Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Eskandinavia mendebaleko eraginaren mende (X-XIII. mendeak)

Danimarkako idolo paganoen desegitea XIX. mendeko margolan erromantiko batean.<br><br>

930. urtearen inguruan bukatuta zegoen daniarrek, norvegiarrek eta suediarrek aurreko mendean egina zuten hedatzea ?«Bikingoen Lehenengo Aroa» esaten zaiona?. Ordu arte piratak eta konkistatzaileak izanak ziren herri horiek agintari bihurtu ziren, eta Britainiar Uharteetan (York), Frantzian (Normandia) eta Europako ekialdean (Kiev) zituzten kokalekuak indartu zituzten. Eskandinaviak aldaketa handia izan zuen gizarte eta politika antolamenduan, Europako mendebaleko ereduen eta kristautasunaren eraginez.

Baina aldi horrek ez zuen asko iraun. Handik mende erdira bigarren hedatzea hasi zen ?«Bikingoen Bigarren Aroa»?, Groenlandia (985), Ingalaterra (994) eta Bizantzioraino eraman zituena. XI. mendearen hasieran Knut Handia daniar erregeak (1014- 1035) «Eskandinabiako inperioa» sortu zuen, haren baitan Danimarkako eta Ingalaterrako koroak elkartuz, Norvegiaren zati bat beretuz eta halako babes lur bat ezarriz Suedian. Baina hark elkartutakoak ez zuen elkarturik iraun, hura hil zenean nahaspila nagusitu baitzen Danimarkan erregetza nork hartuko, Ingalaterrak independentzia iritsi baitzuen eta Norvegiak berriz jarri baitzuen bere dinastia indarrean. Harrezkeroztik, X. mendearen erdialdetik XIII. mendearen erdialderaino, Eskandinaviako hiru herrialdeek aldaketa handia izan zuten, zeinek bizkorrago zeinek motelago, germaniar gizarte primitibo izatetik Erdi Aroko Mendebaleko gainontzeko gizarteen antzeko bihurtu arte, nahiz berezko ezaugarriak zituzten. Aurrerantzean, Eskandinaviak Erromako kristautasunaren eraginpean zeuden herrialdeen arazo berberak izan zituen.

 

Bakartzearen amaiera

Herrialde haietako biztanle bakanak komunitate txikitan zeuden sakabanatuak, Danimarkako alorretan eta Suediako hegoaldean izan ezik. Nekazari komunitate haiek familia zuten oinarria, eta bôndia zuten burua, nekazari librea eta familia burua.

Komunitate horiek herri eta eskualde bileretan biltzen ziren (thing), eta hura izan zuen oinarri Eskandinaviaren politika eta lege antolamenduak Aro Berria arte, hura izan zen aldi berean erregeen aginteak indartzeko eta sendotzeko izan zuen oztopo nagusia. Izadiak markatutako administrazio barruti nagusiak kantonamendua eta probintzia ziren; landa herria, berriz, ez zen inoiz izan ez administrazio ez zerga banako.

Mendebalaren eragina handitzen ari zen ahala, erregeek erregetzari zegozkion eskubide bereziak eta koroaren izate herentziazkoa lortu zuten ?ordu arte hautabidezkoa izan baitzen?, ordu arteko ahalmen militarrez gainera; kristautasunak, bestalde, indartu egin zituen eskubide horiek, erregetza zilegizkotzen baitzuen. XI. mendearen amaieraz geroztik Eskandinaviako zuzenbidea idatziz jartzen hasi ziren, hasieran Norvegian eta gero gainontzeko herrialdeetan.

XIII. mendea arte ez ziren hasi erregeak legezko eskumenak bere gain hartzen,thingen ordez, hain zuzen Erdi Aroko sistemak eta elizaren erreforma gregoriarrak gero eta indar gehiago zuen neurrian.

Kristautasuna pixkanaka-pixkanaka zabaldu zen, bikingoek eta merkatariek erabili izandako komunikabideak erabiliz eta erregeen laguntza handiaz. Hala eta guztiz ere, XI. mendea arte ez zuten Uppsalako (Suedia) tenplu paganoa bota, eta antzinako sinesteek eta dotrina berriak elkarrekin nahasian iraun zuten. Nolanahi ere, Erromarekiko harremanak sakonak izan ziren eta Eskandinaviako kristauek erromesaldietan eta Lurralde Santuetako gurutzadetan parte hartu zuten, bai eslabiarrak, baltiarrak eta finlandiarrak kristautzeari ekin ere.

 

Danimarka

Knut hil ondoren, aginpidea berriz hartu zuen dinastia Danimarka mendebaleko herrialde bihurtzeko lanari lotu zitzaion.

Dirua egin zuten, monasterioak eta elizak sortu zituzten, Roskilde izendatu zuten hiriburu, Ingalaterraren aurkako espedizioak abian jarri zituzten, eta harremanetan hasi ziren flandriarrekin eta alemanekin. 1134.. rteaz geroztik, erresuma hark barne nahasmendu handiak izan zituen bi hamarraldietan, harik eta Valdemar I.a Handiak (1157-1182) amaitu zituen arte. Eskil eta Absalon apezpikuen laguntzaz eta Enperadorearekin etengabe elkar harturik, mendebaleko ohituretara ekarri zuen Danimarka eta berrikuntza handiak egin zituen nobleei eta goi mailako apaizei dagokionez.

Aristokraziak Erdi Aroan ohi zituen jarduerak indarrean jarri ziren, eta lehenengo jauregiak eraiki ziren, 1169an Kopenhage sorrarazi zuena, adibidez. Kanpoaldean, Danimarka lehian ari izan zen alemaniarrekin Baltikoa eta Slesvig nork beretzat hartuko.

Valdemar I.aren ondorengoek aurre egin zieten noble alemaniarrei, eta liskar horien ondorioz daniarrak Estoniara iritsi ziren eta Holsteinko konderria, Lübeck eta Hanburgo konkistatu zituzten. Baina 1223an eta 1227an daniarrek izan zituzten porrotek ordu arte beretutako lurralde guztiek galarazi zizkieten, eta Alemaniarekiko muga Eiderren ezarri zen.

1241. urteaz geroztik, Danimarkako erresumak ondorengotza krisi bat bizi izan zuen, goi mailako nobleek eta apaizek erregeekin zituzten tirabirek areagotu baizik egin ez zutena. Erregeek independentzia handiagoa eman behar izan zioten Elizari, eta baimena eman behar izan zuten orobat nobleen biltzarra urtean behin bil zedin; biltzar hura izan zen hain zuzen daniar legebiltzarraren (Danehof) aurretikoa. 1282an, Erik V.ak «Carta Magna» eman zuen, eta, hala, nobleek erregearen agintea mugatzen zuten eta erregeak bere gain hartzen zuen Danehof urtero bilarazteko erantzukizuna.

 

Norvegia

Magnus erregeak (1093-1103) norvegiarren agintea indartu zuen Hebrida eta Orkada uharteetan, Man uhartea jendeztatu zuen, eta azken erasoak jo zituen Galesen eta irlandan. Erresuma bere semeen artean banatu zuen, eta 1164an, goi mailako apaizen laguntzaz, Magnus Erlingssonek erresuma bateratu zuen bere burua izendaturik buru. Ordu arte indarrean egon zen gizarte orekari arrotz zitzaizkion berrikuntza politikoek eragin zituzten aurkakotasunak zirela eta, birkebeinerrek, Suediarekin mugakide ziren lurraldeetako biztanleek, Sverre jarrizuten agintari (1180-1196), eta haren dinastia hirurogei urtez egon zen tronuan.

Sverrek Bergenen kokatu zuen gortea.

Haren agintepean aurka egin zitzaien eliz aldaketei, eta erregeen sagak (elezaharretako kontakizunak) idatzi ziren. Haien ondorengoek harreman estuak izan zituzten Ingalaterrarekin, Enperadorearekin, Lübeckekin, Novgorodekin eta baita Gaztelarekin ere, eta Hebrida eta Orkada uharteetan, Groenlandian eta Islandian zuten agintea ere indartu zuten, Islandiarekin «Itun Zaharra» egin zutelarik 1264an. Bergeneko errege jauregia eta Nidaroseko (Trondhem) katedral gotikoa izan ziren Norvegiako ordena berriaren erakusgarririk nabarmenenak.

Magnus VI.a Legegilea (1263-1280) izan zen XIII. mendeko azken errege handia; haren agintepean mendebaleko ereduak nagusitu ziren, Atlantikoko iparraldeko uharteen gaineko nagusitasuna sendotu zuen (Hebrida eta Man uharteak galdu bazituen ere) eta lehenengo pribilejioak eman zitzaizkion Hansa merkatari elkarteari (1278).

Horrez gainera, feudo-basailu harremanak hasi ziren indarrean jartzen, errege eskubide komuna ezarri zen, Bergenen oinarrituriko hiri eskubidea sortu zen, eta erregetzaren ondorengotza arauak finkatu ziren.

Mende hura bukatu zenerako, Norvegiak Danimarkaren antzeko aldaketa bidea egina zuen, hamarraldi batzuetako atzerapenez.

 

Suedia

Baina aldaketa sakonak ez ziren XII.. endearen erdialdea arte iritsi, zistertarrak iritsi eta Linköpingeko sinodoa ospatzearekin batera (1252). Aldi berean, Sverker eta Stenkil dinastiak Hegoaldean nagusi jarraitzenbazuten ere, monarkia hautabidezkoa izateak aristokraziaren borondatearen mende uzten zituen erregeak.

Hurrengo urteetan Suediaren kristautzeak aurrera egin zuen eta apaizte ugari izan zen; Finlandiako konkistek eta Baltiko alderako zabalkundeek ere aurrera egin zuten.

Baina Valdemarren erreinaldian (1250- 1274) Suedia behin betiko makurtu zen mendebaleko ereduetara. Aldaketa horren erakusgarri dira, besteak beste: Estokolmo sortzea (hiriburu politikoa), kobrezko meategiak aurkitzea, etorkin alemaniarrek bultzaturiko merkataritza eta hiri garapena, Parisekiko kultura harremanak, arkitektura zistertarra (Uppsalako katedrala 1280an hasi ziren eraikitzen), eta Finlandia alderako zabalkundea, 1240an Novgorod inguruan izandako hondamena zuritu zuena.

1270 eta 1284 artean nobleen antolamenduan Erdi Aroko erabilerak sartzea izan zuen gizarte antolamenduak berrikuntza garrantzitsuena.

Valdemarren anaia eta ondorengo Magnus Ladulasek egin zuen berrikuntza hori, Danimarkako ereduari jarraituz; hark antolatu zuen orobat gortea, eta hura izan zen legeak eman zituen lehenengo errege suediarra. 1284. urteaz geroztik ezagutzen dira ondoko erresumako Danehofen antzeko nobleen legebiltzarrak (Hodvagar).

 

Nekazarien bizimodua

Eskandinaviaren historiak oso lurralde mugatua du gertaleku, eta hango biztanle urriak etengabe ari izan ziren borrokan izadiarekin, oso baldintza gogorretan.

XII. mendean lehenengo hiriak agertu ziren arte, nekazari komunitate txiki eta sakabanatuak izan ziren Eskandinaviako bilakaera historikoaren eragile bakarrak.Lurrak errejimen komunean ustiatzen zituzten, eta nekazari guztiak behartuta zeuden etxeak, bideak eta zubiak auzolanean egitera.

Norvegiako iparraldeko eta ekialdeko leku jakin batzuetan baizik ez zituzten ustiatzen nekazariek lurrak banaka.

Lur langintza eta nekazaritza teknikek oso aldaketa gutxi izan zituzten Erdi Aroan.

Garia ez zen batere ezaguna, Danimarkan eta Baltikoko kostaldean izan ezik. Garagarra izan zen beraz labore nagusia: haren irina ogia egiteko erabiltzen zuten, eta malta, berriz, garagardoa egiteko, hura baitzen Eskandinaviako lurretan ohiko edaria.

Baina, ekonomia jarduera gisa, abere zaintza nagusitu zitzaion nekazaritzari. Iparraldean behiak hazten zituzten, hegoalderago, berriz, zaldiak eta ardiak, inguru haietan beraz haragi eta gurin gehiago ekoizten zuten ogia egiteko laboreak baino. Izan ere, Islandian garagarra lantzeko egin ziren saioek porrot egin zuten, eta Norvegian garagar gutxiegi ekoiztu izan zuten beti.

Landako arkitekturari dagokionez, suediar-norvegiar arkitektura (Norvegia, Islandia eta Suediaren erdialdea), suediar-hegoaldetarra (Suediako kostaldea eta Finlandia) eta daniar arkitektura bereiz daitezke. Hiru arkitektura mota horiek eraikuntza gai gisa zura erabiltzea dute ezaugarri komun eta nagusia. Izan ere, lehenengo eliza kristauak zurezkoak ziren, eta XI. mendearen bukaera aldera arte ez ziren hirietan harrizko lehenengo etxeak eraiki. Handik mende betera adreilua erabiltzen hasi ziren, eta hori izan da eraikuntza publikoetan langai nagusia gaur egun arte. Landa giroko komunitateetako eraikin nagusia ?herritaren biltokia? lerro-lerro (Norvegia eta Islandia) edo T itxuran (Suedia eta Danimarka) jarritako eraikinez inguratuta zegoen.