Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Bizantzioren agonia eta otomandarren zabalkundea (XIV-XV. mendeak)

Konstantinoplaren konkista irudikatzen duen XV.. endeko miniatura.<br><br>

Erdi Aroko azken mendeetan krisi politiko larria gertatu zen Bizantzioko Inperioan; bi gerra zibiletan gauzatu zen krisi hori. Gerra horiek, XVI. mendearen lehen erdian lehertu zirelarik, inperioaren beheraldia, ekonomikoa, soziala nahiz politikoa, lasterragotu zuten. Inperioa, administrazioari dagokionez, deszentralizatu egin zen, eta printzerri autonomoak edo erdi autonomoak eratu ziren, inperioko dinastiako kideei edo goi mailako aitonen semeei izendatu zitzaizkienak. Era berean, latindarren konkistak, feudoak sortuz, gizartearen feudalizazio prozesua lasterragotu zuen. Inperioko probintzia guztietara hedatu ziren Elizaren nahiz laikoen jabetza ziren lur sail zabalak, eta lurjabe handiak agertu ziren. Bestalde, italiar itsas hirien mende zegoen urrutiko merkataritza: Venezia, Genoa eta Pisaren mende. Kanpoko politikari dagokionez, Bizantzioren historia, 1300. urtetik aurrera, otomandarren boterearen goraldi geraezinari dago lotua, erremediorik gabe gainera. Turkiarrek esku hartu zuten Bizantzioko bigarren gerra zibilean (1341-1354), eta, esku hartze horren ondorio gisa, Mazedonia, Trazia, Epiro eta Tesaliako inperio lurretako konkistak finkatu zituzten. Otomandarren aurrerabidea, Murat I.a eta Baiazeto I.a sultanen garaian batez ere, ezin zen geldiarazi, eta alferrik izan ziren gainera Sartaldearen laguntza lortzeko Bizantziok egindako ahaleginak. 1394. urtean, turkiarrek Tesaliaren konkistari burua eman zioten, eta Greziako hegoaldean eta Peloponeson sartu ziren. Hala ere, Tamerlan (Timur Leng) Asia Txikian sartu, eta Baiazeto I.a garaitu zuelarik, luzexeago iraun zuen Bizantziar Inperioak. 1453an erori zen azkenean Konstantinopla, setio luze baten ondoren, eta inperioko gainerako lurrak ere, berehala beretu zituen haren konkistatzaileak, Mehmet II.a sultanak. Beraz, inperio turkiar musulman bat zegoen orain, oraindik ere zabaltzen ari zena, Bizantziar Inperioa egondako leku berean.

 

Egonkortasunik gabeko inperioa

XIV. MENDEAN BIZANTZION IZAN ZIREN GERRA ZIBILEK AGERIAN UTZI ZUTEN MENDE HORRETAN INPERIOARI ERASO ZION KRISIA.XIV. mendearen lehen erdian Bizantzion gertatu ziren gerra zibilak (1321-1328 urteetan lehena, eta 1341-1354 urteetan bigarrena), borroka dinastikoak ziren berez, botere politikoa zeinek lortu. Paleologo familiako kideen arteko etsaigoa izan zen lehen gerraren sorburua, eta Paleologo eta Kantakuzeno familien artekoa gero. Areriotasun horiek gizarte eta gogomolde mailakoak ere baziren, eta unerik larrienetan benetako gerra zibila izatera iritsi ziren. Hala, lehen gerra zibilean ??bi Andronikoen gerra? deitu izan zitzaion?, herriaren behereneko gizarte mailen laguntza lortu zuen Androniko III.ak, salbuespen fiskalak agindu baitzizkien nahiz eta gero agindutakoa bete ez, baina laguntza hori funtsezkoa izan zuen bere aitona, Androniko II.a, behin betiko garaitzeko (1328). Tronua lorturik, Balkanetako eslabiarren kontra eta Asiako Txikiko turkiarren kontra bideratu zuen enperadore berriak kanpoko politika, eta baita garaipenak lortu ere. Bitinian ordea ez zen halakorik gertatu; turkiarrak garaitu zitzaizkion han Pelekanonen bizantziar armadari (1329), eta handik gutxira Asia Txikiko kostalde osoa kendu zieten bizantziarrei. Barne politikari dagokionez, erreforma judizial garrantzi handikoa jarri zen abian Androniko III.aren gobernualdian, estatuaren berrantolamenduan txertatzen zena, eta helburua bizantziar justiziaren ohiko ustelkeria desagerraraztea zuena.

Androniko III.aren heriotzaren ondoren gertatu zen bigarren gerra zibila. Batetik, Joan Kantakuzeno estatu gizon eta diplomatikoa, Androniko III.arekin eginkizun garrantzitsuak izan zituena, eta, bestetik, ama enperatrizaren eta haren seme Joan V.a Paleologoren interesen aldezleak, aritu ziren borrokan. Gatazka honetan erabakiorrak izan ziren gizarte arazoak; izan ere, aristokratek Kantakuzeno babesten zuten, baina herriak beste taldearen alde egin zuen.

Dudarik gabe, Tesalonikako hirian jokatuzuen paper nagusia zeloteek ordezkatzen zuten herri oposizioak. Zeloteak Tesalonikako hiriko agintari izatera ere iritsi ziren 1345 eta 1350 artean, eta aldi horretan Konstantinoplarekiko erabateko independentziarekin gobernatu zuten hiria. Nolanahi ere, Kantakuzenoren aldekoa izan zen gerra zibilaren lehen aldia; hark, Orjan otomandar sultanaren laguntzarekin, bere burua enperadore koroatu zuen 1347ko otsailean. Hala ere, Joan IV.a Kantakuzenoren gobernualdiak 1354 arte iraun zuen, harik eta urte horretan bertan haren etsaiak, Joan V.a Paleologok, Konstantinoplan berriz sartzea lortu zuen arte; herriaren laguntzari esker, Joan V.a Paleologo Bizantzioko enperadore bihurtu zen berriz ere.

 

Krisia

XIV. MENDEAREN ERDITIK AURRERA, FEUDALIZAZIO PROZESUAK ESTATU ZENTRALIZATU BATEN AZKEN DEFENTSAK EZABATZEN ZITUEN ARTEAN, BIZANTZIAR INPERIOA EZ ZEN BERE LURRAK GORDETZEKO GAUZA IZAN.XIV. mendeko Bizantziar Inperioa gero eta deszentralizatuagoa zegoen administrazioaren aldetik, dudarik gabe, printzerri autonomo edo erdi autonomo berriak eratu baitziren pixkana-pixkana, eta, hala, errege bakarraren ordez, errejimen kolektibo bat sortu zen, errege familiako kideekeutsia. Bizantzioren beste ezaugarri bat da halaber, Paleologotarren garaian, jabetza handiak izatea eremu guztian barna. Jabeak bizantziar aitonen seme nagusien kide ziren, Tesalia, Mazedonia edo Traziakoak, eta, horrez gainera, estatuaren aparatua ere beren mende zuten, administrazio zibileko ardurak eta kargu militarrak hartuak baitzeuzkaten.

Alabaina, lurjabe laiko handien aldamenean, oso jabetza zabalak zeuzkaten monasterioek ere. Monasterioak, izan, lur sail handien jabe ziren lehendik ere, sarritan herrixkak ere barne zirela; ondasun horiek ordea izugarri hazi ziren enperadorearen emaitzei esker; emaitza horiek, gainera, inmunitate fiskala ere bazuten sarritan. Bestalde, aurreko mendeko latindar konkistak ere, feudoak sortuz, jabetza handiak bultzatu zituen. Nekazari jendeak sufritu zituen batez ere feudalizazio prozesu horren ondorioak, are gehiago egoera ere kontrakoa zutenean, inbasio, gerra, eta, 1347tik aurrera, izurriteekin.

Inperioko baliabide fiskalak ahitu izanaren ondorioak bai nekazari ekonomian bai merkataritzan sumatu ziren. Izan ere, urruneko merkataritza italiar hirien (Valentzia, Genoa, Pisa), eta Frantziako hegoaldeko, Kataluniako eta Dalmaziako herri batzuen kontrolpean zegoen. Baina italiar hiriek gidatzen zuten, gainera, Veneziak eta Genoak batez ere, merkatari nagusien estrategia ere. Politika egoera ere desegokia zen, ezen, egiten ziren gastu militar izugarriek, eta otomandarrei zergak ordaindu beharrak, kanpoko herrien zordun jarri zuten inperioa; hori zela-eta, errenta fiskalen iturri oparoak eman behar izan zizkieten hartzekodunei, aduanak bereziki.

 

Inperioko mugak turkiarrei zabalik

TAMERLAN ASIA TXIKIAN SARTU IZANAK BAINO EZ ZUEN ETEN TURKIARREN AURRERABIDE GERAEZINA.XIV. mendearen erdialdetik aurrera, Bizantzioko historia baldintzatu zuen eragile nagusia otomandarren aurrerabidea izan zen, dudarik gabe. Aurrerabide horrek Bizantziori eragin zion, baina baita latindarrek Sortaldean zituzten jabetzei ere, eta, jakina, Italiako itsas hirien interesei. Turkiarrei kontra egiteko Europako mendebaleko monarkien laguntza lortu nahirik, Sartaldera begira jarri ziren Bizantziar enperadoreak.

Horretarako, tratuak egin zituzten Aita Santuarekin, eta bi elizen batasuna egingo zutela ere agindu zuten bizantziar enperadoreek, baldin eta turkiarren kontrako laguntza ematen bazieten.

Alabaina, ahalegin horiek guztiak alferrikizan ziren, eta, horrez gainera, Murat I.ak (1362-1389) Balkanetan egindako konkistak sendotzen ari ziren otomandarrak; hark, gainera, armadari egitura berriak emanez, otomandar estatuaren antolamenduaren oinarriak ezarri zituen.

Egoera larriagotu egin zen Baiazeto I.a sultanaren gobernualdian (1389-1402).

1392an turkiar gudarosteak Serbia eta Bulgaria hartu zituen, eta, hortik aurrera, are bakartuago geratu zen Bizantzio. 1394ko udaberrian, Baiazetok setioa ipini zion Konstantinoplari, eta, urte horietan beretan, haren gudarosteek Tesalia konkistatu, eta Greziako hegoaldean eta Peloponeson sartu ziren. Alabaina, gertaeren ildoa aldatu egin zen Asia Txikian Samarkandako leinu baten burua, Tamerlan (Timur Leng), sartu zenean. Tamerlanek, Irango zabaldietan, Kaukaso, Mesopotamia eta Indian barrena aurrera egin ondoren, arrastoa hildakoz beteta utzirik, Asia Txikian sartu zen, eta turkiarrekin topo egin zuen. Gudua Ankaran izan zen, 1402an. Han, Tamerlanek erabateko garaipena lortu zuen Baiazeto I.ak gidaturiko turkiarren gainean. Galera hark hondamendia ekarri zion otomandar estatu gazteari, Asiako lurralde gehienak galdu baitzituen, eta arnasaldi bat Bizantziori, mende erdi batez atzeratu baitzen haren betiko galera.

 

Bizantziar Inperioaren amaiera

1453AN TURKIARREK KONSTANTINOPLA HARTZEN DUTE, ETA, URTE GUTXIREN BURUAN, BAITA BALKANETAKO PENINTSULAKO ETA SORTALDEKO AZKEN LUR GREKO, LATINDAR ETA ESLABIARRAK ERE.Turkiarrak Ankaran garaitu bazituzten ere (1402), esan daiteke erabakia zegoela Bizantzioren etorkizuna. Urte gutxi behar izan zituzten turkiarrek berriro indartzeko, eta, Murat II.a (1421) tronura iritsi zenean, berriro gogortu zuten Bizantzioren gaineko presioa. Inperio hori, bizantziarra, Konstantinoplara eta haren inguruko eskualdera, eta Joan VIII.a enperadorearen anaiek gobernaturiko hainbat despota herrietara mugatua zegoen aldi horretan.

Bizantziar enperadorea berriz ere saiatu zen latin eliza eta eliza grekoaren batasuna egiten, turkiarren kontra gurutzada bat antolatzeko asmoz. Azkenean egin zen gurutzada, baina emaitzak guztiz kontrakoak izan ziren, turkiarrek gurutzatuak garaitu baitzituzten Varnako guduan (1444). Bizantzio, hartara, erabat bakartua geratu zen, eta enperadore berria, eta azkena, Konstantino XI.a, eginahaletan sartu zen buru-belarri, etsita, mendebalekomonarkien laguntza lortu nahian, aldi berean hiriburua, Konstantinopla, erresistentziarako prestatzen zuela.

Bizantziarrek, bai baitzekiten beren iraupena jokatzen zutela, oso gogor egin zieten aurre turkiarrei. Baina, otomandarrak askoz ere indartsuagoak izanik, 1453aren maiatzean nagusitu zitzaien bizantziarrei; hiria hartu eta hiru egunez harrapakatu zuten.

Oztopo hori gainditurik, Balkanetako penintsulan eta Ekialdean oraindik ere kristauen esku zeuden azken lur greko, latindar eta eslabiarrak konkistatzeari ekin zion Mehmet II.ak. Trebizonda, bizantziar enperadorearen azken gunea, 1461eko abuztuan konkistatu zuten.