Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Gurutzadak

Zaldun kristau eta musulmanen arteko borroka irudikatzen duen XIII. mendeko miniatura.<br><br>

XI. mendearen azken hamarraldiak gertaera berri baten hasiera ezagutu zuen: musulmanei Palestinako Leku Santuak kentzeko espedizio militarrak abiatzea. Hurrengo bi mendeetan zehar egin ziren espedizio haiek; Gurutzada izenez ezagutu ziren. Nola interpretatu behar da espedizio haien esanahi historikoa? Aditu batzuen ustez Europak Aro Berrian eta Gaur egungo Aroan hedatu zuen kolonialismoaren hasiera besterik ez ziren izan; beste batzuen iritziz, berriz, musulmanen jihad edo gerra santuaren kristau aldaera izango lirateke; azkenik, beste batzuentzat erromesaldi armatuak besterik ez ziren izan. Nolanahi dela ere, historialari gehienak bat datoz zenbait gauzatan. Arabiarren, magiarren eta normandiarren erasoen ondoren Europa kristauan gertatzen ari zen demografia eta ekonomia zuzperraldiaren erakusgarri dira Gurutzadak. Bestalde, aita santuek zeresan handia izan zuten Gurutzadetan; beren nagusitasun morala eta politikoa finkatzeko eta beren presentzia eta eragina Sortaldera hedatzeko baliatu ziren haietaz. Bizantzioko enperadoreek turkiar seljuktarren erasoetatik babesteko egin zuten laguntza eskaera izan zen, hain zuzen, aita santuak mugimendu hura guztia antolatzeko erabili zuen aitzakia.

 

Ezusteko arrakasta

LEHENENGO GURUTZADAK SIRIAKO ETA PALESTINAKO LATIN ESTATUEN OINARRIAK JARRRI ZITUENUrbano II.a aita santuak (1042-1099) Clermont-Ferrand hirian egin zen kontzilioan Gurutzadara deitu zuenean hasi zen dena; 1095. urteko azaroaren 27a zen. Aita Santuari propaganda egiten lagunduz apaiz asko ibilia zen jendea sutzen. Horien artean famatuena Pedro Amienskoa izan zen, “Eremutarra” deitua. Gerra santua egiteko deia berehala hedatu zen Frantzian, Alemanian eta Italian, eta bi gurutzada desberdin antolatu ziren: bat, anarkikoa, herritar xumeak eta abenturazaleak bildu zituena; erlijioarendefendatzaile suharrak ziren hartan parte hartzen zutenak, baina ez zuten diziplinarik ez borrokarako bitartekorik; horregatik, Asia Txikiko turkiarrek erraz menderatu zituzten, 1096an. Beste gurutzada, berriz, zaldunez osatua eta hobeto antolatua, garaile atera zen; Europako alde askotako gudariak bildu zituen: Italiako hegoaldeko eta Siziliako zaldunak, Tarentoko Bohemundo buruzagi zutela; lorrenatarrak, Godofredo Bouillongoaren gidaritzapean; Raimundo Saint-Gilleskoaren tolosarrak; eta Flandriako, Bloisko eta Normandiako dukerriko gudarosteak. Printze musulmanen harridura eta batasunik eza aprobetxatuz, Jerusalem aldera abiatu ziren gurutzatuak, Asia Txikia eta Sirian barrena.Bidean Nizea setiatu zuten (Dorileoko gudua, 1097ko uztaila), Edessa hartu zuten (1097ko bukaera) eta Antiokia, asko kostata, menderatu zuten (1098ko ekaina).

1099ko uztailaren 15ean, Jerusalem harturik eta hango biztanleria –musulmanak eta juduak– sakailaturik, bukatu zen ekinaldia.

Ekinaldi hura ez zen, ordea, uste daitekeenaren kontra, arazorik gabe antolatu; buruzagien artean desadostasunak izan ziren gauza askotan eta jende askok desertatu zuen. Ekinaldiaren bukaera ere, Jerusalem hartzea, gurutzatu soilak hala tematu zirelako egin zen, buruzagiek eta handikiek nahiago baitzuten Sirian gelditu. Arazoak arazo, espedizio hartatik sortu ziren Sortaldeko estatu gurutzatuak, latin estatuak edo estatu frankoak ere deituak, bi aldetan banatuak: iparraldean, gaur egungo Sirian, Edessako konderria eta Antiokiako printzerria eratu ziren; hegoaldean, gaur egungo Israel, Jordaniako mendebala eta Libano gehiena hartuz, Jerusalemgo erreinua eratu zen. Handik gutxira, 1102-1109 bitartean, beste latin estatu bat jaio zen: Tripoliko konderria, iparraldeko eta hegoaldeko lurraldeen artean.

 

Sortaldeko frankoak

Siriako eta Palestinako latin herriak lehendik zegoen biztanleriari gehitu zitzaizkion: arabiarrak, juduak, greziarrak, turkiarrak, kurdoak eta armeniarrak.

Zer gizarte mota antolatu zuten guru– tzatuek beren lurralde berrietan? Kostaldean eta barrualdeko zenbait tokitan, Galilean, adibidez, lehengoan jarraitu zuen hango nekazaritza emankorrak, ureztatze sistema arabiarra baliaturik. Laborea, mahatsondoak, olibondoak, barazkiak eta fruitu arbolak lantzen ziren batez ere, Mediterraneo aldeko eskualdeetan ohi den bezala. Halaber, azukre kanabera eta kotoia lantzen ziren, baina esportatzeko soilik, garrantzi handiko diru iturria baitziren. Ekonomiak, bere fun– tsean, lehengoan jarraitu bazuen ere, merkataritzan, berriz, aldaketak izan ziren. Kostaldeko hirietan asko aurreratu ziren Europarekiko merkataritza harremanak; merkatarien kolonia nagusiak italiarrek sortu zituzten: genoatarrek, Akren, eta veneziarrek, Tiron. Sartaldetarrek, nolanahi ere, gutxiengoa osatzen zuten, baina gizarte maila gorenak hartu zituzten: noblezia eta apaizteria, latin erritokoa. Aipatu diren Italiako merkatari horiek ez ezik nekazariak ere izan ziren –Europako beste lurralde batzuetatik joanak–, ez, ordea, bertako biztanleria ordezkatzeko adinako sailetan. Hori dela eta, agintari berriek, erlijio fanatismoaren lehenengo suharraldia itzalirik, menderatuekin bizitzeko modua egiten ikasi behar izan zuten. Salbuespenak salbuespen, juduek,musulmanek eta kristau maronitek ez zuten beren errituak praktikatzeko eragozpenik izan. Hala ere, arazoak izan zituzten kristau ortodoxo greziar erritokoekin, gurutzatuek aitalehen eta apezpiku katoliko propioak jarri nahi izan baitzituzten, tradizionalen ordez. Oinarri horren gainean, erakunde feudalen multzo bat sortu zen, basailutza harremanen sare batez osatua.

Noble handiek askatasun handi samarra izan zuten erregeari buruz, eta, halaber, eskubide bereziak zituzten, dirua jotzekoa, adibidez.

Hala ere, pribilejio horiek ez ziren musu truk emanak. Adibidez, gudarostea txikia izanik, basailuek ezin zioten uko egin zerbitzu militarrari, erregeak hala eskatzen zuenean, eta ekinaldi militarretan parte hartzen eta gotorlekuak zaintzen betetzen zuten eginbehar hura. Lur Santuan jaunek zituzten botereen artean bat nagusitu zen: ordena militarrak. Erlijiotasuna, batetik, eta gudaritza, bestetik, nahasten ziren ordena horietan.

Aipagarriak dira, adibidez, Jerusalemgo Tenpluko ordena, 1120an sortua, eta Ospitaleko ordena, laguntza emateko eta karitatea egiteko sortua, baina XII. mendetik aurrera ordenakideen parte bat soldadu izatera behartu zuena.

Estatu frankoei gehiago lagundu zioten aurrera bidean inguruko printze musulmanen artean zeuden desadostasunak beren indar propioak –oso urriak– edo Sartaldeko laguntza noizbehinkakoak baino. Izan ere, arabiar eta turkiar gobernarien jarrera kontrajarria izan baitzen. Batzuetan, Sortalde Hurbileko politikaren beste faktore bat bezala hartzen zituzten europarrak, eta itunak eta guzti egin zituzten haiekin. Beste batzuetan, aldiz, Islamaren hiri gurtuetako bat –Jerusalem– mendean hartuta zuten arrotz batzuenganako gorrotoa nagusitu zen.

Gurutzatuen lehenengo eraso gogorra Mosulgo emir Iman al Zangi-k egin zuen: Edessako konderria suntsitu zuen. Sartaldeko kristandadeak, larriturik, Bigarren Gurutzada antolatu zuen, eraso horri erantzuteko asmoz. San Bernardo Clairvauxkoak predikaturik eta Frantziako errege Luis VII.areneta Germaniar enperadore Konrad III.aren agindupean egin zen. Espedizioak (1147- 1149), ordea, huts egin zuen kristauentzat.

Hala ere, musulmanen arteko desadostasunak zirela eta, geratu ziren gainerako lurralde frankoek beste hamarraldi batzuk iraun zuten, ia kalterik gabe. Kristauen erabateko hondamendia ez zen 1187 arte gertatu, Saladino I.ak, frankoak Hattinen garaitu ondoren, Jerusalem hartu zuelarik. Latindarrek ez zuten, Palestinan, Tiroko hirira besterik gorde. Bestalde, Tripoliko eta Antiokiako estatuak, urte hartako krisi militarra gainditu arren, asko murriztu ziren eremuz.

 

Iraupen ahula

HIRUGARREN GURUTZADAK XIII. MENDEAREN BUKAERA ARTE LUZATU ZUEN SARTALDETARREN EGONALDIA PALESTINANHattingo hondamendiak gogor kolpatu zuen berriro sartaldetarren kontzientzia. Eta Hirugarren Gurutzada (1187-1192) antolatu zen, Germaniar enperadore Federiko I.a Bizar Gorri, Ingalaterrako errege Rikardo I.a Lehoi Bihotz eta Frantziako errege Felipe II.a Augustoren gidaritzapean. Hala-holako arrakasta izan zuten. Saladinorekin bakea izenpetu ondoren (1192), Jerusalemgo erreinua berreraiki zuten, baina lurraldearen eremua murriztuta, Beirut eta Askalon arteko kostalde zerrenda besterik ez baitzen orduan frankoen mendean. Bake akordioen arabera, herrialde haren barrenaldea eta hiri santua bera musulmanen esku geratu ziren. Paradoxa bitxia, baina Jerusalemgo erreinu berriak ez zuen kontrolatzen izen ofiziala ematen zion hiria.

Zipreko uhartea, bestalde, Rikardo I.aren mende geratu zen, bizantziarrei 1191n kendurik.

Frankoen herriak, kostaldeko zerrenda estu batean kokatuak, aberatsak ziren ekonomiaren aldetik baina oso ahulak erakunde militarren aldetik. Aberastasuna kostaldeko hirien bidez egiten ziren salerosketei zor zitzaion gehienbat: Akre zenesate baterako, Mediterraneo Sortaldeko merkatu nagusietako bat; eta halaxe bizi ziren hango buruzagiak, handizki eta esne mamitan. Ahultasun militarra, berriz, giza baliabideen urritasunak eta muga defendagarririk ez izateak eragina zen; europarren laguntza militarra hutsa izan baitzen. Eta, hala, XIII. mendeko gurutzadetan kristauek oso emaitza txarrak lortu zituzten. Veneziaren interes ekonomikoek, berriz, lurralde kristau baten kontra –Konstantinopla– desbideratu zuten Laugarren Gurutzada; eta Egiptoren kontra egin ziren bi espedizioetan (1217-1219 eta 1248-1250), lehenak huts egin zuen erabat, eta bigarrena sekulako hondamendia izan zen. XIII. mendeko azken gurutzada handia guztiz alferrekoa eta kalterako izan zen; kristauek, gainera, ez zuten Sortaldearen kontra jo, Tunisiaren kontra baizik (1270). Hondamendi horien guztien artean garaipen bakarra dago, Germaniar enperadore Federiko II.aren Gurutzada: Jerusalem hiria eta kostaldea bitarteko lur zerrenda estu zehatzezin bat berreskuratu zituen. Baina gurutzada berezia izan zen, lurraldea ez baitzen armen indarrez eskuratu, musulmanekin negoziatu ondoren baizik. Hala, beraz, europarren Sortaldeko latin herriak, beren kasa irautera beharturik, kondenaturik zeuden, musulmanak batu bezain laster, haien mende gelditzera.

Handik hara Egiptoko sultan mamelukoek –Baibars eta al-Ashraf– hartu zuten geratzen ziren estatu gurutzatu guztiak suntsitzeko ardura. Haien azkeneko ekinaldia Akre setiatu eta hartzea izan zen.