinu kristauak VII. mendean arabiarrek Egipto hartu zutenez geroztik, Nubiako kristauek Islamaren erasoak jasan behar izan zituzten. XIV.. endearen hasieran ordea Islamak gainditu zuen Nubiarren erresistentzia. Horrek, etahorrekin batera somaliarrak ere Islamera bihurtu izanak, bakartua utzi zuen Etiopiako Erreinua, antzinako Axum erreinuaren ondorengoa.

Etiopiarrek barrualderantz egin zuten, kristau gurtza berretsiz, eta baita beren estatua sendotuz ere: arabiar iturriak, hango enperadoreaz mintzatzean, “ehun erreinuen jauna” deitzen dute. Monasterioak kultura eta ekonomia guneak ziren: haietan aritzen zen lanean herriaren parterik handiena. Sultanerrien eta nomada animisten erasopean, gurtza koptoko teokrazian aurkitu zuen Etiopiak bere oinarri politikoetako bat. Erregea eta bere gorte ibiltaria zergak kobratzen eta etsaiei borroka egiten zien armada indartsu batez inguratu zen.

Etsai horietako bat izan zen Ifateko sultanerria, XIII. mendean zenbait somaliar erregetxo islamiartuk osatu zutena.