Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Frantzia. Monarkiaren garaipena (XIV-XV. mendeak)

Calaiseko burgesak hiriko giltzak eskaintzen Ingalaterrako Eduardo III.ari, honek hiria desegin ez dezan. XIV. mendearen azken aldeko miniatura.<br><br>

Erdi Aroko azken mendeetako frantses historiaren ohiko irudia krisi orokor baten, kaosaren irudia izan da, Ehun Urteko gerrateetan murgildurik Hala ere, eta krisi hori benebenetakoa izan zen arren, krisi hori areago ulertu behar da egitura eta ideien aldatze eta sendotze gisa, denboran edo aurrerabidean atzera egitea baino. Ingeles erregen kontrako borrokak nazio nortasuna sendotzeko balio izan zuen, eta, horren gainean, baita erreinu barnean nahiz kanpoan koroak zuen aginpidea sendotzeko ere. Hala, estatu monarkikoaren egiturek erabateko sendotasuna lortu zuten. XIII. mendetik eta XIV. mendearen hasieratik aurrera, mendeetan zehar egindako lana baliatzen asmatu zuten Capet etxeko erregeek, harreman feudalen gainetik jarri ziren, eta orobat nobleziaren interesen edo Elizaren beraren interesen gainetik. Bultzada erabakiorra eman zioten monarkia feudaletik –harreman pertsonaletan oinarritzen zen monarkia hori–, estatuko monarkiara igarotzeari; izan ere, estatuko monarkia erakunde egonkorretan zegoen oinarritua (burokrazia, zergak, armada iraunkorra, batzarrak), eta horietan sustraitzen zen erregearen autoritatea eta gobernuaren erreinua. Lan hori ordea, mehatxupean egon zen XIV. mendeko hurrengo hamarraldietan eta XV.aren urte askoan, Ehun Urteko gerrako borrokaldi ezin amaituzkoak zirela-eta. Capet-tarren ondorengo ziren Valoistarren koroa arrisku serioan ibili zen behin baino gehiagotan, eta, koroarekin batera, baita estatua sendotzeko egitasmo osoa ere; aldi berean, ingeles erregeak, Gaskoinako jaunak eta Parisko koroaren erregenahiak, eta etxe noble handi batzuek, hartu zuten berriz protagonismoa, beren estatu propioen sorrera amesteraino (Borgoina). Gerraren azken emaitza, frantses erregeen aldekoa izan zena, ilusio horien guztien bukaera izan zen; era berean, Europako Sartaldeko erregetza ahaltsuenetako baten sendotzea ekarri zuen, jadanik Erdi Aroaren amaieran.

 

Estatua eraikitzen (1285-1328)

XIII. MENDEKO ERREGEEK EGINDAKO LANA, ERAKUNDEEI-ETA DAGOKIONEZ, 1300 URTE INGURUAN BURUTU ZEN. CAPET ETXEKO AZKEN ERREGEEK IPINI ZITUZTEN HURRENGO MENDEETAKO ESTATU MONARKIKO FRANTSESAREN LEHEN ZIMENDUAK.XIII. mendetik XIV.era izandako aldaketetan, irudi bat da nagusi besteen gainetik.

Filipe IV.ak (1285-1314) ondo jakin zuen nola indartu koroaren esku zeuden baliapideak, eta monarkiaren beraren kontzeptua ere aldatu zuen. Haren ahalmena, bere mendekoei nagusitu ahal izateko, lurralde askoren kontrol zuzenean ez ezik, erregeak erreinuaren edozein lekutan esku hartzeko zuen eskubidean oinarritu behar zen, eta hori, besterik gabe, errege zelako, jaun feudalak gorabehera.

Filipe IV.a ez dute jadanik “frankoen errege” gisa hartzen (nobleen errege gisa alegia), “Fratziako” erregetzat baizik, lurralde osokotzat, baita Plantagenet ingelesak bezalako arerio ahaltsu haiek administratzen zituzten lurraldeetako erregetzat ere. Erregeak bere inguruan bilduko ditu politika horren oinarri ideologikoak taxutuko dituzten aholkulariak, eta aholkulari horiek berak lagunduko diote lurren administrazioan eta gobernuan ere; erakunde zaharrak berriztatuko ditu (kontseiluak, epaimahaiak, hiri eta eskualdeetako funtzionarioak), eta desagerraraziko du bere aginpideari kalte egin diezaiokeen edozein talde, hala Tenpleko Ordena adibidez (1307-1312). Frantses elizaren beraren kontrola ere beretu zuen –Bonifazio VIII.ak aginpide unibertsalaz zeuzkan ideiei aurre eginez–,eta, hala, Erromatik Avignonera eraman zuen aita santuen egoitza, Frantziara beraz; Sartaldeko erlijio erakunde nagusiaren gainean lortutako eraginaren ikurra izan zen luzaroan aldaketa hori.

Politika berri hau bideratzeko, ohiko baliapideak (errege familiaren ondare pertsonalaren administrazioa) baino askoz ere gehiago behar zen. Frantzia osoaren gainean gobernatzeko zuten eskubidea baliatuz, Filipe IV.ak eta haren ondorengoek (Luis X.a, Filipe V.a, Karlos IV.a), finantzak berriztatu zituzten, hasi diruaren baliogutxitzetik, eta “laguntzak” biltzeraino erreinuko edozein lekutan, edo erreinu osoan, nahiz eta ez beti arrakastarik izan. Nolabait ere, horixe izan zen zerga sistema modernoaren sorrera; izan ere, erreinuko biztanle guztiek zuten erreinuari laguntzeko betebeharra. Nobleen artean, eta baita hiri burgesiaren artean ere, sistema hori aplikatzeko sor zitezkeen zailtasunak saihesteko, nobleen eta hirien batzarrak deitzen ziren, akordioak iritsi ahal izateko koroak egindako proposamenen inguruan.

Ingalaterrako erregea zen, jakina, politika interbentzionista horren arerio nagusia, baina, era berean, ez zen Frantziako jaun feudal garrantzitsu bat; errege benetakoa zen, bere erreinua zeukana, eta atera zezakeen laguntzarik hartatik gatazkaren bat izanez gero. Eta, hala, azken Capet zuzena, Karlos IV.a (1322-1328), gizonezko ondorengo zuzenik gabe hil, eta Ingalaterrako Eduardo III.a erregenahi modura aurkeztu zenean, arazoak lehertu egin ziren.

 

Arazoak erreinuan

XIV. MENDE ERDIKO URTEETAN ALDAKETA IKUSGARRIA GERTATZEN DA FRANTZIAN. EUROPA OSOAREN EGONKORTASUNA MEHATXUPEAN IPINI ZUEN GERRA BAT EKARRI ZUEN FRANTZIA ETA INGALATERRAKO ERREGEEN MENDEETAKO KONTRAKOTASUNAK, ETA ORDU ARTE INOIZ IZANDAKO EKONOMIA ETA OSASUN KRISI LARRIENA ERAGIN ZUEN.Nobleez eta zenbait intelektualez osaturiko talde batek erregetzat Valoisko Filipe II.a (1328-1350) proposatzea erabaki zuen. Arrazoi horrengatik, besteak beste, liskarraldi luze batean sartu zen Frantzia.

1337an, Ingalaterrako Eduardo III.ak armez aldarrikatu zituen Frantziako erregetzarako eskubideak. Arazo dinastikoa ez ezik, Capet eta Plantagenet etxeen arteko liskarren emaitza logikoa ere bazen hura; izan ere, liskar haiek baziren hiru mende luze, Plantagenet-tarrek Frantzian zeuzkaten lurren gaineko nagusitasuna zela-eta. Baina, horrez gainera, Ehun Urteko gerrak estatuaren politika fiskala eta burokrazia garatzeko ere balio izan zuen, baliapide ekonomiko eta administratibo izugarriak behar baitzituen estatuak gatazkari aurre egiteko. Lehen borrokaldietan frantsesak izan ziren galtzaile (L’Escluse, 1340; Crecy, 1346), eta FilipeVI.aren ondorengoa, Joan II. Zintzoa (1350- 1364), preso hartu ere egin zuten Poitiersen (1356); baina, hala ere, Eduardo III.ak ez zuen erabateko garaipenik lortu ahal izan. 1358an, Frantziako burgesen matxinadak (Etienne Marcel Parisen) eta nekazarienak (La Jacquerie) areagotu egin zuten kaosaren sentipena; horrez gainera, 30-40 urteetan hasitako eligai krisiak eta mende hasieratik behin eta berriz errepikatzen ziren izurriteek suntsitu egin zuten ia gizarte hura. Aldi berean, Nafarroako Karlos II.a, besteren artean –Luis X.aren iloba zen, Frantziako erregetzatik baztertua eta Normandiako lur sail handien jabe–, negoziazioetan zebilen batzuekin eta besteekin, irabaziak atera nahian.

1360an izenpetu zen Ingalaterraren eta Frantziaren arteko bakea (Calais); ingelesen nagusitasuna onesten zuen Franziako iparraldean eta Akitania oso zabaldu batean. Horren ordainetan, Eduardo III.ak uko egiten zion frantses erregetzari. Egoera ez zitzaien batere onuragarria gertatu Valoistarrei, harik eta delfinak (oinordekoak), gerora Karlos V.a Jakintsua izango zenak, aginpidea bere esku hartu, eta bere aitarena baino –Ingalaterran hil zen hura– politika pragmatikoagoa eta ausartagoa aplikatzea erabaki zuen arte.

Bakea lorturik, Karlos V.ak isilarazi ahal izan zituen erreinu barneko protestaldiak, gutxiagotu zuen, Cocherelen garaitu ondoren (1364), Nafarroako Karlosen boterea, nobleziaren parte handienaren laguntza eskuratu eta armada berrantolatu zuen, aukera egokiaren zain. 1369an Eduardo III.ak Calaisko ituna salatu zuen, eta Frantziako errege izendatu zuen berriz bere burua, baina orduko hartan frantsesen aldekoak izan ziren garaipenak. Gatazkak Europara ere zabaldu ziren, eta Karlos V.ak Gaztela eta Eskoziaren aliantza lortu zuen. Bi arerio handiak hil zirenean, Eduardo III.a (1377) eta Karlos V.a (1380), Guyenne, hau da, Akitaniako eremu mendebalekoena, eta Calaisko hiria, besterik ez ziren geratzen ingelesen esku.

 

Aristokraziaren aginpidearen berpiztea (1379-1435)

GERRA BERRIZ HASI ZENEAN, 1415EAN, INGELESEN GARAIPENAK GORABEHERA, INDARREZ PIZTU ZEN FRANTSES NAZIO SENTIMENDUA, HAIN INDARTSUA NON GERRAREN NORAKOA BAT-BATEAN ALDATZEKO GAUZA IZAN BAITZEN.Valoistarren garaipen militarrek ez zuten ordea eragotzi Mendebaleko Europa osoan gertatzen ari ziren proletario urbanoen eta nekazarien matxinadak Frantziara ere zabaltzea (1379-1385). Ekonomia gorabeherek eta gerra zerga handiek arazo larriak ekarri zizkieten herriko sektore pobreenei, eta bortxazko protestaldiak saihetsezinak gertatu ziren. Protesta mugimendu horietako asko eta asko, bitxia badirudi ere, erregearen izenean egiten zen, nobleen eta jaunen kontra; hala ere, zapalkuntza erabili zuten ia beti erregeek protestak isilarazteko.

Frantzian ez zen horretan salbuespenik izan, erabateko lotura izan baitzuen frantses koroak Flandriako eta Midiko aristokraziarekin.

Matxinada guneen arteko koordinazio faltak erraztu egin zuen bestalde errege eta nobleen gudarosteen lana.

Karlos VI.aren adin txikiak aurrena, eta eromenak gero, politikaren egoera nahastu zuen. Haren osabek, Anjou eta Borgoinako dukeek, hartu zuten beren esku gobernua; horren ondorioz, nobleen agintea, mende bat pasatxo indargabeturik zeramana, sendotu egin zen berriz ere. 1407tik aurrera biziki gogortu zen gatazka.

1380-90 urteetan, gorabehera horiez baliatuko da ingeles monarkia hitz hartutako su etenak hausteko. Henrike V.ak frantsesen gaineko garaipena lortu zuen Azincourten (1415); Borgoinako dukearekin egindako aliantzak Parisen sartzeko aukera emanzion, Frantziako iparraldea kontrolatu ahal izan zuen –Guyennez gainera–, eta Karlos VI.a eta haren erregeordeak bera oinordekotzat onartzera behartu zituen (Troyes, 1420). Alabaina, indar handia zuelarik frantses nazio sentimenduak, herriak ez zuen batere gustukoa monarkia frantses-ingeles bikoitz baten ideia, atzerriko dinastia baten pean gainera; Joana Arc-ekoa da, ingelesak Orléansko setioa kentzera behartu zituena (1428), jarrera horren ikurrik argiena. Karlos VI.aren semea, Karlos VII.a, errege koroatu ahal izan zuten Reimsen, eta hark hartu zuen berriz armadaren buruzagitza sendoa.

Borgoinako dukearekiko Arrasko bakeak (1435) areago segurtatu zuen hura bi nazioren arteko gerra zelako ideia.

 

Estatu monarkikoaren sendotzea (1435-1492)

VALOISTARREK EHUN URTEKO GERRAN LORTUTAKO GARAIPENAK MONARKIAREN ETA ESTATU FRANTSESAREN EGITUREN AGINPIDEA BEHIN BETIKO FINKATZEA EKARRI ZUEN; OROBAT EKARRI ZUEN JAUN LURJABE HANDIEN ITZULERARIK GABEKO BEHERALDIA.Karlos VII.aren indar moralak (1422- 1461), azkenean, gerra behin betiko bukatzeko moduko arrakasta militarrak izan zituen lagun. Normandiar lurren okupazioa Fortignyko borrokaldiarekin burutu zen (1450), eta 1453an erori zen, azkenean, Akitania. Ingelesen esku Calais besterik ez zen geratu, 1558 arte.

Garaipenak izugarri lasterragotu zuen Frantzian monarkiaren boterearen gorakada.

Karlos VII.ak, eta, batez ere, Luis XI.ak (1461- 1483), ahalegin handiak egin zituzten estatu autoritario baten oinarriak ipintzeko, armada bat sortuz eta zerga iraunkorrak ezarriz, ez bakarrik, ordu arte bezala, gerra egoeretan.

Bestalde, Aita Santuarekin hitz hartutako konkordatuen arabera (1418tik aurrera, Zismatik aurrera alegia), erregeak izendatzen zituen eliz kargu nagusiak. Baliabide militar, ekonomiko eta ideologiko horiekin, menderatu ahal izan zituen erregeak nobleak, eta, batez ere, Borgoinako duke ahaltsua, Karlos Ausarta (1477), beste estatu bat, berea, eraiki nahi baitzuen hark, Frantziaren eta Inperioaren artean.

Era berean, justiziako hainbat erakunderen indartzean ere (legebiltzarrak) oinarritzen zen estatuko egituren sendotzea; orobat oinarritzen zen sendotze hori diruaren egonkortasunean eta inoiz ez bezalako burokrazia baten garapenean.

Erdi Aroaren amaieran, Frantzia zen Europa osoko estatu bateratuenetako bat; erregetzaren aginpidea egonkorra zen, eta inguruko eremu politiko gehienetan baino askoz sartuagoa zegoen Frantzian nazio sentimendua.