Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Britainiar uharteak Azken Erdi Aroan (IX.-XIII. mendeak)

Gillen konkistatzailea irudikatzen duen XI. mendearen azkenaldeko Bayeuxeko tapizaren xehetasun bat.<br><br>

 

Ingalaterra

Bedak deskribatu zuen Heptarkia anglosaxoniarra zazpi erreinu mitikok osatzen zuten; jutoek (Kent), angloek (Northumbria, East Anglia eta Merzia) eta saxoniarrek (Essex, Sussex eta Wessex) sortu zituzten erreinu haiek. Gauza segurua da VII.. endean Ingalaterra hainbat erreinuk osatzen zutela. Erreinu nagusiak hauek ziren: Northumbria iparraldean, eta Merzia, guztietan handiena, erdialdean. VII. mende bukaeran, Northumbria ahulduta geratu zen, eta Merziak hartu zuen nagusitasuna. Merziak, Offa errege zuela, oparotasun aldia izan zuen, bai politikan bai ekonomian, izan ere, Mediterraneo itsasoraino zabaldu baitzituen merkataritza harremanak. Dena dela, 825. urtean, Wessex-eko errege Egbertok Ellendungo guduan Offaren ondorengoa garaitu zuenean, Wessexeko monarkiak hartu zuen Merziak ordu arte izan zuen lekua.

VIII. mende bukaeran eta IX. mendearen hasieran, bikingoak Britainiar uharteetara iritsi ziren. Hala ere, Wessexeko errege Alfredo Handiak eta haren ondorengoek daniarrak geldiaraztea lortu zuten. Ingalaterra bi eremutan banatu zen: daniarrak ekialdean, eta anglosaxoniarrak mendebalean.

Nolabaiteko oreka aldi baten ondoren, Ingalaterra daniarren helburu izan zen berriz ere; 980an Tamesis ibaitik sartu eta Wessexeko Etelredo II.a garaitu zuten Maldonen.

Garaipen harekin hasi zuten daniarrekIngalaterraren kontrako erasoaldia; XI.. endean, azkenik, Ingalaterra daniar inperioaren mende gelditu zen.

Danimarkarren agintaldiak, hala ere, beherantz egin zuen XI. mendearen erdialdean; Eduardo Aitorlea errege koroatzeko bidea erraztu zien horrek saxoniarrei. Eduardok zenbait eskubide eman behar zizkien kontrako zituen hainbat aitoren seme taldeei; Godwin kondea zuten haiek buru.

1066an Eduardo ondorengorik gabe hil zen, eta Godwinen seme Haroldo izendatu zuten errege. Baina Normandiako duke Gilenek kontra egin zion. Gilen, aita santuaren laguntzaz, Ingalaterran lehorreratu, eta Haroldo garaitu zuen Hastingseko guduan (1066). Gudu harez geroztik, Gileni Konkistatzailea goitizena jarri zioten. Gilenek ondo asmatu zuen feudalizazioaren prozesu hasi berriari etekina nola atera. Lurrak nobleen artean banatu zituen; ordainetan, errege ondasunak zituztenei morrontza zin egitea eskatu zien eta erregeak ondasunaren zati handi bat beretzat hartzen zuen. Erregeak, beraz, erreinuko nagusitasun ekonomikoa lortu zuen. Gilenek administrazio antolamendurako zuen sena argi eta garbi ikus daiteke 1085ean egin zuen Domesday Book-ean: erreinuaren aberastasunen zerrenda zen, tokian tokiko inbentarioez osatua.

1087an, Gilen Konkistatzailea hil zenean, haren seme Gilen II.a jarri zen errege, eta Gilen II.a hil zenean Henrike I.ak hartu zuen aginpidea. Elizara eta nobleziara hurbiltzekoaren aldekoa zen; bi sektore haiek GilenII.aren monarkiarekin aurrez aurre baitzeuden.

Henrike I.a 1135ean hil zen; ez zuen ondorengo gizonezkorik eta nobleek Eztebe Bloiskoa (1135-1154) aukeratu zuten errege. Haren garaian, normandiar monarkiak anarkia aldia izan zuen: nobleei ahalmen handiak eman zizkien, eta horrek haien burujabetasuna sendotu zuen. Henrike I.aren alaba Matildek Eztebe garaitu zuen; baroiek, ordea, ez zuten Matilderen alde egin, eta azkenik, Eztebek Matilderen seme Henrike onartu behar izan zuen errege.

Henrike II.a, 1154az gero errege, Matilderen eta Plantageneteko Godofredoren semea zen. Aitarengandik lur asko jaso zituen Frantzian; Ingalaterrako errege, Normandiako duke, Anjou, Maine eta Turenako konde, Poitou eta Guyenako jaun Plantageneteko Henrike II.aren ondasunei Anjouko Inperioa izena eman zitzaien. Henrike II.ak politikarako ahalmen handia zuen, eta hala erakutsi zuen bere esku zituen lurraldeetan.

Ingalaterran lan bakezalea eta zentralista egin zuen: zenbait arau erabaki zituen zuzenbide komun batean oinarrituak, lekuan lekuko ohituren gainetik. 1164an, Clarendongo Konstituzioen bidez, Elizako epaileek erreinuan zuten aginpidea mugatu zuen; ondorioz, tirabirak izan ziren Canterburyko artzapezpiku Thomas Becketen eta Henrike II.aren artean. Thomas Becket noble normandiarrek hil zuten 1170ean.

Henrike II.ak Irlandako errege izendatu zuen bere burua; Eskozia mendean hartu zuen; bakea ezarri zuen Normandian; 1158an Bretainiara zabaldu zuen bere aginpidea, eta Akitaniatik abiatuta Auverniara iritsi zen haren nagusitasuna.

Rikardo Lehoi Bihotz (1189-1199), Hirugarren Gurutzadara aldegin zuen errege koroatu zuten unean berean; handik itzuli zenean, preso hartu zuten Austrian (1191).

1194an Rikardo askatu zuten, eta hark germaniar guelfoei lagundu zien (guelfoak aita santuaren aldekoak eta alemaniar enperadorearen kontrakoak ziren); 1198an, Gisorsen, errege frantsesa garaitu zuen. Rikardo 1199an hil zen, eta haren anai eta ondorengo Joan Lurgabeak (1199-1216) ezin izan zituen Frantzia aldeko ondasunak gorde: 1206an, Capetarrek Frantzian zituen ondasunak konfiskatu zizkioten eta 1214an erabat galdu zituen (Guyenne salbu), Bouvinesko guduan Frantziako Felipe Augustok garaitu ondoren. 1215ean Carta Magna (ingeles konstituzio berria) onartu behar izan zuen, nobleen, hirien eta Elizaren botere gero eta handiagoak behartuta. Carta Magna erregearen eta nobleen arteko harremanak kontrolatzen zituen kontratu feudala zen, eta Ingalaterrako estamentuen askatasunak eta eskubideak bermatzen zituen, nekazariena izan ezik: horixe izan zen, hain zuzen, ingeles parlamentarismoaren iturburua.Henrike III.a (1216-1272) adinez txikia izan zen bitartean, konstituzio berriko araudiaren arabera gobernatu zen Ingalaterra; egoera hori, ordea, erabat aldatu zen Henrike III.a agintera iritsi zenean (1227). Nazioarteko politikan izan zuen porrota zelaeta, saiatu zen 1258ko Carta Magna-ko hitzarmenak hausten. Baina, ingeles baroiak erabaki haren kontra jarri ziren, eta Leicesterreko konde Simon Monfortekoa buru zutela Henrikeren kontra altxatu ziren. Erregeak Oxfordeko Estatutuak izenpetzea beste konponbiderik ez zuen aurkitu; estatutu haiek erregearen agintea murrizten zuten eta nobleena indartzen. Eduardo I.aren ondoren izan zuten indar gehien estatu haiek (1272-1307).

 

Eskozia

V. mendeaz gero bi herri bizi ziren Eskozian: piktoak iparraldean eta ipar-ekialdean, eta eskotoak, Irlandatik etorriak, mendebalean.

Northumbriako erreinuak Eskozia bereganatzeko egin zituen saioek huts egin zutenez gero, eskoziarrek babesean ikusten zuten beren burujatasuna; ez, ordea, batasuna.

844. urtean, Kenneth Mac Alpine eskotoa izendatu zuten errege, piktoak eskandinaviarren erasoen ondoren ahulduta baitzeuden (VIII. mende bukaera). Errege berriak Albako erreinua sortu zuen.

X. eta XI. mendeetan borroka ugari izan zen Eskoziako dinastien artean. Borroka horien artetik ezagunena Macbethek gidatua izan zen. Haren erreinaldian (1040-1047) oinarritu zen Shakespeare bere obra bat egiteko. Macbethen ondorengoa Malcolm Canmore III.a izan zen; Sconen koroatu zen lehen errege eskoziarra izan zen (1058).

Haren erreinaldian erakundeak normandiar ereduaren arabera antolatu ziren; Eskoziak, berriz, Margarita erreginak bultzatuta, mendebaleko eragina izan zuen, erlijioan batez ere. Malcolm III.aren eta Gilen Konkistatzailearen arteko liskarrek eskoziar erregearen heriotza ekarri zuten (1093). 1124an normandiar monarkiaren laguntzaz haren seme Davidek hartu zuen errege kargua.

Bestalde, onura handiak atera zituen Enrike I.aren erreinaldian Ingalaterrak bizi zuen krisialditik. Malcolm III.ak eta Davidek monarkia feudalaren sistema ezarri zuten, Europako mendebaleko beste lurraldeetakoen antzera: gizartea lotura pertsonalen arabera antolatuta zegoen, eta hainbat berrikuntza izan ziren erakundeetan. 1190ean, Daviden ondorengo Gilen I.ak Eskoziaren burujabetza lortu zuen: hamar mila markoren truke erosi zion Eskozia Rikardo Lehoi- Bihotzi, Rikardo Hirugarren Gurutzadarekin arduraturik baitzegoen.

Alexandro II.ak (1214-1249) eta Alexandro III.ak (1249-1286) onura handiak aterazizkioten beren aurrekoen lanari; hala hasi zuen eskoziar monarkiak urrezko aroa.

Alexandro III.ak burguetako eskulanak eta merkataritza bultzatu zituen; Eskoziaren garai distiratsuena izan zen hura. Garai hartan, bestalde, Eskoziak Hebrida Uharteak erosi zizkion Norvegiari. Alexandro III.ak ez zuen ondorengorik, eta hil zenean, borrokak izan ziren nobleen artean boterea nork eskuratu. Borroka horietan Ingalaterrako Eduardo I.ak ere parte hartu zuen.

John Balliol errege hautatzeak (1292) ez zituen arazoak konpondu, eta Frantziarekin izenpetu zuen hitzarmenaren ondoren Ingalaterrako gudarosteak hainbat hiri hartu eta erregetzatik kendu zuen Eduardo. XIII.. endeko azken urteetan ingelesen nagusitasunaren kontra izan ziren saioek, Wallacek zuzenduak adibidez, huts egin zuten.

 

Irlanda

Irlandan borroka asko izan ziren bertakoen artean, eta, VI. mendeaz gero, txandakatu egin ziren boterean iparraldeko O´neill eta hegoaldeko O´neill familiak.

Bikingoek VIII. mendearen bukaera eta IX.. endearen hasieran behin eta berriz inbaditu zuten Irlanda, eta 841. urteaz gero, behin betiko bizilekua hartu zuten.

IX. mendearen bigarren erdialdeko eta X. mendeko gertaera nagusiak guduak izan ziren, harik eta 976an Munsterreko erreinua Brian Boruren mende gelditu zen arte.

Brian Boru gaeliarra zen; 1002. urtean O´neill familiari errege izateko zuen ahala kendu zion eta 1014an Clontarfen (Dublingo badia) bikingoek eta Leicesterko irlandarrek osatu zuten elkartea garaitu zuen.

Gudu hartan hil zen Brian Boru. XI. mendean, ordu arte ez bezalako zatiketa eta nahasketa politikoa izan zen; eliz kargunagusiak nobleen esku zeuden, abadietako karguak batez ere, eta irlandar fraideek ekonomia-gizarte egitura nagusietako bat osatzen zuten. XII. mendearen hasieran, Canterburyko artzapezpikuak, Dublingo artzapezpikutzaren bidez, gregoriar erreforma sartzea lortu zuten: Erromaren nagusitasuna onartzen zen eta irlandar elizaren egitura administratiboa berritzen. Egitura berritze hori Kellseko sinodoarekin burutu zen 1148an.

Henrike II.a normandiarren gidari izan zen 1169-1171. urte bitartean Irlandako konkistan.

Henrikek lan horretarako Adriano IV.a aita santuaren eta hainbat errege irlandarren (Leinster, Dermot Mac Murrough) laguntza izan zuen. Hala, Irlanda Ingalaterrako koroaren barruan sartu zen. 1175ean Rory O´connor-ek, gaeliar Irlandaren erregetzat hartzen zenak, Enrike II.aren nagusitasuna onartu zuen. Normandiarrek hainbat gauza eraman zituzten Irlandara: adiministrazio zentralizatua, diruan oinarritutako ekonomia, nekazaritza sistemen hobekuntza, hiri sare berria eta garrantzi handiko kultura berrikuntzak, hala nola, ingeles eta frantses hizkuntzak. Dena dela, Irlanda zati handi bat errege gaeliarrek kontrolatzen zuten: O´Donnel eta O´neill-tarrek Ulsteraren bi heren menderatzen zituzten; O´Connor-tarrak nagusi ziren Connacht probintzian; O´Brien familiak normandiarren presioari eutsi zioten Thomond-en; Leinsterren eta Munsterren irlandar erregeak zeuden.

1270az gero, borroka ugari izan ziren eta 1292an Eduardo I.ak, baroiek bultzatuta, Irlandan lege ingelesa ezartzea onartu zuen. Gorabehera horiek, ordea, ez ziren horretan gelditu; oso borroka latzak izan ziren XIV. mendean.