Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Inperio Sakroa (XIV. eta XV. mendeak)

Enperadorea eta errege ahaltsuenak San Jurgi gurtzen.<br><br>XV. mendearen azkenaldeko miniatura.<br><br>

Behe Erdi Aroan Alemaniak galdu egin zuen aurreko mendeetan Europako politikan izan zuen protagonismoa. Ez zuen lortu ?estatu moderno? baten antolamenduaren baitan egituratzerik, Mendebalean zeuzkan herriek egin zuten bezala. Era berean, ez zuen lortu desiratzen zen baina existitzen ez zen inperio baten eta beren artean haserreturik eta errege gero eta ahulago baten mende zeuden printzerrien arteko kontraesana gainditzea. Inperio Kristau Unibertsalaren ideiak bizirik dirau pentsalariengan eta herriarengan.

Nolanahi ere, titulu inperialak ospea zuen batez ere, eduki praktikoa baino areago. Enperadoreak Borgoina eta Italiako erreinuen kontrola galtzen du. Borgoinaren parterik handiena Frantziako erregeeen edo haien ahaideen eskuetan geratzen da (Anjoutarrak eta Borgoinako dukeak). Italiari XIV. mendearen erdialdean egin zion uko, Aita Santuaren, Napoliko erregearen eta hirien alde. Monarkia ahulduta utzi du hautapen printzipioaren garaipenak, printzipio horrek Urrezko Bulda sagaratzen baitu. Alemaniar bizitza politikoaren arbitroa besterik ez da erregea, ez baitu gobernatzen. Politika dinastikoa egiten du batez ere, bere ahalmenak familiaren ondasunak gehitzeko eta bere printzerriarentzat abantailak lortzeko baliatuz. XV. mendearen bukaera aldera, desegiteko zorian egon zen erreinua, barneko gerra ugariak zirela eta. Garai horretan sortu ziren Suitza eta Herbehereak, atal politiko independente gisa. Lurren galtze horrek, eta orobat mugaz barneko bortxak, Inperioa berritu, egitura politikoa berriz definitu eta bakeak egiteko desira areagotu zuten. Wormseko Dietak (1495) gauzatu zuen desira hori, partez behintzat, harik eta Luteroren Erreformak badaezpadako oreka hura hautsi zuen arte.

 

Inperio Unibertsalaren amaiera (1273-1347)

1273-1347 URTEETAN GERTATZEN DA ERREGEAREN AGINPIDEA BERRIZ EZARTZEKO, ETA ITALIA ETA BORGOINAREN GAINEKO AGINPIDEA BERRESKURATZEKO AZKEN AHALEGINA.1273an Rodolfo I.a hautatu zutenean, amaitu zen Germanian erregerik gabeko lehen aldi luzea, bi hamarraldiz baino gehiagoz ez baitzen erregerik izan Erreinu Teutoian. Galduak ziren Inperioaren ondasunak eta eskubideak. Aleman noblezia nagusia, hau da, printzeak, borrokan ziharduten erreinuko lurraldeen jabe izan nahian.

Horien artean zazpi printze hautesleak nabarmentzen ziren, hiru elizgizon (Kolonia, Maguntzia eta Trierko artzapezpikuak) eta lau laiko (Bohemiako erregea, Brandenburgoko margrabea, Saxonia eta Wittelsbacheko etxeetako buruak). Rodolfo I.a (1273- 1291) eta haren ondorengoak saiatu ziren printzerrien autonomia gero eta handiago hari mugak jartzen, hirietan eta ministerialetan oinarri hartuta. Inperioaren antzinako ondarea berreskuratu nahi zuten, hiriei eta judu komunitateei zergak kobratu eta erreinua bakearazi. Zatika baino ez zuten lortu, hautagaiak kontra baitzituzten, eta orobat aita santutza.Aita Santuarekiko borroka XIV. mendearen lehen erdian berpiztu zen, Henrike VII.a (1308-1313) eta Luis IV.a (1314-1347) Italian sartu zirenean, eta Aita Santuak Luis enperadoretzat onesteari ezetza eman zionean.

Gatazka horiekin, behin betiko galdu zuten alemanek Italiako erreinuan izandako indarra, baina, aldi berean, Erreinu Tudeskoan sendotu egin zen erregearen aginpidea.

Urteotako errege alemaniarrek ez zuten lortu bere dinastia erregetzan finkatzea, Otondarrek, saliarrek eta Staufen etxekoek egin zuten bezala. Familia ondasunak ordea, jatorriz oso oparoak ez zirenak, gehitu egin zituzten, Behe Erdi Aroko hiru printze etxe nagusiak bihurtu ziren arte: Habsburgo, Luxenburgo eta Wittelsbach. 1273tik aurrera errege guztiak, Nassauko Adolfo izan ezik (1292-1298) dinastia horietako kide izan ziren.

 

Aleman Inperio bat (1347-1493)

XIV. MENDE ERDIALDETIK AURRERA ALEMANIAN BAKARTUA GERATZEN DA INPERIOA, ERREGE, PRINTZE ETA ESTAMENTUEN ARTEKO BORROKEN ERAGINEZ.Henrike VII.aren eta Luis IV.aren erreinaldi guztiz nahasien ondoren, Karlos IV.a(1347-1378) ahalegindu zen erreinua eta erreinuaren inguruko lurrak bakearazten. Italiaren eta Borgoinako parte handi baten gaineko aginpideari uko egin zion, eta bakeak egin zituen Aita Santuarekin. Xehetasunez arautu zuen Urrezko Buldan (1356) errege berriaren hautaketa modua, ondorengotza gatazkak eta aita santuen eskuhartzea saihesteko.

Printze hautesleen laguntza eskuratu zuen, erregearen boterea gorabehera, printzerrien beregaintasuna onetsiz. Horren guztiaren ondorioz, bere dinastia, Luxenburgotarrena, finkatu zen erregetzan. Wentzeslao (1378-1400) eta Sigismundo (1410-1437) izan ziren Karlosen ondorengo erregeak; gero, haren suhia etorri zen, Habsburgoko Alberto II.a (1438-1439), seme-alabarik gabe hil zena, eta hurrena Habsburgoko Frederiko III.a lehengusua izan zen errege (1440-1493); haren ondorengoen eskuetan geratuko zen erregetza Inperioa desagertu zen arte.

Erregearen ahalmenaren ahultasunak printze, zaldun, hiri eta nekazari komunitateen arteko gerren ugaritzea ekarri zuen.

Bereziki gogorrak izan ziren gerrak Wentzeslaoren garaian (1378-1400), eta batez ere 1445 eta 1477 artean; aldi hartan, Koloniako apezpikuak Westfalia menderatu nahi izan zuen eta orobat Nurenbergeko hiria Branderburgoko margrabeak, eta, horren ondorioz, gatazka sail luze batean murgildu zen Alemania osoa. Gerrek ahuldu egin zuten erreinua, eta XV. mendean gertatuko zen erreinuaren suntsitzea erraztu zuten. Mendebalean, Borgoinako dukea Franche-Comté eskualdeaz eta Herbehereez jabetu zen. Ekialdean berriz, Bohemiak eta Hungariak itzuri egin zioten aleman eraginari. Azkenik, iparraldean, poloniarrek Prusia menderatu, eta Hansak aginpidea galdu zuen. Krisi giro honetan, erregeek nahiz printzeek ?Inperioaren erreformaren? beharra adierazten dute. Bakea lortu nahi dute Alemanian, eta, bakearen bidez, erregearen, hautesleen eta beste printzeen boterea orekatuko duen egitura politiko bat. Wormseko Dieta (1495) da asmo horren adierazpenik argiena, inoiz gauzatuko ez zena ordea. Nolanahi ere, uko egiten zaio Inperio Unibertsalari, eta beste bat sortzen da, alemana: Aleman Herriaren Erromatar Inperio Sakroa.

 

Printzerriak

PRINTZERRIEK HELDUTASUN NABARMENA LORTU ZUTEN BEHE ERDI AROAN, HALAKO ERAN NON BIZIMODU POLITIKOAREN PROTAGONISTA BIHURTU ZIREN.Printzeek, aldameneko jaunen lurrak beretuz, zabaldu eta elkartu zituzten beren lurraldeak, Alemania barneko gerra sail luze batean. Beren ahalmenak ere, erregearenak gutxituz indartu zituzten: hautesleek aurrena eta printze indartsuenek gero, lortu zuten goi mailako justizia zertzea, Elizarenkontrola eta pribilejioz gozatzea (dirua egin, bidesariak kobratu?). Era horretan, beren printzerriko agintari bakar bihurtu ziren.

Sartaldeko erregeen modura, beren gorte txikiak sortu zituzten, unibertsitateak fundatu, armada profesionalak osatu eta zerga bilketa ere arautu zuten.

Erreinuak 300 lurralde baino gehiago zituen, eta horietatik hamabost bat bakarrik ziren garrantzitsuak; Habsburgotarrena zen nagusia. Habsburgotarrak, XIII. mende erdialdean, Habsburgoko konde ziren hutshutsik (Suitzan). Dinastia horretako bi kide errege bihurturik (Rodolfo I.a eta Alberto I.a), eta XIV. mendeko gatazka politikoetan parte hartu baitzuten, Rodolfo IV.aren garaian (1358-1365), Inperioko printze nagusiak bihurtu ziren, enperadore eta Bohemiako errege zen haren beraren atzetik.

Rodolfo IV.ak bere mende zeuzkan Austriatik Adriatikoraino, eta Tiroldik Alsaziarainoko lurrak. Viena egin zuen hiriburu; han katedrala eraiki, eta unibertsitate bat fundatu zuen. Urrezko Buldaren bidez (1356) hautesleen taldetik kanpo geratzen baitzen, pribilejio faltsu bat idatzi zuen, hautesleen beregaintasun eta eskubide berberak egotziz Austriako dukeari.

Hura hil zenean, ondorengo bi banaketekin (1379 eta 1411), hiru printzerri eratu ziren, oso ahulak hirurak. Une hartan lortu zuten suitzar kantoiek Habsburgotarrei gaina hartzea, konfiskatu zizkieten lurrak enperadoreak (Tirola), jardun ziren elkarren kontrako gerretan (Austria eta Estiria), eta eraso zieten beste printzeek. Ezkontza politikak ekarri zuen Habsburgotarren dinastiaren berpiztea, ezkontza batek jarri baitzuen berriz aleman erregetzan 1438an, eta,hala, beren eragina Bohemia eta Hungariaraino zabaldu zuten. XV. mendearen bukaera aldean, Maximiliano I.ak familiaren antzinako ondarea, eta Borgoinako dukeena, bildua zeukan berriz ere, eta, horrez gainera, Errege hautatu zuten 1486an.

 

Estamentuak

PRINTZEAREN AGINPIDEAREN INDARTZEAK ESTAMENTUETAN TALDEKATUAK ZEUDEN BERE MENDEKOEN ERRESISTENTZIA EKARRI ZUEN.Printzeek inguruko agintarien boterea suntsitu behar izan zuten, konde eta apezpikuetatik hasi, eta hiri eta nekazari komunitateetaraino.

Izan ere, ez zituzten beren pribilejioak galdu nahi, eta uko egin zioten zerga berriak ordaintzeari. Estamentuek bideratu zuten oposizioa, kleroa, nobleak, zaldunak, hiriak eta baita nekazari komunitateak ere bateratuz (Tirol, Frisia).

Hiriak eta nekazariak ligak eta federazioak antolatzen hasi ziren, alegia, eskualde mailako elkarteak, printzeen mehatxuari edota zaldun taldeen lapurretei aurre egin ahal izateko antolatuak. Hansak, zeinak iparraldeko hiri merkatariak biltzen zituen, Danimarkako erregea garaitu (1370), eta bere nagusigoari eutsi zion Baltiar Itsasoan XV.. endearen bukaera arte. Nekazariak eta Suitzako hiriak gailendu zitzaizkien Habsburgotarrei, eta 1499an independentzia lortu zuten. Rhin eta Suabiako hiri ligek garrantzi handiko eginkizuna izan zuten XIV.. endearen bigarren erdian, 1389an azpiratu zituzten arte; XV. mendean berriro indartuziren arren, printzeei zuzenean ez zieten berriz ere kontra egin. Zaldun konpainiak ere antolatu ziren eskualdeetan; talde militar gisa jokatzen zuten erasotzen zieten printze eta hirien kontra.

Estamentuak lurralde mailako dietetan bildu ziren; XIV. eta XV. mendeak izan ziren dieta horien urrezko aroa. Printzearen diru beharrez eta dinastia arteko gatazkez baliatu ziren beren pribilejioak sendotu edo zabaltzeko. Uko egin zioten beti zerga orokor berrien sorrerari, baina ohiz kanpoko zerbitzuak eskaintzen zizkioten printzeari.

Dietaz gainera, kontseilu orokor bat ere osa zezaketen, emandako zerga bildu eta kudeatzeko ardura zuena. Kontseilu hori hainbat estamentutako kidek osatzen zuten, eta printzearen politika kontrolatzen zuen, lurraldearen interesak ?defenditzeko? asmoz, printzearen dinastia interesen kontra.