Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Borgoina, Herbehereak eta Helveziako Konfederazioa (XIV-XV mendeak)

Borgoinako Filipe “Onberaren” gorteko festa bat irudikatzen duen margolana, ustez van Eickena, 1430 ingurukoa.<br><br>

IX. mendean zehar, Luis I.a Errukitsua hil eta, Verdungo Itunaren bidez (843), frankoen inperioa zatikatu zenean sortu zen Lotaringiako erreinuaren baitan, batasun politikozko aldi labur bat izan zen Mosa eta Rhin ibaien arteko eskualdean. Leku horietan beretan ia, Azken Erdi Aroan, inoiz izan diren esperientzia politiko erakargarri eta interesgarrienetakoak gertatu ziren, Borgoinako Estatuen eta Helveziako Konfederazioaren sorrera.

 

Borgoinako esperimentu politikoa

1363 –1477 BITARTEAN LURRALDE SAIL IKUSGARRIBEZAIN UGARIA BATERATZEN ASMATU ZUTEN BORGOINAKO DUKEEK, ETA SARTALDEKO AGINPIDE GUNE HANDIENETAKOA BIHURTU ZEN.Erroma eta Germanietako Inperio Santuaren eta Frantziaren Erreinuaren arteko mugetan, Sartaldeko herri nagusietako bat bihurtuko zen erakunde politiko bat sortuzen XIV. mendearen bigarren erdian. Borgoinako dukea, Rouvresko Filipe, oinordeko gabe hil ondoren (1361), haren dukerria Frantziako erregearen eskuetara igaro zen (Joan II.a Onbera), eta, hark, bere aldetik, Filipe bigarren semeari eman zion.

1363tik aurrera, Filipe Ausartak, orain Borgoinako duke zela, bere mendeko lurraldeak zabaltzeari ekin zion. Zabalkunde horren lehen urratsak Ehun Urteko Gerraren baitako frantses estrategiaren parte ziren, Flandriako Konderri ahaltsua ingelesen eraginetik aldenarazteko asmotik abiatuta.

Izan ere, gatazka horretan, funtsezko lurra zen Flandria, bai posizio estrategikoagatik, bai indar ekonomikoagatik; izan ere, flandriar merkatuetara esportaturiko artilearengandik jasotako eskubideetan oinarritzen baitzen ingeles koroaren diru sarreren parte handi bat. Filipe Ausarta eta konderriaren oinordekoa, Mâleko Margarita, ezkondu zirenean (1369), bazirudien Karlos V.ak betiko garaitu zuela arerio ingelesa.

Frantses estrategia ordea bi ahoko ezpata zen, ezen Frantziaren arerio bihur zezakeen lurralde multzo bat ipintzen baitzuen Filipe Ausartaren eskuetan. Eta, hain zuzen ere, gero eta politika autonomoagoa hasi zen hura bideratzen, eta bere estatuak sendotzen ere saiatu zen, Linburgo eta Brabante bereganatuz.

Filipe hiltzean, haren semeak, Joan Beldurgabeak (1404-1419), hartu zuen dukerriaren buruzagitza; dukerriaren Frantziarekiko independentzia areagotu zuen, eta horrek Ingalaterrarekiko harremanak estutzera bultzatu zuen. Aldi berean, Henaut eta Holandako konderriekin zabaldu zituen Borgoinako lurrak. Ingelesen eta borgoinatarren harreman on haiek gero eta susmo txarragoz ikusten zituzten frantsesek, Ingalaterrako Henrike V.ak Azincourten frantsesak garaitu zituenean batez ere. Egoera horretan, Frantziako Delfinak, Karlosek, Joan Beldurgabearen hilketa antolatu zuen Monteraun, 1419ko irailaren 10ean.Joanen ondokoaren erreakzioa (Filipe Onbera, 1419-1467), Ingalaterrarekiko aliantza berrestea izan zen, eta Rhin eta Eskalda ibaien arteko lurren bateratze politikaren bururatze politikoa osatzea, Namur, Henaut, Holanda, Zeelanda, Brabante, Linburgo eta Luxenburgoko lurraldeen gaineko nagusitasuna sendotuz, eta Lieja, Cambrai eta Utrech-eko eliz jaurerriak babes herri bihurtuz.

Lurralde izenez bateratu bat osatu zuten eskualde horiek guztiek Borgoinako nagusitasunaren mendean; handik aurrera Herbehereak deitu ziren. Azkenik, 1435ean, Frantziarekin Arraseko Bakea izenpetu, eta Borgoinako dukeek Frantziaren basailutzatik aske geratzea lortu zutelarik, bere garaiko estatu ahaltsuen pare jarri zen dukerria.

Filiperen seme eta ondorengo Karlos Izukaitza (1467-1477), Borgoinako lurraldeak behin betiko sendotzen ahalegindu zen, Alsazia eta Lorrenaren anexioaren bidez (1469 eta 1473), era horretan Borgoinako eta Herbehereetako lurrak fisikoki lotzen ahal zituela. Hala ere, zabalkunde asmo gehiegizkoak eta frantses errege berriaren (Luis IX.aren) trebetasuna zirela-eta, suitzarrak garaitu zitzaizkion borgoinatar armadari Granson eta Moraten (1476) eta, azkenik, Nancyn (1477); eta han, gainera, Borgoinako dukea hil baitzuten. Alaba, Maria, utzi zuen oinordeko.

Karlos dukea hila zelarik, denbora kontua besterik ez zen Borgoinaren desegitea.

Luis IX.ak dukerriaren babesle izendatu zuen bere burua, eta gudarostearekin sartu zen bertan; sarrera hori zela bide, istiluak sortu ziren Borgoinako dukesa Mariarekin ezkondu zen Habsburgoko Maximiliano Austriako artxidukearekin. Zenbait guduren ondoren, beste itun bat izenpetu zuten bi bandoek Arrasen (1482), borgoinatar lurren banaketa hitz hartzen zuena: Luis IX.a Borgoina, Pikardia eta Boulougneko lurrekin geratu zen; Herbehereekin Maximiliano; eta Maximiliano eta Maria dukesaren alaba Austriako Margaritaren ezkontsari gisa geratu ziren berriz Franche-Compté eta Artois.

 

Borgoina, Sartaldeko gorterik luxuzkoena

AZKEN ERDI AROAN, SARTALDEKO PRINTZEEN GORTEAK HAIEN AHALMENAREN ETA HANDITASUNAREN IKUR BIHURTU ZIREN, ETA ERA BEREAN PRINTZEEN AGINPIDEA AREAGOTZEN ZUEN BESTE JAUNAK ERAKARTZEKO TRESNA ERE BILAKATU ZIREN.Aspaldi-aspalditik, beren ahalmena erakutsi eta beren maiestatea irudikatzeko helburua zuten bertuteez eta ikurrez hornitzen ziren Sartaldeko printzeak. Printze orok zeuzkan bertuteen artean –benetan nahiz itxuraz–, jakinduria, gizalegetasuna eta elokuentzia bezalako kualitateak zeuden. Bertute horiei boterearen ikurrak eta apaingarriak erantsi behar zitzaikiezkin, asko eta esanguratsuak oso, hala adibidez koroak, zetroak, globoak, ezpatak, jantziak, printzearen irudiari aintza ematen ziotenak denak.

Nolanahi ere, Azken Erdi Aroko printzearentzat, ez ziren aski ikur horiek, eta bere aginpidea osorik erakusteko, zerbitzari, artista eta beste jaun handiez inguratu behar izaten zuen, haien presentzia eta jardunak are gehiago zabal zitzan printzearen duintasuna eta handitasuna. Alderdi horretatik, alegia, ikur ugariko gorte baten sorreraren aldetik, izan zen batez ere oparoa borgoinatar gortea XV. mendean.

Era berean, zaldunaren idealaren inguruan egituratutako bizi eredua ere ez zuten baztertu Borgoinako dukeek. Alde horretatik, aipagarria da Filipe Onberak zalduntza ordena bat sortu izana 1429an, Urrezko Ardilarruaren Ordena, aldi berean eredu etiko eta jokabidezko baten adierazpen gorena zena, eta orobat basailuak eta aliatuak biltzeko eta saritzeko tresna politikoa.

 

Helveziako Konfederazioaren jatorriak

1291KO ABUZTUAREN 1EAN, INPERIOKO HIRU KANTOI TXIKIK, URI, SCHWYZ ETA UNTERWALDENEK, HABSBURGOTARREN ZABALKUNDE ASMOEN KONTRA, ELKARRI BABES EMANGO ZIOTELA ZIURTATZEN ZUEN DOKUMENTU POLITIKO BAT EGIN ZUTEN. ERA HORRETAN HASI ZEN DENBORAREKIN GAURKO SUITZA BIHURTUKO ZEN ESPERIMENTU POLITIKOA.Europako ekonomia eta merkataritzaren berpiztea zela-eta, hobera egin zuten Mediterraneoko eta Iparreko itsasoko gune nagusien arteko komunikazioek. Horren ondorioz, 1230 inguruan, eta Alpeen zeharreko bidea erraztearren, San Gotardoko mendatean zubi bat eraiki zen Reuss ibaiaren gainean.

Bide berri horretatik pertsona eta salgai asko eta asko igarotzen hasi zelarik, batbatean aberastu ziren Uri eta Schwyzeko kantoietako biztanleak, eta, aldi berean, urruneko leku haiez ohartu zen Habsburgotarren familia ahaltsua, eta berehala saiatu zen lur horietan nagusitzen. Habsburgotarren kontrako erresistentzian, Federiko II.a enperadorearen laguntza izan zuten kantoietako biztanleek, frankizia gutunak eman baitzizkien hark Uriko biztanleei (1231) eta Schwyzekoei (1240), enperadorearen babesa ziurtatzen zietenak.

XIII. mendearen erdialdean, eta Renaniako hirien eta Inperioko beste erakunde politikoen joerari segituz, alegia, elkar babesteko ligak osatzeko joerari jarraituz,kantoien lehen bateratze bat egin zen, bakearen defentsarako. Lehen dokumentu horren gainean, eta Habsburgotarren injerentzia etengabeei kontra egiteko ahaleginean, kokatu behar da 1291eko Batasuna; aurrekoak ez bezala, eragin politiko garbigarbia zuen dokumentu hark, eta Uri, Schwyz eta Unterwaldengo kantoiak elkartzen zituen. 1309an, inperioko frankiziak berretsi zizkien Henrike VII.ak kantoi horiei.

Hala ere, gudu zelaian berretsi behar izan zuen onespen politiko hori Konfederazio jaio berriak, eta, hala, 1315eko azaroan Habsburgoko Leopoldoren gudarosteak garaitu zituzten Morgartenen suitzarrek.

Garaipen horren ondoren hasi zen Konfederazioa estatu burujabe moduan benetan sortzen, prozesu oso motel baten bidez, Basileako Bakeraino (1499), eta, behin betiko, Westfaliako Bakeraino (1648) ez baitzen erabat osatu. Bide luze horretan, eragozpen asko eta asko gainditu behar izan zuen Konfederazioak. Alde batetik, oreka zailean mugitu behar izan zuen, alegia, bere frankizia eta askatasunak bermatzen zituen Inperioarekiko loturaren ezagutzaren eta Habsburgotarren irudiarekiko kontrakotasunean; izan ere, Rodolfo I.arekin aurrena (1273-1291), eta Federiko III.aren erregetzatik aurrera gero (1440-1493), haiek hartu baitzuten Inperioaren buruzagitza. Horrekin guztiarekin batera, hiri kantoi bat erantsita lehenbizi (Luzerna, 1332), eta Zurich eta Berna gero, arazo askori aurre egin behar izan zion Konfederazioak, besteak beste, bere osagaien ugaritasunaren ondorio ziren desberdintasunetatik sorturiko barne istiluei. Desberdintasun horiexek ordea, gainditu zirenean, izan ziren Konfederazioaren alde on nagusiak.

Azkenik, hain lurralde desberdinak bateratzen lagundu zuten gertaeren artean, aipatu beharra dago eginkizun komunei heldu behar izana; horietako bat izan zen, adibidez, bailerri komunen gobernua, hala Argovia (1415) eta Turgoviarena (1460),kantoi guztiek batera administratu zituztenak, hartara erakunde iraunkor bat, Dieta Federala, sortuta. Beste zenbaitetan, kanpoko mehatxuak pairatu beharrak elkartu zituen kantoiak, hala Borgoinako duke Karlos Izukaitzaren saio etengabeak Konfederazioa bere estatuen barnean sartu nahian.

 

Herbehereak eta XIV.. endeko krisia

HERBEHEREETAKO GIZARTEAREN KRISI OROKOR BAT IZAN ZENIK EZIN ESAN DAITEKEEN ARREN, XIV.

MENDEAN BIZTANLE ASKO ETA ASKO GALDU ONDOREN, ERA ASKOTAKO ALDAKETA HANDIAK GERTATU ZIREN ESKUALDE HONETAN.XIV. mendean zehar, gosearen eta izurrien ondorioz, biztanle galera handiak gertatu ziren arren, ez dirudi heriotzekin zerikusi zuzena izan zuenik eskualde honen gorabehera demografiko nagusiek, soldata hobeak lortu nahiari loturiko barne migrazioekin baizik. Hori dela-eta, hirietako biztanleen kopurua ez zen askorik aldatu.

Flandriako hiri ehungile ohikoetan, zaharkitu egin zen egitura ekonomikoa, neurri batean babes gehiegizkoagatik, eta orobat pisu politiko handia eskuratu zuten gremio batzuek lortu zituzten soldata handiengatik.

Aitzitik, Brabanten, Holandan eta geroago garatu ziren flandriar guneetan, merkatariek eta eskulangileek ez zuten hainbesteko indarrik lortu, eta, harrigarria badirudi ere, malguagoak gertatu ziren kalitate ertaineko ehunen eskaera berriari egokitzeko behar ziren berrikuntzak egiteko garaian.

Borgoinaren mendeko batasun politikoak ondorio txarrak izan zuen lurralde honetan ere, diru baliabide izugarriak behar zituen estatu aparatu bat antolatu beharra baitzegoen, eta horrek zerga zama handia ekarri zuen, ekonomiaren garapena geldiarazi zuena.