Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Erdi Aroko hiria

XVI. mendearen hasierako Ganteko ikuspegia. Erdi Aroaren azkenaldiko merkataritza hiri handienetako bat izan zen Gante.<br><br>

Antzinako munduaren akaberak, inperioaren azken aldeko joera okerragotu baizik ez zuen egin: hiriak krisi larrian sartuak zeuden. Administrazio arloan deseginda eta ekonomia aldetik inolako edukirik gabe, erromatar inperioko azken aldiko hiriak azkenetan zeuden barbaroen inbasioak etorri eta guztiz birrindu zituztenean. Inperioaren limesetik kanpora, Europa erdialdean, Eskandinavian eta eslabiar herrietan, ez zen hiririk ezagutzen.

 

Hirien hedatzea

1000. URTETIK 1300.ERA ARTE, EUROPAR ASKORENJOERA OSO MOTA DESBERDINETAKO HIRI BILGUNEETAN BILTZEKOA IZAN ZEN.XI. mendetik hasita, hiriak etengabe hazten joan ziren. 1300 aldera, hirukoiztu edo laukoiztu egin zen hirietako biztanleria, Europako biztanleriak baino hazkunde handiagoa izen zuen beraz. Lehenago uste zen, merkataritzaren eta merkatari alderrai adoretsuen eraginagatik gertatu zela hirien hazkundea. Egungo historialariek ordea, beste arrazoi batzuk aipatzen dituzte: nekazaritzaren hazkundea, eskualdeko azoken sorrera, eta horren ondorioz, jendea nekazaritzatik hirietara bizitzera joan izana.

Italia izan zen gehien hiritartu zena. Han, XII eta XIII. mendeetako biztanleriaren %30- 35, 5.000 biztanlez gorako hirietan bizi zen.

Europako bost «metropolietatik» (80.000 biztanletik gorako hiriak) lau italiarrak ziren: Milan, Florentzia, Venezia eta Genoa. Baina gainera, beste 7-8 hiri «erraldoi» zituen (40.000 biztanlez gorakoak): Bolonia, Verona,Siena, Pisa, Brescia, Cremona, Palermo eta, segur aski, Erroma. Horiez gain Italiak, batez ere erdialdean eta iparraldean (Toscana, Emilia-Romagna, Veneto eta Lonbardia), hiri «handi» asko zituen (80 inguru 10.000 biztanlez gorakoak) eta beste 100 bat hiri «ertain» (5.000-10.000 biztanle bitartekoak).

Beste inon ez zen, Europan behintzat, horrenbeste hiritar. Garrantzizko salbuespenen batzuk kenduta (Venezia), Italiako hiri sarea antzinako civitatesen inguruan sortu zen: haien hondakinetatik abiatu eta auzo berriak, eskulangile guneak, harresi berriak eta abar eratu ziren, batez ere XI, XII eta XIII. mendeetan gertatu zen hazkunde ziklo indartsu batean.

Europako herrialde jendetsuena zen Frantziak eta Burgundiako erreinuak ?zeina frantses kulturakoa izanik ere, inperioko partaide baitzen? bien artean 15etik 18 miloira biztanle zituzten 1300 aldera. Biztanle horietatik %20 inguru hirietan bizi ziren.

Flandriako konderrian ordea, orduan Frantziako erreinukoa baitzen, biztanleriaren %35eraino bizi zen hirietan. Parisko «metropolia» nabarmentzen zen beste ororen gainetik, ez zen alferrik Erdi Aroko kristandadeko hiri handiena. Rouen, Montpellier eta Flandriako Tournai, Brugge eta Gent hiri «erraldoiak» ziren; beste hogei bat baziren 10.000tik gorakoak. Baina esandako lurraldean ehundaka ziren hiri «ertainak» (5.000-10.000 biztanle bitartekoak) eta askoz ere gehiago «txikiak» eta «oso txikiak» (5.000 biztanlez azpitikoak edo 2.000z azpitikoak).

Eta hortxe datza Italiarekiko desberdintasuna.

Izan ere, nahiz eta Frantziako hiri sare nagusia antzinako civitateetatik sortua izan, bigarren mailako hiri sareak, Italiakoa baino ondotxoz sendoagoa zenak ?egun eskualde, kantoi edo departamenduetako hiriburu direnak?, monasterioen edo gazteluen inguruan bildutako burgoetan du sorburua. Beste hiri bilgune mota bat ere sortu zen Frantzian, oso txikia, nekazari herri eta hiriaren tartekoa, Erdi Aroaren azken aldera. Bastida deitu zitzaien; XIII. mendean sortu ziren eta ugariak izan ziren Frantziarenhego mendebaldean. Ez dute garrantzi berezirik herrialde horretako hiri sarean, baina kontuan hartzekoa da «borondatezko hiritartze» mota bat izan zela. Hiri plano arautu bat errespetatuz eraiki ziren, horregatik «hiri planifikatuak» ere esan izan zaie.

Alemaniako inperioan eta haren eraginpeko lurraldeetan kontraste handiak izan ziren. Mendebaldean, Rhin ibaiaren arroan bereziki (Kolonia, Mainz, Trier, Worms eta Aachen) biztanleen %20 edo gehiago hirietan bizi zen, nahiz eta Koloniak bestek ez zuen harrapatzen hiri «erraldoien» kategoria (40.000 biztanlez gorakoak); kopuru horretatik hurbil zebiltzan, 1300 aldera, Lieja eta Lovaina ere. Rhinen arroan civitate berregituratuen sarea zen nagusi. Alemaniaren erdiko zerrendan hiritartze maila txikixeagoa zen eta hango hiriak gazteluen edo gotzain egoitzen inguruan eratu ziren, baina Erdi Aroan sortuak ziren, ez zuten beraz, Antzinateko jatorririk. Elbatik ekialdera, Alemaniaren eraginpeko lurraldeak barne zirela ?Polonia, Transilvania, Moravia, e.a.?, askoz bakanagoak ziren hiriak. Ez zen hiri handirik Praga, Viena edo Krakovia baino ekialderago. Alemaniaren ekialdean eta eslabiar herrietan, alemaniar edo eslabiar gotorleku baten (grod) alboan sortutako bilguneez aparte, nahita sortutako hiri bilguneak ere («hiri berriak») asko izan ziren, eta Frantziako bastiden antzera, biztanleak bildu eta hiriak ex nihilo eraikitzeko modu bat izan zen.

Europaren iparraldea eta ekialdea, gutxi eta berandu hiritartu ziren: hirietan bizi zen biztanleria ez zen %5era iritsi. Ingalaterraren hiritartzea ere, Italia, Frantzia eta Inperioarenaren aldean ahula izan zen. 1300 aldera 5 edo 6 hiri baizik ez ziren 10.000 biztanlera hurbiltzen.

 

Hirien funtzioak.

Gremioak

ERDI AROKO HIRIAREN BARRUAN JARDUERA ASKO GAUZATZEN ZIREN: ADMINISTRAZIO ZENTROA ZEN, KULTURA EKOIZTEN ZEN LEKUA, UNIBERTSITATEEN JATORRI ETA BALIO BERRIEN TRANSMITITZAILE. BAINA BEHARBADA, EKONOMIA ALORREAN BETE ZITUEN FUNTZIOAK IZAN ZIREN EZAGUNENAK: MERKATARITZA ETA ESKULANGINTZA.Erdi Aroko hiria ekoizte eta kontsumo zentroa zen, aldi berean. Zela hiritarren hornikuntza premiengatik, hiritik kanpo bizi zirenentzat zuen erakargarritasunagatik, edota hiriko jabeek landan zituzten interesengatik, hiria ez zen inoiz Erdi Aroan uharte bat izan. Beti bazuen inguruan bere eraginpeko eremuren bat: banlieue, contado, alfoz? izan zitekeen administrazio barruti bat, edo hiriaren eraginpeko ekonomia eremubat, baina hiriak ez zuen lege eskumenik bere harresietatik at. Feudalismoaren ezaugarri izan zen hiriaren landarekiko nagusitasuna.

Distantzia luzeko merkataritzaz gain, Erdi Aroko hiri hazkundearen efektuetako bat, eskualdeko eta eskualde arteko harremanak egonkortzea izan zen. Lehen Erdi Aroko merkataritza harremanak eskasak eta noizbehinkakoak ziren (azoka gutxi batzuk urtean). Hiri sarea zabaltzearekin ez ziren lehenagoko azoka haiek desagertu. Areago, oso garrantzitsuak izan ziren haietako batzuk (Champagne), baina hiriei esker merkataritza harreman eraginkorragoak txertatu ziren Erdi Aroko ekonomian: asteroko azokak hiri txikienetan eta egunerokoak handienetan. Horrek guztiak espezializaziora eraman zuen. Lanbide berriak sortu ziren, eta pixkanaka, lan espezializatuagoetan adarkatzen joan ziren: ehungintza industriakoak ziren asko («bataneroak», ehuleak, tindatzaileak, iruleak?) eta larrua lantzen zutenak beste asko (larru ontzaileak, zapatariak, e.a.). XII. mendetik aurrera horietako batzuek lehen gremioak eratu zituzten.

 

Gizarteak eta hiri aginpideak

ERDI AROKO HIRIETAN EZ ZIREN BURGESAK SOILIK BIZI. ALDIZ, GIZARTE SEKTORE ASKOK OSATUTAKO KALEIDOSKOPIO MODUKOAK ZIREN: AITOREN SEMEAK, ADMINISTRATZAILEAK, ELIZGIZONAK, ETA BAITA NEKAZARIAK ERE. XI. MENDEAN HASITA, ZENBAIT HIRITAN, AGINPIDE MODU BERRI BAT SORTU ZEN.

AGINPIDE HORREN ARABERA, HISTORIAN LEHENENGO ALDIZ, HIRIKO BIZTANLEEK ERABAKI POLITIKOAK HARTZEKO AHALMENA ZUTEN.Nahiz eta XI eta XII. mendeetako «burgesek» (eskulangileak eta merkatariak) hirietako gehiengoa ez izan, eta artean hirietako aginte postuetan ez egon, haien dinamismoarekin lotzen dira indarrean zegoen aginpidetik askatzeko egindako lehen ahaleginak.

Loiraren eta Rhinen arteko hiri batzuetan, eta orobat Iberiako penintsulako Santiago bidean, burgesak gizarte eta lege arloan aintzat hartuak izaten saiatu ziren.

Euren burua bazterturik ikusita, gilda edo ermandadeetan antolatu ziren eta matxinadak piztu zituzten, batez ere elizgizonak agintari zituzten zenbait hiritan: Le Mans (1070); Worms (1073); Kolonia (1074 eta 1077); Laon (1112); Santiago de Compostela (1116); eta Sahagun (1110). Hogeita hamar bat izan ziren tankera horretako matxinadak.

Toki batzuetan komuna izenekoek burujabetza maila batzuk eskura zitzaten balio izan zuten. Hiritarrek parte hartzeko aukera zuten aginpide berri hartan.Baina ez zen matxinada izan hiriek burujabetza eskuratzeko erabili zuten bide ohikoena, eta ez ziren orobat burgesak izan eragile bakarrak. Eskuarki, erregeak edo printzeak modu baketsuan ematen zion hiri bilguneari, charte de comune zelakoa Frantziako iparraldean, «kontsulatua» Frantzia hegoaldean (udal agintariak ziren «kontsulak»), «fuero municipal» izenekoa iberiar penintsulan, edota bestalako agiri ofizialen bat. XII. mendea funtsezkoa izan zen udal pribilegioak eta askatasunak lortzeko prozesuan.

Mende hartan eta hurrengoan, maire eta echevin zirelakoak Frantzian eta Herbehereetan, kontsulak eta Rat edo Kontseiluko kideak Alemanian, alkateak iberiar penintsulan, eta beste hainbat agintari, hirietako gobernatzaile bihurtu ziren. Italian lortu zuten hiriek burujabetza handiena.

Han, erdi eta ipar aldeko hiriak (Regnum Italiae) benetako estatu-hiri bihurtu ziren.

Italiako Comunaren lehen fasean aristokraziak agindu zuen, baina XIII. mendearen erdi aldera, hiri askotan, popoloa heldu zen agintera, eta han ordezkatuak zeuden gremio eta auzo elkarteetako kideak. Hiritar askok eta askok hartzen zuten parte erakunde horietan, nahiz eta buruzagiak, eskuarki, gizartearen elitekoak izan ohi ziren.

XIII eta XIV. mendeetatik hasita, hirietako gizartea bi polotan hasi zen bereizten.

Alde batetik, historialariek «hiri patrizioak» deitzen dietenak zeuden. Jauregiak eta dorreak eraiki zituzten, kaperak sortuere bai, vendettak antolatu zituzten ohore arrazoiengatik eta gainerakoak baino hobeak sentiarazten zituen familiaren izen on elitista bat landu zuten. Negozio gizonak, gremioetako buruzagiak, jabe handiak, e.a. izan ohi ziren talde horretako kideak.

Lehen Erdi Aroan talde horrek kontrolatzen zituen nola korporazioak hala udal erakundeak. Nolanahi ere udal instituzioak itxiagoak eta burokratagoak bihurtzen joan ziren, eta horrekin batera, printzeek eta erregeek geroz eta esku gehiago zuten udal erakundeetan.

Bestalde, baztertuak eta eskaleak kontuan hartu gabe ?Erdi Aroko hirietako azpigizarte berezi bat osatzen zuten?, patrizioen aurkakoek beste gizarte talde bat eratu zuten. Eskulangileak eta langileak, dendari txikiak eta jende apalez osatutako beste multzo handi bat popolo minuto izenekoaren partaide ziren. Erakundeetatik baztertuak zeuden eta, nork bere hirian, antzeko bizimoduak eta balioak garatu zituzten. Auzo okerrenetan bizi ziren, kale ilunenetan, eta garaiko izurri eta gosete gogorrenak jasan zituzten, XIV. mendean, batez ere. Egunero jasaten zituzten laneko esplotazioa, eta gizarte eta politika arloetako bereizkeria. Zenbait alditan, herri matxinadetan lehertu ziren gizarte sektore horien deskontetua (Parisko herri protesta 1358an, Florentziakoa 1378an, Genteko eskulangileena 1379an, Londreskoa 1381ean, Rouenen eta Parisen 1382ean?).