Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Merkataritza Erdi Aroan ERDI AROA

«Giovanni Arnolfini eta haren emazte Jeanne de Chenany», Jan van Eyck (1434).<br><br>

Merkataritzak beste edozein arlok ez bezalako aldaketa sakon eta handia izan zuen VII.. endetik XV. mendera. Merkatari ibiltari gutxi batzuek egindako luxuzko salgaien salerosketara mugatutako merkataritzak mundu ezaguneko leku urrunenetaraino iristen zen harremanen eta merkataritza guneen sare estu bati eman zion bide. Aldi berean, jarduera horren gerizpean merkataritza enpresa handiak, agenteak, kontularitza teknikak, bankuak eta aseguru era berriak sortu ziren, eta horri esker berrikuntza teknikoak sortu eta landu ziren itsasketan: itsas orratzaren erabilera, lemaren kana itsasontzietan, edo kartografian egindako aurrerapen handiak. Nolanahi ere, ezaugarri bat bilatu behar balitz, aldaketa handi hura azalduko lukeen oinarri-oinarrizko gertaera bat, alegia, merkataritza ekonomia Erdi Aroko gizarteko alor guztietara pixkanaka-pixkanaka zabaldu izana litzateke gertaera hori. Profesional mordoxka batera eta haien bezero hautatuetara mugaturiko noizbehinkako jarduera izateari utzi zion, beraz, merkatuarekiko harremanak eta Erdi Aroko jendearen eguneroko jarduera komuna bihurtu zen.

 

Merkataritzaren iraultza (IX-XIII. mendeak)

IX. mendean Italiako hiri batzuk Islam herrien eta Bizantzioren arteko bitartekaritzan espezializatu ziren, eta Sortaldeko bidea sortu zuten, Mediterraneo aldeko merkataritzaren zutabeetako bat izan zena. Aldi berean, merkataritzak gora egin zuen astiro-astiro Europako gainontzeko lurraldeetan.

IV. mendetik aurrera, merkataritzak beheraldi bat izan zuen Erromako inperioaren mendebaldean, gizartea nekazaritzara bideratu izanaren eraginez. Prozesu horretan elkartrukatzeak jaunen mendeko lur jabetza handien baitan egiten ziren eta ez ziren berez merkataritzazkoak. Egoera horrekbazuen salbuespen bat: merkatari ibiltari batzuk ?juduak, greziarrak eta siriarrak? beren sorlekuetako luxuzko salgaiak Mendebaldera esportatzen espezializatu ziren. VII.. enderako, jarduera horrek indarra galdu zuen, alde batetik Islama Siriako eta Palestinako kostaldeetan barrena oso bizkor zabaldu zelako, baina, batez ere, Mendebaldean urre erreserbak gordetzeko joera nagusitu izanak eta trukerako beste salgairik ez egoteak ahuldu egin zuelako merkataritza mota hori.

IX. eta X. mendeetatik aurrerako gertaera batzuek erro-errotik aldatu zuten merkataritza ez ezik, baita Erdi Aroko gizartearen ohiturak eta eguneroko bizitza ere. Islama oso zabaldua eta aurreratua zegoen ordurako; Kordoba, Bagdad, Damasko eta horrelako hiri handiak hornigaien premia handian zeuden, eta, horrez gainera, merkataritza bide bereziak sortu ziren: Sudaneko urre eta esklabo karabanak, Txinatik eta Indiatik zetozten sedaren eta espezien bideak? Italiako hiri batzuk ?Amalfi, Venezia eta, maila apalagoan, Gaeta eta Napoli? berehala baliatu ziren merkataritzaren bultzada hartaz musulman herrien eta Bizantzioko inperioaren artean bitarteko gisa aritzeko.

Aldi berean Europako mendebaldean biztanleria oso bizkor ari zen hazten, eta nekazaritza ekoizpenak, eta, oro har, ekonomiak gora egin zuten. Hasieran, jaunen mendeko lur jabetza handi asko oso sakabanatuta zeudenez, soberakin asko egoteak salgaien joan-etorri etengabea sortzen zuen lur jabetza haien baitan. Baina biztanleriak eta ekonomiak gora egin zutenean, eta distantzia urrunerako garraioak saihestearren, soberakin haiek saldu egin ziren, eta hala bultzatu zen elkartrukea. Bultzada horretan nekazaritza lurren jabe handi askok ahaleginhandiak egin zituzten, merkatu bat nahi baitzuten eratu haien soberakinak merkaturatzeko eta kanpoaldetik zetozen produktuak erosteko.

Europa erdialdean eta iparraldean VII.. ta VIII. mendeetan merkataritzak izan zuen lehen berpizte aldi hartan frisiarrak nagusitu ziren, berek egindako oihalak saltzeaz gainera, Mosa eta Rhin ibaietako joan-etorria kontrolatzen baitzuten; eta handik iristen ziren hain zuzen Mediterraneo aldetik zetozen salgaiak. Bikingoek ere zeregin garrantzitsua izan zuten Europako iparraldeko merkataritzak bizi izan zuen goraldian, VIII. eta IX. mendeetan Europaren zati handi bat indarrez hartu ondoren, azkenerako eragin onuragarria izan baitzuten: ekonomia gune bateratu handi bat sortu zuten Iparraldeko Itsasoaren eta Baltikoaren artean, ekialdetik Errusiako eta Ukrainako estepetara iristen zena, eta, handik, Itsaso Beltzeraino eta Bizantzioraino zabaltzen zena.

Hansako merkatariak izan ziren gero merkataritzaren goraldi haren eragile biziak; Hansa Alemaniako zenbait hiriren arteko merkataritza elkartea zen, 1161ean sortua eta Baltikoren eta Iparraldeko Itsasoaren arteko salerosketan espezializatua.

Mediterraneo aldean, Italiako merkatariak Ekialde Hurbileko portuetan kokatu ziren, Lehenengo Gurutzadari esker (1099).

Genova, Pisa eta Venezia lehian ari ziren ekialdeko latin erresuma sortu berriekin eta Bizantziorekin, Txinako seda edo Indiako espeziak hara iristen baitziren, salerosketan nor nagusi izango.

 

Merkataritza guneak eta teknikak

Merkatuek eta azokek garrantzi handia izan zuten Erdi Aroko merkataritzan, legeek pribilejioak ematen baitzizkieten eta lurralde bakoitzeko agintariek, babesa.

Lurralde eremu mugatu bateko saltzaileak eta erosleak aldizka biltzen ziren lekua da merkatua. Aldizkakotasun hori asterokoa izaten zen oro har. Azokak, bestalde, bazuen berezitasunik merkatuarekiko: noizean behin egiten zen, behin edo bi aldiz urtean, eta saltzaile-erosleak urrunagotik etortzen ziren.

Rhineko merkaritza bide nagusian aipagarriak izan ziren XII. eta XIII. mendeetan Koloniako azokak; Italian, berriz, Ferrarakoa izan zen aipagarriena XI. eta XII. mendeetan.

Batzuetan azokak ziklikoak izaten ziren, horrelakoetan hurbileko udalerri multzo batek txandaka egiten zuen azoka urtean zehar. Hala, Ingalaterran aipagarriak izan ziren artilearen salerosketan espezializaturiko azokak: Winchester, Boston, Northampton, Saint-Yves eta Stamford; Flandrian, berriz, Ypres, Thourout, Lille eta Brujasekoak.

Garai hartako azoka zikloen artean Champagnekoa da nagusia; Troyes, Provins, Bar-sur-Aube eta Lagny udalerrietan egiten zen, eta han bat egiten zuten iparraldearen eta mediterraneoaren arteko elkartrukerako joerek.

Merkataritzaren hazkundeak kredituaren goraldia ekarri zuen, ez bakarrik kopuruaren aldetik, baita teknikaren aldetik ere, horri dagozkion alderdi jakin batzuk XIII. mendean sortu baitziren: urruneko kreditua, aldaketen gaineko espekulazioak, merkataritza guneen arteko loturak eta azoketan jarduten zuten enpresa handien barne orekak.

Merkataritza hedatzeak berrikuntza tekniko handiak ekarri zituen, kredituaren aurrerabideaz gainera: truke agiria asmatu zuten eta aurrerapen handiak egin ziren kontularitza metodoetan, arabiar zenbakiak erabiltzen zituzten, diru sarrerak eta gastuen oharrak zein bere leku berezian idazten zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka kontularitza bikoitza edo Veneziako kontularitza erabiltzen hasi ziren, non saleroste bakoitza bi aldiz apuntatzen baita, bata zorren alderdian eta bestea hartzekoen alderdian.

 

Krisia edo eraldatzea? Merkataritza Behe Erdi Aroan

XIII. mendearen bukaeran eta XIV. mendearen lehenengo erdialdean Europako ekonomiak, nekazaritzak batez ere, arazo handiak izan zituen. Beheraldi horri arrazoi asko bilatu izan zaizkio, baina 1315etik 1350era Europako biztanleria asko gutxitzea izan zen haren ondorio nabarmenena, lekubatzuetan %50eraino, gosearen eta izurriaren eraginez. Gosea eta izurria aldian aldiro errepikatu ziren hainbat hamarralditan.

Biztanleriaren kopurua hainbeste jaitsi izanak eragin handia izan zuen Erdi Aroko merkataritzan.

Biztanleria gutxitze horren lehenengo ondorio zuzena eskaria aldatzea izan zen, eta horrekin batera aldatu ziren elkartrukerako salgaiak ere. Biztanleria gutxitzeak ondasunak esku gutxiagotan bilduta egotea ekarri zuen; alegia, bizirik iraun zutenek erosteko ahalmen gehiago izan zuten per capita. Hori zela eta, merkatu handi bat sortu zen erdiluxuzko salgaiak eskatzen zituena, hau da, ordu artekoak baino balio gutxiagokoak berez baina handiagoak tamainaz.

Ordu arte eskari handia izan zuten azukre, seda, urrez eta zilarrez ehundutako oihal edo espeziez gainera, beste gai batzuek ere eskari handia izan zuten: Ingalaterrako edo Gaztelako artileak, burdinak, fruitu lehorrek, zurak, arrain lehorrak, Italiako, Ingalaterrako, Normandiako eta Flandriako oihalek, Poloniako eta Siziliako gariak, ardoak eta gatzak.

Merkatariek eta garraiolariek era askotara jokatu zuten egoera haren aurrean; batzuek ez zuten merkataritzarako itsasontzien tamaina handitu besterik egin, baina oro har gauza bera egin zuten denek: profesionalago jokatu.

Joera nagusia egoitza leku jakin batean finkatzea izan zen, eta handik merkataritza guneetan banaturiko ordezkariekin harremanetan egotea. Arriskua gutxitzeko joerak ere gora egin zuen; beste enpresa batzuetan parte hartuz, aseguruak kontratatuz eta maileguak eginez merkatariek ontzi bakoitzaren eta karga bakoitzaren arriskua gutxitzen zuten, eta, horren truk, eragiketak anizten zituzten eta era askotako salgaiak kontratatzen.

Aipagarriak dira orobat comandamotako elkarteak; horietan, bazkide batek egoitza finkoa izaten zuen eta kapital osoa edo bi herenak jartzen zituen, eta bestea bidaiaria izaten zen; etekinak bakoitzaren zereginen eta parte hartzearen arabera banatzen zituzten.

Azkenik, merkataritza leku berriak sortzea izan zen garai hartako beste ezaugarri bat. Merkataritza jarduera berri hura Atlantikoan kokatu zen; ingeles, bretainiar, euskal eta portuges ontzidi gero eta garrantzi handiagokoak merkataritza bide berriak zabaltzen hasi ziren Bizkaiko Golkoan barrena, edo Afrika inguratzen saiatu ziren Indiaraino iristeko asmoz, turkiarren erasoek itxita baitzeukaten espezien bidea. Horren guztiaren ondorioz, ozeano barreneko itsasketa hobeto ezagutu zen, Kanarias, Azores eta Madeira uhartediak kolonizatu ziren, eta horrela egin zituen Europak zabalkunderako lehen urratsak.