Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Monasterioak Erdi Aroan

San Bernardo, zistertarren fundatzailea, XV. mendeko miniatura batean.<br><br>

Monasterioak kristau fedea zorroztasunez eta otoitzean bizitzeko bizimodu gisa sortu ziren. Behe Inperioaren azken urteetan sortu zen erlijioa bizitzeko modu berri hau. IV.. endearen lehen erdian bi gertaera aipagarri izan ziren, monasterioen sorrera bideratu zutenak. Batetik, IV. mendearen hasieran san Antonio Abadeak anakoretismo erregeladuna sortu zuen, funtsean kristau aszesia bakardadean bizi behar zela zioen arren.

San Antonio Abadeak zehazturiko bizitza aszetikorako arauak eta Pakomio santuak sorturiko komunitate eredua izan ziren zenobioen oinarriak; gizonezkoez edo emakumezkoez osaturiko zentroak ziren zenobioak, eta horietatik sortu ziren lehenengo monasterioak.

IV. mendearen bigarren erditik aurrera sistema hau ekialde guztira zabaldu zen. Zabaltze prozesu horretan apezpiku egoitzek hartu zuten monasterioak arautzeko eta kontrolatzeko ardura.

 

Europako lekaideak.

VI-X. m.

Benito Nursiakoak Monte Casinoko monasterioa sortu zuen Italiako Campania eskualdean, VI. mende hasieran. Monasterioaren sortzaileak eratu zuen bertako erregela, «Regula Benedicti» izenekoa, monasterioko komunitatearen bizitza arautzeko.

Monasterioko kideak monasterioan bertan bizitzera behartzen zituen erregela horrek; era berean, pobretasun eta kastitate botoak egin behar zituzten, eta abade baten agintea eta zuzendaritza onartu behar zuten; lekaideek eskulanak egiten eta otoitzean igarotzen zuten denbora. Erregela hark finkatu zituen Mendebaleko monasterioen oinarriak, eta monasterioak antolatzeko eredu gisa hartu zen. Lanean eta otoitzean oinarrituriko antolaketa hark Elizak agintzen zuenetik kanpora egiten zen aszesi baten gehiegikeriak murriztea eta monasterioetan, oro har, jende pobrea hartzea, gaisoak zaintzea eta irakaskuntzan aritzea zuen helburua.

Lekaideen jarduera nagusiak nekazaritza, abeltzaintza eta ardogintza ziren. Horiei esker beren kabuz ateratzen zuten bizitzekobehar zutena, eta otoitzean eta irakaskuntzan ematen zuten eguna; ikerketa eta jakituria gune bihurtu ziren monasterioak horrela. Idatzi sakratuen ikaskuntzaren garrantzi handiko guneak ziren, baina historiako, literaturako eta antzinate grekolatindarretik jasotako gainerako ezaguerak ere ikasten ziren haietan.

Nekazaritza-abeltzaintza ekoizpenaren, ikaskuntzaren eta erregela beneditarrean oinarrituriko antolamendu honen arteko konbinazioa Europa guztira hedatu zen.

Zeregin horiez gainera, lekaideen lana zen erlijio paganoa zuten Europako herriak kristau federa bihurtzea.

IX. mendean Benito Anianekoak Monte Casinoko erregela eraberritu zuen. Beneditar erregela zorrotz betetzea zen hark proposaturiko aldaketa nagusia. Izan ere, monasterioek ongizate materiala lortu zuten eta horrek ohiturak lasaitzea eta molde izpiritualetan utzikeria ekarri zuen. Aldi berean, abade asko garrantzi handiko pertsonaia izatera iritsi ziren eta eskumen handia izan zuten Erdi Aroko Europako agintean. Izan ere, feudalismoa zen Europako gizarte egitura nagusia eta monasterioetako abadeek aginpide feudalaren babesean sorturiko jaun laikoen antza hartu zuten gero eta gehiago.

Monasterioek bilduriko aberastasun eta ondasunek ematen zien ospea, lurren jabetzak eta beren jabegoak ustiatzetik lortzen zituzten irabaziek batez ere.

Horrela, lurra ereiteari utzi zioten lekaideek apurka-apurka, eta nekazarien esku utzi zituzten lan hura; eta azkenean, nekazariak monasterioen jopu edo kolono bihurtu ziren. Abade askok zeinek bere gudutaldea eratu zuen, beren babespeko zaldunekin, eta monasterioak lortzen zituen ondasunekin ordaindu ohi zituzten. 1000.. rte inguruan gotzainen mailako garrantzia zuten abade askok.

Benito Anianekoak Europako Mendebaleko monasterioetako bizitza lehengoratzekoahaleginak egin zituen arren, monasterioak jaurerri gisa antolatu ziren eta lehia bizia sortu zen haien jurisdikzioaren eta errenten gaineko eskumena zela-eta. Zenobioek eskuratutako pribilejio, mesede, salbuespen eta jurisdikzio eskumenek munduko ondasunen jabe bihurtu zituen. Monasterio batek eskumena zuen Erdi Aroko mendebaleko zenbait lurraldetan barreiaturiko bigarren mailako monasterioen gainean. Eta haietara biltzen ziren beren arimak monasterioaren zaindariaren babespean jarri nahi zituzten herritarrak.

Batetik, nekazari askok bilatzen zuen abadearen babesa eta monasterioko zaindariarena; batzuetan beren lurrak eta familiak zenobioari lotzen zizkioten horretarako. Bestetik, klase aristokratikoak babes izpirituala bilatzen zuen, eta beren seme-alaben heziketa lekaideen esku uzten zuten aristokraziako kide askok; horren truke ondasunak ematen zizkioten monasterioari.

Era berean, noble askok beren familiaren eta monasterioaren arteko lotura bilatu zuen, beren senitartekoak monasterioan sartu eta abade kargua eskura zezaten ahaleginak eginez. Beste noble eta errege batzuek monasterioen mugimendua bultzatu zuten, beren lurretan monasterioak sortu eta haiei ondasunak, errentak, pribilejioak eta gizonak emanaz.

 

Monasterioetako iraultza (X-XI. m.)

X. mendeaz gero egin ziren ahalegin zorrotz eta sakonenak Europako monasterioak hartzen ari ziren bidea alde batera uzteko.

Clunyko monasterioan (910ean sortu zuen Akitaniako dukeak) Europako monasterioak berregituratzeko erreforma bat egin zen. Erreforma hori egiteko arrazoia Benito Anianekoaren erreforma indarrean jartzea zen, erregela beneditarra mantentzea. Clunyko mugimenduak monasterioetako ekoizpena eta jestioa eraberritzea eskatzen zuen.

Lekaideek zorrotz bete behar zuten erregela beneditarra eta erregela haren edukiekin bat etorriko zen bizimodua izan behar zuten.

Monasterioetako disziplina aztertu eta zorroztu egin zen. Aldaketa nagusietako bat izan zen monasterio guztiak aita santuaren eskumenean biltzea. Horrek esan nahi zuen eten egin behar zituztela lekuan lekuko jaunekin eta erregeekin eraturiko loturak. Horrek abadeen nagusitasuna nabarmendu zuen gainerako lekaideen aurrean eta orobat monasterio nagusiaren mende zeuden gainerako monasterioen aurrean. Monasterioen federazio bat eratu zen Clunyren itzalean. Monasterio horiei guztiei batasuna ematen ziena Erromarekiko lotura eta monasterio nagusiarekiko mendekotasuna zen. Haietan guztietan monasterio nagusiaren aginduak betetzen zituzten.XI. mendean zehar Europa guztiko ia berrehun monasteriok kongregazioa osatu zuten Clunyren babesean. Clunyko abadeek XI. mendean egindako lanaren ezaugarri nagusietako bat liturgiaren eta elizkizunen garrantzia azpimarratzea izan zen. Horrek lekaideen eskulanaren garrantzia txikitu zuen. Otoitz egitea zen garrantzizkoena.

Hala ere, lanean jarraitu zuten, nahiz eta horrek monasterio barneko lekaideen arteko bereizkuntza nabarmendu zuen. Izan ere, ordenatuek, apaiz edo elizgizonak, otoitzean eta elizkizunak ospatzen igarotzen zuten denbora gehiena; aldiz, anai legoek eskulanak egin eta monasterioaren lurrak ustiatu behar zituzten. Guztiak ere klausuran bizi ziren eta otoitzaren, apaltasunaren eta penitentziaren izpiritua debozioz lantzen zuten.

Hortik elizkizunen oparotasun eta ugaritasuna.

Hala ere, Clunyren mendeko monasterioek gero eta ondasun gehiago eskuratu zituzten eta gero eta mendeko gehiago izan zituzten. Izpirituaren alorra eraberritu eta monasterioen antolaketa zentralizatua lortu arren, garrantzi handiko jaurerriak izan ziren gerora ere.

 

Zistertarren ordena

Gauzak horrela zirelarik, erreforma berriak gauzatzeko ahaleginak egin ziren. XII.. ta XIII. mendeetan antolatu ziren erreforma saiakera nagusiak. Horietan garrantzizkoena Claravalko abatetxearen babesean sortu zen. Bernardo santuak, monasterio hartako abadeak, monasterioei beren ondasunak eta aberastasun materialak kentzeko proposamena egin zuen. Arau beneditarra zorrotz bete behar zela zioen, eta monasterioek mendekorik edo jopurik ez zutela izan behar azpimarratu zuen. Horiek izan ziren zistertar mugimenduaren oinarriak.

Zistertar mugimenduaren bidez idealaszetikoak eta mundutik bereizitako bizitza bakartia berreskuratu zuten monasterioek.

Apaltasuna, laztasuna eta penitentzia ziren monasterioen oinarri nagusiak. Clunyk zentralizaturiko egiturak zutik zirauen artean, baina haien irabazpide bakarrak monasterioen lurrak lantzen zituzten kolonoen edo anai legoek egiten zituzten lanen bidez lortutakoak ziren. Liturgia soildu zen, eta alde batera utzi ziren Clunyk emandako ospea eta arrandia. Horrez gainera, aita santuarekiko lotura zuzena eten zen, eta zenobio bakoitzaren hurbilenekÔ gotzaiari loturik gelditu ziren monasterioak. Aldaketa horien ondorioz lekaideek kontenplazioan oinarritu zuten beraien jarduera, eta alde batera utzi zituzten predikazioa eta arimen gidaritza.

Aldaketa hauek egiteko arrazoia zen monasterioetako bizitza kristautasun komunitarioaren isla izateko nahia, nahiz eta monasterioetako bizimodu bakarti eta munduaz kanpokoa zen eta gizartetik nolabaiteko urruntzea zekarren. Apaltasunaren, laztasunaren, aszesiaren eta penitzentziaren balioak goresten ziren munduaren alde, Kristoren fedeak zabaldutako idealen bidez laguntzeko hurkoari. XII. mendearen amaieran bertute horiek lantzeko beste bide bat zabaldu zen.

 

Eskeko ordenak

Antzinako kristautasunaren balioak berreskuratzeko asmoz, eskeko ordenak sortu ziren XII. mendearen bigarren erdian. Monasterioetako bizitzan oinarrituriko kongregazioak eratu zituzten, baina ordena hauetako anaiek ez zuten monasterioan sartu beharrik.

Ordena bateko kide ziren: monasterioa haien bizitokia besterik ez zen. Ordena hauen zeregina zen talde bizitzaren balioak zabaltzea eta balio horiek kontenplazio bizitzatik eratorritako aszesiaren idealen bidez praktikara eramatea. Eguneroko bizitza aldebatera utzi eta leku bakarti batera aldatu gabe, anai hauek elizari laguntzeko lan egiten zuten, aita santuari laguntzen zioten herria hezten.

San Frantzisko Asiskoak bideratu zuen erreforma hura, eta horrela sortu zuen frantziskotarren ordena. Honorio III.a aita santuak ezagutu zuen ordena hori 1223an. Ordenaren helburu nagusia herritarren debozioa sendotzea, penitentzia eta errukia praktikatzea eta elizak agintzen zituen balio kristauen aldeko lan intelektuala egitea zen.

Hasieran, herritarren errukiari esker bizi ziren, limosnei esker. Haien monasterioek ez zuten jabego handirik, ez baitzuten bizitzeko ondasunak pilatzeko helburua. Ordena honek pobretasuna aldarrikatzen zuen, goi mailako balio moral gisa.

Era honetako ordenak laguntza handikoak izan ziren Elizaren interes tenporal eta izpiritualak babesteko. Hala izan zen, adibidez, Domingotarren ordena, sinesgabeak kristautasunera bihurtzeko eta elizako hierarkiaren begirunea sustatzeko predikatzen aritzeko sortua. 1216an sortu zen eta haren zeregin nagusia Erdi Aroko mendebaleko hereseei esestea izan zen. Aita santuak Inkisizioaren Ofizio Santuaren bidez fedea eta elizaren dogma betearazteko zeregina agindu zion 1231n.

Monasterioetako bizitzan izandako aldaketa hauek herritarrek elizan eta kristau fedean parte har zezaten egin ziren. Ideal hauen baitan ordena berriak eratu ziren eta erregela berriek indartu egin zuten elizaren aldeko lana. Baina denbora joan ahala fedea sentitzeko, bizitzeko eta pentsatzeko era beriei aurre egin behar izan zien elizak.

Beste aldaketa batzuk gertatu ziren. Elizako hierarkiak sinesgarritasuna galdu zuen, oparotasunean bizi baitzen eta predikatzen zituzten bertuteak bertan behera utzi baitzituzten, eta garai modernoan fedeak jasan zuen erreforma ekarriko zuten lehenengo aldaketak gertatu ziren.